Ion Gaztañaga
Abertzaletasuna beste mendeetako ideologia dela faltsuki saldu nahi diguten politikariei, Belgikako estatura joatea komeni zaie. Gobernua eratzeko hainbeste hilabete behar izan ondoren, krisi politiko ikaragarri bat pairatu ondoren, gobernu desegonkor honen krisi berria gertatu berri da: Yves Leterme lehen ministro demokrata-kristau flandestarrak bere dimisioa aurkeztu du kontziliaezinezko diferentziak direla eta.
Izan ere gobernua eratzerako orduan alderdi flandestarrek gobernuaren jarraipena Uztailak 15a baina lehen sinatu beharreko Estatuaren deszentralizazioari buruzko akordio batera baldintzatu zuten. Aurrekontuak eta ekintza sozialak adostuta omen zituzten baina ez omen zegoen akordiorik deszentralizazioaren inguruan.
Bruselaseko lurralde autonomoa da gatazkaren muina. Flandesen txertatuta dagoen lurralde elebiduna dugu baina frankofonoaek gehiengo dira bertan. Lurralde honen hauteskunde sistema berezia eta hauteskunde-barrutiaren zatiketa da flandestar eta waloniarren arteko gatazkaren atal berria.
Beraz, argi dakusagu gure Europa zaharrean oraindik gauzak ez daudela uste bezain geldirik eta gure ingurutik kanpo ere nazio nortasunarekin zerikusirik duten gertaerak ere badaudela.
Desentralizazioaren aldeko joera duten mugimenduez gain, joera jakoninoa duten mugimendu berriak ere somatu ditugu inguruan.«Gaztelaniaren defentsan» izenburuko manifestua adibide bezala, azken urteotan espainiako jakobinismoa martxan jarri da transizio garaiko konplexuak alde batera utziz. Alderdi popularrak estatuarentzat eskumenak berreskuratu nahi ditu, «kafesnea denentzat» izenburuko politikaren porrota onartuz.
Seguru aski adibide txarra litzateke Belgikako tentsio egoera adibide bezala jartzea Euskadiko kasuan, Flandestar eta Waloniar komunitate trinkoen ordez euskal gizartea anitzagoa delako. Hala ere, borondatezko dependentzian oinarritzen ez den egitura juridiko-politiko batek dituen ahulezien erakusgai paregabea dugu Belgika, europako beste hainbat herrialdeek ikusi eta ikasi beharreko ondorioak ateratzeko balio beharko lukeena.
Egia da herri bakoitzaren xehetasunak eta egoera dela eta kanpoan gertatzen dena adibide bezala erabiltzea arriskutsua dela oso. Baina inork esan ez dezakeena gaur egun Euskadin eta Catalunian bizi den naziogintzaren aldeko gogoa XIX. mendeko dinamiken jarraipena denik. Egun europako hainbat herrietan gertatzen dena ikusi besterik ez dagoelako.
Nortasuna eta prezeskiago nazio-aberri nortasuna dantzan jarraituko duen elementu politikoa izan da eta izango da Europan eta munduan. Belgikako kasua, Gaztañaga, eredugarria da, nazio haundi eta txikien abertzaletasunaren arazoa nahasi egiten baita. Hor ditugu frankofonoak, kultur eremu haundiago baten partaide eta horregatik sikologia horren menpeko (belgiar frankofonoek gutxitan nahi baidute elebidun izan, muzin egiten baitiote flandierrarari). Hor ditugu flandiarrak, orain dela gutxi arte konplexuz zamatutako komunitate pobretua, gerora, bigarren gerrate mundiala eta gero, Belgikako herriaren ekonomi indarraren buru izango direnak. Bruselaseko kasua berezia da bertako jendearen zati haundi bat flandiar des-kulturizatuena baita, gure artean euskara ala euskal kulturarik gabeko vascoen antzekoak. Flandiarrek ez dute frantsesarik erabili nahi, aldiz, frankofonoen mesprezua mimetizaturik, ingelesa nahi dute bigarre hizkuntza gisa eta frantsesez beraiei zuzenduko bazina ingelesez erantzungo lizukete. Balio unibertsalak eta hiritarraren diskurtsoaren ikamika ez dira ezer konkretura goazenean eta dakusagunean itxurazko aukera politikoen azpitik aberri nortasun desberdinak ditugula.
Flandiarrek ez dituzte frankofonoen txantxak gustoko eta oso gogor defendatzen dute beren hizkuntza (nederlandera).
Flandiar nazionalismoa askotan xenofobia kutsua ere badu, eta beraz ez dut uste euskaldunen eredu denik.
Europako zentruan halako hika-mika egoteak behintzat hainbaten ahoak itxiko ditu XIX. mendeko istorioetan ari garela diotenean.