Azala / Portada » Lauaxeta, Gernikatik oroimenera

Patxi Baztarrika bere blogean

Apiril honetako 26an bete ziren 75 urte Gernika suntsitu zuen bonbardaketatik. Aurtengo ekainaren 25eko egunsentian beteko dira 75 urte, Estepan Urkiaga Lauaxeta, olerkari eta kazetari bikaina bezain ekintzaile politiko suharra, Gasteizen fusilatu zutela. Lauaxetaren tragediak Gernikan izan zuen abiapuntua, bonbardaketa gertatu eta hiru egunetara bertan atxilotu baitzuten tropa frankistek, Juan Ajuriaguerrak aginduta La Petite Girondeegunkariko Georges Berniard kazetariari Condor Legioak eragindako sarraskiaren tamaina erakusten ari zitzaionean.

Gernikaren suntsiketa bideratu zuten guda-balioen kontrako balio bakezaleak zabaltzen eman zituen Lauaxetak bere urterik emankorrenak, non eta hain zuzen Gernikan bertan heriotza bidean bahitu zuten arte. Ekintzaile eta aitzindari nekaezina izan zen II. Errepublikaren aldi osoan EAJrentzat lanean, bai iritzi artikuluen bitartez, bai hizlari eta eragile gisa herriz herri egin zuen ibilbidean. Bizitza gazterik ebatsi bazioten ere, uzta oparoa eta askotarikoa utzi zuen bizkaitarrak. Besteak beste, baina bereziki, Jon Kortazar ikerlariari zor diot nik Lauaxetaren itzala ezagutzea.

Lauaxetaren izaera eta jarduera definitzeko hitz bakarrera errenditu beharko banu “berritzaile” hitza aukeratuko nuke. Berritzaile politikagintzan, jeltzale eta abertzale suharra izanik garapen eta bide berriei so. Berritzaile euskararen eta euskal poesiaren arloan, bere lehen poema liburuari “Bide-barrijak” izenburua jartzeraino. Belaunaldien arteko trantsizio gizona, Euzkadi modernitatera eramatea zuen helburu, eta hautu berrizaleak egin ohi zituen bidegurutzeetan. Sabino Arana miresten zuen, baina tinko ahalegindu zen harengandik –eta erromantizismo indartsu batetik– abiaturiko pentsamolde eta lan-moldeak formulazio politiko, sozial eta kultural berrietara egokitzen. Olerkari eta idazle gisa, olerkigintza eta literatur estilo berritzailea hezurmamitu zuen, euskal literaturari zerumuga berri itxaropentsuak zabalduz.

Lauaxetak Mahatma Ghandi aitzindari indiarraren eragin handia jaso zuen, eta eragin horrek arrasto sakona utzi zion bortizkeria ororekiko eta, bereziki, politikoarekiko pentsamoldean. Horrela, bada, sufrimendua norberak bereganatzea, ez besteri eragitea, eta arrazoiaren indarra nagusitzea litzateke gizarte eraikuntzarako giltzarri nagusia, eta, Agirreren hitzak baliatuz, zera ekarri zuen gogora: “Ez gaude inor hiltzeko prest, baina prest gaude geure bizia galtzeko”. Hara zer zioen Euzkadi egunkarian, 1931an: “El valor no consiste tanto en causar daño al enemigo cuanto en estar dispuesto a sufrir el daño que él nos causa (…) El derecho tiene que defenderse con razones, con serenidad. La injusticia usa de armas”. Gandhiri zion miresmenaren lekukoa da 1933an Euzkadin idatzi zuena: “Gandhi espetxeratu dabe. Geure anaia dogu. Ingalaterra guztiak baino gehiago balio dau gizontxo orrek”.

Politikan etikaren balioa erabat nagusitzearen alde egin zuen nabarmen, beraz, Lauaxetak, eta adierazgarria da oso 80 urteren ondoren bake justuan oinarrituriko bizikidetzarako bizi dugun ahaleginean gisa honetako aurrekaria izatea begien aurrean.

Ñabardurak ñabardura, modu bereko aurrerabidea egin zuen, bestalde, Lauaxetak, Sabino Aranak euskal arrazari, etorkinei eta beste gai batzuei buruz utzitako ideiekiko. Aipatzekoak dira, esate batera, Europarantz jarri izana abertzaletasunaren begirada edo “Jaungoikua eta Lagi Zarra” leloaren berriztatzeko ahaleginean nola lotzen duen lege zaharra demokrazia eta askatasunarekin, foruak ezeztatzetik haratago. Jakingarria da, halaber, EAJren 1934ko zatiketan Yagi-Yagirekiko aldendu eta, komunionista/aberrianoen arteko talka alboratuta, alderdiaren buruzagitzaren ildo ofizialaren hedatzaile ibili zela.

Etika eta politika uztartzearekin batera, ideologia politikoan Lauaxetak egindako ekarpenik berritzaileena litzateke, halaber, abertzaletasuna eta politikagintza kulturarekin eta euskararekin lotu izana. Hots, ordura arte politikagintzan eta aberrigintzan bigarren maila batean zeuden kultura eta euskara, abertzaletasunaren izatezko helburu nagusi bihurtu zituen. Hortik dator aldi berri baterako bere aldarri errepikatua, nazionalismoa eta kulturarik eza elkarren etsai kontsideratzen zituena. Hara zer zioen, berriro ere, “Euzkadi” egunkarian: “Debe preocuparnos sobremanera la constitución de una plataforma vigorosamente en vasco, completamente en vasco (…) Todos han venido a este mundo con el deber de guardar su personalidad. Nada nos importa el que esta personalidad sea grande o pequeña. Es nuestra, por lo tanto basta para que la cultivemos con mimo”. Ikuspegi etikoa eta kulturzalea gailentzen dira, beraz, Lauaxetaren politikagintzarako ereduan.

Euskal poesia eta euskal literatura, eta ondorioz euskara bera, modernizazio bidean jarri izana da Lauaxetaren beste ekarpen nagusia, nagusietan nagusia agian. Bere erara, euskararen modernizatzaile izan zen. Lizardiren “nai aunat noranaikoa, yakite-egoek igoa; soña zaar, berri gogoa” haren jarraitzaile fina, ezbairik gabe. Bikain josi zituen Lauaxetak partikulartasuna (herri hizkera eta kultura, soña zaarra) eta unibertsaltasuna (garaiko sinbolisten edo modernisten ekarria, berri gogoa), modernizatzearen baitan jarri baitzuen –hizkuntzarentzat ere– munduratzearen giltzarria.

Europako herrialde askotariko literatura ezagutzeko eta aztertzeko ahaleginetik edan zuen Lauaxetak, eta, erromantikoetatik abiaturik, indarrean zen modernitatean barrena molde sinbolistetara jo zuen, García Lorca itzuliz, Juan Ramón Jiménez, Miguel de Unamuno eta bestelako egile garaikideak irakurriz, maitasuna, existentzialismoa edo heriotzarekiko jarrera gaitzat hartzen zuen poesiaren molde berrietara etorrita… Joera berritzaile horrek kritika ugari ekarri zion, baina, berriz ere bidegurutzean, aurrera egin zuen Lauaxetak, borondate irmoz: literatura landua eta indarberritua behar genuen euskaldunok, eta haren mailako hizkuntza eta hizkera. “Bide-barrijak eta “Arrats-beran obrak nahikoa izan ziren gaur egun bizirik dirauen iraulia eragiteko euskal literaturan.

Condor Legioaren helburuetako bat Gernikako arma-lantegia eta zubia birrintzea omen zen. Ez zuten halakorik egin. Egun gutxiren buruan, ordea, bertan atzeman zuten euskal abertzaletasunean eta kulturgintzan zubi-lan aparta egitera deituriko gizona, arrazoiaren eta kulturaren arma-lantegia baliatu zuena, “dana emon biar yako matte dan azkatasunari” leloa bururaino eraman zuena. Horren lekuko zirraragarri, heriotzari aurre egiteko unean utzi zigun eresia:

Goiz eder onetan erail bear nabe
txindor baten txintak gozotan nabela?
El naiten leyora begiok intz-gabe!
Gorbei-barna yatort kañoi-ots itzela:
or egazkin-egak odei-lapur doaz.
Guda-gotzon baltzak odolez dakustaz,
euren oin aurrean beredin gudari.
Gazte argi orreik, eutsi lur amari!
bera bazin onik eztauko ludiak.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

Un comentario en «Lauaxeta, Gernikatik oroimenera»

  1. Artikulu politia. Erakusten du gerra aurreko abertzaletasuna ondo txertatua zegoela bai munduko korronte literarioetan eta baita orduko pentsakera moldetan ere. Lauaxeta, hein horretan, euskaldun demokrataren adierazpenik puntaenetakoa da eta artikulu egileak azpimarratu ez arren kristau petoa zen eta kristauki bizia eman zuen, pakae bihotzean eta etsaia barkaturik. Ez dira ez horrelakoak, oso alderantzizkoak baizik, ETAko kideak! Lauaxeta bezalako pertsona bat ikustean antzeman dezakegu ETAren sorrerak suposatu zuen atzerapauso ikaragarria giza balioen mailan -eta gainera politikoki, abertzale politikaren ikuspegitik, erabat kontraproduzentea izan da bere ildoa. Lauaxetak gerra galdu zuen baina pakea irabazi eta orain bere poesian eta bere bizitza tolesgabean ikusi dezakegu eredu ezin jasoagoa. Eskerrik asko Baztarrika jauna artikuluarengatik.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *