Azala / Portada » Berrikuntza eta erresilientzia, auzolanaren kulturatik begiratuta (eta 6)

Berrikuntza eta erresilientzia, auzolanaren kulturatik begiratuta (eta 6)

Joxan Rekondo

ERRESILIENTZIA: TRADIZIOA ETA BERRIKUNTZA.

Azken kontraste horrek garrantzi berezia hartzen du plano komunitario batera eramaten dugunean. Herri-komunitate burujabeek erakundeak sortu eta ahalduntzen dituzte. Oso bestelako egoera da erakunde publikoen ekimenez herritarrak ahaldundu beharrean diren herrialdeena.

Aspaldiko gaia da. Herrigintzan, zein da kultura politiko sendo baten faktore eragilerik nagusiena? Batzuek garrantzi handiena erakunde legegileei egozten diete. Espiritu publikoa sortzen duten lege edo programa publikoei, hain zuzen ere. Beste batzuek, aldiz, gizarteak eutsi edo sortzen dituen ohiturei, eta kultura sozialean nagusitzen diren joerei. Guztion onerako beti izaten ez bada ere, legeak gauza bat ebatzi dezake eta gizartearen kulturak bestea bultzatu. Gure historian barrena arakatuz gero, azken egoera honen adibide asko ditugu. Atarramendu on asko utzi digutenak.

Gizarte-ekimenetik sortzen diren komunitateak hortxe zimendatzen dira. Komunitate batek, Arizmendiarrietaren esanetan, autoaskia izan behar du bere ahalmenen mugetaraino. “Una comunidad no es autosuficiente mientras no demuestra una efectiva capacidad de autogestión libre y por ello estará condenada a soportar las incomodidades de compulsiones externas, sean paternalistas, neocapitalistas o colectivistas a secas”. Baldintza hauek gabe, ezin daiteke auzolan espiriturik bizigarritu. Subsidiaritatearen printzipioaren ariketa maila gorenera eramatea eskatuko liguke horrek. Izan ere, gure burua eratzeko, zenbat eta ahalmen handiagoa daukagun, orduan eta txikiagoa izango da subsidiatu beharko ligukeen agentearen esku-hartzea. Orduan eta erresilienteagoak izango gara.

Euskal tradizioak ez du ‘erresilientzia’ hitza ezagutu. Gure historiaren hiztegian ez da agertzen. Azken hamarkadetan sartu da soziologoek, politologoek eta historialariek erabiltzen duten hizkeran. Gure tradizioan halakorik izan ote den jakiteko, hitzaren edukira jo beharko genuke. Komunitate erresilientearen ezaugarri ezagunena da bereari eusteko eta, krisi baten aurrean, bere onera itzultzeko gaitasuna. Bizirik segitzeko ahalmena, azken batean. Agian, Arizmendiarrietak definizio horri gehituko lioke giza-elkarte baten bizitasunaren ezaugarria ez dela iraute soila. Komunitate guztiak ‘berriz jaiotzeko eta egoera berrietara egokitzeko’ kapazitatea adierazi behar dutela bizirik jarraitu ahal izateko.

Azken mendeetako gure historiari begira jarriko bagina, jokabide erresilienteen zantzu ugari aurkituko genituzke. Iraultza Frantsesaren oldarraldiaren aurrean, Iparraldeko etxe-auzoetan eutsi zitzaien mendeetako usadioei. Agirreazkuenaga historialariaren iritziz, XIXgarreneko erresilientziak bi giltzarri izan zituen Hegoaldean: “Bi joera giltzarri bereiz genitzake: euskal hizkuntzaren erabilpena eta tokian tokiko erakundetze bereziaren garapena”.

Tokian tokiko erakunde horien papera honela deskribatzen du Joaquín Costak: Los concejos, lugares, pueblos, feligresías o parroquias de las provincias septentrionales de la Península constituyen un vasto sistema de cooperación libre, ajeno por completo a la ley, que desmembra sus atribuciones a los municipios de los que legal y nominalmente forman parte.

Eguneroko bizitzan, herritarrek eutsi zieten beren usu eta bizimoduei. Auzolanaren praktika eta memoria erresilientea izateak ahalbidetu du gure kulturan auzolanak bizirik irautea eta hain oihartzun handia izatea. Ondasun komunalen desamortizazioaren aurrean, leku askotan herritarrak elkartu egin ziren, ondasun horien erremateetara aurkeztuz, herriaren eskuetan mantentzeko. Jokabide erresiliente hauekin, euskal herritarrak beren ekonomia moralaren oreka salbatzen saiatu ziren.

Diktaduraren azpian zanpatuta geundela ere, euskal komunitateak bere eskutik sortu zitzakeen aukerak eta bideak ez omen ziren gutxi: “inoren baimenik gabe egin genezakeguzan egingoak ez dira gitxi” (Arizmendiarrieta, Eusko Jokabideak, 1969). Etxeak eta lagunarteak ziren gune libreenak. “Hasta ese dominio privado no podrá llegar nunca la opresión” (JA Agirre. Gabon mezua, 1940). Gune horietatik abiatuta, ikastolak zabaltzen hasi ziren Euskal Herriaren luze zabalean. Behetik gorako gizarte-dinamika indartsu batek bultzatuta, beste ekimen asko ere gauzatu ahal izan ziren. Aldi berean, Mondragonen piztu zen kooperatibagintza, oso denbora gutxian ederki zabaldu zena lurralde osoan. Hortxe zegokeen komunitatearen erresilientzia gaitasuna. Horrela eragin zen XXgarren mendearen bigarren erdiko Euskal Pizkundea.

Euskal herria atakan ikusita, gizarte-berrikuntzaren alorrean lanean ari diren zenbait elkarte esanguratsuetako arduradunek ondokoa aitortu dute, oraindik orain publikatu den artikulu batean: “egun ez ginateke munduan giza garapen eta kohesio maila handienetakoa duen lurraldeen artean izango, gure herria ez balitz gai izan bere xedea maila orotako ekimen sendoen bitartez gauzatzeko”. Euskal herritarron erresilientzia kapazitatea ezin hobeki agertu zen.

Tradizioa eta berrikuntza elkarrekin aritu izan dira gure historian zehar. Tradizioa aurrerabidean garatzea jakin izan du gure herriak. Gelditu ez den tradizioa. Erroak eta hegalak dituen tradizioa. Zaharrik gabe ez dago berrikuntzarik giza-prozesuetan. Gizakiak eta gizarteak ez direlako inprobisazio baten emaitza. “Eusko espirituz eta arnasa barriz biziarazo dagigun inguruan daukagun guztia”, aldarrikatu zuen Arizmendiarrietak. Esperientzia historikoaren denbora luzeko dekantazioa ondo errotu behar dela gure espirituan. Berrikuntzaren arnasak etengabe biziberritu behar duena. Pizkundearen garaian, bi zeinu horien lehenengo agerraldiak, publikoak ez ziren esparruetatik etorri ziren, etxe, auzo, lagunarte eta lantegietatik.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

2 comentarios en «Berrikuntza eta erresilientzia, auzolanaren kulturatik begiratuta (eta 6)»

  1. Oso artikulu intreresgarria eta iradokigarria. Indubidualismoa arau denean, demokrazia norbanakako eta goi instituzio artean tarteko erakundetzerik gabeko estruktura guztiz bertikaltzat kontzebitzen denean, merkatu gehiago eta estatu gutxiago, bateko, eta, beste aldean dena Estatutu gehiagorekin konponduko dela pentsamendu bipolarra baino ez dagonean, askotan boluntarismo paternalista gutxi batzuen eskutik baino ikusten ez direnean gizarte-bidegabekerien azken orduko emendatze txikiak…
    Gizartegintza, gizarteko esfera eta maila ezberdinetan egituratuako gizarte aberatsa bultzatzen duen humusa ahalbidetu beharko luke demokrazia oso eta sendo batek.
    Bestetik, Joxanek dioen moduan, honek, are estatu-sistema bat demokratikoki ondo ala gaizki joateaz aparte ere hala funtzionatu beharko luke berenez, Horren adierazgarri ezin argiago: frankismo garaiko kooperatibismoa, gure ikastolak, Elizan artikulatu izan den boluntariotza sendo eta zabala, eta zenbait eta zenbait proiketu itundu, pubilkoak izan gabe, publikoa eta gizarte zibila antolatuaren arteko intunpeko ellar-laguntzatik sortuak…

    Kontuan izan dezagun norbanakoak, eta gutako edonork gizartean duen parte-hartzea, berak gizartean izango duen eragina, beti ere beti bera txertatua dagoeneko talde-esferaren batetik izango dela, eta ez norbanako soil gisa, esfera horiek familia izan, lan-enpresa izan, kirol talde bat izan…

  2. Nik uste dut Rekondo jaunaren idazlan hauek oso beharrezkoak direla Marianne Heibergek «euskal komunitate morala» deitzen du hori ulertzeko. Euskal nazionalistek erregimen frankistaren aurrean unibertso paraleloa bat sortu zuten «Unibertso honen osagaiak Ikastolak, jaiak, birsortze kulturala eta Arrasateko kooperatibak ziren»

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *