Posteado por: aberriberri | octubre 30, 2017

Ikasturte berria hezkuntzan

José Manuel Bujanda Arizmendi

Hezkuntza eta Osasuna dira bereiziki edozein administrazioak, edozein gobernuak, ezinbestez zaindu eta bermatu beharreko bi esparru, etorkizuna baitago jokoan. Eta nire iritziz behintzat politikaren zelai jokoan legitimoki gertatzen den gobernua eta oposizioaren arteko liskarretatik kanpo geratu beharko litzateke. Bi alor hauek garrantzitsuegiak baitira politikaren jolasean jostailu gisa erabiltzeko. Hasi berria dugu hezkuntzan ikasturte berri bat eta onartu beharra dago Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila indartsu eta kemenez hasi dela bide berri bati ekin nahian, lortuko duelakoan nago.

Bi berri oso on aipatuko nituzke. Alde batetik bere asmo eta erabakia plazaratu du Hezkuntzaren alorrean Paktua eta Legearen inguruan. Erronka itzela. Gogoeta beharra. Partaidetza tresna. Prest azaldu zen Hezkuntza Sailburua den Cristina Uriarte hezkuntzaren esparruan zerikusia duten guztiekin izandako bileran, urratsak ematen hasia zaigu Saila bi xede horiek lortzeko bidean. Ez da bide erraza izango, ezta motza ere, luzea eta korapilatsua baizik…baina nork esan zuen bada erraza izango zenik? Zorterik hoberena desio behar zaio egin behar horretan. Helburu aberatsa hain zuzen, baina Paktua eta Legea beharrezkoak ditu Euskal Hezkuntza Sistema osoak bere etengabeko hobekuntzaren bilakaeran, Paktua eta Legea zor zaio euskal gizarteari. Eta heldu da garaia, helduentzako garaia hain zuzen. Malgutasuna, zuhurtzia, eskuzabaltasuna, jakituria, begirada luzea, ardura eta prestutasuna ezinbestekoak, derrigorrezkoak, izan beharko dira guzti guztion artetik. Guzti guztiok esan dut bai, zeren guztiok beharrezkoak izango dira zereginen apasionatu honetan, inor ez da soberan. Auzolanean lortu beharrekoak izango dira Paktua eta ondorengo Legea. Guztiok esan dut bai, zeren guztiok jasoko ditugu onurak, gizarte osoak eskuratuko ditu abantailak, inolako zalantzarik ez. Euskal Hezkuntza Sistema ona dugu euskaldunok, baina bada, beti dago, zer hobetzerik noski. Eta duguna, eskuartean dugun errealitatea, guztion arteko lanarengatik lortua izan da, adostasuna eta elkarrizketa izan dira eraiki dugun eraikuntzaren zutabe sendoak, hori da bidea, hori da bazterrezineko ibilbide oparo eta eragingarria. Hainbat lan talde sortuko dira gaika, gai bakoitzean jakitunez osatuak, hala nola eta adibide soil gisa, elkarbizitza, hizkuntzak, ebaluazioa eta berrikuntza, ikastetxeen autonomia, hezkuntzaren modernizazio eta berriztatzea. Aukera. Etorkizuna dugu begira. Habeak  tinko jartzeko garaiak. Gauzak ondo egiteko ilusioa eta irrika. Kezkak baita ere baina lanari ekiteko hitza eta erabakia. Borondatea.

Hasieran esan dut bi berri aipatuko nituzkeela, bati jada ekin diot, Paktua eta Legeari hain zuzen, besteari orain. Gaur dela gutxi, irailaren 27an hain zuzen, Hezkuntza Sailak bere lehen bilera ospatu zuen sindikatuen ordezkariekin, mahai sektoriala deritzon negoziazio eremuan uda aurretik adostutako eran. Hezkuntza Sailak proposamen aberats bat jarri zien sindikatuei mahai gainean. Aberatsa bai. Eta poztekoa da, poztekoa bai, inolako zalantzarik gabe, Hezkuntza sailak aurkeztu eta proposatutakoa. Hainbat arlotan hobekuntza nabarmena dakarren neurri sorta honek, hiru helburu aberats, irmo eta garbi ditu. Hezkuntza Sailak proposatutakoak, alde batetik irakasleen klaustroen antolaketa hobetzea suposatzen du betiere ikastetxeko hezkuntza proiektuaren garapena hobetze aldera. Beste aldetik irakasleen nahiz maisu-maistren lan baldintzetan hobera egitea eta hirugarrenez milaka familiari funtzio publikoan sartzea ahalbidetzea, kalitatezko enplegua eskainiz. Esan behar da konpromiso hauek hezkuntza komunitatearentzat  neurri onuragarriak direla.

Alde batetik 5.000 plaza eskaintzen dira Enplegu Publikorako Eskaintzen bidez legealdi honetan, eta esan beharra dago kopuru hau hasierako aurreikuspenean baino 2.000 plaza gehiago dela, igoera esanguratsua beraz. Honela, Hezkuntza Sailak une honetan eskain daitekeen plaza kopuru maximoa eskaintzeko konpromisoa hartu du legealdi honetako lau urteetan zehar eta egun indarrean den araudiarekin bat etorriz. Ondorioetako bat Behin-behinekotasun tasa jaistea da. Koherentea da eskaintza hau zeren Hezkuntza Sailak behin eta berriz berretsi izan du hezkuntza sisteman den behin-behinekotasun portzentajea jaisteko duen borondate sendoa. Aipaturiko EPEekin, behin-behinekotasun tasa 10 puntuan jaitsiko da legealdi honetan %27tik %17ra hain zuzen eta horrelaxe bilakaera osasungarri honekin legealdi hau amaitzean irakasleen %83 langile finkoak izango dira. Hobekuntza honek eragin zuzena izango du ikastetxe bakoitzaren hezkuntza-proiektuaren egonkortasunean, baina baita irakasleen bizitza-proiektuetan ere. Bi alderdi horiek hezkuntza sistemaren funtzionamendu onaren mesedetan eragiten dute zuzenean.

 Hezkuntza sistemaren funtzionamendu onaren mesedetan badu zerikusi zuzena baita bitarteko langileen egonkortasunak ere. Bitarteko langileen kontratazioa orokortzea bultzatuko da Hezkuntza Sailetik, plaza hutsa EPE bidez bete arte. Ondorioa argia da, osasungarria, ikastetxeei egonkortasun handiagoa emango baitzaie klaustroen bidez, behin-behineko irakasleen betebeharrak egonkortzeaz gain. Aipaturikoak Euskal Hezkuntza Sistemaren hobekuntzan eragin zuzena dute eta era berean irakasleen lan baldintzetan ere. Berri ona da baita ere Ordezkapenak lehen egunetik izatea, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan. Gai honi dagokionez Hezkuntza Sailak beti azaldu izan du sentiberatasuna ordezkapenen araudiari dagokionez. Eta horrela  indarrean den araudiaren babesarekin ordezkapen araudiaren hobekuntza bat aurkeztu  du Hezkuntza Sailak. Eta dena dela gogoarazi beharko litzateke indarrean den araudia 2010ean adostua izan zela sindikatuen ordezkaritzarekin. Egoera ekonomikoa zaila izanik Estatuko araudiak hala exijitu izan arren, Eusko Jaurlaritzak helegitea aurkeztu zion Errege Dekretuari Auzitegi Konstituzionalean, ez du okerrera egin azken urteotan. Honela beraz bai Haur Hezkuntzan bai Lehen Hezkuntzan, irakasleen ordezkapenak lehen egunetik beteko dira.

Hasi da bai hezkuntzan ikasturte berri, gelak bete zaizkigu ume, nerabe eta gaztez. Neska mutilen zaratak, garrasiak eta algarak aztoratzen dituzte gure ikastetxeetako pasillo eta geletako ormak. Hilabete luze baten ondoren leihoak eta ateak ireki dira. Askorentzat uda aurreko lagunak ikusteko aukera, beste batzuentzat, txikienentzat sozializazio bidean eman dituzte bere lehen urratsak malkoren bat isuriaz batzuetan. Etorkizuna eseri zaigu gure geletako mahien aulkietan. Irakaslea naiz, maite dut nire lana, asko dago irakasle baten eskuetan, onenak emateko garaiak dira gure ikasleen aurrean. Etorkizuna ari gara lantzen. Bai. Eta asmo horri erantzuten diote era egokian baita irakurmena lantzeko, bermatzeko eta hobetzeko planak eta “Bizikasi” izena duen planak ere ikaslearekiko jazarpena saihesteko eta ekiditeko asmo onenaz plazaratuak.

Amaitzen dut, zorterik hoberena desio diet ikasle guztiei, bakoitzari bere pertsona bakarrean. Zorterik hoberena ere hezkuntza eragile guzti guztiei. Guztiei bai. Zorterik hoberena ere opa diot Hezkuntza Sailari bere helburuak lortzeko ibilbide eta nahian. Eta amaitzen dut hasi naizen bezala nire poza azalduz hasi berria den ikasturte honetan,  bi berri oso onak berriz azpimarratuz, hau da, alde batetik Paktua eta Legerantz urratsak emateko erabaki sendoa eta ospatutako Mahai Sektorialean Hezkuntza Sailak mahai gainean jarritakoak. Ea bada. Ekin diezaiogun erronkari asmoz eta jakitez.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

Categorías

A %d blogueros les gusta esto: