Burujabetza eta Euskal transmision komunitarioa (1)

Joxan Rekondo

Komunitarioa izan omen da munduko bazter guztietan, eta edozein denboretako giza-taldeetan, nagusitu den kontakizuna. Eta horren klabea transmisioaren kateari eustea dela esan daiteke. Kontakizun horren historizitateari begiratuz gero, gizabanakoek eta beren komunitateek progresiboki egin duten aurrerapena haien aurreko belaunaldien ahaleginen emaitza ere badela aitortu beharra dago. Hori bera da gure kasua. Eta esperientzia historikoaren transmisio zintzoenetik ikasten dugunean, ez dugu ahaztu behar herri senaren eguneratzea egiten ari garela eta, bide batez, euskal kontzientzia iraunarazten. Ez da, baina, arazorik edo ezbairik gabeko prozesua. Aldaketaren aurreko beldurraren eta berrikuntza sustatzeko beharraren arteko tentsio etengabean bizi izan gara beti.

Hala ere, komunitategintzak ez du bere aldirik sendoena bizi. Kontsumoaren gizartean, eratze luzea izan duten komunitateen historia politikoari apenas ematen zaio mereziko lukeen garrantzirik. Azken garaitan, bat datozen bi joera ikus daitezke. Alde batetik, jatorrizko abertzaletasunaren zabaltzaile izan garenok ez diogu interes haundiegirik jarri XX mendearen erditik aurrera gauzatutako esperientzia soziopolitikoaren muina kontzeptualizatzeari. Jakina, kultura politikoa nekez zabaldu eta berritu daiteke pentsamenduaren mugarri kontzeptualak finkatu eta herri antolatuarentzat irisgarri egin gabe. Eta bestetik, belaun berriak bestelako giro batean ari dira sozializatzen. Honen arabera, libertatea lotura denetatik -historiarenetik eta auzokideenetatik ere bai- askatzean egiaztatuko litzateke.

Ondorenez, gure komunitate ttikia berebiziko krisi narratiboa bizitzen ari da. Gero eta zabalduago dago inolako konpromiso moralik gabeko askatasunaz oraina gozatzearen aldeko jaiera. Hala ere, iraganeko esperientziarekin lotzen eta geroaren aurrean prestatzen gaituen kontaera eguneratzeko gaitasunik gabe gelditzen bagara, gure bizi-erreferentzia eta itxaropen guztiak eguna topera bizitzeari kateatuz, hainbestetan aipagarri dugun burujabetza (askatasunaren praktika arduratsua, bere adierarik jatorrenean) eskuraezina gertatuko zaigu.

BURUJABETZA, LIBERTATE INMUNITARIOA + KOMUNITARIOA

Gizakia libertatearekin identifikatu dute tradizio abertzalearen jarraibide gisa hartu ditzakegun pertsonaia inportanteenak. Agirrek esaten zuen gure tradizio politikoaren muina libertatea dela, bereziki pertsonen libertatea. Hau oraingo begiekin ikusita balirudike libertate kontzepzio hori, pertsonengan oinarritzen zelako, oraingo indibidualismoaren aurrekari bezala har zitekeela. Baina, irudipen hori okerra izango litzateke. Gizakiaren garapenaren bila, gure tradizioan bakoitzaren norberetasunari ematen zitzaion babesa eta auzo sentimenduak gure artean hartzen zuen indarra kontuan hartu gabe ezin daiteke euskal komunitatea ulertu. Arizmendiarrietak oso argi adierazten du ikuskera horren azpiko antropologia: “Bakarti-berak izanarren auzo-miñik gabeak ez gara izan, edo auzoerakundeen bidez jokatu izan oi dogu”.

Komunitatea pertsonari gailentzen bazaio, kolektiboaren nagusitasunak azpian hartuta blokeatu daitezke norberaren libertateak. Horregatik, gure tradizioan libertate inmunitario bat ezarri zen (hizkuntza soziopolitikoan, ‘askatasun negatiboa’ deitzen zaiona), eta ohituraz pertsonen (eta bere etxeen) babeserako arautu zen. Agirre lehendakariak horrela adierazi zuen gure lege zaharrek pertsonen babesari ematen zioten garrantzia: “Gizakia zapalkuntza ororen aurka defendatzeko ahaleginean, zenbait ahalmen subirano eta kanpoko ezaugarri politikoak sakrifikatzera ere iritsi ziren [gure aurrekoek], beste herri batzuetan ezagutzen diren menpekokerietako edozeini euskaldunen artean lekua egiten utzi baino lehen”.

Horrez gain, ordea, gure kultura ezin daiteke ulertu libertate komunitarioa (‘positiboa’) aipatu gabe. Gauza jakina da komunarekiko arretarik gabekoa den norberekeriak irabaziz gero, gizakia bera ateratzen dela berriro galtzaile. Bizi dugun garaian, argi ikusten da hori. Eta, gure historiari begira, irakaspen berori atera genezake. Auzo-herrigintzan -auzolanean-, gainerako auzokide edo bizilagunekin, guztiontzat ongia dena lortzeko elkarrekin ekitera eraman izan gaitu libertate honen ariketak. Bonifazio Etxegaraik idatzi zuen modura: «Auzotasuna, osatzen dutenen nahiaren berezko emaitza dena, erakunde administratiboen babesetik at dago; baina, zalantzarik gabe, Euskalherriaren egitura sozial eta politiko zaharrenaren isla da».

Esan daiteke gure aurrekoek kontzepzio horren arabera praktikan jarri zituzten bi libertate mota horien bilaketa dela Burujabetzak irekitzen duen bidea. Orduan, pertsonoi libertatea zor zaigu eta pertsonei libertatea zor diegu. Zor horrek zentzu negatiboa eta positiboa har dezake, beraz. Negatiboaren arabera, inork ezin du edozein gizakiaren bizimodu askea bermatzen duen babes inmunitarioa kaltetu dezakeen ezer egin. Positiboak, gutako bakoitzaren ahalmen (fisiko, intelektual eta espiritual) guztien bitartez egin dezakegun ariketa libre oro ongi komunitarioaren alde jarriko dugula esan nahi du.

Burujabetzak ez du berariazko izaera kolektiborik, giza-bakoitzetik sortzen baita, eta hortik bakarrik eratu daitekeelako komuna. Idea honen adierazpen zehatz baten bila, ezin hobeagorik aurkitu Obanosko infantzoien biltzarreko goiburua baino: «Pro libertate patria gens libera state”. Latinezko esamolde horren esanahia egungo hitzetara ekartzerakoan, Agirre lehendakariaren hitzak moldatuz, honela azaldu genezake: “aberri burujabearen alde, eutsi diezaiogun jende, herri eta gizaki burujabe izateari”. Horregatik, euskal seneko tradiziotik begiratuta, ez dago herri burujaberik herritar burujaberik gabe.

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *