Joxan Rekondo

1. Garaikoetxea lehendakaria hil da. Jar dezagun bere ibilbide politikoa Euskal Erakundetze modernoaren suzesio historikoaren lerroan. Agirre, sorreran; Leizaola, ondoren. Garaikoetxea, Eusko Jaurlaritzaren hirugarren Lehendakaria, testigua Lehendakari zaharraren eskuetatik jaso zuen-eta. Katea ez zedin eten. Gure etxean, diktaduraren osteko Berrezarpen demokratikoa gidatzeko ardurarik nagusiena hartu zuen Garaikoetxeak. Euskal Memoria demokratikoaren harian, ezin ahaztuzkoa den bidea ireki eta autogobernuaren zimenduak jartzea lortu zuen, euskal libertateen kontra bortxaz ari zirenen atergabeko presioari ausarki aurre eginez.

Lehendakaritzaren dignitateari mailarik hoberenean eutsi zion Carlos Garaikoetxeak eta Lehendakari izan zen hil artean. Esan beharrik ez dago noski, euskal historiaren garabidean, ezin izango dela Agirreren segidako Lehendakariez hitz egin Garaikoetxearen jokabidea goraipatu gabe.

2. Lehendakaritzaren errainu sinbolikoa oso haundia da, garai zailenetan eta baldintza bortitzenen artean, Lehendakariek euskotarron itxaropena bizirik eustea jakin izan zutelako. Aberriaren eraikuntza modernoaren aurreneko zimentarria Agirrerena da, eta sinbolismo beraren adierazlea da bere segidako Lehendakaritza. Agirreren Lehendakaritzak sortutako itzal sinbolikoa euskal munduaren zabalean (Pirinioetako bi aldeetako herrietan eta baita diasporan ere) hedatzen da.

Hurbileko Memoria demokratikoaren (erbestea, erresistentzia eta berreraikuntza, berrezarpen demokratikoa) adierazle sendoa da, aldi berean. Lehendakaria da bere agintaldia Gernikako arbola bedeinkatuaren aurrean zin egiten duen euskal agintari bakarra. Akaso, kontrajarri daiteke EAEko eraketa-legearen ordezkaritza esparrua soilik mendebaldeko euskal komunitatera mugatzen dela, baina euskal herriaren aitorpena eta subjektu politiko bezala dituen eskubideen aspirazio esplizitua Gernikako Estatutuan bakarrik aldarrikatzen dira.

3. Diskurtsoekin, hizkuntzaren bihurrikeriekin, egoera berria (errealitatea deseraikiz) sortu nahi dute ETAren oinordekoek. Horretarako guztion hiztegia itxuragabetu beharko balitz, arazorik ez. Azken asteetako GARA letzen duen edonori, deigarria irudituko zaio nola gertatu den ‘lehendakarien’ ugaritzea. Orain, hiru omen dira. Agirreren jarraierako Lehendakaritza erabat onartu baino lehen, ezkerreko independentistek Nafarroako Foru Komunitatekoa eta iparraldeko Euskal Elkargokoa ere ‘lehendakari’ izendatu dituzte.

Lehendakari presidente hitzaren itzulpen zuzena omen delako, hiruak lirateke presidente eta lehendakari. Honen aurrean, esan genezake Imanol Pradales Lehendakaria dela, eta ez presidente. Are gehiago, erakunde bakoitzaren buruzagitzak berezkoa duen esanahi enblematikoenari bagagozkio, ez dagoela baliokidetasunik hiruren artean.

4. Esaera zaharrak dioen bezala, izenak izanaren itzala adieraztea bilatu behar du. Esana dago, 1936tik honanzko Lehendakarien suzesio horren errainu sinbolikoa zein den. Bere aldetik, Nafarroako Erresuma (eta berarekin batera, bizirik dirauten foru-kulturaren arrastoak) abertzaletasunaren kulturan ere sakon sustraitua dago, eta ez du ‘lehendakaria’ hitzaren beharrik gure gogoramenean duen errotze sakonari eusteko. Eta, azkenik, Euskal Elkargoaren sorrerari egundoko garrantzi sinbolikoa aitortuta ere, esan beharra dago EH Bildu sustatzen ari den operazio honen helburua Lehendakaritza eduki historiko-instituzionalez hustutzea dela, ‘presidente’ hitz arruntaren euskarazko itzulpena mamirik gabeko kategoria politikoa bilakatuz. Eta hori ez da, abertzaleontzat, onargarria.

Hemendik gutxira, nahaste-borraste antolatu honetan, kostako zaigu jatorrikoa ezagutzea eta haren zentzu sakona antzematea. Orduan bai, ‘deseraikitzaileek’ nahi dutena lortu lezaketela. Hori da jokoan daukaguna. Oroimen demokratikoari gutxieneko errespeturik galdu ez diogun abertzaleak behintzat, argi ibili gaitezen.

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *