Joxan Rekondo
Dakigunez, Jaurlaritzaren gudarosteko gudariak 36ko gerra galdu arren, zuzen jokatu zuten, zintzotasunez. Guduka eraso egin zigutenei gure herriari zegokion defentsa legitimoarekin erantzun zieten haiek. Eta burruka hori irabaz edo gal zitekeen. Baina, euskal tradizioari traizioa egin nahi ez ba zitzaion, argi zuten giza-duintasunari zor zaion begiramendua dela euskaldunak sekula galdu behar ez duena.
ETA ideia horren aurka sortu zen. Ongi jokatzeak ez omen zuen ezertarako balio, esan ohi zuten bere ideologo nagusiek, ez zelako efikaza. Geroxeago, maoismoak zuzendaritza bereganatu zuenean (1967), efikaziaren bilaketa hasi eta erakunde horrek, ia mende erdian, egin duen izugarrikeriari ireki zioten bidea. Ez zuten denbora asko behar izan etxe berekoak edo bizilagunak hiltzen hasteko. ‘Habilen bideak harrapatuko hau’, dio esaera zaharrak. Ez dago inolako dudarik: sufrimendua zabaltzen oso efikazak izan ziren. Euskadi osoa hiltoki bihurtu zuten, gure lurrean odolaren arrasto ezabaezina utziz. Horrekin batera, beren ekintzek zeharo hondatu zuten gure herrietako bizi-giroa.
Euskal Gobernua berrezarri zenean, 1980an, herriaren zaintzarako euskal indarra behar genuen, gudarien espiritu berarekin legezkotasun berriaren defentsan ari beharko zena. Ondorioz, Ertzaintza birsortu zen. Gero badakigu zer gertatu den. ETAk bizkar eman zion egoera berriari, eta gainera bere jokabide kriminala areagotu egin zuen. Ordutik aurrera, herriaren erabaki eta herritar beraien kontra bortxaz oldartu zenez, herriaren etsai bihurtu zen. Berriro, «arerijuak etxian sartuta daukoguz», esan genezakeen Agirreren hitzak erabiliz.
Terrorismoa gerarazteko ahaleginean, ez dira gutxi bizia galdu duten ertzainak. Haien guztien oroimenez piztu zen ‘Hemen gaude’ ekinbidearen sua, orain espazio berezia hartu duena Arkautiko Akademiaren Museoko sarreran. Gune hori bisitatuta, ondo barneratu daiteke gure herri-memoriaren atal garrantzitsu hori. Hildako horiek guztiak dira, dudarik gabe, herriaren gogoan edukitzekoak. Baina, Mikel Uribe zena gogoratu nahiko nuke artikulu honetan. Euskal gudarien portaeraren adierazgarria zelako. Hainbat ataka latzetatik ateratzen lagundu ninduelako eta adiskide izan nuelako. Garai gogorra izan zen elkarrekin bizi izan genuen hura, baina han izan ginen gu, izua eta ikara zabaltzen ari zirenei aurre egiteko egon behar zen tokian.
Eresirik gabe hil omen ziren 36ko gerran zintzo jokatzen saiatu ziren haiek, kantatu zuen Xabier Letek. Haien espiritu garbiaren segidan jarri dezakegu Mikel Uribe ertzaina. Bere erailketa gertatu zenetik 25 urte bete direnean, hona hemen mereziko lukeen eresia osatzeko nire ekarpen xumea, ez dakion gure laguna zenari aurreko haien gauza bera gerta.
Esan beharrik ez badago ere, Mikel Uribe abertzalea zen. Horrexegatik, bazekien gizaki bakoitza aske bizi ez denean, bere egunerokoa gutxi batzuk indarkeriaz baldintzatzen dutelako, ezin dela aberria libre izan. Pertsona guztiak bizi duten libertatearen oinarritik bakarrik eraiki baitaiteke benetako herri aske, demokratiko eta justua. Ondorenez, etxean, kale-auzoetan eta herrian, bizi ezin daitekeen libertateak ez duela izen hori merezi. Herriaren zaintzaileek -abertzale izan edo ez- ahaztu behar ez duten goiburu bezala hartzen zuen esandakoa. Agian, jarrera hori argi eta garbi adierazteak jarri zuen leaburuarra bere eskualdeko jauntxo zitalen jomugan.
Hala eta guztiz ere, Mikelek ez zuen bere sustraikera galdu nahi. Gauza guztien gainetik, Leaburuko etxea eta etxekoekin, bizilagunekin eta Zazpi Bide elkarteko adiskideekin zituen loturak eutsi nahi zituen. Euskaldunetatik ezin da besterik espero. Tradizioz, nongotasunak egin baikaitu, izenez eta izanez, nor garena. Batez ere, ertzainek herritartasunari tinko atxikitzea obligazioa zutela uste zuen Mikelek, eta bertakotasunetik deserrotzea gaitzesgarria zela. Hau da, Ertzaintzak komunitatean ondo txertatutako polizia izan behar zuela. Horrekin guztiz bat letorke ‘Hemen gaude’ goiburua. Sakrifizio haundiekin izanda ere, ez daukat inolako dudarik herri-atxikimenduaren zentzu konprometitu horri eusteko gai izan direnen zeregina erabakigarria izan dela euskal terrorismoaren bukaera irits zedin.
Orain 25 urte, herriaren etsaiek zelatan inguratu eta Mikel hil egin zuten. Horrela gertatu zen eta horrek ez du erremediorik. Gaur egun, oroipenaren eskakizunei erantzun behar zaie. Mikel Uribe gogoratzeak Ertzaintzaren betebehar demokratikoa babestera eraman beharko liguke, eta elkarbizitza libreari ertzainek egin dioten ekarpen sakrifiziala aitortzera. Mikelen heriotzak ez digu etorkizunerako itzal beltzik utzi behar. Erro sakonak zituen herritartasuna defendatu zuen harek, eta sustraikera hori era burujabean bizitzearen garrantzia azpimarratu beharko litzateke, azken batean, bere legatu argiena nabarmendu nahi izanez gero. Oroitzapena denez geroa, Letek Xalbadorri eskainitako eresi hunkigarrian adierazi bezala, seguru bere adiskide izan ginenoi ere Mikelen gogoramenak lagunduko digula, bertakotasunetik ihesi gabe eta herri honen etorkizuneko auzietan esku hartzerakoan, gizabidezkoena dena egiten.