Posteado por: aberriberri | diciembre 22, 2011

Asterix eta Obelix komikiak besterik ez dira

Martin Agirrezabal

Gogoan dut irakurri nuen liburu batean, Heinrich Bölt-en “Opiniones de un payaso”ren protagonistaren hitzetan hain zuzen, jendearen keinueek beren jarrera antidemokratikoa eta totalitarismoa agerian uzten zutela. Egia borobila hori ezin argiagoa da Euskalerrian, orain kontakizunarekin gora eta behera gabiltzan garaian keinu denak ez ahaztea komenigarria delako. Bingen Zupiriak Argian idatzi duen gutuna irakurri ondoren nola onartu batzuk Euskalerrian egon den biolentzia albo batera utzi nahi eta sufrimenduari esparrua zabaltzera etortzea? “Denok sufritu dugu, baina iturriak ez dira aipatu behar” leloari “mina aitortzea” deitzen diote batzuk, nik “iruzur” deituko nuke.

Lohitzune Rodriguez-ek idatzitako “Masa ideologiaren kontsumitzaileari” artikuluan asmo hori susmatzen dut: “Orain Estatua da biolentzia den tresnaren jabea. […]orduan ez niri eskatu biolentzia oro txarra dela […] diskurtso faltsuetan sartzea”. Rodriguez-ek erabiltzen duen eskema nahiko xinplea da: “ETAk armak utzi ditu, beraz, Estatuak ere laga beharko lituzke, baina ez dauka hori egiteko asmorik. Hori dela eta, inork ez diezadala esan biolentzia txarra denik, ezta ETArena ere”. Errealitatea akoz konplexuagoa da, Estatua delako gaur daukagun geure burua antolatzeko tresna bakarra eta horrexegatik abertzaleok garenok, euskal estatua aldarrikatzen dugu. Eta Estatu batez, bere herritarrak defendatzeko betebeharra duenez polizia eta biolentziaren monopolioaren jabeatza du.

Euskadin ere, helburu horrekin aritu gara hainbat urtezgeure ertzain eta foralak eratuz, baina badirudi bere burua abertzalenentzat jotzen dutenak ez daudela pozik, eta azken urteetan eskuratu diren autogobernua garatzeko eta gizartea defendatzeko tresnak baliogatu nahi izan dituztela.

Gatazka deritzon horri irtenbidea emateko, betikoentzat euskal instituzioek ez dute lekurik, euskaldunok bozaren bidez hautatu dugunak ez omen du baliorik geuri “suertatu” zitzaigun “ustezko gatazka armatu” hori konpontzeko. ¡Horra bai euskaldunok bizi dugun gatazka politikoaren muinaren ukazioa! “Herria”, “gu” deitzen zaion hori, Estatuarekin kontrajarrita legoke bitartekorik ez balego bezala, euskaldunok Estatuaren barnean lortutako instituzioen eraikuntzan parte hartu ez bagenu bezala. Herri ordezkaritza mesprezatu nahi ez badute, banketxeen kontrolpean bizi garela salatzen dutenek “herria” hitza ekintza batzuk legitimatzeko tresna bihurtzen den bakoitzean ere sala dezatela, aldaketak instituzioen bideez bultzatu beharko ditugula, Ibarretxe lehendakariak Legebiltzarraren sostenguarekin ekin zion bideari jarraia emanez. Ez al da hori zilegiena?

ETAren biolentzia eta estatuek (baita gure Ertzaintzak) bultzatutako “indarkeria” parean ipintzen diren bakoitzean, neurri berekoak izango balira bezalakoa konsideratzea da. Eta konparaketa horretatik, “ETA berdin Estatu, ondorioz, ETAk eta Estatuek eskubide berdinak dauzkate oldarkorrak izateko eta herritarren ordezkariak bihurtzeko”, tranpara. Gustatu ala ez, oraigoz Espainiako Estatuaren barneko euskal instituzioek ETAk ez daukan legitimazioa daukate eta hainbat urteren ondoren hori ondo ulertu dute ENAM-eko buruzagiek, hortik baitatorkie Estatuari bide politikoaren bidez aurre egiteko grina. Hortik dator Errekondo jaunak Españako Borbon-eri helarazi dion mezu hurbila “Errekondo pide al rey su implicación en la resolución del conflicto vasco” (ABC, 2011-12-15an). Ez dute publikoki onartuko, ENAMek parlamentariasmoari heldu diola aitortzea bailitzateke, bide militarrak hondoa jo duela aitortzea litzateke.

Behin ETAk armak utzita, etxea garbitzeko txanda etorri zaie, eta horretarako sortu den zaborra beste toki batera mugitzea da helburua. Hauxe dena Rodriguez-en artikuluaren esaldi batean laburbiltzen da: “Inork ez du esango biolentziak minik sortzen ez duela, baina mehatxuan oinarritzen den itxurazko bakearen aurrean, herriari ezin zaio belaunika dadin eskatu”.

Barkamena eskatu beharrean, indarkeria iturrieen lehiaketa martxan jartzen da, Estatuak “herria belaunika dadin” leloa, herritarrok gure instituzioetatik kanpo biziko bagina bezala. Nik berriz, zera esango nioke: nahi ez dugun Estatuan egon arren, herri borondatearen bidez eskuratu ditugu aurrerapauso garantzitsuak, Eusko Jarlaritza, Osakidetza, Lanbide eta abar.

Era berean, bestelako galdera planteatuko nioke Rodriguez andreari: zer egin du ETAk askatasunari begira? Biolentziaren bidez, ez al du erakundeak euskaldunon askatasuna bermatzeko ardura hartu? Haratago ere joko nuke, ez al da ankerragoa izan? Espainiako Estatuaren baitan herri borondatea bideratuz euskaldunok geure burua garatzeko esparru gehiago zabaldu dugu ETAren borrokak baino, euskaraz ikasteko, hedabide euskaldunak martxan jartzeko, eta beste aurrerapausotarako, Estatuak zenbait alor laga ditu herriaren borondatearen aurrean. Egia da, askotan zabaldu dituen ateak, berehala itxi dituela, baina ETAk utzi digun ondarea askoz eskaxagoa da: erailketa, tristezia eta inpotentzia. Erailketa: 858 biktima hildako; Tristezia: euskaldunon izena zikindu izatea eta Inpotentzia: ustez defenditzen zuten herria kalera irten arren, kasurik ez egitea, eta elkarren borruka bultzatzen saiatzea.

Garan argitaratutako artikuluan, detaile “horiek” ostontzen saiatzen da Rodriguez.“Bizitza osoan ez dut armarik ukitu (…) Armak ikusiak nituen jada, egia esan, beti FCSEn eskuetan (…) ETAk borroka armatua bukatu duela eta batzuk bakeaz ari dira hizketan, eta nik inoiz baino fusil gehiago ikusten ditut!”. “Orain Estatua da biolentzia den tresnaren jabea. Ejerzito bat eta bi gorputz polizial (gehi polizia lokala eta erkidego batzuetan autonomikoa ere bai) (…) orduan ez niri eskatu biolentzia oro txarra dela edo biolentziak biolentzia besterik ez dakarrelako diskurtso faltsuetan sartzea”. Betiko lez, “alde bien” eskema. Ez al da izango ETA euskaldunon aurka aritu dela azken 30 urteetan, kanposantu eta kartzelak betez? Zergatik beste batzuek euskal burujabetzaren aldeko lana egin eta ez dute gartzeletan fronterik osatu beharrik izan?.

Ezin ahaztu nazien esaldi famatua: “lanak askatuko zaitu”, gizaki askerik sortu gabe, erailketa masiboak aurrera eramanik; eta guzti hori gizartearen aurrean ikustezin bihurtuz. Ez al da hori ENAMek zuen jarreraren antzekoa?

Kontakizunaren lehia honetan ez dago akordiorako aukerarik. Herri honetan jasan dugun biolentziaren atzetik pertsonak daudela ezin dugu ezkutatu, borreroak eta biktimak nahastuta daudela herri txiki hontan. Bestelako kontakizunek ez dute zentzurik, bestelako “epikak” gezur galanta dira. Astérix eta Obélix komikia besterik ez direlako, eta gainera, frantses-inperialismoaren defendatzaile.


Responses

  1. Benetan izugarria Lohitzune Rodriguez-ek diona. Ikusten da ENAMen ez dagoela pakezko izpiriturik, gerra bizizkoa baizik.

    ENAMkoek arrazoitzeko ohiko modua da gainera, batetik etsaia ze gaiztoa den aipatzea eta bestetik beraiek egindako gaitza eta gaitz-aukera ukatzea.

    Orain bapatean ETAren gogorkeria sekula santan gertatu ez balitz bezala jokatu nahi dute. Hori ez da inolaz ere permititu behar.

  2. Halaxe da, orainartean benetako bake jarrerarik nik ez dut somatu hauengan. Zer esan nahi digute, estatuak ez diola indakeriari utzi? Estatuak ez diola estatua izateari utzi? noski, noski baino noskiago. halare, zer esan nahi digute?… hori horrela, ENAMri dagokoionez, biolentziarako zilegitasun ezin ukatuzkoa egon dela orain artean, eta, hori aurrerantzean horrela ere, badagoela gerora ere berriz ere ikarkeria aramtuari ekitea; hori al zaizkigu zeharbidez esaten?…
    Gaurdaino, nik bederen ez dut zinezko bake-diskurtsorik somatzen… presoak, jasan izan dituzten bidegabakeriak bidegabekeri, horien jasole izateaz baino askoz ere harago, borrero-kondizioa dute ezaugarri, gehin-gehienetan. Horiez, zein pairatzen ari diren lege-urraketez, hitz egin beharko da, noski. Baina, hori horrela ere, hortik ezin da segi, duten ezaugarri-etiketa biktimarena dela. Borreroak, 1, 2 edota 30 hildako bere bizkarretan dituzten hauek, hasteko eta behin, Euskalerriaren odoluste bidegabeena erantzule bihotzgabeenak izan ditugu eta horrez batean ere, herri honen boza eta borondaren lehenengo urratzaileak. Eta lehen-lehenik, hori dugu beren argazkia. Hortaz, biktimez ari garela, ENAMek eman nahi duen egoera-argazkia iruzurtia dela esatea gutxi litzateke; beren biktima guztiez oroitze faltsu eta bidegabe delakoak (presoak eta biktimak parekatze krudel bitzgabe hori) zera baino ez du jartzen erakutsian: Legitimaizio edulkoratu bat, atzera begirako sortutako biolentziarako gorazar naskagarria.
    Oraingoa ez da bake-unea, eta geroxeago izan baledi, ez da hasi, hau ez da ez eta aurre-aurre bakerako estadiotzat jotzerik. gaudainokoak, egungo eguneko bake diskurtso bihotzgabe hau, biolentzia berberaren segida baino ez dugu eta.

  3. Artikulua oso ona eta Geymeren esanekin bat nator erabat. Oso ondo esana, Larraitz Rodriguez-en eta antzekoen disurtsoa gogorkeriaren segida besterik ez dela, gogorkeriaren ideologia eta aukera bizirik mantentzeko asmoz.

  4. Bueno, hasteko esan Uztarrori nire izena Lohitzune dela, ez Larraitz ;) Bigarren, nik neure izenean hitz egiten (idazten) dut, eta ez ezker abertzale osoaren edo Amaiurren, edo Bilduren izenean; nire izenean besterik ez.

    Martin, ez zait gustatzen neure burua defendatzen ibili behar izatea, esandakoak nire artikuluan aurki baitaitezke, eta artikulu horretan ez daudenak nire ahotan zuk (edo beste norbaitek) jarritakoak baitira. Dena den, zure artikulua irakurrita uste dut aklarazioren bat beharrezkoa dela gaurkoan hemen jartzea.

    1. «Rodriguez-ek erabiltzen duen eskema nahiko xinplea da: “ETAk armak utzi ditu, beraz, Estatuak ere laga beharko lituzke, baina ez dauka hori egiteko asmorik. Hori dela eta, inork ez diezadala esan biolentzia txarra denik, ezta ETArena ere”. Errealitatea akoz konplexuagoa da, Estatua delako gaur daukagun geure burua antolatzeko tresna bakarra eta horrexegatik abertzaleok garenok, euskal estatua aldarrikatzen dugu. Eta Estatu batez, bere herritarrak defendatzeko betebeharra duenez polizia eta biolentziaren monopolioaren jabeatza du.»

    Nik ez dut hori esan, eta uste dut nire hitzak ulertzean pixkat aldrebes ibili zarela. Birplanteatuko dut argudioa:

    – X-ek (Estatuak barne) dio: “biolentzia oro txarra da”.
    – Y-k: “Estatua ere biolentziaz baliatzen da”.
    – X-ek: “Biolentzia oro txarra da, Estatuarena ezik” edo “Ez da egia Estatuak biolentzia erabiltzen duenik” (bigarren erantzuna badakigu faltsua dela, eta beraz X-en lehen lehenengo afirmazioa ere faltsua da – horri buruz ari nintzen diskurtso faltsua aipatzen nuenean).
    – Y-k: baina Estatua bera (bere legeak eta bere justizia) bidegabeak badira, nola izan daiteke bere biolentzia justifikagarria? (adibidez, III. Reichean – ez nago Alemania nazia Espainiarekin konparatzen [guztiz ezberdiak direla esaten ere ez], adibidea da besterik gabe).
    – X-ek, kasu horretan ez litzateke justifikagarria, eta akaso, holako estatu batekin bukatzeko herriak biolentzia erabiltzea onargarria liteke (ala ezetz esango didazue?).

    Etab.

    Honekin esan nahi dudana da: nire artikuluan ez dut esan ETAren biolentzia ona edo txarra denik (dikotomia bera ere ez dut berez onartzen). Esan dudana da lehenaren antzerako esaldi absolutizatzaileak akasdunak direla. Biolentzia tresna bat da, hori onartu duzu zuk Estatua antolakuntza posible bakar gisa deskribatu duzunean (hori eztabaidagarria da, esango dizu anarkista batek, baina beste kontu bat da). Bada, nork esaten du biolentzia tresna gisa erabiltzea noiz den onargarria eta noiz ez? Delitua biolentzia erabiltzea da, baina nik biolentziaren inguruan nahi dudan iritzia izateko askea izan beharko nuke (eta ez bakarrik ETAren biolentziaren ingurukoa, horregatik jarri dut M15 mugimenduaren adibidea), baita politikaria banintz ere. Ni, Lohitzune Rodriguez, ETAren biolentziarekin ados egon ala ez, zergatik esan behar dut “nik kondenatzen dut”?

    Ni bakezalea naiz, baina ez pazifista (uste dut askotan, herriak biolentzia erabili beharrean ikusten duela bere burua – eta ez da ni komunista hutsa naizela, Stuart Millek edo Lockek ere holakoak esaten zituzten), eta hau esatea delitua izatea ez dator bat balizko estatu demokratiko baten legediarekin.

    2. Ibarretxe aipatu duzunez gauza bakarra erantzungo dizut horren harira: zein izan zen Ibarretxek instituzioak erabiliz jaso zuen erantzuna? Hori ba.

    Eta bueno momentuz hemen utziko dut, berandu da eta txapa ederra bota dut, baina jarraituko dut hurrengo baten.

    Agur.

  5. Martinek akaso erantzungo dizu, Lohitzune, baina gauzak nahiko garbi utzi dituzu.

    Zu ez zara sartzen ETAren gogorkeria ona ala txarra den. Horrek iritzi biribil bat bezala balio du. 30 urtetan gure herria hilotzez bete duen erakunde armatu baten ekitaldiak ez du zuretzat epaiketarik balio. Nahiko esanguratsua da datua.

    Munduko estatu guztietan gogorkeriaren monopolioa estatuaren eskuetan dago. Mendebal hontan hori gertatzen da ere. Hori gauza normala da. Akaso aldatu beharrekoa, baina normala da.

    Gure herriko kontestu zigortuan estatuaren gogorkeria (baita Eusko Jaurlaritzak erabiltzen duena ere) zalantzan jartzea esanahi bakarra du: gogorkeri horren kontra beste gogorkeri bat oldartu dakiokela zilegitasunez. Hori da hain zuzen ETAk dioena: estatua erreforma frankistaren ondorioa da ergo gure gogorkeria erreforma horren aparailuen kontra dago. Jendea hiltzeko aitzaki polita benetan.

    Gauzak bere kontestuan ulertu behar dira gogoeta sasifilosofikoetan erori beharrik gabe. Gure herriak ETA eta kale borroka aparailuetik jaso du gogorkeririk gogorrena. Hori aitortu eta ikusi gabe, edota hori ukatzen bada, ez dago benetako pakerik, berriz ere gogorkerira lotzeko arrazoiak (ETAk esaten dituena) hor jarraitzen dutelako.

    Nik ulertzen dut ENAMen agendan desarme bilateralaren gaia dagoela, ez ETA bakarrik armak utzi, Estatutak gauza berdina egin beharko lukeelaren iritzia. Estatuak demasiak eta gehiegikeriak egin ditu, baina herriaren kontrako gogorkeri nagusia ETA eta beste ENAMeko aparailuek eramandakoa izan da.

    ENAMen gogorkeriak PP, PSOE, PNV, EA, Ezker Batua, pazifistak, kazetariak, juezak, poliziak eta abar luzea jo ditu. Euskalerriko estratu politiko zein sozial gehienak. Horren aurrean ez iritzirik eman nahi izatea, errepikatzen dizut, oso ikuspegi konkretua izatea da. Beraz oso interesatua da zu zure tuperraren dilistei buruz planteatzen duzun ikuspegia.

  6. Nik ETAri buruz dudan iritzia eman ez dudala esan dut, ez eman nahi ez dudala. Badakizue zer gertatzen den? Nik ez daukat ohiturarik zerbait norbaitek exijitzen didanean esateko. Bestalde, nik ETAren inguruan iritzi legal bakarra eduki dezaket, eta hori ez zait batere gustatzen. Eta bukatzeko, ETAk 50 urte baino gehiagoren zehar (eta ondino ez da desagertu) gauza ezberdin asko egin ditu eta aldaketa handiak jasan ditu, eta uste dut gauza batzuk kriston akatsak izan direla, baina beste batzuetan asmatu ere egin duela uste dut, eta hau ja ezin dut esan. Eta behartu nahi nauzue ez dakit zer onartzen, berriro esaten dut, zergatik onartu behar dut nik ezer?

    Ez daukat asmorik zeuetako inork onartzeko biolentzia beharrezkoa zenik bizi izan dugun egoeran; ezta ETA onargarria dela edo orokorrean biolentzia herri zapalduen irteera zilegia izan daitekeela. Bakoitzak pentsa dezala nahi duena, nire burua errepikatuz.

    Baina demokrazia liberalaren modeloa biolentziari esker gailendu zen hildako askoren gainean, ez da polita, ez, niri ere ez zait iruditzen, baina errealitate historiko bat da. Eta kapitalismoaren biolentziaren aurka jarrera guztiz pazifiko baten bidez borroka daitekela barkatu baina kostatzen zait sinistea. Dena den ez naiz ezer berririk esaten ari. Joxe Azurmendiren ia edozer liburu hartuta aurkituko dituzue zuek diozuenaren aurkako argudioak, gauzak konplikatu eta konplikatu azkenean bera goitik behera zitatzen bukatuko dut eta.

    Besterik soilik esan, statu quoa behin lortuta erraza dela biolentziari hein batean uko egitea, eta berriro Azurmendi, historiako sistema politiko guztietan kontsideratu izan da deitoragarri sistema beraren kontrako biolentziaren erabilera, ez da demokraten sigilu berri bat. Eta beste gauza bat, Marxengandik (oso originalak ere ez gara azkenean), ideologia dominatzailea klase dominatzailearen ideologia da.

  7. “Gauzak bere kontestuan ulertu behar dira gogoeta sasifilosofikoetan erori beharrik gabe. Gure herriak ETA eta kale borroka aparailuetik jaso du gogorkeririk gogorrena. Hori aitortu eta ikusi gabe, edota hori ukatzen bada, ez dago benetako pakerik, berriz ere gogorkerira lotzeko arrazoiak (ETAk esaten dituena) hor jarraitzen dutelako.”

    Ez nago batere ados. Hasteko ETA eta kale borroka alderatzea ez dakit zertara datorren. Borroka armatuaren ekintza gogorrenetatik nahiko urrun geratzen da kale borroka, gero ezin omen da Estatuaren biolentzia (tortura, kasu) ETAren biolentziarekin alderatu! TATen arabera 10.000 pertsona inguruk jasan dute tortura urte luze hauetan zehar, eta kartzelan 700 preso inguru daude orain, kalkulua zehatza ez bada ere (presoak sartu eta irten egiten direlako) argi geratzen da jende kopuru ikaragarri handi batek errugabe izanda jasan duela torturak suposatzen duen infernua (eta hori suposatuz, orain kartzelan dauden guztiak errudun direla – hori ere ez da egia baina tira, argudioaren onerako..). Eta ez, hau ez da ETAren erantzukizuna, konparatu Frantzia eta Espainia arlo honetan (horrek ere ez du esan nahi Frantzia estatu biolentoa denik). Beraz, ni ez nago ados diozun horrekin, ez dut uste gure herriak ETA eta kale borrokatik jaso duenik gogorkeriarik handiena. Horretaz ni guztiz konbentzituta nago, eta horrela pentsatzen dugunok zeuek baino bake gogo gutxiago ditugula suposatzen pixkat harroputza iruditzen zait.

  8. Ene Lohitzune:

    Gogorkeriaz hitzegiten ari zarela, Euskalerriko egoeraz gainera, eta estatuaren gogorkeri ala gogorkeri aparailuak aipatzea (beraien salaketa egiteko) eta ETAri buruz ez iritzirik ematea manifestu politiko oso bat bezainbeste balio du. Zuk diozu ere ETAk akatsak egin dituela baina gauza oso onak ere. Lohitzune, ze gauza zoragarrik egin ditu ETAk? Hildakoak tunbatik berpiztu al ditu? Ez Lohitzune, ETAren ildoa berak eragindako hilotzena da. Hor mina eta sofrikarioa besterik ez dago. Noski, zuk diozu ETAk gauza zoragarriak egin dituela baina ez dituzu aipatzen. Zergaitik? Hori egiteagatik gartzelara sartuko zaituztelaren beldurrez?

    Hemen printzipio arazo bat dago, indarkeri iraultzailearen printzipioa. Horren arabera beti dago arrazoirik errebelatzeko eta indarkeria erabiltzeko. Beti. Hori da ETAk gidatu duen printzipio historikoa. Herri zapalduak beren burua defendatzeko duten eskubidea ETArentzat aitzakia besterik ez da izan etengabe heriotzak produzitzeko.

    Egia da ere, demokrazia Europan ezarri dela indarkeriaren bidez. Bai, egia da, naziak eta fatxistak derrotatuz ezarri da mendebal Europan demokrazia. Baina ekialdeko Europan komunismo totalitarioa pakezko iraultza batzuen esker amildua izan da. Aurrerapausuak ematen dira historian, Lohitzune, eta ez dituzu kontuan hartzen.

    Bestalde benetan hunkigarria Joxe Azurmendiren argudioetan duzun fedea. Baina noski bere izen hutsak ez gaitu bere arrazoietara makurtuko. Zeintzuk dira Joxe Azurmendiren argudio ezin ukatuzkoak? Gogorkeriaren kontrako ideologia ideologia dominantea dela esatea ez digu argibide haundirik ematen gaurko egoera konkretuan.

    Kale Borroka ETAk 90ean sortu zuen borroka tresna berria da. Historiaz piska bat jantziagoa egon beharko zenduke, Lohitzune. Eta kale borroka konzeptu bat du bere parean: “sufrimentuaren sozializazio”, hau da, gogorkeria euskal gizartearen bazter guztietara zabaltzearena.

    Ez dakit zenbaterainoko mirespena edota errespetoa diozu gizakiaren bizitzari (akaso hau ere, zure iritziz, ideologia dominanteak ezarritako mekanismo bat da, gure justizia gosea erreprimitzeko) baina ETAk ehunka pertsona hil ditu, mehatxupean milaka eta milaka pertsona jarri, eta beste gogorkeri modu batzuk ezarri dira ENAMen gure herrietan, Kale Borroka tartean dagoela. Ikusten da gizakiaren bizitza ez dituzula kontuan hartzen eta inportanteagoa iruditzen zaizula ETAko presoek duten egoera.

    ETAko presoak gartzelan daude jendea hil, bonbak jarri, sekuestratu eta mehatxuak egiteagatik, Lohitzune. Beraiek eragindako hildakoak eta biktimak ez dituzu kontuan hartzen. Zergaitik? Ideologia dominantearen kontra zaudelako? Kontra egotea ez da beti zuzena, Lohitzune. Ez al dizu hori Joxe Azurmendik (garai batean kristaua zena eta prailea gainera) erakutsi?

  9. Lohitzunerenak zeharo interesgarriak ditugu; ondo dio, ondo dio, zera baino ez digu berresten: ETAk, asko jota, atsedenalditxo batean baino ez dugula.
    Eskerrik Lohitzune, horren argi eta klar mintzatuagatik!

  10. Josune zure komentarioak ez du erantzunik merezi. Nik ez dut horrelakorik esan. (Gainera esan dut lehenago nik nire izenean besterik ez dudala egin hitz, beraz ETAren erabakiei buruzkoak ETAri galdetu, ez niri).

    Panpox ETAk gauza zoragarriak egin dituela esan dudanik ere ez da egia, bilatu nik hori non esan dudan. Utzi hermeneutikak alde batera. ETAk ondo eta txarto zer egin duen (plano etikotik haratago, bai) nahi baduzu kafetxo batekin kontatuko dizut pribatuan.

    Herrialde poskomunistetaz mintzatzen zara… en fin, ez da izango Sobietar Batasunaren kolapso ekonomikoak zeukala hor zerikusirik eta ez intentzio onez betetako herriaren bide baketsuek? Bestela zelan ez zuten komunismoa garaitzea lortu 56an Hungrian eta 68an Pragan? Zuk diozu aurrera pausuak ematen direla historia, eta nik gero eta jende gehiago ikusten dut miserian bizitzen, eta okerrago dena, miserian hiltzen. Bizia errespetatzen dudalako mintzatzen naiz mintzatzen naizen moduan, ezer ez egitea ere zerbait egitea delako.

    Nire artikuluaren asmoa ez da biolentzia hau legitimatzea eta bestea deslegitimatzea, baizik eta, esatea, biolentzia mota asko daudela eta biolentzia bera tresna bat dela, askotan estatuena eta beste askotan estatuen kontra doazen horiena, sistemarena eta antisistemarena etab. (asko sinplifikatuz); eta biolentzia bat bestea baino hobea edo zilegiago dela esateko justifikazio metafisikoak behar dira. Guztiok giza eskubideak errespeta ditzagun, guztion giza eskubideak egon behar dira bermatuta. Hortik haratago joatea nire artikulua irakurriz dagoen lekuan bilatu nahi ez izatea da.

    Azurmendi eta Marx aipatu baditut ez da izan zuek inoren argudioen aurrean makurtzeko baizik eta nik berririk ezer gutxi daukadalako esateko, eta neure buruari neureak ez diren merituak egoztea gustatzen ez zaidalako.

    Uste dut nahikoa luzatu dugula hau. Ados jarriko ez garela argi dago, horretarako intentziorik ere ez daukat (argi geratu da ez dela posible), baina nire ahotan ez jarri esan ez ditudanak eta utzidazue nahi dudana pentsatzen, kontzientziak nola erregula daitezke legalki? Hortik aurrera, lagunak ez dugu izan behar.

    Egunon.

  11. “Hortik haratago joatea nire artikulua irakurriz dagoen lekuan bilatu nahi ez izatea da.”

    Barkatu, ez dagoen lekuan bilatu nahi izatea dela esan nahi nuen

  12. Eskerrik asko, Lohitzune, kafetxoaren gonbidapenagatik, baina uste dut debate publiko batean ederki argi esan daitekeela ETAk zertan asmatu duen bere historia luzean. Zertan asmatu du ETAk? Ez zaitu inork jango hori argi eta garbi adierazteagatik.

    Gertakari faktikoa da: sistema komunistak egun batetik bestera erori egin ziren jendea kalera atera zelako. Mila urte iraun behar zituen sistemak porrot egin zuen gerra beharrik gabe. Noski barrundikan pitzatua eta ustelkeriz josia zegoela. Baina gudaroste eta polizia komunistak jadanik konbikzioa galdua zuten eta ez zuten kalera multzoka ateratzen zen jendearen kontra tirorik egiteko adorerik izan. Faktore subjektiboak porrot egin zien eta horrela beren mundu objektiboa desegin zen ere.

    Badiozu ere:

    biolentzia mota asko daudela eta biolentzia bera tresna bat dela, askotan estatuena eta beste askotan estatuen kontra doazen horiena, sistemarena eta antisistemarena etab. (asko sinplifikatuz); eta biolentzia bat bestea baino hobea edo zilegiago dela esateko justifikazio metafisikoak behar dira.

    Ene Lohitzune: biolentzia gauza kuantifikagarri bat da, eta gizakiari egin zaizkion maluren arabera neurtzen da. Ez da berdina nazien gogorkeria eta britainiarrena gerrate mundialean, adibidez. Estatua eta ETAren gogorkerien ekibalentzia morala jartzea aberrazio hutsa da, jende askoren bizitza eta sufrimentua ekiditea delako. Jende batek asko sufritu du, eta hildakoak daude, ETAren presoak ez bezala, arnasik eta presentziarik ez dutenak, nahiz eta bere sendikideek ederki asko sufritu behar duten ETAren gogorkeriaren ondoren latza.

    Ez ditut zure ahotan zuk esan gabekoak jarri, Lohitzune, eta gainera estimatzen dizut eskaini didazun arreta erantzuna ematean.

    Ondo izan eta eguberrion

  13. Panpox: komunismoaz hauxe diozu:

    “…Noski barrundikan pitzatua eta ustelkeriz josia zegoela”.

    Nire galdera da: Eta gure sistema zelan dago? Ez dago ustelkeriarik, adiskidkeriarik, alderdikeriarik,… gurean? Ba ete dago gurean boreen arteko bereizketarik?

    Izan ere, botereen arteko bereizketa garbirik ez badago, ezin da demokrazia egiazkorik egon, akaso itxurazko eta hausteskundeak dituen sasi-demokrazia baino ez da izango. Eta urteak joan, urteak etorri, azkenean ustelkeria nagusi. Eta honek komunismo, kapitalismo zein sistema guztientzat balio du.

  14. Hemen Lohitzune, zera da egiten duzun tranpatxoa: historiaren joan-arian gailendu den eredu kapitalista ezin konta ahala biolentzia forma hartzen dituenez bere baitan, eta, gurera etorriaz, antze-antzeratsuki, Espainako estatuarenak hor ditugunez (oro har, eta areago ere euskalerrirekiko), “ancha es castilla” bat salduarazi nahian zabilzkigu… Baina, kontuz, ze, zure delako “ancha es castilla” zeharbidez, eta betiere ondorioztatuki ,antzematen dugu, ze, literaltasunari loturik, zure hitzak bere berean harturik ezin horrelakorik aurkitu. Panpoxek ongo oroitarazten dizunez, ETA eta berarenei buruz deusik ere ez diguzu aipatzen, ederra gero kopeta zurea!…gero, noski, zera esango diguzu, hain justu ere horretaz galdetzen zaizulako dela.
    Hemen, nik uste, asuntoa argi eta garbi ikusten dela zure hitzetan: extorsioa, mehatxuak, jipoiketak, hilketak eta horietarako izen emateak ikusi ikusi ditugunean gure herrietan, gure kale- txokoetan, gure etxpekoetan…zuk, aldiz, horri, nonbait, nardagarriki egiten diozu ihes, ondo egin ere, eta horren trukean, dena biolentziaren plano makro-estrukturalaren diskutso teoriko batera eraman. Begiratu, Lohitzune, zure azurmendikeriak oso ondo daude, zuok, zure Ibaeta aldeko taskan (ze hori, eta filosofia fakultatea are gutxiago, zinezko unibersitatea izatetik deus gutxi du eta aspadiskoan) biltzen zaretenean. Baina, Josunek esandakora bueltatuz, gerra-diskurtsoa darizu, dudarik ez, eta, izatez, uneko zuzeneko ekintzarik ezak ez dakar nahitaez berekin bakea; bizi dugun itxurazko bake-aldi hau zuen diskurtso belikoak ongi lagundu eta konpentsatua baitago. Kapitasmoaz eta estatu zein estruktura-indarkeriaz diozun guztiarekin guztiz bat, baina, ez dakit zer dela eta zera honetaz aipamen txiki-txikienik ere zaizun eskapatzen, alegia, zuen marximoaren mesianikoaren izenean eman izan diren zapalketak, giza-eskubide gutxi-gutxienekoen ukazio erabatekoa zein milloika hildakoen odolaz…beno, tonteria, dena den, hortik jotzea, goazen gure herriez hitz egitera, goazen Euskalerriaren kontra egin duzuen guztiaz hitz egitera,…ze, polita, beste indarkeria-motez hitz egitea, nortzuek eta, nortzuk, zuok, bakazaleok, zuek…
    Edozien kasutan, hemen esanikoari lotzen nazaio berriz ere, diskurtso beliko hori bada zuen bakearen lagungarri, nik ez dut inondik bake-apurrik somatzen.

  15. Arratsalde on Lohitzune,

    Hasi baino arinago, ez gara elkar ezagutzen. Horregatik, agian ezin izan zaitut ondo ulertu. Alde horretatik, parkatu.

    Eztabaida ongi finkatzeko nik uste dut indarkeriaren legitimazioa diskutitu baino lehenago, herria eta estatua bereizten dituen muga ezartzea komenigarria litzatekeela. Azkenean, herritarrok gobernua hautatzen dugu, eta gobernukideek herritarrak dira. Orduan, non dago bereizten dituen muga?

    Bestalde, Estatuak indarkeria erabiltzen du. Horretan bat gatoz. Hala ere, estatu denak ez dute berdin jokatzen. Hortan ere ados gaude. Orain, nork markatzen du baliagarria dela? Teorian, epailak izan beharko lirateeke, estatuak izendatzen dituzten epaiak, hain zuzen ere.

    Eta badakit ETAren biolentziaren dikotomia erabili ez duzula. M-15a ez dut aipatu izan nahi, zer eta elegantea bota duzu. Oker ez banago, Poliziak sistematikoki M-15a erasotu duela esaten duzu Garan. Ba ez da egia, izan ere, Poliziak ez du indarkeria sistematikoki erabili haien kontra. Ni-neu Bilbaon eta Donostian egonda naiz eta Poliziak ez da manifestatzaileen kontra “sistematikoki” oldartu. Batzuetan bai, besteetan ez.

    Hala eta guztiz ere, horrexegatik ez dut artikulu hau idatzen. Alta, grazia egin didana zera izan da: asko kritikatzen duzun estatuaren biolentzia eta agerian jartzeko ahalegin handiak egiten dituzu. Hori ondo dago eta den-denok egin beharko genukeen hausnarketa dela guztiz konbentzituta nago. Hala ere, kritika horrek sekulako indarra galtzen du, beste biolentziak kolokan jartzen ez dituzunean. Hori da, kritikatzen dudana eta, nik- neuk gaizki ulertu dizudana, apika.

    Dena den, ETAren biolentziaren dikotomian sartzea ez dizut eskatuko, ezta epai dezazun ere. Hori zeure kontua da. Era berean, ETAren biolentzia kondena dezazula ere ez dizut eskatuko. Horiek zeure barrutik atera behar diren hitzak baitira. Horrexegatik, azken aurreko parrafoan esaten duzunarekin ados nago (parkamena, damua, biktimak…).

    En fin, nik zeure artikuluaren interpretazioa egin dut. Baliteke txarra edo okerra izatea, baina benetan “harritu” ninduen gauza zera izan da: alde biak aipatzen dituzu baina bat besterik ez duzu kritikatzen. Gainera, errekurtso maltzurrekin osatzen dituzu argudioak (ironia, sarkasmoa…), ETA existituko ez balitz bezala.

    Horrexegatik, “Masa ideologiaren kontsumitzaileari” helarazi diozun mezua inkonpletoa iruditu zitzaidan. Horren ondorioz, errelato zabalagoa idaztea erabaki dut.

    Bukatu baino lehen, Españak Ibarretxeri eman zioten erantzuna kaxkarra izan zen. Españako soberanismoaren ondorioa da, Euskalerriratu nahi den eredua, hain zuzen ere.

    Instituzioak eskeintzen dituzten bideak mugak ere badauzkate eta, baina nik uste pitinka- pitinka harresiak zulatzen ari garela. Hala ere, antisistema esan zaien horiek sostengu handiagoa emateko aukera izan zuten eta ez zute nahi izan.

    Besterik ez, “gaizki esanak parkatu eta ondo eginak kontuan hartu”

    Ondo izan Lohitzune

    Martin


Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Categorías

A %d blogueros les gusta esto: