Azala / Portada » Giza-katea

Jexux Artetxe

Aurreko asteko giza-kateak arrakasta izan zuela ez dago ukatzerik. Erabakitzeko eskubidearen alde deituta zegoen ekitaldiak jende pila mugitu zuen. Baita gure udalerrikoa ere.

Oraingoan, Gure Esku Dago plataformak antolatutako ekintza berriaren izaera politikoa nabarmentzeko, Eusko Legebiltzarreko atearen aurrean eman zitzaion bukaera. Dudarik gabe, ozena eta indartsua izan zen Parlamentuaren atondoan utzitako mezua. Horren esanahia garbia da, alde batetik. Euskal politikoak dira mobilizazio jendetsu horrek azaldutako gogoaren hartzaile. Autogobernuaren etorkizunaz ari direla hain juxtu ere, legebiltzarkideek bazterrean utzi ezin dezaketen mezua jaso dute. Han bertan zirenak eskutik eskura jasotzeko aukera zuzena izan zuten, gainera.

Beste aldetik, baina, igandekoa jende anitzen, gizarte talde eta alderdi politiko ezberdinen elkargunea izan zenez, aniztasun berori agertu da ekitaldi erraldoiaren interpretazioaren gainean. Nola irakur daiteke Donostiatik Gasteiz bitarteko adierazpen handi hura? Legebiltzarrari ezarritako mandatua itxia dela esan dute batzuek, ahaztuta gure arteko herritar gehienek hauteskundeei ematen diela garrantzirik handiena. Botazioetan adierazitako nahimenari zor zaion errespetuagatik, askoz egokiagoa litzateke igandekoa herri-erabakimena erakundetzeko Parlamentuari eman zaion eskuarte baliotsua bezala hartzea.

Eskuko izateak, gure esku dagoena egiteari lotzeak, esanahi sakona du gure artean. Inoren zai edo inori begira egon gabe, giza-banako eta taldearen egiteko ahalmen edo gaitasunaren adierazgarria. Orain artean, herri bezala segida izan badugu, seguru dela zenbait esparruetan eskuko bezala jokatzeko gauza izan garelako. Eta nik esango nuke egun bakar bateko konpromisuez aparte, gure eskuduntza horiek baliatzeko egunerokoa baino hobeagorik ez dagoela. Auzoan laguntzeko, beharrizan gorrienetan dagoen bizilagunari babesteko eta gure hurbileko elkarteetan esku hartzeko.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

Un comentario en «Giza-katea»

  1. Eskukoari buruz: bada euskara (eskuara) “eskuaren era” tik datorrela esan duenik. Guretzat “esku” “egitearen” sinonimoa ere bada. Orduan euskalduna (eskualduna), egiten duen pertsona izango litzake. Kontutan izaki “al” edo “ahal”, ahalmenetik datorrela, Esku-al-duna, hitz egiteko eraz gainera egiteko era azalduko luke.

    Askatasuna eta burujabetza bidean: Bihotza gizabidez jokatzeko, burua hausnartzeko, eskua egiteko. Behin bateko ekintza eta jabetzaz ez dut sinesten, egunero eskukoa egiteagatik, gaur euskaldunak gara. Etorkizunerako, ere, errezeta bera aplikatzea deritzot egokiena.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *