Posteado por: aberriberri | enero 23, 2014

Komunismoa eta Nazismoa (Eva Forest-en gogoeta baten harira) [1]

Imanol Lizarralde

comunismo-nazismoImanol Galfarsorok blog honetan bertan niri egindako erantzun batean jarritako linkean bada mamizko gai bat Hanna Arendt-en pentsamenduaren inguruan. Komunismoa eta Nazismoaren baliokidetasunaren gaia da hori. Galfarsorok Eva Forest zenduaren iritzia ekarri du gurera, orain urte batzuk Arantzazun gertatutako symposium platonikoa zela bide, Arendt-en “totalitarismo”aren ideia kritikatu nahirik. Hauxe dio Arendt-en “Totalitarismoaren Jatorria” lanari buruz:

“Eva Forestek, dena den, liburuaren kritika nagusia Ezkerretik egin zela gogoratu zigun, izan ere, bi mugimenduak, nazismoak eta komunismoak, tiraniaren ezaugarri mota berdintzat erakutsiz Arendtek mito liberal ezagunari balio filosofiko erantsia eskaini ziolako. Gai honen harira gogoratu behar da Arendt-ek berak jakintzaren neutraltasuna eta etika inpartzialaren balioak azpimarratzeko joera markatua izan zuela orohar”. 

Galfarsororentzat, bere joerako ezkerrarentzat bezala, ez omen da jakintza neutraltasunik ez eta etika inpartzialaren baliorik. Beraz dena juzkatu behar da modu bateko ala besteko politikaren harira. Kontsiderazio teoriko honek badu ondoren praktiko larririk, hala nola, zera hauxe dioena, komunismoa ezin dela, (nazismoaz egin ohi dugun bezala) berak eragindako milioika biktimen arabera juzkatu. Horregatik:

“Oinarriko arazoa garbi asko azaldu zuen Eva Forestek bere azalpenaren bukaeran, izan ere, marxismo “ortodoxo”aren nazismoarekin konparatzeko falazia salatuz. Eva Foresten arabera diferentzia garbi bat dago nazismoa eta komunismoaren artean, komunismoaren beraren iraganeko desastreak eta katastrofeak ukatu gabe, Eva Foresterentzat, nazismoaren partikulartasun supremazistaren zentzu gorrotatzaile eta baztertzaileak etorkizuna asmatzeko baliabiderik inoiz izan ez zituen bitartean, komunismoaren egitasmo orokorrarekin, aldiz, berdintasuna eta justizia moduko ideien unibertsaltasuna sustatzeko ahabidea ez da inoiz galduko. Zentzu honetan, beraz, komunismoaren egitasmoa bera, amankomunaren eta elkartasunaren zentzutan oinarritzen dena, munduaren maitasunean ere oinarritzen dela azpimarratu zuen halaber”.

Beraz, zergatik ezin behar dugu komunismoa berak eragindako “desastreak eta katastrofe”en arabera juzkatu? Eva Forest-en adierazpenak zenbait arrazoi gaineratu dizkigu: 1) nazismoak duen partikulartasun supremazista ez dagokiola komunismoari; 2) etorkizuna asmatzeko baliabidea edukitzea; 3) berdintasuna eta justizia ideien moduko unibertsaltasuna sustatzeko ahalbidea mantentzea; 4) amankomuna eta elkartasunaren zentzuari buruzko mundu maitasunean oinarrituta egotea. Goazen puntuz puntu arazo hauen azterketa egitera.

1) Partikulartasun supremazistak ez dagokio komunismoari. Har dezagun bai Galfarsoro eta bai Forest-i gogoko zaien pentsalari bat, Alain Badiou filosofo maoista, adibidez. Berak dio nazismoak zilegiki hartu duela “iraultzaile” izendapena zenbait alderdi garrantzitsuei begira:

“Naziek “iraultza nazional-sozialistaz” hitz egiten zutenean, gertakizun politiko moderno handietan (1792ko iraultza, edo 1917ko iraultza boltxebikea) baieztaturiko izendapena –“iraultza” “sozialismoa”- maileguan hartzen zuten. Mailegu horrekin erlazionaturiko eta berak legitimaturiko hainbat ezaugarri daude: ordena zaharrekiko hausketa, bilera masiboen sostenguaren bilaketa, estatuaren estilo diktatoriala, erabakiaren patua, Langilearen apologia, e.a.” (Badiou, Etika, 87-88 horr.).

Berdintasun hauek kontuan harturik, non legoke, bada, komunismoa eta nazismoaren arteko aldea? Hori guztia aurrera eramateko erabakitako subjektuan ala giza taldean:

“Pentsalari talde guzti batentzat, pentsamendu faxistaren esparruan eta Heidegger eskluditu gabe, gizaki berria hein handi batean antzinako gizakiaren ber ezarpena da, oztopatua izan den hori, desagertu dena, ustelarazia izan dena. Purifikazioa zera da desagertu den jatorrirako itzulera gutxi ala gehiago bortxazkoa. Berria benetakotasunaren ekoizpena da. Azterketaren amaieran, mendearen zeregina (jatorriaren) ber ezarpena da (benetakoa ez denaren) xehatzearen bitartez (…) Gizaki berriaren definizioa totalitate mitikoetan erroturik dago, arraza, nazioa, lurra, odola, diren bezala. Gizaki berria predikatuen zerrenda bat da (iparrekoa, arioa, gerreroa, e.a.)” (Badiou, El siglo, 91 horr).

Aldiz komunismoak bestelako subjektu edo giza talde bati dagokio eta, hein berean, beste denbora modu bati. Kasu honetan:

“Gizaki berria kreazio berri bat da, iraganean ez zegoen zerbaitena, antagonismo historikoen xehatzeaz sortzen delako. Komunismoaren gizaki berria klaseetaz eta Estatuaz haratago aurkitzen da. (…) gizaki berria mozorro eta predikatu guztien kontra kontzebitua da, partikularki familia, propietatea, estatu-nazioaren kontra (…) Gizaki berriaren kontzepzio hau, anti-predikatiboa, negatiboa eta unibertsala, mende osoa zeharkatzen du”.

Ikusten da, argiro, Badiouk egi bat dioela, Forest-en esanekin bat datorrena: nazismo/faxismoaren subjektua herri/inperioa da odol eta lurreko komunitate bezala ulertua; beraz, egia ere da, partikulartasun supremazista aldarrikatzen du mugimendu horrek bestelako herriekiko. Komunismoak, aldiz, unibertsaltasun baten atzetik dioan giza-taldea, proletalgoa deiturikoa, aldarrikatzen du, gizaki berriaren sortzaile gertatu behar dena. Eta estatu-nazioen antagonismo historikoei muzin eginez, antagonismo berri eta globala planteatzen du historiaren benetako norabide gisa. 

Desberdintasun ustez sakoneko honek, halere, Badiouk aipatu ez duen berdintasun bat dakar berarekin: egia, bai, nazi-faxistek supremazismo bat proposatzen dutela. Hein berean, komunismoaren subjektu berriak bestelako supremazismoa planteatzen du –klase supremazismo bat, subjektu bat bestearekiko supremazista dena. Egia esan, ondorioei begira, bost axola supremazismoa partikularra ala unibertsala izan, supremazismoa bada. Eta bai bataren eta bestearen izenean, mundua konkistatu nahi izan da eta, horren ondorioz, milioika gizaki eraila izan da horien izenean. Nazi-faxismoaren jatorriko gizakia –Nietzschek hain maite zuen gizaki noble eta indartsua, gerreroa, konkistatzailea- eta komunismoaren gizaki berria –iraultza mundu bazter guztietara hedatu behar duen gerrilari armatua edota bere gaineko mugimendu politiko-militarra- botere borondate ahalguztidun nahi berdin baten seme bizkiak gertatzen dira horrela. Subjektuak metatzen dituen kontzientzia desberdina izan arren, aparailu berdintsuetan gorpuztu egin da historikoki –alderdi bakarra, estatu totalitarioa, etsaiaren izendapen eta hilketa sistematikoa… Esan dezagun, supremazismoari dagokionez, komunismoa eta nazismoa berdinak direla, politika horrek gizartearen konkista eta bategitea eta etsaiaren erailketa masiboa suposatzen duelako.

(Jarraituko du)

Anuncios

Responses

  1. Oso gauza interesgarriak irakurri ditut hemen.

    Bi azpimarratuko nituzke:

    1, Marxismoa suprematista dela, Imanol, zuk azaldu berri duzun bezala. Iraultzaren alde daudenak iraultzaren kontra daudenak baino gehiago balio dute, eta hori Mao-k argi esan zuen, iraultzaile baten heriotzak mendi baten zama zuela, eta erreakzionario batenak, lumarena. Naziek gauza bera pentsatzne zuten juduen eta arioen heriotzari buruz. Ez al da hori, bestalde, Ezker Abertzalearen jarrera izan? Euren hildakoek asko balio dute baina ETAk hildako hildako guardia zibil edota zinegotziek, bat ere ez. Galfarsorok jendeari ziria sartu nahi dio, marxismoa supremaizasta ez dela sinetsi dezan. Egia da marxismoak berdintasuna aldarrikatzen duela, baina suprematismo ideologiko-morala da berdintasun horretara heltzeko praktikatzen eta teorizatzen duten bidea. Ez dakigu noiz helduko den berdintasuna, eta bitartean milioika eta milioika “luma-heriotz” ikusi ditugu eta… ikusteke gaude?

    2, Milan Kunderak ere esaten du, nazismoa eta komunismoa ezin direla guztiz baliokideak ikuspuntu kultural eta ideologiko batetik, nahiz eta moralki berdin izan gaitzesgarriak. Eva Forest eta Galfarsororen argudio bera erabiltzen du: Nazismoa berez da bortitz eta bere burua hala agertzen du. Ideologia anti-humanista da eta beraz bere jarduna koherentea da, nolabait. Kunderarentzat komunismoa ordea humanismotik sortua da, eta horrek egiten du bereziki ikaragarri komunismoak sortutako milioika heriotzek. Naziek argi ta garbi zioten euren mundu perfektuan juduek ez zutela lekurik, komunistek ordea, euren paradisuan mundu guztiak lekua duela diote. ¿Ez al da beldugarria eta monstruosoa, ez al du erakusten nazismoak baino era siniestrago batean, gizakiaren erokeriarako potentziala, denontzako paradisuaren izenean eta, (Eva Foresteen hitzetan) maitasunaren izenean egindako milioika hilketak ikustea?


Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

Categorías

A %d blogueros les gusta esto: