Aitzol Pagoeta
Gaur egun hain modakoa dugun “errelatoa”ri buruzko gogoeta egin du Pako Aristik, Benito Lertxundiren Orreaga balada entzun bitartean Getariako taberna batean. Puntuz puntuko zenbait zertzelada ematen dizkigu gainera. Frustrazio eta haserre piska bat ageri da bere hitzetan («ETA osteko dinamikak», Berria, 2018-10-07). Zer dela eta? Goazen bere arrazoien arira.
Aristik Jose Antonio Ardantza Lehendakariaren zenbait adierazpen ditu abiapuntu. Honek dio, herri honi azken aldian gertatutako gauzarik txarrena ETA dela. Idazle Urrestillarrak erantzungo du: “Gauzarik txarrena, eta bakarra, beraz, ETA”. Horrela okertu egiten ditu Ardantzaren benetako hitzak, ez baitu esaten ETA gauza txar “bakarra” denik, baizik eta gauza “txarrena” dela (eta atzizki horrek argi esan nahi du txarrena dela beste gauza txarrik badagoelako).
Gero datozenak, leheneko adierazpen horrek kutsatzen ditu, esango baitu Ardantzak ez dituela aipatzen beste hainbat faktore, adibidez, “Espainiarekiko subordinazio egoerak sortutako desoreka”. Nola zehaztu daiteke faktore hau? Aristik ez du egiten baina mota horretako adierazpen potolo-itxurosoek balio ohi dute erretolika jakin batez bazkatzen direnen belarritxoa goxatzeko. Tortura eta estatu krimenak jartzen ditu ere Ardantzaren omisioaren eredu gisa. Orduan niri okurritzen zait galdetzea, Aristik ETAren borroka armatuaren aldamenean jartzen dituelako: parekagarriak al dira batzuk eta besteak? Ekiparazio batean erortzen al da gure idazlea? Zein da (Ardantzaren adierazpenera itzultzeagatik) “txarrena”, ETA ala estatuaren ekintza?
Historiaren etorkizuneko pedagogia abiapuntu hartuta (“Nola kontatu 15 urteko bati ETA zer izan zen”), Aristik adierazten du, “ETA taula handi baten pieza bat besterik ez baita, herri baten desagerpena bilatzen duen menderakuntza genozida baten erreakzioari dagokion atal bat, planteamendu politiko batzuen abangoardia armatua”. Baina hemen ez digu kontatzen, egia izanik ETA “pieza” bat dela multzo baten barnean, ETA era berean Ezker Abertzalea edota Euskal Nazional Askapen Mugimendua deritzan multzo horren sortzaile izan zela. Abangoardia izateak suposatuko baitzuen heriotza, bahiketa, mehatxua eta lapurreta eraman behar zuten militante politiko-militar batzuk multzo-osotasun horren erreferentzia nagusi zirela eta direla.
Bestalde, “herri baten desagerpena”ren kontrako “erreakzio” huts batek 35 urte luzatzeak ustezko erreakzio izate hori kolokan jartzen du. Frankismo garaian, zenbait euskaltzalek eta abertzalek, eremu desberdinak erabiliz (musika, literatura, ikastola, kooperatibak…) aurre egin zioten egoera horri bide eraikitzaleak eginez. ETAren bidea, aldiz, ez zen eraikitzailea izan, suntsitzailea baizik. Eta gainera, lehen hauteskunde demokratikoak igarota, eta herri honek bere erakundeak berreskuratuta, aurrera jarraitu bide zuen, herriaren borondateari kasurik egin gabe eta honen eraikuntza politiko soziala hamaika bidez oztopatuz (hemengo enpresariak eta profesionalak mehatxuz, erahilez eta estorsionatuz, hemen sortutako polizia erahilez eta erasoz, hemengo kargu publiko-politikoak erahilez eta mehatxu eta eraso etengabean ipiniz, elkar bizitza gure herrietan eta kaleetan kinka larrian jarriz). Beren buruzagiek eramandako borondatez tematu dira bereziki 35 urte baino gehiagoko ildoa izan duen erakunde bat eta bere mugimendu politikoa, ingurua ala testuinguruaren aitzakitan ibili beharrik gabe.
Gure idazleak dio ez diotela eta/edota ez dietela uzten ETAri buruzko zinezko iritzirik ematen, epaitegiak begirale dituztelako. Egia da ETAren borroka armatua zuzenean defenditzea galerazia dagoela. Baina hainbeste urte eta hainbat bazter odoldu dituen ibilbideak ez al du adierazpen egoera hau ekoiztu? Borroka armatua ontzat ematea ez al lieke ideologokoki kondizionatuak izan diren zenbait pertsona eta gazteei aitzakirik ematen berriz ere bide horretan tematzeko? ETA eta orokorki ezker abertzalearen hautua ontzat ematea ehundaka hildakoen egoera zuritzen du, dudarik gabe, eta baita “sufrimentuaren sozializazioa” suposatu zuen herritarren kontrako erasoa ere. Ez al dago argi oraindik bide hori dohakabea izan zela? Eta begiratzea besterik ez dago lorpen moral eta politikoen kontabilitatea horiek guztiek eragin dituzten sufrimentuaren aldean. Nola liteke horrelako begibistako gauzak oraindik eztabaidagai izatea? Ez al da hori zenbaitzuen itsukeri ideologikoaren ordain zuzena? Pako Aristi gartzeleratua izan daiteke bere borroka armatuari buruzko benetako iritziak azalduko balitu? Harridurak eta ezin sinesteak bereganatzen naute puntu honetan. Horregatik galdera hau sortzen zait: ezin esanezko eta legeak galerazitako arrazoi ezkutu horien arazoa ez al da Aristi eta Odriozolarentzat aitzaki, ezin justifikatu daitekeena publikoki ez justifikatzeko?
Aristi kexu da “Espainiaren ikuspegi inperalistaren” aldekoek euskal komunikabideetan lekua izatea, alderantziz suertatzen ez denean. Gogoratu beharko luke gure herriko kaleetan gertatu izan den zenbait iritzien kontrako bortxaz eragindako isiltasuna. Eta gainera horrek ez ditu bakarrik balizko “espainiar inperalista” delako horiek afektatu, alderdi desberdinetako abertzaleak ere kolpatu baititu, gure kaleetan eta plenoetan egon diren milaka karguek horren testigantza eman dezaketen bezala. Kazetariak ere erahilak izan dira ETArengatik. Beste asko, mehatxupean bizi izan dira eta atentatuen pairatzaile ziren ere. Oraindik ez dira eragindako beldur horren itzalak uxatu. Zergatik ez du Aristik hau guztia kontuan hartzen?
Espainian eroso bizi behar ala ez behar izatearen auzia aipatzen du ere. Kontuan izan beharko luke euskaldun espainolista eta abertzale asko Euskal Herrian bertan deseroso bizi izan direla ezker abertzaleak emandako mandatuengatik. Ez da zilegi Espainia aipatzea, Euskal Herrian bertan ditugun elkar bizitza arazoak eta arazo sortzaileak begitan eduki gabe. Bere gogoetari, gainera, huts handi bat aurkitzen diot: hemen gehiengo bat egon da estatua eta ezker abertzalearen artean, estatuaren demasia eta ETAren hilketak berdinki errefusatu dituena. Zergatik ez du hori kontuan hartzen? Nola liteke ezker abertzalekoen gogoetetan gehiengo bat irudikatzen duen hutsune soziologiko hori gertatzea?
Aristik zenbait kritika egiten dizkie ezker abertzaleko zuzendariei (Mailaren Iriarteri, Rafa Diezi…) Espainiako markoa eta Gernikako estatutoa ontzat hartu omen dutelako. Ez dut uste Aristi asko larritu behar duenik horregatik, ezker abertzaleak ez baitu bere funtsezko ideologia zein errelatoaren kontaera aldatu. Gertatzen da gauza bat: autonomi-forala, herriaren sostenguaren aldetik eta herrigintzaren ikuspegitik (Aristik, bere itxurakeri erradikalez mesprezatzen duen Gernikako Estatutoa), garaile gertatu dela, ekarri dituen onuren ondorioz. Errealitate zinezko baten aurrean ezker abertzaleko zuzendariek mugimendu taktikoa egin behar izan dute, lehengo lepotik burua eusteko asmoz.
Halaere, ulertzekoa da Aristiren aserrea. Gogorarazten die Iriarte eta Dieztarrei berak orain urte dezente paparrean «Estatutoari ez» jartzen zuen pegatina; oroitu dezagun garai horietan bertan ageri zen beste pintada/konsigna bat «40 urte eta gero hau». 35 urte eta gero ezker abertzaleko buruek atzo errefusatutako horri orain onartzearen itxurak egiten dizkiote. Bitartean ehundaka erahildako eta ETAko gartzeleratu gertatu dira. Bitartean Aristiri (eta beste hainbeste ezker abertzaleko militante sineskorrei) inuxente aurpegia gelditu zaie.
Horren ondorioz, Aristik guraso/arbaso/nagusiei botatzen die errua eta gazte errebeldeengan jarriko du fedea, Lertxundiren garai bateko kantaren aipamenaz (ahaztu egiten du, ordea, Lertxundi ez dela sekula ezker abertzalearekin lerratu eta bere beste kantu famatu baten letrak zera diola: «Zer egingo degu, alkar hil. Hori ez»). Nire ustez, baina, arazoa ez da belaunaldien artekoa, estrategikoa baizik. Aristik, ohartuki ala ez, mesede ederra egiten die gaurko ezker abertzaleko zuzendariei salakuntza hori eginez. Bi aurpegi eta bi bide tajutu baitira ezker abertzalearen baitako kontraesan horietan: batak alderdi iraultzaileak eduki behar duen ordezkaritza legala defendatu behar duelako, alegia, borroka politikoaren eremua; bestea, ezkutuan eta legearen kontrolik gabe ibili behar duten geroko iraultzaren sator zulogileen entrenamendu lana da eta masa borroka eragin behar du. Ezker abertzaleko gune ofizialetan ideologia ofizialean kondizionatutako gazteek (pintada egile adoretsu horiek), Aristik bezala, haustura-iraultzaren munduan amesteko betarik edukiko dute, beste milenio odoltsu baterako ezpatak zorroztu bitartean. Eta, jakina, kontraesanak kontraesan (hauek mugimenduaren baitakoak direnez gero), borroka politikoa eta masa borroka batera doaz. Etsaiaren kontrako bidean egingo dute bat eta horretan elkar elikatuko dira. Egoera berriari egokituz, ezker abertzalearen berregituraketa honek bere betiko erakunde modua gauzatuko du horrela. ETAren lema zaharrak esan bezala, bietan jarraituko du.
“ETA taula handi baten pieza bat besterik ez baita, herri baten desagerpena bilatzen duen menderakuntza genozida baten erreakzioari dagokion atal bat, planteamendu politiko batzuen abangoardia armatua, milaka eta milaka pertsonen, sendien eta kargu politikoen babesa izatera iritsi zena. Testuinguruari uko egitea esan nahi du, kriminal talde bat zen, eta kito; estali gaitzala errezel lodi batek.”
Aristik hori esatearekin ezer gutxi argitzen du, formetan gelditzen da, ez du muinera jotzen :”Euskal Herrian klase borrokak nazio askapenaren forma hartzen du.”
Pako Aristi urduritu ez dadin Ezker Abertzaleko zuzendaritzarengatik hemen du Arkaitz Rodriguez-en artikulu bat:
https://www.diariovasco.com/opinion/octubre-fecha-reflexion-20181025224005-nt.html
Arkaitzek esaten du Ezker Abertzaleak ongi egin zuela eta gaizki ere Gernikako Estatutoari ezezkoa ematean. Hutsik handiena EAJren patrimonio izatea izan dela.
Que un tonto integral como Rodríguez sea vuestro ejemplo dice mucho de como está el patio en la izquierda aberchale. Una vez que el combativo Otegui no ha hecho nada de interés desde que salió de Logroño está visto que os habéis agarrado a un clavo ardiendo, a uno cualquiera claro.