ENAMen beste hirutasuna

Imanol Lizarralde

Galo Martínez de la Pera “filosofo eta istorio kontalariak” artikulu polit bat opa digu Berrian ENAMren egungo estrategiari buruzko ekarpen bat eginez. Lantxoaren izenak ere badu bere katramila: “Hiruretan jarrai”. Gogoan izan “Bietan jarrai” ENAMren lema historikoa, ETAren anagramaren sugea eta aizkoraren azpian dagerrena.

“Bietan Jarrai” lemak du edonongo mugimendu iraultzailearen bikoiztasuna eta bikoizketa irudikatu nahi. “Bietan Jarrai”rekin batera, lemaren azpian jarri egiten den esaldia ezaguna da ere: “Aizkoraren indarra eta sugea bezain azkarra”. Azkartasuna (gaztelerazko “astucia” konzeptuarekin lotuta dagoen azkarkeria, izan ere) eta Indarra, marxistek aspaldian aipatu dute subjektu iraultzaile-printze modernoaren bereizgarri estrategiko gisa. Batetik “indarra”, indar armatua izan litekeena baina “presio” edo indar-egite modu guztiak bereganatzen dituena. Bestetik “azkar”tasuna, etsaia engainatzeko eta bere sareetara eramateko abilezia. Sugearen mingain bikoitza irudikatzen duen diskurtso dialektikoa.

Errenazimendu garaian, lehoia eta azeria ziren Maquiavelorentzat (Shakespearerentzat bezala) indarra eta azkartasunaren irudi enblematikoak eta halaxe bihurtu ditu marxismoaren tradiziora Antonio Gramsci teoriko famatuaren gogoetak. ETAren kasuan agerian dagoena eta izkutuan dagoena, legala dena eta ilegala dena, politikoa dena eta militarra dena, indarra eta azkartasun mingain bikoitzaren banaketaren azalpen dira, osagarriak diren aspektuak, gero errealitatean modu batean ala bestean ageri direnak.

Oraingoan, ordea, Martínez de la Perak ez bietan, hiruretan jarraitzeko gomendioa proposatu digu. Pentsamentu marxistak izan du betiere hirutasunerako joera. Engels-ek aipatzen zuen, bada, burgesiaren “hirutasun sakratua”, sendia, jabego pribatua eta estatu-nazioa zirela eta iraultzaren helburua hiruak ukatzea zela. ENAM berak, transizio haseran egindako garapen ideologikoan, argi zioen demokrazi burgesaren egoeran beharrezkoa zela borroka armatua, borroka politikoa eta masa borroka konbinatzea. Eta borroka mota bakoitzak ordezkari gisa subjektu nagusi bat zuen: borroka armatuak ETA erakunde armatua zuen ordezkari; borroka politikoak KAS koordinadora; eta masa borrokak Herri Batasuna ala batasun herrikoia. Azken batean, Mao Zedong-ek gauzatu zuen lehenekoz hirutasun hau esatean: “gudaroste iraultzailea, partidua eta fronte bateratua” iraultza irabazteko hiru arma magikoak zirela. ENAMren erakunde eskemak erabatez jarraitzen dio eredu honi. Eta bere aparailuak hirutasun horren eremu desberdinduetan kokatu dira. Ba al du zerikusirik honek gure filosofoak dioenarekin?

Filosofoaren lantxoa gutun baten moduan egina dago. Oier, Arabarra eta Ibiltari izeneko hirukotea aipatzen du tarteka (“Kaixo, Oier eta arabarra: Zer moduz?  (…) ETAk bere komunikatua plazaratu ondoren, hobeto ulertuko duzue”). Bigarren parrafoan biltzen du artikuluaren mamia:

“ETAk “presoen kriseilua” gure eskuetan utzi du, gorde, zain eta babes dezagun. Zer egin behar dugu? Zer egin behar dugu “presoen kriseilua” gorde, zain eta babesteko? Zer? Gure herria eraiki, hain zuzen”.

Gu” kolektibo horren barruan zer da gorde, zain eta babestu behar dena? Zer eraiki beharrekoa? ENAMkoen mundu ikuskeraren arabera, euskal aberria “eraiki behar da”. Goizetan esnatzen naizenean, nahiz eta lehioko ikuspegi mugatua izan begien aurrean, badakit Ebrotik Adurreraino eta Auñamenditik Karrantzaraino Euskalerri bat dagoela eraikia eta altxatua. Nola eraiki  edo defenda (“nire aitaren etxea defendituko dut”) daiteke dagoeneko eraikita dagoena?

Esan dezagun ENAMren ikuspegiaren arabera Euskalerri oraingo eta betikoa aipatu behar dela izenez, nahiz eta mamiz beste gauza bat esan nahi den. Euskalerria ez baita guk ezagutzen dugun mendiak, ibaiak, biztanleak… baizik eta eraiki beharreko zeredozer non eta errealaren erreferentzia ahalegin horretara makurtu behar den. Etxearen metaforak balio du etxea (“Euskal Herria” izena duena nahiz eta ez Euskalerri presentea izan) eraiki behar dela esateko. Filosofoak dio “herriaren egitura hirukoitza” dela: “oinarria, etxebizitza eta teilatua”:

“Herriaren oinarria nazioa da. Herriaren oinarria, zimendua, sua, bihotza… da nazioa. Eta nazioaren muina, gure kasuan, euskaldunon komunitatea da. Hala bada, gure herriari oinarri sendoa eta beroa jarri nahi izanez gero, euskaldunon komunitatea eratu eta sendotu beharko dugu”.

Hemen, ordea, modu jakin bateko erakuntza eta sendokuntzari buruz mintzo zaigu. Zehazkiago ikusi al izango dugu “herria”ren bigarren konposagaia definitzean:

“Herriaren etxebizitza gizartea da. Eta gizartearen motorra iraultza da. Iraultza, hau da, gizarte mugimendu iraultzaileak. Gaur, nire ustez, mugimendu horien guztien ardatza eta legamia amnistiaren aldeko mugimendua da. Horrek, ba, lehentasuna du”.

Ideologiaren uretan sartzen gaitu filosofoak oraingoan. Zer ideologia izan liteke “iraultza” “gizartearen motorra” bihurtzen duena? ENAMren betiko ideologia iraultzailea, bere subjektu moduat (“gizarte mugimendu iraultzaileak”) eta subjektu zehatzekin (“amnistiaren aldeko mugimendua”).

Egoera zehatz batean gaude, aldi berezi batean. Une honetan ETAk presoen kriseilua “gu” kolektibo baten eskuetan utzi duen honetan gizartearen baitan diren mugimendu iraultzaileen artean “ardatza eta legamia” gaurregun “amnistiaren aldeko mugimendua” da. Borroka taktiko honek hirutasunaren maila “taktikoa” adierazi digu horrela filosofoak; maila “estrategikoa” gero dator:

“Herriaren teilatua Estatua da. Teilatuan prozesu demokratikoa eta polo subiranoa. Horretaz, halere, dezente hitz egiten eta idazten da. Baina gehienetan garrantzitsuena ahazten da: teilatua baino ez dela”.

“Prozesu demokratikoa” eta “polo subiranoa” prozesu taktikoen orokorketaren irudia dira. Momentuan momentuko borrokaren azpian jarri behar dira indarrak eta aliatuak, kasu hontan “amnistiaren aldeko mugimendua”ren gurdira lotu behar dira indar eta aliatu horiek. “Polo subiranoa” eraikiko da momentuan momentuko borroka taktikoen dinamika zehatzen metaketaren bidez.

ENAMren helburu estrategikoa da filosofoaren ustez eraiki behar den etxe honen teilatua, “Estatu independientea eta sozialista, hain zuzen ere”. Eta horrengatik etxearen eraikuntza ezin liteke teilatutik hasi. Zer esan nahi du honek? Galdera hau egiten du filosofoak:

“Zeinek sinesten dute teilatu magiko horretan? Nazionalistek, alde batetik. Marxistek, bestetik. Imajina ezazue zelako teilatu magikoa izango duten buruan nazionalistak eta marxistak direnek. Ai! Ai! Ai! Leku irristakor eta zingiratsuan sartzen ari naiz”.

Askotan esan dugun bezala “independentzia” gauza bat baita nazionalistarentzat eta beste bat marxistarentzat. Norbakoitzak hitz eta konzeptu amankomunei ematen dien mami desberdinaren arazoa ikutu gabe utzi behar baita, eta filosofoak hala egin du. Bestela ezin berak nahi bezala eraiki eta ezin gurdira idiak lotu.

Hiru maila horiek, “nola erlazionatzen dira, ba, haien artean? Has gaitezen ukazioaren bidetik”. Berriz ere, marxismorik aipatu gabe, honen  arau nagusia dakarkigu ezustean. Zer ukatu? Dagoena noski (estatua, kapitalismoa, Espainia-Frantzia, gaur egungo Euskalerri erreala eta bere instituzionak).

Filosofoak ahots desberdinetako koru baten antzera irudikatzen du hiru maila horien arteko harremana erabateko ukazio horren bidetan. ENAM orkestra bat da eta azken batean musika-tresna sail desberdinen autonomia aldarrikatzen da hemen. Eta gainera:

“Teilatu hori amu modura erabiltzen bada, euskaldunon komunitatea eta gizarte mugimendu iraultzaileak politika jakin baten zerbitzura jartzeko, bide okerretik goaz”.

Ikusten da etxearen metafora iruzurtia dela, ez dela erreala, oinarri, etxebizitza, teilatuak ez baidute elkarren arteko mailaketa eta osaketaz aparteko bizitzarik. Lehenengo oinarria egin behar da, gero etxebizitza eta gero teilatua. Etxea eraiki gabe, ez dago hiru elementu horien autonomiaren aukerarik ere. Eta noski argudiorik garrantzitsuena: etxea eraikita dago, gizakiek eraiki zuten orain milaka eta milaka urte. Bestela ez baiginake euskaldunak izango eta ez baigenduke komunitaterik osatuko.

Azken batean, zer da ENAMren eraikuntza? Euskal sinboloen lapurreta egitea eta sinbolo horieri esanahi berri bat ematea; eta esanahi hori ukazioa da eta ukazio horrek erditu dezakeen baietza beste ukazio batetara garamatzan borroka berri bat izango da. Etxea hauts eta puska gaineratzen zaigun arte bukatuko ez den borroken errenkada desegilea, “eraikuntza” deitzen dioten  xeheketa.

2 thoughts on “0

  1. nik izan nuen filosofia irakasle bat Galo izena zuena. Ez dira asko, hortaz bera izango da. Eta horregatik harritu nau artikuluak. Gogoan dut bakea eta terrorismoaren inguruan eztabaida piztu zela nire bi gelakideren artean. Batak, borroka armatuaren aldeko jarrera izan zuen. Besteak kontrakoa. Eta gogoan dut oraintxe bertan egongo banintz bezala, Galok oso jarrera gogorra izan zuela borroka armatua defendatzen zuen klasekidearekin. Horregatik diot harritu egin nauela. Baino bueno, ez da bera izango…

  2. “”La Historia me absorverá””,este denominado, se refiere al alegato que emprendió el EXpresidente , de Cuba en el juicio que le celebró el gobierno de Fulgencio Batista,cuando asltó el cuartel Moncada, donde hubo muertos y heridos de ambas partes y salió absuelto, em este legendario documento defendía el derecho a la libertad de expresión,manifestación y reunión,los presos de conciencia cubanosse encuentran cumpliendo condena por violar esos derechos el EXpresidente de Cuba, que les parece?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Previous post Zezen-larruko soldaten ipuin beldurgarria
Next post Mimetizazioa

Azken artikuloak / Artículos más recientes

Azken iruzkinak / Comentarios recientes

  1. Pero el Estado favorito del partido pre-nacionalista (esto es, fuerista) es el español, no? Salvo error por mis partes, nunca…

Harremanetan jarri / Contactar


Laguntzaileen artikuluak / Artículos por colaborador

Agiritegia / Archivo

StatCounter

wordpress visitor counter
2010(e)ko otsaila
A A A O O L I
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728

Contact us