Kosovo Euskalerrian

Imanol Lizarralde

Poztekoa da, kolore guztietako abertzale eta demokratazaleentzat, Kosovoren kasua. Ez baitugu ahaztu behar abertzaletasunaren teoria demokraziaren teoriaren garapen hutsa dela eta izan dela, hainbat kokolerdok bestela oihukatu arren.

Agerian gelditu da, berriz ere, Espainiar estatuaren zango-dardara. Vladimir Putinek egia besterik ez zioen Espainian independentista zaleak ere badirela esatean eta ez dela, horregatik, estatu-batasunaren printzipioa desegiten. Nahiz eta printzipio delako horren aldarrikatzea berandukoa izan ze Jugoslavia xaharrak jasan izan baititu beste hainbat aizkorakada. Hortxe ditugu, beren buruaren jabe, Eslovenia, Bosnia, Kroazia eta Montenegro.

Interesgarria da kanpotik datorkigun eztabaida honen sonak Euskalerrian ze itxura hartzen duen ikustea. Argituko baitizkigu euskal arazoaren hainbat ingurumari.

Arras paradoxakora baita ikustea ustez, edota espainiako komunikabideez, abertzale muturreko direnak Euskalerrian, MLNV-koak, izan duten postura.

Ezker erradikala Jugoslavia zaharraren estatuaren aldekoa zen, nahiz eta herrien independentziaren printzipioaren aldekoa ere izan. Itxuraz kontrajarria dirudien duen jarrera bitan banatutako MLNVren eite marxistaren ondorio dialektikoa da: Jugoslavia herrialde marxista-leninista zen –beraz MLNVko internazionalista petoak, bere aldekoak ziren; baina, era berean, espainiar estatuan MLNVk daraman demokraziaren kontrako borrokaldi luzean, independentzia helburu haustailea da, beraz printzipio horren alde egon behar.

Egin eta ondorengo Gara irakurtzea besterik ez zegoen MLNV Milosevich-en alde gogor aritu dela ikusteko. Ikustekoak ziren ezker-erradikalek NATOren interbentzioari ateratzen zizkioten ezpalak, inperialismoaren kontrako mamu zaharrak astinduz, Milosevich-en gudalburuek eragindako sarraski eta demasiak estali nahian.

Milosevich-ek bi modu antzaz kontrajarri baina osagarriz jokatu baitzuen Jugoslaviako arazoan. Kanpoari begira estatu batasun printzipioa aldarrikatu zuen nazioarteko estatuen artean (eta, noski, jakin badakigu printzipio honek errai sakonak dituela Frantzia eta Espainiaren antzeko herrialde jakobinoetan; eta horrek berandutu zuela ere beharrezkoa izan zen erreakzio militarra Milosevich-en diktaduraren kontra); barruari begira, Milosevich-ek abertzaletasun serbiarra astindu zuen, “askapen” gerra muntatuz Kroazian, Bosnian eta Kosovon eta, era berean, garbiketa etnikoa aurrera eramanez.

Gure MLNVkoek, noski, gauza berdina eta bera egiten dute, Euskaldun xumeari abertzale muturrekoaren ipuina kontatuz, eta kanpokoari inperialismoaren kontrako katramila, garai bateko internazionalismoaren erreflexu politikoei dei eginaz.

Hau guztia, Euskalerriari begira, txarra izan arren (demostratzen baitu MLNV abertzale dela bakarrik baldintza jakin batzuetan eta herrialde batzuekiko; Palestinaren alde daude, baina ez Tibeten ala Kosovoren alde), ondorio txarragoak dakarzki. Abertzale eta demokrazia printzipio guztien kontrako ildo honek zenbait buruzagi ala buruzagi ohi abertzaleen garunak jan baititu. Eta gainera alderdia bere iritzi okerrekin printzatu.

Nire alderdia, Eusko Alkartasunari buruz ari naiz eta Martin Aranburu EAko parlamentari ohiari buruz. Orain urtebete irakurri nizkion bere iritziak GARAn hain xuxen Kosovoren inguruan (“Kosovo independienterik ez”, 12-3-2007) eta Eusko Alkartasunaren webgune ofizialean badu beste iritzi artikulu bat ildo beretik (Kosovo: ez dut uste hain erreza denik).

Gure alderdiko batzuen artean Estokolmo sindromea oso barruratua dago MLNVrekiko eta horretan urrezko domina Martin Aranburuk darama. MLNVkoek agerian hain garbiki esateko gauza ez diren iritziak publikoki botatzeko kapaza agertzen baizaigu kasu honetan.

Bitan banatu genezake Martinen argudio modua. Alde batetik, ohiko eta betiko nazionalismo serbiarrak Kosovori buruzko dauzkanak esaten ditu (“serbiar kulturaren jatorria” dela dio Kosovo, “gure kulturaren jaiolekua den Nafarroarekin alderatzen baitugu Kosovo”, bostehun urteotan albaniar-kosovarrak ez direla “integratu” eta abar). Kontuan izan behar dugu Milosevich-ek gerrak eta borrokak piztu zituela lehenagoko Jugoslavian serbiar abertzaletasunaren gakoak erabiliz eta, era berean, serbiar populuak nahi ez zuen gerra batetara deliberatuz (eta bide-batean erreprimitua zegoen Serbiako Eliza Ortodoxoa, serbiar kultur bereizienaren oinarria, eta oposizio politikoa); “abertzaletasuna” aitzakia zen ez kanpokoen kontra bakarrik, barruko oposizioaren kontra ere baizik.

Beraz Aranburuk hain xalo argitutako argudio bide lehenak, serbiar abertzaletasunarenak, testuinguru zehatzarekin egiten du topo, Milosevich-ek serbiar abertzaletasunaz egindako erabilpen ez-abertzale eta odoltzalearekin. Arrazoi historiko horiek Balkanetako azken gerraren genozidio saioaren aurrean desegiten dira, Kosovori dagokionez. Garrantzitsuagoa da zenbait pertsonek arnas egin al izatea, estatu batek bere osotasuna gordetzea baino, arrazoi historiko guztiak kontran baleude ere.

Baina arrazoi historiko mailan ere Aranburu kojuka dabil ze hain juxtu osoki irentsi baitu MLNVkoek Kosovori buruz duten iritzia datu kontrasterik minimoena egin gabe. Serbiarrak Kosovora erdi-aro ilunaren goi partean azaldu baitziren. Eta Albaniar-kosovarrek, beren herritasuna ez kolore-argazkitan azaldu arren, betikoak dira inguru horietan (grekoen aurretik egondako dalmatiar-ilirio herria baita). Gero etorri ziren serbiar-eslabiarrak eta beren herria eraiki zuten bertan ziren herrien gainean, albaniar-kosovarrak tartean, baina baziren bestelakoak, balakoak, grekoak, juduak… Martinek Nafarroako Erresumarekin egiten duen konparazioa, beraz, ez da inondik sostengatzen. Albaniarrak dira inguru horietan lehen herria, alde honetan euskaldunak lehen herria garen bezalaxe eta modu berberean.

Baina Martin Aranbururen ikuskera, Milosevich-en propaganda makinaren bertsioa eta, oro har, ezker erradikaleko aita-ponteen ikuskera bera adierazi arren, ez da bere gogoetaren parterik ikusgarriena. Eta honetan gatoz Aranbururen argudioaren bigarren zutabera. Honek esaten baitu: “Herri baten etorkizuna ez da soilik populuaren gehiengo soziologikoan oinarritu behar. Badira nire iritziz, kontuan hartu beharreko beste elementu batzuk: herrien eskubide kolektiboen mugak”.

“Eskubide kolektiboak” kontzeptua entzutean ala irakurtzean halako zirrara bat sentitzen dut “pertsonen” ala “hiritarraren” “eskubideak” kontzeptuarekin loturik azaltzen ez bada. Eta hemen, horrela ez azaltzeaz gainera, gizaki indibidualak (“populuaren gehiengo soziologikoa”) eta “herrien eskubide kolektiboen” artean kontrajartzea dago.

MLNVren molde ez demokratiko, jakobino eta gizakiaren kontrako baloreetaz kutsaturik ageri da hemen Martin Aranburu. Eta baita Eusko Alkartasuna alderdiaren oinarrietako printzipioen kontra ere. Gure alderdiak “etika humanista” baitu bere abertzaletasunaren oinarri. “Herrien eskubide kolektiboak” eta pertsonen arteko banaketa egitea gizakiaren balioa gutxiestea baita, eraikin kolektibo baten mende jartzea, totalitarismoek egin bezala.

Bai, pena da gu bezalako abertzaleak ezin erabateko poza sentitzea Kosovoren egoerari buruz. Ikusten baitugu urrutiko herri baten burujabetzaren lorpena eta, era berean, gure aberri honetan ditugun mugapenak. Argi dago MLNVek abertzale askori jarritako erradikalismoaren irudikeria uxatzen ez bada burujabetzarik ez dela lortuko. Aldiz, irudikeri edo espejismo hori (erradikaltasun faltsuarena, kanpoko egoerak hona ekarriaz agerian gelditzen dena, MLNVren Balkanetako jarrerak adierazi bezala) da gure oztoporik latzena.

Kosovoren kasua irakaspena da bai espainiar eta bai euskal abertzaleentzat; espainiarrentzat, estatu arrazoiaren mende jarritako batasun zurrunak herri-borondatea garbiki eta bortizki adierazten denean ezer ez direla ikusi dezaten; euskal abertzaleentzat, ehuneko 80tik gorakako herri-aldekotasuna lortu behar dela gure egitasmoek oztoporik izan ez dezaten. Etikoena da eta gainera gauzarik efektiboena, Kosovok erakutsi bezala.

2 thoughts on “0

  1. Artikulu egokia da eta oso agerian jartzen ditu zenbait abertzaleen kontraesanak bere eskubideak eta guztienak kontrajartzen dituztenean. Askatasunean hartutako erabakiak dira demokratikoenak eta eraginkorrenak. Ez dakit, dena den, gaur Kosovoren independentiaren aurka hitz egin zutenek gauza bera defendatuko duten

  2. Ez naiz historialaria, bai ordea historian eta linguistika historikoan zaletua, eta, barkatuko didazu, Imanol, baina uste dut oker zabiltzala Kosovoren historiari buruz adierazi dituzun zenbait gauzatan. Inguru haietako gaian ez dago egia absolutorik, eta iritzi asko eta asko oso mediatizatuta daude ikertzaileen beren gaur egungo posizio soziopolitikoaren arabera, baina ikerketa “independente” eta “objektibo akademikoari” kasu eginez, ez dirudi albaniarrak herri dalmatiar-iliriarra zenik, dazia eta trazia ingurukoak baizik (eta enda horretakoak, sailkapen indoeuroparren arabera), gaur egun inguruko hainbat hizkuntzatan dauden ebidentzia linguistikoen arabera (maileguak, hitz-erroak eta abar). Bi hitzetan esanda, gaur egungo Bulgaria inguruan zegoen albaniarren ama-herria eta eslaviarren agerpenarekin batera (edo agerpenak bultatuta) gaur egungo kokapenaren antzekora mugitu ziren, egoera politikoak mendeetan zehar ekarri zituen gorabehara guztiekin. Esan dezakegun gauza seguru bakarra, bi herriak ere (albaniarrak eta serbiarrak) inguru hartan zeudela, aurreko ordena politikoa erori (Erroma) eta ordena berria(k) ezartzen hasi zirenean. Hortaz,euskaldunekin egiten duzun parekatze hori, ez da bidezkoa, inondik inora. Historia gauza bat da eta interpretazioak bestea. Gainerakoan, oso interesgarria zure argumentazioa.
    Ondo izan

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.

Previous post La verdadera prueba del algodón para el político nacionalista
Next post SOS: Se buscan secuestradores del PNV

Harpidetu blogera / Suscríbete al blog

Azken iruzkinak / Comentarios recientes

  1. Muy buen artículo. Y a la defensa del concepto la ciudadanía foral, por consustancialidad, añadiría yo, como se reivindicó en…

  2. https://www.berria.eus/paperekoa/1876/018/001/2022-09-13/historia-zintzo-eta-kontrastatu-baten-alde.htm Gremioko profesionalek erakundeei eskatzen diete zerbitzuko lanerako enplegatu ditzatela.

  3. Como en muchas facetas los vascos, en las fiestas, tenemos mejor gestión que discurso. Hay que trabajar los relatos, no…

  4. Ez ez da egia, hemen batzuek, zu ere tarteko noski, ez diogu, lagunen arteko gorabehera eta liskarrekin, auzolanean Euskadi eraikitzeari…

  5. Borroka egitea errentagarria gertatzen da,batibat,bat bakarrik danean borrokalaria,Hori da gure herrian gertatzen dana.Argi ta garbi esan dezagun.Urteak daramatzagu,"ezker abertzaleak","euskal komunistak"…

  6. Egoera gatazkatsuak sortzeko, batzuek, etengabe, jai-ekitaldi desberdinei aurre egiten diete. Konfrontazio estrategia bat da, eraso egiten den ekintza aitzakia bat…

  7. Ederra gero egindako zehaztapena. Historiagileak askotan, postibismoak itsututa, positibismotik kanpo ere geratzen dira euren historia-zientifismoaren osinean itololarrian. Ezinago ados artikulugileak…

  8. https://www.eitb.eus/es/noticias/sociedad/detalle/8949215/la-brecha-entre-dos-desfiles-de-nuevo-protagonista-del-alarde-de-hondarribia-tras-paron-por-pandemia/ Increíble forma que tiene EITB colonizada de batasunos de dar la noticia acerca del alarde de Hondarribia. Los niveles…

Harremanetan jarri / Contactar

Laguntzaileen artikuluak / Artículos por colaborador

StatCounter

wordpress visitor counter

Contact us

Total
0
Share