Azala / Portada » Estepan Urkiaga, “Lauaxeta”

José Manuel Bujanda Arizmendi

lauaxeta_bustoa“Badaude pertsona batzuk egun batean borrokari ekiten diotenak, eta bai, hauek onak dira. Badaude beste batzuk urte osoan zehar borrokatzen dutenak etengabe, hauek noski, hobeak dira. Baina, badaude, baita ere, beste batzuk beraien bizi osoan zehar borrokatzeari uzten ez diotenak, eta hauek, hauek bai, hauek ezinbestekoak zaizkigu”.  Bertol Brecht

Estepan Urkiaga, Lauaxeta, ekintzaile eta aitzindari nekaezina, jeltzale zintzoa eta abertzale suharra, olerkari, idazle, literato eta euskaltzale berrizale eta saiatua, gudarien gidari eta buruzagi ausarta faxistek fusilatu zuten Gasteizen 1937ko ekainaren 25ean, orain dela 79 urte beraz.

José Antonio Agirrek, Euskadiko lehen Lehendakariak, “Euzkadik behar zaitu” belarrietara xuxurlatu ondoren Eusko gudarostearen agintea bereganatu zuen. Bere irrika “Bide berriak” bilatu eta aurkitzea zen. Horrela, idatzi zuen olerkia, “Bide barrijak”, eta izena eman ere olerkiz osatua zen liburuari. Bide berriak nahi zituen ere Euskadirentzat eta bere etorkizunarentzat. Bide berriak ziren Lauaxetak amesten zituenak olerkigintzan eta burujabetzan. Hitzen arteko lehian trebatua, ideien esaldiak ehuntzen saiatua, molde literaio berrien bilatzaile tematia, olerkari trinko iaioa, eta gudarien buru bilakatu zenaren bustoa Gasteizeko plaza txiki batean dago birkokatua, atxilotua egon zen “El Carmen” izena duen eliza edo komentu bera dagoen plazan bertan hain zuzen.

Delako bustoaren birkokapenaren ekitaldia 2015eko martxoaren 18an Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza politika eta Kultura saileko Sailburua den Cristina Uriartek hitz hunkigarri batzuen ondoren ekitaldi xume batean gauzatu zen. Honela eman zion hasiera Cristina Uriartek, bere hitzaldi laburrari: “ohore bat da, bai, ohore bat da, ni orain Lauaxetaren aurrean hizketan aritzea. Euskal historiaren erreferentzi erraldoi baten aurrean jarduteak nire bihotz erraiak asaldatzen zaizkit. Txikitandik etxean entzundako izen eta gizonaren aurrean hitz batzuk esateak eztarrian dardara sor arazten dit. Hemen gauden askori, bihotzaren taupadak azkartu zaizkigu, emozioa azaleratu eta nolabaiteko solemnitatea nagusitu. Zure begietan duzu guretzat agindua, jarrai bide berrietatik. Omenaldi hoberena horixe da hain zuzen, bide berrietatik abiatzea askeago izan gaitezen.Hori da gure hitza, erabakia eta konpromisoa, Bere begirada lausotu diskretua, bere dignitate lasai pausatua,  historiari  eta guri so eginaz  hizketan ari zaigu: “dena eman behar jako maite den askatasunari”.

Fusilatua izan aurretik gero hain ezagunak izan ziren hitzokin agurtu zuen bizitza: “Goiz eder honetan erail behar nabe”:

“Goiz eder honetan erail behar nabe txindor baten txintak gozotan naukela. El naiten leyora begiok intz gabe. Gorbei barna yatort kañoi-ots itzela: or egazkin-egak odei-lapur doaz. Guda-gotzon baltzak odolez dakustaz,euren oin aurrean beredin gudari. Gazte argi horreik, eutsi lur amari! Bera baizen onik eztauko ludiak. Baña, Jaun altsua, orain ken nahi nozu? Bildots baten antzez lotuta nauko zubearren naunean neure Aberriak? Aren deia dantzut arma-ots larrian. Izkillu-tarteko dirdira bizian mendi goitietan. Eriotz betorkit.

Bertan eder dira azkenengo atsak!Arte adartsu babes-toki bekit,neure gezi meion eriotz-zauria txastau dagientzat etsaien erranak! Zuzentzaren maitez bil diran semeekin ixuri daidala bizitz-iturria. Lurra estal bedi odol-larrosakin! Azkatasun atsak betiko bil zagiz! Antxe makur zaite, oi uru neurea, geure lur amaren besarte gozoan! Eta anai maiteok, eutsi burrukari iñoiz ilgo eztan euzkoen amari. Itxaropen auxe sort bekit gogoan.Jauna, eriotz au arren emostazu; koldarrentzat itxi larrosen usaña. Azkatasun deuna bial egistazu, atzindu nahi dot ba arrotzen iraña, gorputz honek bakez atseden dagian erri azkatuen Egun-Aundi arte!

Gudan jaus nadilla zuzentzaren alde, ez ormari atzez, goiz eder argian. Eta bake deuna sortuko danean neure azur utsak besteenakin batu; eresi gurenaz lagundu bidean obi bakar-arte. Baña, arren, bukatu oroigailluaren maitasun itzala Kistoren gurutzat; Beragan ditxarot. Josu’ren fedea besterik eztaukot.  Erri zintzo-onenak zaindu dagiala il gintzanen atsa, il gintzanen ala.”

Estepan Urkiagak, Lauaxetak, bere bizitza bera baino gehiago maite izan zituen Euskadi, Askatasuna eta Demokrazia. Paregabeko belaunaldi baten partaide izan zen. Paregabe eta errepika ezina esango nuke. Eredu izan zen belaunaldia. Askotan esaten da inor ez dela erabat hiltzen norbaiten bihotzaren maitasunean txertatua dagoen bitartean. Bera eta garai hartako Eusko Jaurlaritzaren kideok ez dira hil, ez, gaur egun ere maite ditugu eta. Euskadiren alde, bere burujabetasuna eta askatasunaren alde egin zuten eta hori ezin ahanztekoa da eta.

Guda galdu zuten, bai, fusilatuak izan ziren, bai, baina historiaren aurrean eta betirako garaileon ikurra daramate. Irabazi egin zuten historia eta etorkizuna. Askatasunean bizi gara, baina askeago izateko lanean gabiltza, jakin bezate haiek, sustraiak ondo errotuak ditugula, Euskadi mundura ari dela begira. Europa dugu begi bistan, Agirre, Irujo, Landaburu eta beste askok bezala. Eta hau, beraiek ereindako hasiaren fruitua, uzta aberatsa eta emaitza oparoa da. Izan zinetelako, zirelako, gara. Apustua egin zuten, erabaki zailak hartu zituzten, balienteak izan ziren. Ausardia zeramaten buru bihotzean.

Euskadi maite zenuten. Leialtasunaren garaipenaren froga apelaezinaren isla izan ziren: “Guda gotzon baltzak odolez dakustaz, euren oin aurrean beredin gudari”. Garelako eta nahi dugulako beste kimu berri batzuk jaioko dira. Jakin bezate haiek beraz, bihotzeko adiskide laztanak, katea ez dela eten. Bideari jarraitzea  gure eguneroko ahalegina zaigu. Eutsiko diogu lur amari. Zordun gatzaizkizue eta. Kopeta altxatua dugu. “Dena eman behar jako maite den askatasunari”.

Ados ziren, ados zinen, zineten, zure Lehendakaria José Antonio Agirrerekin, esaten zuenean “Ez gaudela inor hiltzeko prest, baina prest gaudela geure bizia galtzeko”. Zinez beraien ekintza emandako hitzaren alaba bilakatu zen. Bete zuten zure hitza eta erabakia. Gaurko Euskadiren izenean, mila esker zuoi guztioi, eta zuri ere olerkari gudaria, eskerrik asko gudari olerkaria. Ez adiorik Estepan Urkiaga, Lauxeta eta beste guztiok, ez adiorik Alfredo Espinosa, ez adiorik José Manuel Ariztimuño “Aitzol”, Martin Lekuona eta beste asko. Ez adiorik guztioi, guda zibila hasi aurretik gaixorik hil zinen Lizardi gazteari ere. Ez adiorik agur eta beti arte baizik.

Agur eta ohore, gudari zintzo, abertzale, eta olerkari berrizalea eta euskaltzalea. Agur eta ohore euskal idazle konprometitu eta gudarien buruzagia. Bihotzean beti izango zaituztegu. Herri txikien egun handirarte. Ez, katea ez da eten, ez.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

4 comentarios en «Estepan Urkiaga, “Lauaxeta”»

  1. “Badaude pertsona batzuk egun batean borrokari ekiten diotenak, eta bai, hauek onak dira. Badaude beste batzuk urte osoan zehar borrokatzen dutenak etengabe, hauek noski, hobeak dira. Baina, badaude, baita ere, beste batzuk beraien bizi osoan zehar borrokatzeari uzten ez diotenak, eta hauek, hauek bai, hauek ezinbestekoak zaizkigu”. Bertol Brecht ( sic )

    Badaude gaur egun EAJen buruak adore horrekin ?
    Hura sinestea asko kostatzen zait. Bizizalea eta erdipurdikoa asko dago baina intelektualak ez. EHBilduen berdin gertatzen da baina askoz gehiago borrokatzen dira , ez dira kolaborazionista hutsak.
    Ereduzko gaurko bizitzarik ezean, hildakoenak hobitik atera behar dira.
    Blog honetako kolaboratzaileen jarrerak lotsa produzitzen du.

  2. Eskerrik asko artikulu hain onagatik.

    Garai horietan mamitu zen euskal abertzaleen taldea bai politikan eta bai literaturan eta kulturan errepika ezina da.

    Lauaxetak gainera sinesmen erlijioso hunkigarriz eta euskal abertzaletasun garbiz erakusten digu belaunaldi horren maila.

    Eskerrik asko, Larburu jaunari ere, Antton Valverderen abesti zoragarri hori gure artera ekartzeagatik.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *