Jexux Artetxe
Bizi dugun krisiaren erdian, egungo ogiaz arduratzea biharko gosea dela esatea etzait batere egokia iruditzen. Tristea litzateke, bai, gizakion bizitzaren itxaropena egunean eguneko bizi-iraute hutsera mugatzea. Baina, onartu beharko dugu oraingo beharrei gure kabuz aurre egiteko gauza ez bagara nekeza egingo zaigula gure eskuko etorkizunik izatea.
Gure erabakien araberako geroa nahi dugunontzat, bistakoa da atzeratzerik ezin dugun gizarte eragintza behar dugula. Gauden egoerari erantzuteko, kanpokoek zor digutenaren zai egotetik ateratako atarramendua alferraren indarretik espero genezakeenaren parekoa dela. Hara zer idatzi zuen Arizmendiarrietak: “Inork emotekoari edo egindakoari begira dagona iñoren mende dago, naiz erri edo gizon soil”.
Eguneko ogia da, beraz, etorkizunaren oinarria. Eta eguneroko ogibidea gure lantegietan egiten dugu. Jakina da krisiak enpresa ugari eraman dituela zulora. Eta, hala ere, krisiaren hondotik ateratzeko borroka-tokia enpresa bera bihurtu dela ez dago ukatzerik. Bizi dugun krisialdiak, orobat, gure lantegiak eguneratu eta eraldatzeko aldarte egokia sortu duelako.
Hara hortxe egin beharko genukeen gogoeta. Ekonomia errealaren mikro-esparruan aritzea legokiokeena. Gure etxeetako eta enpresetako egoera errealari soaz egin behar duguna. Ekintzailetza eta lehiakortasuna eraldaketaren erdigunean jarri behar ditugu, bai. Baina, lurraldean erro sakonak (eta lan-egileen kudeaketa partekatua) dituzten enpresak edukitzetik bertakoen eskuago geneukake gure etorkizunaren jabetza. Hortxe, guretzat, euskal biderik baloitsuena.