Independentziaren larritasuna

Imanol Lizarralde

Orain da momentua. Halaxe esango dute ENAMeko propagandista zein iritzi sortzaileek: orain bakarrik lortu liteke independentzia. Hauxe da gelditzen zaigun azken aukera, xuxurlatuko digute. Arnaldo Otegik, Lizarra-Garaziko prozesuaren aurrean, 1999an, beldurrik gabe esan zuen Iruñan urtebetean independentzia lortuko zela. Gero argituko digu halako adierazpen biribilaren zergaitia: beharrezkoa zen, une horretan, jendea horretaz sinistuta egotea, “prozesuan” indar osoa jarri zezaten. Orain ere gauza berdina sinisarazi nahi digute beste “prozesu” batean indar osoa jarri dezagun.

Luistxo Fernandez kazetari ohiak independentziaren aukera honen larritasuna adierazten saiatu da Berrian (Aukeraren lehioa, 31-8): “Ez dago epe-luzapenik, orain edo sekula ere ez”. Zergaitik dio hau? Euskaldunon artean sortu al da independentziarako kalentura berezirik? Ez, arrazoia ez du gure artean ikusten, Katalunian baizik:

“Katalanak badoaz. Gehienek ez dute Espainian gehiago nahi, hori erakutsi du Estatut-aren krisiak, eta gogo hori politikoki egituratzeko hikamikak daude, baina zabaldua dago susmoa, gurutzebide historiko bat zeharkatu dela”.

Euskal partidoen artean, berriz, Luistxok autonomismoaren zabarkeria dakusa nonnahi, bai Aralar, bai EAJ eta bai EArengan ere. Akaso bere begikoagoa zitekeen ENAMen aldetik (“argiagoa izan da, alderdi horiekin alderatuta, Ezker Abertzalea..”) autonomismoaren zantzu ustela usaitu du ere, horrela laburbiltzen baitu Batasunak bere Zutik Euskal Herria dokumentuan proposatutakoa:

“Ibilbide orriaren helburua da autonomismo bikoitz bat. Iparraldekoa ahal bezalakoa, eta Hegoaldekoa erabakitzeko eskubidea barne hartuko lukeena. Bai. Horixe da koxka. Autonomismoa”.

Autonomismoa bilakatu da, horrela, Luistxoren mamua. Autonomismoa eta independentzia elkarren kontra jarri nahi ditu inongo dudarik gabe. Zer gertatzen da, bada? Luistxoren iritziek ez al dute eremu politikoan islarik? Bakarrik al dago?

Ez dago bakarrik, bere ikuspegiak ENAMen ikuspegiaren alderdi bat erakusten baitu. Batasunak Zutik Euskal Herria dokumentuan proposatu eta Luistxok laburbildutakoa programa minimo bat besterik ez da, alternatiba taktikoa deritzana, egoerak eskatzen duen proposamen sinesgarri xamarra. Luistxok, bere aldetik, programa maximoa, independentzia, izendatzen du. Eta zer da independentzia ENAMentzako? Ez euskal estatua, ez Nafarroako Erresuma, ez foruen berreskurapena, baizik eta haustura marra bat, non eta programa minimoa ankaz gora jarri berriz ere borrokan jarraitzeko. Independentzia eta sozialismoa, ENAMen egitasmoaren baitan, txanpon bereko aurpegi desberdinak besterik ez baitira. Hein horretan, independentziak kontraesan politikoen katalizadore gisa jokatu behar du, hura lortu ala ez bigarreneko arazoa dela, Otegik 1999an egindako independentziaren promesaren kasuan ikusi dugun bezala.

Baina, noski, Luistxok ez du bere proposamena planteatu independentzia gauzatzeko biderik eskaini gabe. Katalanek damaiote bide hori:

“Ez da erraza Kataluniara begiratu eta independentismo katalanaren egia geurearekin alderatzea. Katalanek badakite zeren independentzia aldarrikatu: Bartzelonan biltzen den Parlament-aren lurraldea estatu bihurtzera doaz. Herri Katalanen partizioa asumituta dute, badakite-eta Estatu katalan bat dela lehentasuna, baita haren mugetatik harantzago identitatea eta hizkuntza defenditzeko aukera egon behar bada.

Partizioa, horixe da koxka. Estatua lehentasun bihurtu, lurraldetasunaren gainetik. Hemen tabu larria da hori. Lurraldetasuna sakrosantua da, dogma ortodoxoa. Baina lurraldetasuna da, noski, independentzia per saecula atzeratuko duen kontzeptua”.

Orain arte ENAMek beti planteatu du zazpi probintzien esparruaren araberako independentzia ala autonomia elkargo bat. Halako eraikuntza globala eskaini zion ETAk EAJ eta EAri 1999an, bere orduko suetena hautsi egin zuenean. Oraingoan Luistxok badakusa abia motelekoa dela Batasunak eskaintzen duena. Abia azkarreko bidea prestatu behar da, programa minimoa eta programa maximoa, lautako-autonomi eskaera, batetik, eta independentzia, bestetik.

Eta bere proposamenak sinesgarritasuna eduki dezan Luistxok kontrajarri egiten ditu lurraldetasuna eta independentzia. Argi dago zazpi probintzietan gehiengorik ez legokeela independentziaren alde. Hiru probintzietan arazoa bestelakoa litzateke, Luistxoren lilurarako. Hor ikusi dezake independentista inozo batek independentziarako aukera benetakoa: “Partizioa, horixe da koska. Estatua lehentasun bihurtu, lurraldetasunaren gainetik”. Hauxe da Luistxok mutur independentisten aurrean astintzen duen azenaria.

Baina: egia da Kataluniak Euskadiri independentziaren bidea irekitzen diola? Hori ez da gauza garbia. Estatut-aren inguruan sortu diren mobilizazioak ez dira mobilizazio independentistak nahiz eta frustrazio demokratiko batek eragindakoak izan. Eta frustrazioa, ENAMeko ideologoentzat, etengabeki esnea ematen duen behiaren antzekoa denez, Luistxok ohartuki nahasi egin ditu errefusapen mugimendu horiek eta independentzia baten nahia. Luistxok ez digu, ordea, esaten zeinek profitatuko duen politikoki frustrazio hori guztia. ERC-ren papera ikusita, Montilla presidentzian jarririk, independentistek sinesgarritasuna galdu dute Katalunian. Eta Kataluniako abertzaleek nahiago dute Artur Mas eta CiU, urrutiko intxaur ustelen esperoan ERC bezalako alderdi baten alde egitea baino. CiU ez da alderdi independentista, abertzale katalana izan arren. Frustrazioa izan arren, mugimendu independentista ez da Katalunian nagusi gertatuko. Eta herriz herriko erreferendum-ak eta herri-mugimendua jarraitu al izango du bere izaera aldatzen ez bada, hau da, bertan alderdi guztiak ordezkatuak diren bitartean independentista independienteekin batera. Independentziarako aukera Katalunian ez dago autonomismoa eta independentziaren arteko kontraesanean, alderdi abertzaleek eta jende independientearen oinezko batasunean baino. Hortaz ez du ezer ere esaten Luistxok. Ba al da hortarako aukerarik Euskadin? Nire ustez, Aralar, EA eta Batasunak biltzen dituen manifestazioak ez dira horren adierazgarri, hala saldu nahi diguten arren. Operazio politiko partidista baten antzespen hutsak dira.

Epe motzera CiU berriz ere Generalitat-aren presidentzia lortuko balu ez litzateke, derrigorrez, Luistxok independentziaren aldeko ikusten duen bide hori gertatuko. Kazetari ohiak espejismo bat darabil gure hemengo politikan eragin bat lortze arren. Horregatik dio artikuluaren azken parrafadan:

“Aukeraren leihorako prestatu behar dugu. Independentismoa behar dugu orain hausnartu, serioski. Epe labur eta ertaineko planak behar dira, ez du balio Jon Abrilek sine die atzeratutako estatuaren eztabaida. Independentismo benetakoa behar dugu, lurraldetasun eredu desberdinez eta partizioaz hitz egingo duena. Ez dut esaten denen artean adostu, baina hasteko, gutxienik, norbaitek aipatu, gaur hori tabu baita.

Independetismo erradikala behar dugu urgentziaz, katalanak badoazelako. Alferrik zaizkigu 2040. urterako plan autonomista”.

Jakin badakigu katalanak ez doazela, beraz aukeraren lehioan jarriko bagina agian haize txar batek amilaraziko gintuzke. Orduan, benetan aukerarik ez badago (Luistxok darabilen ikuspegitik behintzat ez dago halakorik) zergatik ateratzen du orain independentziaren gaia?

Hau omen da azken aukera. Zergaitik? Haseran esandakoagatik: prozesu bat dator, prozesu horrek modu askotako ilusioak piztu ditzake mota askotako jendearengan, batzuk pakea nahiko dute, besteak marko berri bat, beste halakoak independentzia… ENAMek guztiei zeredozer eskaintzen die. Beharrezkoa du ENAMek operazio politiko honetan ahalik eta indar gehiena jartzea, aberri erribindikazio gorena, independentzia, berea eginez. Ez gaitezela engainu hontan erori. Eta independentzia hitzeman ziguten horien promesak gezur biribila gertatu direla gogoratu dezagula. Orduan akaso gauza izango gara benetan gure burujabetza eraikitzeko.

Hein horretan, aipatu beharko nuke EAJ eta sozialistek duten tenka INEM delakoaren transferentziaren gaian. Autonomia da gure estatutasunaren oinarria eta INEM delakoan dago gure burujabetzaren gako zehatz eta ikutukorra, hiru probintzi hauetako biztanleak eragiten dituena. Hau da benetan borroka abertzalea. Eusko Jaurlaritza galduta eta PP-PSOE Aldundien konkistara doazenean, independentziaren xuxurla beste engainu ustel bat da, ordea, eta abertzaletasuna, independentzia beraren kontrako engainua gainera. Hauxe buruan hartu dezagula.

3 thoughts on “0

  1. Ba hau egia da. Gogoan dut ezker abertzaleko tipo batekin orain gutxi izan nuen elkarrizketa. Bi gauza esan zizkidan, independentziarako orain zela azken okasioa (azken trena esan zidala uste dut); eta Patxi Lopez-ek tiro bat merezi zuela.

  2. Ay el polo… El Deia/Noticias viene cargado de noticias

    La banda habla de “fulminar” a Aralar y segar la hegemonía del PNV con el polo soberanista

    http://www.diariodenoticias.com/2010/09/03/politica/la-banda-habla-de-fulminar-a-aralar-y-segar-la-hegemonia-delpnv-con-el-polo-soberanista

    ETA descartó hace un año otro proceso con el PSOE por su debilidad y apostó por el PP

    http://www.deia.com/2010/09/03/politica/euskadi/eta-descarto-hace-un-ano-otro-proceso-con-el-psoe-por-su-debilidad-y-aposto-por-el-pp

    ELA, un agente relevante para los planes

    http://www.deia.com/2010/09/03/politica/euskadi/ela-un-agente-relevante-para-los-planes

  3. Artikulu egokia Imanol.

    Argi dago Luistxo Fernandez ez dela ohartu azken 30 urteotan burutu duten politika maximalistaren porrotaz. “Dena edo ezer” politika ulertarazteko era itsu horrek, horrelako arazoak dakartza.

    1978an, Argelen, Lizarran, eta Loiolan estrategia politiko hori baino ez dute erabili eta horrela joan zaizkie gauzak. Politikan askoz hobeagoa da, piskanaka aurrera egitea, azkarrago aurrera egin nahi izateagatik, urratsik ez ematea baino.

    Orain ere berriro abesti berarekin datozkigu. “Orain ala inoiz”, “gizartearen gehiengo sozial eta politikoaren eskaerei kasu eginez, gure proporsemana honakoa da, eta gainontzeko alderdiei dagokiei prozesua aurrera ateratzeko ardura”, eta antzeko esloganak darabilzkite. Ez diezagutela adarrik jo. Eurak dira, ETAren existentziaren arduradunak eta eurak dira halaber, aurreko prozesuak aurrera atera ez izanaren arduradunak. Eta hau ez da nire iritzi soila, euskal gizartearen gehiengoak hala ulertu duen zerbait isladatzea baino ez da (gogora dezagun 2001.urtean Lizarrako su-etenaren garaian eskuraturiko botuen erdiak galdu zituztela, 2008an Zapatero garaile izan zela Euskadin -jende askok bere bozkaren bitartez, bakerantzko izan zuen jarrera baikorra eskertu nahi izan ziolako-, etab.).

    Katalanak badoazenaren inguruan, ez dut uste katalanen gehiengoak independentzia gura duenik, urtea amaitu aurretik burutuko diren hauteskundeetan ez baita gehiengo independentistik irtengo. ERC-k beherantz egingo du nabarmen, Reagrupament-ek ez du eserlekurik erdietsiko eta Laportaren alderdiak izango duen indarra ikusteke dago, baina oso baikorra izanda ere, ez dut uste 10 jarlekuetara iritsiko denik. PSC-k ziurrenik bere Historiako emaitzarik eskasenak lortuko ditu, eta garrantzitsuena dena, CiU gehiengo osotik oso hurbil geldituko dela iruditzen zait -nahiz eta ez dudan alboratzen, gehiengo osoa lortzeko aukera-.

    Beraz, katalanen gehiengoak guk orain dela 30 urtetatik dugun Kontzertu Ekonomikoaren aldeko apustua egingo dutela aurreikusten da inkestetan, ez independentziaren aldeko apustua egingo dutenik. Beste gauza bat Luistxori katalanen hautu horrek inongo graziarik ez egitea. Hori bere arazoa baino ez da.

    Bestalde -eta nire artikuluarekin amaitze aldera- Euskal Herria edo Euskadiren independentziaz mintzatzerakoan, argitasun handiago bat eskertuko nieke, berau defendatzen dutenei. Ni neu gaur egun, ez naiz independentziaren aldekoa, inork ez baitit azaldu era irmo eta arrazoitu batean, zer nolako hobekuntzak suposatuko lizkidakeen Euskal Herriaren independentziak.

    Independentziaren inguruko argitu gabeko galdera hauek uzten dizkizuet, independentista batek, era arrazoitu batean erantzungo dizkidan itxaropenarekin:

    1.- Nola uste dute independentistek egungo esparru juridikoa gainditzea independentzia erdiesteko, Konstituzioak, independentziaren erdiespen baketsua lortzea debekatzen duela jakinik -irakur ezazue Konstituzioko 2.artikulua, zalantzarik izanez gero-?

    2.- Independentzia politikoa lortzeak, zer nolako abantailak dakarzkio euskal gizarteari, independentzia ekonomikoa badugula jakinik -Kontzertu Ekonomikoari esker, Espainiari %6,24a baino ez diogula ordaintzen jakinda-?

    3.- Independentzia lortuz gero, zein telebista kate ikusiko genituzke Euskal Herrian? ETB bakarrik ikusiko litzateke? T5, A3 eta gainontzeko kateak satelite bidez ikusi beharko lirateke? Zein talderen aurka jokatuko lukete euskal taldeek? Erreala, Atheletic edota Osasunak zein ligatan jokatuko lukete?

    Gaur egun, Euskal Herria/Euskadiren independentziak ziurtasunak baino, erantzunik gabeko zalantza askoz sorrarazten dizkit, horregatik egun, ez naiz independentziaren aldekoa. Edonola ere, baten batek galderei konbikzio eta arrazoiketa irmo bat emanez erantzungo balie, agian nire iritzia aldatzeko arrazoiak emango lizkidake. Baten batek erantzunik bai, hementxe uzten dizkizuedan galderentzako? Mila esker eta agur bat guztioi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Previous post Bravatas
Next post Prentsa bilduma (2010-09-04)

Azken artikuloak / Artículos más recientes

Azken iruzkinak / Comentarios recientes

  1. Pero el Estado favorito del partido pre-nacionalista (esto es, fuerista) es el español, no? Salvo error por mis partes, nunca…

Harremanetan jarri / Contactar


Laguntzaileen artikuluak / Artículos por colaborador

Agiritegia / Archivo

StatCounter

wordpress visitor counter
2010(e)ko iraila
A A A O O L I
 12345
6789101112
13141516171819
20212223242526
27282930  

Contact us