Aberriberri bloga

Zezen-larruko soldaten ipuin beldurgarria

Read Time:3 Minute, 15 Second

Ion Gaztañaga

Azkenaldian lan-araudi eta segurtasun sozialaren eraldatzeko saiakerak direla eta gure ingurune ekonomikoak jasaten dituen zartaden berri dugu egunero. Euskal ekonomia orain dela hamar urte baina askoz internazionalizatuagoa dagoen arren, estatutak duen egitura ekonomiko ahulak eta horren ondorioz dituen gaitz endemikoek eragin handia dute gure ekonomian. Horrexegatik komeni zaigu nazioarteko erabileek eta munduan zehar egitura ahul hori aztertzen duten ekonomilarien hitzei kasu apur bat egitea.

Hiritarrei zuzenean, urteotan soldatak asko igo diren galdetuko bagenie, ezetz esango lukete. Aldiz, ekonomilariei galdera berdina egingo bagenie, askok kontrakoa erantzungo lukete. Zer dela eta diferentzia hori? Nork du arrazoia? Baliteke, harrigarria badirudi ere, biek izatea. Horretarako ikus dezagun Paul Krugman-ek orain dela hogei egun garatutako “Spain problems illustrated” artikuluaren honako grafikoa (Irudia, lan-kostu unitarioak, OCDE):

Ikusten dugun bezala, urteotan estatuko lan-kostu unitarioek nabarmen egin dute gorantz, Alemanian beherantz egin duten heinean. Nola liteke hori? Alemanian soldatak behera egin al dute? Eurostateko datuen arabera badago diferentzia nabarmena Espainia eta Alemaniaren lan-kostu nominalen artean baina ez pentsa litekeen baina hainbestekoa (Irudia: lan-kostu nominalak, Eurostat):

Datu hauen arabera lan-kostu orkorrek estatu-mailan eurogunearekin konparatuta 10%ko igoera pairatu dute urteotan eta Alemaniarekin konparatuta oraindik ere gehiago: %17. Honek esan nahi duena da gure ingurunean lanordu berdina egiteko kostua ikaragarri igo dela (soldatak barne), baina Alemanian ere soldatak igo egin direla. Nola liteke, orduan aurreko grafikan, Alemaniako lan-kostu unitarioak urteotan behera jo izana?

Gakoa produktibitatean datza. Lehenengo grafikoan lan-kostua produktibitatearekin zuzentzen da eta hori dela eta Alemanian, nahiz eta soldatek gora jo, produktu bera egiteko kostuak beherantz egin du, lanordu berean produktu gehiago egiteko gai direlako. Gure ingurune ekonomikoan aldiz, produktibitatea ez da nahikoa handitu kostuek gorantz egiten duten bitartean eta horren arrazoiak ere ezagutzen ditugu: produktibitate gutxi eskatzen zuten lanetara dedikatu delako jende asko, eskulan handiko lanetan (eraikuntza, turismoa, nekazaritza…). Seguruenik euskal ekonomian arazo hau ez da hain handia izanen, batez ere eraikuntzak pisu gutxiago eduki duelako (kontuz, “gutxiago”k ez du “gutxi” esan nahi) eta eskulanaren industria txikiagoa izan delako eta etorkin kopuru urriagoa etorri delako.

Behintzat soldatek zertxobait gorantz egin dutelaren lasaitasuna eduki genezekeela pentsa dezakegu, gure bizi-maila nolabait igo egin dela edo. Baina usteak erdia ustel eta hori horrela izan den jakiteko soldaten igoera hori prezioen igoerarekin bat joan den ikusi beharko genuke. Eurostat-en prezioen igoerari buruzko datuek ez digute tamalez, esperantza handirik emango (Irudia: KPI armonizatua, Eurostat):

Espainiako inflazioa, Nafarroa eta Euskadiko erkidegoetakoaren antzekoa dena, europakoa baina handiagoa izan da eta honek soldata igoera guztiak jan ditu. Ogia, etxebizitza, gasolinak… gure soldata baina gehiago igo direnez, ezin dugu hobekuntzarik nabaritu gure bizi mailan, atzerriko produktuak erosten ez baditugu behintzat eta egoera hau eredu ekonomiko penagarri baten islada iluna besterik ez da:

Eta Espainiaren kasuan egoera kafkiar honi finantza publikoetan ikaragarrizko zuloa gehitzen badiogu, orain ulertuko dugu zergatik hainbat ekonomilarik estatuaren kasuan ikusten duten irteera bakarra soldatak jaistea dela: produktibitatea hobetzeko gai izango ez direla uste dute eta euroan sartuta gauden honetan moneta ezin debalua dezaketenez, leiharkortasuna errekuperatzeko gelditzen den bide bakarrak soldatak dira.

Beldurrezko istorio hau amaitzeko, abertzaleok galdetu beharko genioke geure buruari zein bide jarraitu beharko genukeen. Zezen-azalaren eredu puztua, soldata jaitsiera bortiz baten bidez bakarrik lehiakortasuna berreskura dezakeena, edota Alemaniaren kasuan bezala, produktibitate igoera bidez soldata igoera eta lehiakortasuna uztartu ditzakeen eredua. Izan ere gure eredu ekonomikoa, zezen-larrukoarena baina hobea izanik, oraindik ez dagoelako europako lehen herrialdeen mailan. Aurrekoan nioen bezala, badugu gai hauetan erabakitzeko ez eskubidea bakarrik, baizik eta erabakitzeko betebeharra ere bai. Horretarako hirritarren konfidantza berreskuratu eta gehiengo zabal baten bidez, aurrera doan herria gidatzen jarraitu beharko dugu.

Salir de la versión móvil