Azala / Portada » Erresilientzia

Jexux Artetxe

Aurtengo urrian beteko da Estatutua erabaki zeneko berrogeigarren urteurrena. Urteetan, aberriaren izenean ari izan diren batzuei euskal naziotasunaren ukapena eta euskal lurraldearen partizioa zakarrela iruditu izan zitzaielako, oposiziorik gogorrena egin zioten. Lurrez, itsasoz eta airez, eta arma guztiak erabiliz, egindako erasoak amaigabeak izan dira.

Hala eta guztiz ere, gutxik ezezten dute gaur, lau hamarraldiko autonomia aroa emankorra izan denik. Ibarretxe lehendakariak esaten duen modura, Estatutuak gure esku jarritako ahalmenen bitartez, Europako herrialde aurreratuenen neurriko ‘giza garapen sostengarria’ lortu dugu. Eta, zentzu horretan, iritziz zeharo aldatu dute hasiera hartako ukatzaileek ere. Orain 40 urteko erabaki hura, txepelkeria umiliagarria bezala salatzetik Espainiako zentralkeriari irabazitako konkista gisa goraipatzera pasa dira. Nabarmena emandako ziaboga politikoa. Baina, ez dugu ukatu behar aurrerabidean jarri gaituen zuzenketa izan denik. Etorkizunari buruzko ikuspegi okerreko bide haren arabera gaizki egindakoa aitortzea falta bazaie ere.

Dena dela, Estatutuak aurkari boteretsuak izan ditu Madrilen ere. Gure burujabetze-prozesua alde guztietatik moteldu eta higatu nahi izan dutenak. Eskubikoak zein ezkerrekoak. Azken garaietan, indar eskubitarrak ari dira jarrerarik lotsagabeenak erakusten, gure autogobernuarentzat oso kaltegarria den norgehiagoka zentralista batean murgilduta. Espainiako Senatuan, egun hauetan onartu den ebazpena oso adierazgarria da.

Gure erabakimena babestu nahi badugu, ezin gara egingarriak ez diren ametsekin nahaspilatu. Aldiz, oraingo autonomia defendatzeko gai garela frogatu beharko dugu. Horrexegatik, hemen Euskal estatutua agortuta balego bezala hartu nahi dutenak jakin behar dute, han arau hori baliogabe utzi nahi dutenen joko berean ari direla. Presta gaitezen ondo, erresilientzia garaiak baitatoz.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

3 comentarios en «Erresilientzia»

  1. Egia da euskeraz egiten diran artikuluen aurrean komentario gutxi egiten ditugula. Artikulu argigarriak badira ere, hemen nahiago izaten dugu ika-mika antzuetan aritu.

    Baina, artikulu honek ez du lainoetako jardukiketarik biztu nahi.

    Bere laburtasun horretan ere, errealitate politikoa grabetzen ari den honetan, herrigintza estrategia zentzudun eta erangingarria nundik abiatu edo birsortu behar den markatzen du.

    Erresilienteak izan behar dugu. XIXgarren gerretako tarteetan egin genuen bezala, Primo de Riberaren diktaduraren aurrean aritu ginen bezala, frankismoaren azpian izan ginenean ere egin genuen gisara. Orain ere, erresilienteak izan behar dugu.

    Txikiak haundiari garaitzeko duen jokabide seguru bakarra hori delako.

    Oso ondo Jexux

  2. Konforme Markelek esandakoarekin (eta Artetxeren artikuluarekin).
    Gaineratuko nuke, erresilientzia ez da bakarrik defentsa modu bat, baizik eta eraikitze bat eraso peko garaian.
    Batetik, Artetxek esan bezala, aipatu eta goraipatu behar da estatutuaren lorpenen balio ideologikoa.
    Bestetik, ditugun baliabideak erabili behar dira gure herrian hori finkatua gertatu dadin eta garapenaren bultzagarri.

  3. Estatutuaren bidez egin dugun estatugintzak ekarri dizkigun onurak uka ezinak dira. Lortutakoa ezin dugu gutxietsi; dugunari eutsi, falta dena lortu eta ongi kudeatzeako dugun abileziak indartu eta justifikatuko du konpetentzia berrien eskaerak.
    Soka tira honetan batzuetan tira eta beste batzuetan eustea tokatzen da, momentu bakoitzean zer egin behar den zuzen erabakitzea inportantea da. Tiraka bakarri dabilenak onura baino kaltea ekartzeko aukera gehiago du.

    Dena den gure “segurtasun-uhala” herrigintzan dago, gizarte indartsu batek estatuaren erasoak saihesteko duen ahalmena gaindiezina da. Horra hor gure herri iraupenaren arrazoi nagusia.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *