Imanol Lizarralde
Argi dago hizkerak garrantzia handia duela Euskadin politikaz mintzo garenean. Batez ere bertan ikusi al dugulako borroka politikoaren benetako funtsa. Hein horretan, ezker erradikalaren borroka-leku aparta gertatu da Euskadin darabilgun hiztegi politikoa. Eta lortu du bere estrategiaren araberako hiztegi modu bat ezartzea euskal arazoaren gainean.
Horren eredu ezin garbiagoa topa genezake Sabin Intxaurraga eta beste batzuen “Estrategia bateratuaren beharra” izeneko artikuluan. “Batasuna”ren beharraz ari da, ezker erradikalak noizbehinka kaleratzen duen idei-fetitxea. Lantxo hau eredugarri da Sabin Intxaurraga EAko kide delako eta beraz, maila batean edo bestean, bere iritziek alderdia bustitzen dutelako.
Artikuluaren lehen zatiak aipatzen dizkigu torturak, ANV-EHAK-Batasunaren ilegalizazioa, gobernu frantsesaren ekintzak, AHTren kontrako kanpainan parte hartutako gazteen atxiloketak, Atutxa, Knörr eta Bilbao-en kontrako sententziak. Ondorena da estatu espainolean “ez dagoela egiazko zuzenbide estaturik”. Bereberki aipatzen du ETAren bortxazko estrategia “giza-eskubideen kontrako jardun hori”.
Zeintzuk beharko lukete “estrategia bateratu” horren partaide izan? Hori jakitera ematen zaigu ETAren ekintza armatua “oztopo gaindiezina da alderdi abertzaleen arteko, eta bereziki, ezkerreko abertzaleon arteko lankidetza eta jarduera baterako” esaten diotenean.
ETAk armak utzi ez dituelarik, nola da posible artikulu honek “estrategia bateratua” proposatzea? (“estrategia bateratuak diseinatu beharra daukagu”).
Testuaren irakurketan murgiltzean “estrategia bateratu” hori hain bateratua ez dela dakusagu. “PNVren botere-goseak eta urteetako egoera erosoak eta botere-ohiturak bestelako aliantzen aldeko estrategietara eraman dezakete, baldin ea helburu partidistak Euskal Herriaren bake eta normalizazioaren aurretik jartzen baditu”.
PNVk muntatu dezakeen “bestelako aliantza” hori PSOE-rekikoa izango litzateke ezpairik gabe. Horrela “Estrategia bateratua” “ezkerreko abertzaleen artekoa” izatera murriztua geldituko litzateke .
Idazkiaren katramila argiagotzen zaigu sinatzaileek “gaur egun bizi duen egoera diskriminatzaile eta bidegabea kontuan hartuz, laguntza eman behar zaio bide horretan” diotenean. ETAri buruz ari dira, eta armak uzteko bideari buruz ari dira ere “lehen urratsak berak emateko zain egon gabe” (Eta Patziku Perurena paregabeak esan ohi zuen bezala euskarara irauliko dugu pasarte ulergaitz hori: “Considerando la situación discriminatoria e injusta que se vive actualmente, habrá que ofrecerle ayuda en ese camino, sin estar esperando a que de el primer paso”)
Testuaren azken parteak konfrontazio zibileko plataformetara apuntatzera animatzen gaitu “ezker abertzale”ko beste kideekin, anaitasuna egitera, suposatzen dut EA eta “ezker abertzale” delako horren artean.
Hemen ageri zaizkigun inplikazio politikoak ikaragarriak dira: ETA hortik dela bonbak jartzen eta jendea akabatzen, eta hortik doazela kale borroka komandoak kutxazainak erretzen eta AHT-a saboteatzen, beraiekin adiskidantza tratua izan behar dugula, estatuak hala nolako erasoak eta injustiziak egiten dituelako. Eta gainera lehen pausoa guk eman behar dugu, ETAk sarraskiak egiteari utzi beharrik gabe.
Nire ustetan, eta hori edozeinek daki, hori oso errentagarria izango litzaioke ezker erradikaleko estrategia politiko-militarrari. Hori da aurkezten zaigun estrategia bateratua?
Baina hau, txorikaka ez izan arren, beste hauxe baino makalagoa da, ze sinatzaileek ez dute kontuan hartzen ondorengo faktore xinplea: kaleko egoera, jendartekoa, instituzio oinarrietakoa. Eta horietan argi dakusagu ezker erradikaleko akolitoek izuaren legea inposatu nahi dutela, azken greba orokorrean gertatu bezala. Urteak ez genuela halako mehatxu kanpaina jasan, eta jakin badakigu gure hirietako kale osoko komertzioak telefonoz deitu zituztela mehatxupean ixtera behartuz. Eta beren horden ibilerak ere jasan behar izan dituzte gure kale eta instalazioek, ahobeteko mehatxuz eta eraso-nahiez.
Beraz, EAko oinarriko jendearen harremana halakoa bada jende horrekin (eta jakin nahiko nuke sinatzaileen kasuistika Usurbilgo alkartetxeari egindako erasoaz eman beharko balute iritzia: lehen pausoa guk eman behar dugula?) nola daiteke Sabin Intxaurraga holako ikuspuntuen arrimuan hain gartsuki egotea? Ez al du kontuan hartzen EAko oineko militantearen patua?
Ze faktore politikoa baita aliantza eskaintzen dizun berak beste aldetik erasotzen zaituela ikustea: ez al du gure Sabinek hori, hain garbia, ikusten? Ez al dio horrela tratu txarrari domina bat eskaintzen, lehen pausoa eman beharraren lege ankerrarekin?
Zoritxarrez jakin badakigu EAko kongresuetan gehiengoa gertatzen den jende bat dagoela baina alderdiko bizirik apenas ala ezer duena eta, noski, Pernando Barrena txalokatzen duena. Ni eta nire ingurukoak ez gara halakoak eta gure herrietan ditugun Pernandoren oinordekoak jasan behar ditugu Sabin Intxaurragak eta agian beste askok ez bezala.
Eta horrek, gainera, ez digu garuna iluntzen, aldiz, ondorio politiko zuzenak ateratzeko gauza gara eta erasotzaileak eta aliantza eskaleak ia ia pertsona berdinak direla ikusten duzunean maiatzeko elurra bezala beraiekiko ilusio guztiak urtzen zaizkit.
Ez baita ondorio politiko makala PNV abandonatzea, PSOErekiko aliantza ukatzea (PSOEkin bost urtetan eleketa bizian egondakoek eskatzen dute hori, ezker erradikalekoek, beraiek baitute PSOErekiko tratuaren monopolioa hainbat egibarista eta intxaurragisten ustez) eta plataforma milagrosoetan murgiltzea, ezker erradikaleko barbaroek egunero guri emandako tratuari kasurik egin gabe.
Buka dezagun eta utz dezagun Sabin bere konpainia desegokiekin desobedientzia zibilaren plataforma pinpirinekin amesten. Zoritxarrez bere artikuluaren folklorismo politikoak inplikazio estrategiko oso ilunak dauzka. Estatuaren erasoak eta bidegabekeriak ez ditu ezker erradikalekoak ederresten eta ez gaitu beren besoetara botatzen. Beraiek direlako erasotzailerik erasotzaileenak. Beraiek pertsonalizatu baitute erasoa, eguneroko bihurtuz. Eta, kasu honetan bezala, estatuaren bidegabekeria gogorkeria bidetan jarraitzeko aprobetxatu nahi da. Horretara eramaten baikaitu lehen pausoa ematearen kontseiluak. Hau ez baita, kasu honetan, gomendio ebangelikoa, oholtza bateko maniobra baizik, eta maniobretan inozokeriak ordaindu ohi dira.
Intxaurraga fue miembro del primer BBB del PNV después de Franco, junto con Hormaza y company. Fue alcalde con PNV y con EA. Trabajó en el Gabinete de lehendakaritza con Garaikoetxea en gobierno PNV. Como parlamentario de EA, y jefe de política institucional, apostó por el tripartito PNV-EA-PSOE entre el año 95 y 98. Pactó con Galdos y los críticos de su partido en 2003 para descabezar a Errazti. Sigue en el machito… ¿Qué quiere Intxaurraga? ¿Álguien lo sabe?
Sabin Intxaurragak adibide ederra eman zigun bere Eusko Jaurlaritzako poltronatik. Desobedientzia Zibila ez al zuen orduan nahiago, EAJ bezalako eskuindarrekin gobernatzea baino?