Azala / Portada » Berrikuntza eta erresilientzia, auzolanaren kulturatik begiratuta (5)

Berrikuntza eta erresilientzia, auzolanaren kulturatik begiratuta (5)

Joxan Rekondo

BURUJABETZA

Azken garaitan, burujabetza aipatzen da subiranotasunaren sinonimotzat joaz. Gizarte modernoaren ardatza bihurtu da ‘subiranotasuna’, banakoaren subiranotasunetik hasita. Guretzat baino, bi hitz horiek ez dute esanahi berbera.

‘Subiranotasuna’ Europako estatu absolutuen eraikuntzarekin lotuta agertu eta berehala unibertsalizatu zen kontzeptua da. Enuntziatu zutenen iritziz, gogoaren botere gorena adierazten du eta ez du inolako interferentziarik onartzen. Horregatik, subiranoaren ekite-modua goitik beherakoa izan da, eta ondo asko dakigu tokian sustraitutako espresio soziopolitikoak ez dituela gustura ametitzen. Ideia bezala, gutxienez polemikoa da. Erabateko erabakimena, pertsona bakar baten, talde edo elkarte baten edo belaunaldi baten eskutan jartzea arazotsua gertatzen da beti.  Subiranotasuna, gizabanakoaren ezaugarri bihurtzen denean, berriz, norberekeriaren justifikagarria da. Horregatik, komunitatea ezin eratu daiteke indibiduoaren subiranotasunean oinarrituta.

‘Burujabetza’ hitzak, aldiz, beste esanahi bat leukake. Herritik sortutako adierazlea da. Jatorriz, libre jokatzeko eta erantzule izateko gai den gizakia da burujabea. Eta gizaki burujabeek egiten dute giza-elkartea edo komunitatea burujabe izatea. Horregatik, ezin daiteke subiranotasunarekin nahastu. Behetik hasitako eraketaz ari gara, eta belaunaldien arteko transmisio egokia egitea beharkizun duena. Borondatezko loturak eta dependentziak ehundutako sarea osatzen duenez, oso ondo egokitzen zaio Sarasuak eta Udaondok adierazitako “autodependentzia interdependentzian” (Sarasua-Udaondo, Autoeraketa globalitatean).

‘Hernani burujabe’ ekimenak Interneten ireki duen orrialdean ondoko bi esaldi hauek ikus daitezke. Bat: «Burujabetzen herrian biziko gara”. Bi: “Pentsatu modu globalean, ekin modu lokalean”. Aurreko ataletako batean esan duguna ikusita, gauza jakina da guretzat esaldi antitetikoak direla. Gizaki, gizarte, komunitate edo herri burujabeak pentsa al dezake modu globalean, gero pentsaera global horren gisara modu lokalean jokatzeko? Burujabetzaz horrela hitz egiten dugunean, noren buruaz jabetu nahi dugu? Galdera litzateke: gure burujabetzak ez al du bertatik sortutako pentsamendurik behar edo kanpotik ezarritako burubideen arabera jokatu behar ote dugu? Hortxe datza euskal subjektuaren oraingo auzia.

Gaur egun, arazo sozial baten aurrean korapilatuta aurkitzen garenero, antolaketa edo egitura berri baten bila hasten gara. Askotan, tankera hori bera hartzen diogu burujabetzaren inbokazioari. Baina burujabetza ez da antolaera sozial hutsa, ezpada gizaki zein gizatalde libreen jarduera arduratsua. Aske izanik, konpromisoekin lotzeko eta erantzule gisa agertzeko gauza direla agertzen dute burujabeak. Libertatea ez baita debaldekoa, ezin zaio onurik atera inplikazio eta erantzukizunen ordainik gabe.

Gizakia erdigunean, beti. “Gizatasuna, gizakia (izaki inteligentea, librea eta arduratsua) egitura eta espiritu kooperatiboaren ardatza da” (Arizmendiarrieta, Gogoetak). Komunitate burujabean sustraitutako pertsona burujabeak ez dira egitura kolektibo inpertsonalen menpekoak. Euskal komunitarismo modernoaren protagonista nagusia pertsona baita. Horrela aldarrikatu zuten mugimendu kooperatiboa sortu zutenek: «Gizakia guztiaren oinarria da; gizakia nolakoa gizartea halakoa. Gizakia edo gizakiak zuzen, zintzo, eskuzabal, prestu, ondraduak badira, gizartea ere zuzen, zintzo, eskuzabal, prestu, ondradua izango da«. Baina, ondorio gisa, esan dezagun pertsona ezin daitekeela subiranoa izan, gizartean biziko ez balitz bezala edota botere gorena balu bezala jokatu. Barandiaranek esan ohi zuenez, gizakiak ez gara guztiz gure baitakoak.

Gakoa giza-kontzientzietan dagoela dio Arizmendiarrietak. “La clave de nuestro porvenir, la potencia en la que deberá asentarse un orden humano al margen de imposiciones extrañas, son las conciencias”. Gizarte eraldaketa egiteko behar den potentziala pertsonen baitan datza. Ikuspegi honetatik begira, ba al dago gizakiak ‘ahalduntzea’ berezkoak dituen ahalmenez? Arizmendiarrietaren beste gogoeta bat: “Gizakia energia handi bat da. Norbaitek bideratzea behar du, atsegin zaizkion enpresak bere neurrira eskaini eta bere eskura jartzea behar du, bere bizitzarekin konbentzitzen duten gizakiak behar ditu”.

Honen harira, ezin azaldu gabe utzi ‘burujabetzea’ eta ‘ahalduntzea’ ez direla gauza bera. Oso argitasun inportantea da hurrengo atalean, erresilientziaren gainean, adierazi nahi duguna oinarritzeko. Zenbait testuingurutan antzeko esanahia agertzen dutela iruditzen bazaigu ere, eduki kontrajarriko aditzak direla esan behar dugu. Ahaldundu (edo enpoderatu) esaten denean adierazi nahi dena da: «norbaitek beste norbait ahaldun egitea«. Horrek abangoardiaren funtzio klasikoari egiten dio erreferentzia. Ahaldundu nahi denari kanpotik eragiten dion funtzioa. Horregatik, ahalduntze operazioaren subjektua enpoderatzailea da, eta ahaldundua objektua. Ondasun komunen gobernuari dagokionetan, ondasun horien erabiltzaile direnen ahalduntzea kanpotik eratu behar horrek ‘efektu okerra’ lortzen du, azkenean kanpo-autoritatearen esku hartzea eta zentralizazioa handituz, zioen Elinor Ostromek.

Burujabetu, berriz, ‘norbaitek berezkoak dituen ahalmenez jabetzea’ izango litzateke. Burujabetzearen subjektua pertsona bera da, bere buruak dituen ahalmenez jabetu egiten dena. Prozesu hauen protagonista gizakia bera da, baina honek soilik esperientzia komunitarioan murgilduta gara dezake protagonismo hori. Abangoardien tutoretzek kaltegarritzat jo daitezke burujabetzetarako, baina esperientzia bera bizitzen ari direnen lidergo edo bultzada ‘bideratzaileak’ ongarri direla esaten du Arizmendiarrietak.

Azken kontraste horrek garrantzi berezia hartzen du plano komunitario batera eramaten dugunean. Herri-komunitate burujabeek erakundeak sortu eta ahalduntzen dituzte. Oso bestelako egoera da, ordea, erakunde publikoen ekimenez herritarrak ahaldundu beharrean diren herrialdeena.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *