Jexux Artetxe
Bihar, igandean, lurraldeko eta tokiko hauteskundeak. Beste mailetakoak ez bezala, lau urtetik behingo aldizkakotasun zehatzarekin datoz. Denbora tarte nahikoa, hurreko erakundeen gobernuaz arduratzeko hautatuak izan direnen erabakien emaitzak ikusi ahal izateko. Hautesle bakoitzari dagokio noski, herriarentzat onuragarri edo kaltegarri izan diren modu librean epaitzea. Gauzak bere onetik joan direla edo aukera hobeagorik ez dagoela irizten duenak, egoerak bere horretan jarraitzea nahiko du. Aldiz, korporazioaren jarduketa bide okerretik eraman dela uste duenak, norabidez aldatzeko gauza dela ikusten duenari emango dio botoa.
Egia esan, ez naiz ezer berririk esaten ari. Hori guztia gauza jakina da, edonorrentzat bistakoa dena eta normala izan behar duena. Hortxe dago gakoa. Normala izan behar zuena, guztiz anormala izan dela orain arte. Urte askotan, larderia eta mehatxuaren itzalpean aritu izan direlako zenbait talde politikoetako hautagaiak. Giza-biziaren aurka erasotzea onargarria zelako gure arteko batzuentzat.
Kultura hori defendatu dutenen azken arrastoa desagertuta, indarkeria helburu zuen azken erakundea deseginda, egiten diren lehenengo udal eta foru hauteskunde demokratikoak dira igandekoak. Herri-asmo ezberdinen arteko lehia garbiaren arabera ebatziko direnak. Herritar guztiak emandako iritzi librearen bitartez erabakiko direnak. Lehengo astean ikusi ahal izan dugu geure herrian oraindik badirela gutxi batzuk bizi dugun egoera baketsua onartzen ez dutenak. Baina, normaltasunaren bidetik goaz, abiada azkarrean elkarrekin bizitzeko behar dugun oinarri komunaren bila. Bide horretatik, igandean emango dugu beste pauso bat aurrera, orain arte bizi izan ditugun hauteskunde libreenetan.