Igor Goitia
Gaur, bizi-bizilagun ditugunon, bihotz-etxeraino sartuak ditugun auzo-herrikoon, Konstituzioaren ospakizun, “juerga”, dugu. Ospakizun “dugu”, edo, hobe esatera, ospakizun “dugu hor”, hor eskuera, norberak erabaki dezan “dugu” horren barruan bera dagoenez, edo, aldiz, “dugu” horrek gu-ka adierazitako bertatik bertarako “da” baino ez den. Gure arteko inortxoren izenetan ere ez hitz egitearen, uztagun hortaz zera honetan bestetan ez: “horratx Espainiako Konstituzioaren ospakizuna!”; edo… “gaur, Espainiako Konstituzioaren ospakizuna!”, gaur, gertakariarekiko subjekturik gabe, gaur Konstituzioa, gaur euria. Hor-hor, gertu kasik bezain urruti, Espainiako Konstituzioa (EK).
Euriarekin antzo, Espainiako Konstituzioaren zipriztinak jasotzea, edo, bere erasanez, are mela-mela eginda ere geratu beharra, ezin saihestu, euria gustuko izan edo ez. Baina artefaktua dugun guardasola ere hor dugu, eta horretaz baliatuta, artifizialki besterik ez bada ere, lehor-lehor begiztatu dezakegu EK, euria guardasolpean antzo.
EK gertakaria kurioso, harrigarria, dugu, norbera harri-harri eginda uzterainokoa. Izanez ere, paranormaletik asko ere asko du. EK-k bere 1. artikuluan erdaraz “España se constituye en un Estado social y democrático de Derecho” badiosku, ofizialki euskarara ekarritako testuan, aldiz, “Espainiak zuzenbideko estatu sozial eta demokratiko bat eratzen du”. Ikusten dugu, hortaz, gaztelaniak mirarietarako ematen duen aukera-ahalbidea; izanez ere, gaztelaniaz, España, “auto-metamorfosiz”-edo, “auto-metanoiaz”-edo, konstituitu egiten da (“se constituye”). Euskara gaixoak, aldiz, mirari horrelakotsurako ezindua, auto transformatzen den subjektua deskribatzeko ezindua, subjektu eta objekturen arteko ekintza bat deskribatu behar du derrigor; Nork eta Espainiak, zer eta, estatu bat ezarri egiten du. Pena!, usteak erdia ustel euskararekin, misterio eta mirarietarako itxaropen guzti-guztia euskarak uxatua, kaka! Dena dela, euskararen bertsioak ere bere misterio-apurra gehitzen du, bere ekarpentxoa egiten dio EK-ri; izanez ere, Estatua (Espainiako Estatua,alegia) Espainiak ezartzen duenez, zera galdetu beharko genioke segi-segidan geure buruari: Zein da “Espainia” hori? Estatu izan aurretiko hori? Gurea bezalatsuko estaturik gabeko nazioa ote? Ez da izango bada! Kurioso-kuriosoa dena!
Darraigun, dena den, EK-ren atzealdeko misterioekin… ”La Constitución se fundamenta en la indisoluble unidad de la Nación española, patria común e indivisible de todos los españoles” dio 2. artikuluak, eta euskaraz, “Konstituzioa Espainiako nazioaren batasuna zatiezinean oinarritzen da, hura baita espainiar guztien aberri komun eta zatiezina”. Bigarren adierazpen hau sor eta lor, harri-harri eginda, “flipetan”, uzteko modukoa dugu gero! Konstituzioa bera inkonstituzionala ote, akaso? Zer dela eta? Bada, adierazpen aurreko hori baino inkonstituzionalagorik edo akonstituzionalagorik, nekez aurkituko beste inon! “… se fundamenta en”, “…-ean oinarritzen da” delako aitorpen horren bidez, zera baino ez zaigu jartzen erakutsian; orduko horretan arautu gabe zuen zerbaitean duela oinarri Konstituzioak, berak araukizun duen zatiezintasun edo beste, hain justu ere, zer, eta oinarri, “fundamento”. Horratx beste naturako mirari bat! Zer metafisika klase-suerte dugu hau? Zer esentzialismo, edo pre-existentzialismo betierekoa, eta betiren betikoa, dugu hau? Eta, are garrantzi handiagokoa, noiztik arautzen dira horrelako konbikzio ontologikoak? Bestela, zer arraiotan gelditzen gara bada? Espainia indibisible delako hori zergatik da zatiezin? Berez eta izatez? Edo, aldiz, Konstituzio-testuaren indarrez? Zertan gelditzen da kontua?
Konstituzio mailako (“Carta Magna” mailako) mirarietan sinisten ez dugunez, eta futbol jokalari batek, korner bat atera eta, batera, berak berorrek gola sartu ezin dezakeen moduan, eskuarteko kontu honetan ere, oinarri (“fundamento”) dugun zerbait ezin oinarritutako geroko horren parte izan; bata edo bestea, ezin biak bateratsu.
Hau esanda, busti egin behar naiz, tamalez EK-k derrigor bustitzen gaituen bezala, bustiko naiz eta, behin konstituzio-mirarietako aukerarik ukatuta, zera galdetuko nioke neure buruari; zer parte da egiazko, zer da salbagarri EK-tik? Bestelako argudio-zergatirik ezean, denbora hurrenkera, edo espero izateko den testu hurrenkera (espero dezagun bigarrena dugun artikulu hori horren ostekoak direnak baino lehenago idatziko zela), errespetatze aldera egingo nuke nik. Logika hutsez!, egia esatera. Eta… logika hutsez, sen on hutsez, zera aitortu behar dugu, derrigor eta ezinbestez aitortu ere; EK-k miraritik deusik ez, bai baina asko inkonstituzionaletik. EK guztiz inkonstituzionala da, guztiz! Izan al liteke ondorio-konklusio azkeneko hau, alegia, Konstituzioa inkonstituzionala izatea, azkenerako, benetako miraria? Hurrik eman ere! Zabarregia miraria izateko!
Espainiako Konstituzioa, harrigarriki inkonstituzionala!
Un comentario en «Espainiako Konstituzioa, harrigarriki inkonstituzionala!»