Kutxen bategitea eta politikaren oztopoak

Ion Gaztañaga

Orain dela aste bat, artikulu hau nola idatzi pentsatzen ari nintzela, Arabatik blogean «Vital, PSOE y elecciones» artikuluak gai honen inguruan nituen pentsamenduak adierazi zituen hein handi batean.

Izan ere, orain dela hainbat urte entzun genituen kutxen fusioari buruzko lehen tirabirak. Ibarretxe bera lehendakariorde zela (1998-2001) bere eginkizunetako bat kutxen fusioa zela ere aipatu da behin baina gehiagotan. Azken lau urteotan, kutxen fusioaren inguruan ere hainbat zurrumurru egon dira, eta alde ekonomikoan kutxen presidenteek gauzak argi zituztela plazaratu bazen ere, politikakeria izan da fusio hori atzeratzearen arrazoi nagusia.

PPk Araban zuen boterea mantentzeko, beti egon da fusio horren aurka, eta behin eta berriz atzeratu dira planak hurrengo hauteskundeen zain. PPren jarrera ez da harrigarria, baina PPk ez zigun argi azaldu zer dela eta onartu eta bultzatu zituen beste erkidegotako kutxetan (Caja Duero, adibidez) eman ziren bategite prozesuak.

Azken urteotan, PSEren jarrera oztopatzailea izan da arazo nagusienetako bat.  Azken foru-hautekundeen emaitzekin, bazirudien elkartze prozesua martxan jarriko zela baina berriro ere hauteskunde-interesak direla eta PSEren azpijoko ekitaldi baten aurrean gaude: orain kontsultaren legea omen da bategite prozesuaren oztopo nagusiena. Nork daki, agian Garmendia ministrak kutxa indartsu bat komeni ez zaigula adieraziko digu hurrengo elkarrizketan.

Herri santu honetan urtero dago hauteskunderen bat. Udal-foralak, espainiakoak, euskal parlamentukoak, europakoak… PSEren logika oztopatzaileak, beraz, ez du amaierarik, beti egongo delako interesen bat bategite hau atzeratzeko. Noiz arte?

Argi izan behar dugu Vital Kutxak bategite prozesuan duen pisua: ekonomikoki Vital Kutxak duen pisua Kutxa + BBK kutxek dutena baina askoz txikiagoa da. Beraz, kutxen bategite prozesua geldiarazi eta beste interesenpean jartzen dutenek argi izan behar dute ekonomikoki kutxen bategitearen muina Kutxa eta BBKren artekoa dela: Vital Kutxak Araban duen eragina handia izan daiteke, baina Euskadik bere industrial eta finantza proiektuak bermatzeko behar duen muskulua Gipuzkoa eta Bizkaiako kutxetan dago. Batasun horretatik atera daiteke euskal empresa garrantzitsuen euskalduntasuna berma dezakeen kutxa sendoa.

Hemendik gutxira, seguruenik 2009ko hasieran, hauteskunde berri batzuk izango ditugu, eta 2 urteren barruan, 2011an, udal eta foru hauteskunde berriak. Bitartean, euskal enpresa garrantzitsu asko (Iberdrola kasu) euskal interesetatik at dauden indar ekonomikoen pean jausi daitezke. Hainbat euskal empresen erabaki-zentroak Euskaditik kanpo joan daitezke. Arduragabekeria izugarria izango litzateke hau pairatzea, PSE eta PPren blokeoa nola gainditu ez dakigulako.

Beraz, PPk eta PSEren interesek horretara behartzen badute, kutxen bategitea Kutxa eta BBK erakundeekin hastearen aldekoa naiz. Vital Kutxa bahitzearen ardura PP eta PSOErena da, eta hauek izango dira kutxa honen etorkizunaren erantzule. Ezin dugu askoz gehiago itxaron, itxaronaldi amaigabe baten aurrean egon gaitezkeelako. Batzuetan, besteak mugiarazteko, gu geu mugitzea erabakiorra izaten da.

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

3 comentarios en «Kutxen bategitea eta politikaren oztopoak»

  1. Erabat konforme Gaztañaga jauna ze zeozer ongi egin badu eusko Jaurlaritzak arlo ekonomikoaren jorraketa da eta, klaro, nire ustetan argi dago euskal kapital propiala bermatu behar dela globalizazioak dakarkigun erauntsi ekonomikoetarako gordegua euki dezagun. Eta, klaro, argi dago eta arlo hontan ikusten da ere PP-PSOE bikoteak Euskadiri egiten dioten gaitza itzela, kutxen arazoari martxa eman behar zaiola.

  2. Erabat ados Ionekin.

    Danalabaterezalekeriak gure porrota ekarriko bait du.

    Hobe dugu orain BBK + Kutxa bakarrik, eta gero gerokoak momentua kritikoa bait da, eta horrela ezin dugu jarrai.

    Pentsa al dezue horrelako aukeran:

    BBK+Kutxa

    Vital+CAN

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *