Azala / Portada » Herrigintzaren ubide zentralaz (1)

Joxan Rekondo

COOPERATION1. HASERREAREN ESKUBIDEAK. Pandemiak, osasun krisiak, gure garaiko gizartearen aje eta gabezia guztiak azaleratu dizkigu. Ezagutzen dugun ordena bere osoan astindu duen fenomenoa izan da, eta badirudi alde denetan utziko duela arrastorik, denbora luzean desagertuko ez direnak. Analista askoren iritziz, lehendik ere agertzen hasiak ziren arazoak azkortu eta nabariagoak egiten ari zaizkigu. Halako krisietan, gizartearen oinarri diren balio komunen sendotasuna ere atezuan jartzen da. Horregatik, pandemiak eragin dituen kalte zuzenak (osasuna, lana,…) konpontzeari buruzko diskusioek bizi-bizi segitzen duten bitartean ere, balio moralei eta portaera sozialei buruzko eztabaidak ugaritzen ari dira.

Giza banakoa eta komunitatea, elkarren artean uztarturik edo kontrajarrita aurkezten zaizkigu. Erlazio hori nola ulertzen den erabakigarria gertatzen da aipatuenak diren baloreen -libertatea eta ardura- esanahia adierazteko. Giza izakiaren ahalmen moral inportanteenetakoak dira biak. Termino hauen arteko dialektikak elikatu du aro modernoan ezagutu ditugun teoria sozio-politiko global nagusien arteko lehia gogorra. Denbora batean, ideologia haien geriza sistemikoa zenean, segurtasun moral kolektiboa bila zitekeen beren babesean. Baina, egoera hori desagertu da.

Kosmobisio horien porrotak bultzatuta, zentzumen morala bizitza pribatua garatzen den esparruetan hertsitu izan ohi da. Hala eta guztiz, ezin ezkuta liteke gizakiaren sentidu-krisia ez dela moral pribatuaren krisia, gizarte krisia baizik. Indibidualismoa nagusitzen denean, giza banakoari soziala den bizi-zentzua ahultzen zaio, eta horrenbestez bere ekintzak moralki norabideratzeko ziurtasunik gabe arki daiteke. Kultura erreferentziak lurrintzeari gehitu behar zaio gizarte-sail askoren pobretze materiala. Orduan, “haserrearen eskubideak mintzo gogorrez altxa daitezke”, esango genuke Xabier Leteren hitzak erabiliz. Baldintza hauetan, gizartearen existentzia bera jartzen da arriskuan. Bistan da populukeria politikoek ezin dutela humus mesedegarriagorik eduki.

2. UBIDE ZENTRALA. Mugarik gabeko askatasunaren (‘libertad para hacer lo que nos da la gana’) aldarrikapen politikoak irabazi omen du Madrilgo hauteskundeetan. Osasun krisiaren erdian murgilduta, lotura (eta ardura) guztiez libratzearen nahikundeari bidea irekitzea erabaki ote dute madrildar gehienek? Lotura horietako inportanteenak, gizarte batek partekatzen dituen puntu komunak (etiko-moralak, politikoak, ekonomikoak,…) elkarlotzen dituzte; gizakien arteko jostura puntuak dira. Puntu horien bitartez bideratzen da gizartearen eratze dinamika nagusia. Horrexegatik, konturatu gaitezen jostura horiek eteten direnean, gizarte elkarketari eusten dion esparru zentrala ahulagoa eta txikiagoa egiten dela neurri berean.

Ekar ditzagun planteamendu hauek gure etxera. Hemen ere, aurreko pasarteetan azaldutako eboluzioa gerta daiteke. Ez gaude populukerietatik libre.  Gure artean ere, asko dira “herria ahotan eta norberekeria kolkoan” dihardutenak, bere denboran Arizmendiarrietak gaitzetsi zuen bezala. Hargatik, gaurko auzi nagusia ere ondoko galderaren inguruan defini daiteke: nola uztartu gizaki librearen ekintzaile gaitasuna eta herriaren elkartze ahalmena guztion ongiaren bilaketa lanean. Gure historia luzea iradokigarria zaigu, gizakia izan baita auzo-herrigintzaren ardatz printzipala.

Hamarkada batzuk dira, Agirre lehendakaria, Arizmendiarrieta apaiza eta beren belaunaldiko pertsonalisten bultzadaz abiatu zela oraindik gogoan dugun herrigintzaren paradigma modernoa. Jende askoren ekarpenarekin finkatu zuten oraingo gizartearen zimentazio morala, urte hauetan guztietan kohesio sozialaren faktorerik erabakigarriena suertatu dena. Ehunka auzolanek suspertu zuten orduko Euskal Pizkundea, pairatu ditugun desastreen (diktadura eta indarkeria) aurrean garaile ateraz. Horren bitartez, bi ertzen arteko erdigune zabala sortu zen. Gizartearen erdibiketa polarizagarritik atera beharrean geunden, nolabaiteko pizkunde komunitariorik abiatu nahi bazen. Komunitatearen birsorkuntza bideratu zuen elkarbideari, euskal ‘ubide zentrala’ deitu ohi diogu politikagintza abertzalean aritu izan garen askok.

Gizarte integrazio sendoagoaren aldeko ekinbidea orientatzeko metafora ederra da ubidearena. Bizitza sozialaren dinamika pluralen arteko lehiak aurkaritza antagoniko bihurtu ez daitezen, gizarte kohesioa mantentzea izan da erdigunearen funtzioa. Hortaz, funtzioa behar bezala betetzekotan, ubide zentralaren sakonera eta zabalera etengabe egokitzeko gaitasuna beharko dugu, gizartearen oreka sostengatzeko funtsezkoak diren korriente sozial guztiak kabi daitezen. Ubidea aipatzen denean, beraz, gizartea zentratzen duen erakunde-egiturari ezezik, honek bere baitan integraturik leuzkakeen mugimendu sozialen fluxuari ere egiten zaio erreferentzia.

Urte hauen buruan, euskal erdiguneko ubidearen inguruan erakunde-sare indartsua sortu da, bertan trinkotasunez sustraitu eta, giza garapenari dagokionez, uste genuena baino aurrerago eraman gaitu. Horrela egonkortu da zentralitate soziala, eta horrekin euskal herrigintzaren ardatza bertebratzailea dena desegin edo apurtu nahi zutenek aukerarik gabe gelditu dira. Zentroaren dinamika naturala elkartzailea baita, komunean dugunaren bilaketa premiatzen du eta berarenganako presio deseratzaileak indargabetu. Ubide zentrala ez da lubakia, ezta ere lehengo gatazka molde berrien bitartez jarraitzeko tokia. Edonola ere, auzolanaren erdigunean aritzeko, ez da matxinadaren epikarik behar. Gizarte-esparru hori dema politikoaren menpekoa egin nahi dutenek, beraz, okerreko bidetik doazela ikusita, norabidez aldatu egin beharko dute.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

Un comentario en «Herrigintzaren ubide zentralaz (1)»

  1. Kfd , báculo de los creyentes….

    El punto de discrepancia evidente en la práctica es el referido a la hostelería. El documento establece que las comunidades con incidencia acumulada de entre 150 a 250 casos por 100.000 habitantes en 14 días tendrán que cerrar los interiores, algo a lo que el Gobierno de Lakua se ha mostrado reacio y que ahora le haría tener que volver atrás sobre sus pasos.

    Esta situación, además, podría prolongarse si se tiene en cuenta la CAV está por encima de 200 todavía, en una fase calificada como «de riesgo alto» por el semáforo estatal

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *