Berrikuntza eta erresilientzia, auzolanaren kulturatik begiratuta (1)

Joxan Rekondo

GURE GARAIKO EUSKAL GIZARTEAREN JOERAK.

Errealitate sozialaren irakurketa kritikoa egiteko asmoarekin ari gara azken aldi honetan. Euskal herrikideek elkarrekiko erantzukizunaren aurrean agertzen dugun jarrera ezagutu eta, tradizioko kultura moraletik ikasiz, pertsona libre eta erantzuleen komunitatea berregiteko aukerarik badagoen jakin nahi dugu. Pertsona librea, komunitatea, elkarrekikotasuna eta erantzukizuna dira gure asmoaren egituratzaile nagusiak. Euskal soziologo ezberdinengana jo dugu, auzia planteatu eta haien erantzunak jaso eta prozesatzen ari gara. Gizarte panorama benetan kritikoa marraztu digute. Egokia iruditu zaigu haien bilduma labur bat hemen azaltzea.

Egiturazko aldaketa globalak mugatzen dute garaia: “Globala da munduaren marka berria”. Aldi honetako ‘urrezko arauak’ giza-subjektuari kanpotik datorzkio.  Gero eta globalagoa den kulturaren pean bizi gara.

Bide batez, indibidualismoaren nagusitasuna erabatekoa dela esan digute gehienek. Banakoa, autoritate moral gorena bihurtu da, itxuraz guztiz subiranoa. Kultura honentzat konpromisoak ez du balio handirik,… Betebeharrei muzin egiten zaie. ‘Ni’-aren nagusitzak ‘gu’-aren gainbehera ekar diezaguke. Horrekin batera, kontraesangarria badirudi ere, subjektu indibidualaren indargetzea gertatzen ari da.

Galdera da nola prestatu gaitezkeen biharkoa baldintzatzen duten aldaketa azeleratuaren, konplexutasunaren eta ziurgabetasunaren aurrean?

Kezka nagusiena da desafio hauen bultzada itzelarekin gure balio-sistemaren aldaketa letorkeela.  Testuinguru globalaren menpekotasunean makurtzen ari da euskal gizartea, eragiteko gaitasun urriarekin.

Desafio berrien aurrean objektuak, hartzaile pasiboak, bagara, nola bihur gaitezke subjektu aktiboak? Zein euskarritan oinarritu daiteke euskal kultura (beraz, komunitatea) etorkizunaren eraikuntzan subjektu gisa esku hartzeko?

Komunitate galduaren bilaketa korronte horren kontrako erreakzio bezala har daiteke. Izaera komunitarioa eman nahi omen diogu denari, baina aniztasunaren garaian ez da batere erraza komunitatea zer den jakitea. Indibidualismoaren garaian bizi bagara, herri-komunitatearen itzulerarentzat ez dago leku askorik. Hala ere, euskal pertenentziaren inguruko bat etortze sendoa azpimarra daiteke euskal herritarren artean, hauei egozten zaien indibidualismo hori gezurtatuz bezala. Tipologia pluralekoa, baina ondo egituratutako gizartea gara. Batez ere, bizikide izateak elkartzen omen gaitu[1].

Dirudienez, ‘historizitatea’ kontzeptua ondo egokitzen zaio gure komunitatearen jokabide historikoari. Touraineren ulerkeran, bere burua eta ingurua eraikitzeko une historiko bakoitzean subjektu kolektiboak azaldu duen gaitasuna[2]. Ideia gustatu zaigu. Ekintzaren soziologia baita, baldintza historiko jakin batzuetan, ekintzan ari den gizartea ardatzean jartzen duena. Beraz, subjektuaren soziologia delako. Horixe da, bere geroaren jabe izateko, gure herriak duen auzirik behinena. Hortxe jartzen dugu gure itxaropen guztia.


[1] Hori bat omen dator gure gizarte-antropologiarekin, Manuel Lekuona zenaren iritziz: “Euskal-oituretan (gure gizarte-lege jator diran oituretan) beti ere «aaidetasuna» ta «auzotasuna» elkarren aldean ipintzen diranean, konparatzen diranean, beti ere auzotasuna beiñagotzat, areagotzat jotzen da, aaidetasuna baiño”. Manuel Lekuona. EUSKO INSTITUKIZUNAK, Euskaldunak 1. ETOR, 1978.

[2] Alain Touraine. Sociología de la acción. Ariel, 1969.

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *