Azala / Portada » Komunismoa eta Nazismoa (Eva Forest-en gogoeta baten harira) [eta 2]

Komunismoa eta Nazismoa (Eva Forest-en gogoeta baten harira) [eta 2]

Imanol Lizarralde

hitler_stalin2) Etorkizuna asmatzeko baliabidea edukitzea. Egia da bereberki, Badiouren aipuak argi utzi duenez, nazi-faxismoa iragan ideal bati begira dagoela eta komunismoa berriz etorkizunari. Baina iragan mitiko batetara itzultzea ala etorkizun mitiko batetara abiatzea ez dute, funtsean, alde erabakigarririk: biak ez-denbora moduak dira, oraina ala oraingo egoera, denbora eta egoera errealak, deuseztatzeko irudikapen erabilgarriak.

Era berean, komunismoak nazi-faxismoak baino etorkizun hobeagoa izan du, luzeago iraun du eta gure artean, Euskalerrian eta beste leku askoetan, bere aldeko jendea erruz badago. Egia ere, komunismoak, Marx eta Engels-en Manifestuan, mundu globalizatua irudikatu duela eta globalizazio horren araberako klaseen arteko gatazka unibertsala iragarri. Baina uste zen joera horretako aldaketa unibertsala ez da gertatu. Aitzitik, XIXgarren mendean nagusi zen ordenu demokratikoak burua altxa du, komunismo formalak atzera jo bitartean, eta atzera jo, gainera, garai historiko jakin baten masa gizarte eta diziplinarekin identifikaturik, ezinezkoa izan zaiolako puntako mugimendu gisa iraun eta jardutea. Hainbat mugimenduk eta intelektualek komunismoa egungo gizartera egokitu nahi izan dute, bere ildoa baldintza berrietatik berretsi nahirik.

Posible da gertatzea Marx eta Engels-ek ziotena, bi alderdi globalen arteko hil ala bizizko borroka unibertsala? Hori, ez dut dudarik, litekeen aukera bat da. Eta gaur egungo komunistek eta sozialista iraultzaileek horrekin amets egiten dute, mundua itxuraldatu lezakeen mundu kolapsoarekin. Nik, halere, ez dut gatazka horren ondoriozko txori eta lore arteko etorkizun politaren arrastorik susmatzen, alderantziz baizik, xehatze masiboaren usaina dario ikuskizun apokaliptiko honek, non eta negu erradioaktibo batek inguratuko lituzkeen ahalmen apurtzaile global horretatik libratutako giza talde bakanak. Gizakiak, bai, dauzkan bitarteko teknologikoak direla merio, bere burua akabatu dezake. Horretaz mundu hobeago baten itxaropena egitea gaindiezinezko kontraesana da. Egia diote, beraz, Badiouk eta Forestek diotenean komunismoak, nazi-faxismoak baino, etorkizuna asmatzeko gaitasun eta eraginkortasun handiagoa duela. Baina ez gaitezen engaina, hori ez litzateke gizakiaren mesederako, bere erremateko hondamendirako baizik.

Horregatik, sarraski globalerako aukera sortu denean, hala nola islamismo politikoak sortu zuena irailaren 11ren erasoekin, orduan gure iraultzaile bertako eta kanpokoen aldetik biba eta txaloak hasi dira, “inperialismoa” eta “kapitalismoa”k jasandako jipoiarengatik. Ez dezagun ahaztu, nazismoak eta komunismoak, beren garai puntakoenetan, ituna egin zutela mundua horren arabera partekatzeko asmoz. Beraz, lehen esan bezala, bada gure artean gatazka globalerako aukerarik. Joera berri eta zaharretako kolapso kideek beti bat egingo dute helburu horretan. 

3) Berdintasuna eta justizia ideien moduko unibertsaltasuna sustatzeko ahalbidea mantentzea. Egia da komunismoak berdintasuna eta justiziaren idealak astindu dituela eraldatu nahi duen edozer egoeraren aurrean. Zer gertatu da berdintasunaz eta justiziaz komunismoak irabazi duen herrietan? Begiratzea besterik ez dago egungo Kuba ala Txinako egoera: batean berdintasunik badago mixeriak eragindako berdintasuna da  –kontuan izan gabe nomenklatura itxi batek boterea eta aberastasuna dituela monopoliotzat herriaren mixeri gorriaren erdian. Bestean, Manchesterko kapitalismoa ipuintxo baten neurrira jartzen duen desberdintasun ikaragarria sortu da, gobernatu eta gobernatzaileen artean, eta aberats eta pobreen artean. Halere, estatu horiek berdintasuna eta justizia aldarrikatzen dituzte beren helburu gisa. Zer esan nahi du horrek? Beraientzat, berdintasuna eta justizia borroka tresna direla, praktika hegemoniko jakin bat sustatzeko asmoz. Boterea lortzeko edota boterean mantentzeko ideiak izan dira hauek komunistentzat.

“Denok berdinak gara baina batzuk besteak baino berdinagoak” zioen Napoleon txerritxo komunistaren esaldi famatuak George Orwellen eleberrian. Berdintasuna eta justizia borrokan arabera astindu beharreko maila ideologikoak dira, ikuspegi honetatik. Komunismoaren praktikan ikusten da ez dela gauza berdina berdintasun eta justiziaren bandera azpian mozorrotua egotea eta berdintasuna eta justizia zabaltzea. Beraz bi idei horiek “sustatzeko ahalbidea mantentzea” horien praktikaren etsaia izan daiteke.

Hemen, beste gauza askoetan bezala, komunismoak bi aurpegi kontrajarri (okasioaren arabera aldatu daitezkeenak) erakutsi ohi ditu: batetik, balioen aurpegitxo errukigarria, non eta komunismoa, Gianni Vattimo eta Santiago Zabalaren esanetan, kapitalismoak egindako desmasien mugatzailea izango litzatekeen; bestetik, zientifikotasunaren aurpegi zurrun-harrizkoa; balioak –justizia, berdintasuna barne- ilusio ideologiko soilak dira eta beraz estatu-erakunde komunistaren mesedea da balio gailena.

Kasu honetan, esan genezake nazismoak ideal itsusiengatik hil egiten zuela (arraza desberdintasunagatik, adibidez); komunismoak berriz ideal politengatik (berdintasuna eta justizia). 

4) Amankomuna eta elkartasunaren zentzuari buruzko mundu maitasunean oinarrituta egotea. “Zeintzuk dira gure etsaiak eta zeintzuk gure lagunak? Hau  da iraultzarentzat funtsezko arazoa”. Horrelaxe mintzo zen Mao zaharrak. Eta era berean Carl Schmitt jurista naziak zera zioen: “etsaia eta lagunaren arteko banaketa espresuki politikoa den banaketa da”. Forestek aipatzen duen “mundu maitasuna” mundu erdiarekiko maitasuna da, beste mundu erdia, etsaia dena, gorrotatu behar baita. Unibertsaltasun erdibitu eta eskizofrenikoa dugu hemen. Bosmajianek esaten duen bezala: “Marxek ez du bakarrik nahi amorrua eragin (…) baizik eta saiatzen da gorrotoa zuzentzen ez bakarrik gizabakar baten kontra, baizik eta klase oso baten kontra”. Gure gorrotoa neurri planetario batetara hedatu behar da horrela. Eta berak eragiten du mugimendu iraultzailean iraultzaileen arteko maitasunaren beroa (gorroto ere bilakatu daitekeena, gaurko lagun/burkidea biharko etsaia gertatu baitaiteke). Juduak gorrotatzea (nazien moduan) ala burgesak gorrotatzea (Marxek agintzen duen moduan) gauza beretsua da, azken batean giza talde anonimoak heriotzaren zigor pean jartzen baditugu ez baitira bat edo bi hilko, milaka eta milaka baizik. Eta juduak eta burgesak ez direnak ere hilko dira, etsaiaren bilaketa etengabea baita nazien eta komunisten helburu nagusienetakoa. Adolf Hitlerek zioen: “jendeak esaten dit batzutan: izan kontu. Hogei urteko gerrilla gatazka izango duzu eskuen artean! Ni benetan txoratua nago etorkizun horrekin… Alemania etengabe adi egoeran izango da”. Politika gerra bezala ulertua eta etsaiaren bilaketa dira bi ideologia/praktika hauek txoratzen dituen gakoak, beren subjektu kolektiboak, alderdi-mugimendua, gihartzeko, elkartzeko eta indartzeko gailuak baitira horiek. Forestek aipatzen dituen “mundu maitasuna” eta “amankomuna eta elkartasunaren zentzua” milioika hildakoen hilotzetaz janaritzen dira.

Etsaiaren bilatze eta izendatze honengatik nazismoa eta komunismoa giza nortasunean dagoen egoaren mekanikarekin identifikatu egin dira eta gainera gizartera proiektatu dute, bertatik indarra eta kemena xurgatu baitezakete etenik gabeko prozesuan. Kultura judu kristauak gizakiaren gogorkeria eta gogorkeri nahia nola kudeatu izan du helburu historian zehar, Cainek Abel hil zuenetik jakina baita gizakiaren grina gaiztoak (egoak, kontzientzi faltsuak) etsaia aukeratzera eta etsaia bizitzaren zentzu bilakatzera deliberatzen gaituela. Ustez kultura melenga honen kontra jazarri ziren bi mugimendu horiek eta balio horiei teoria eta praktikan egindako borrokan ikusten da bien arteko adostasunik handiena.

Dena dela, Galfarsorok, Forest-en bitartez, estatus berezi bat aitortu nahi dio komunismoari, historikoki egin dituen sarraski eta demasien gainetik dagoena. Maila horretan, fedearekin topatuko gara, hainbat milioika eraildako ontzat ematen duen fede politikoa, katastrofe eta desastreak iragarpen eta desio dituena batean. Gure herrian ere pairatu ditugu fededun horien ekintzak eta fede horren fruituak. Eta Galfarsoro eta beretarrak dira bere egungo profeta-filosofoak.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

19 comentarios en «Komunismoa eta Nazismoa (Eva Forest-en gogoeta baten harira) [eta 2]»

  1. Para muestra un botón:

    «El movimiento nacional-socialista tiene un solo maestro: el marxismo»
    (Goebbels, «Kampf um Berlin», p. 19)

    «Nosotros somos socialistas, y enemigos mortales del actual sistema económico capitalista».
    (Der Nationalsocialismus, die Weltanschauung des 20 Jahrhunderts)

    Por no hablar de la colaboración de Hitler y Stalin con el Pacto Ribbentrop-Mólotov.

    Werner Sombart, el único profesor alemán que comprendía El Capital.según Engels, elaboró el programa económico del Tercer Reich.

  2. Arazo honek polemika haundia sortu zuen Frantzian profesore talde batek publikatzean Komunismoaren Liburu Beltza. Orduan esaten zuen Philip Petit ezkerreko tipo batek, «hildako guztiek ez dute berdin balio».

    Komunistek indignazioz ukatu dute beti erregimen comunista eta nazien konparazioa.

    Ahaztu egiten da naziek berdin ukatuko zutela indignazio berdinarekin. Halazta iritzi anitzetako autoreek egin dute konparazioa, Waldemar Gurian, Elle Halévy, George Orwell, Victor Serge, André Gide, Simone Weil, Marcel Mauss eta Bernard Shaw.

    Exenplu bat jartzeko, Margarete Buber Neumann Alemaniako Alderdi Komunistaren zuzendari baten emaztea kanpo sobietarretan eta kanpo nazietan izateko esperientzia izan zuen eta bera testigu izanda esaten zuen: “ez dut uste inoiz izan denik eta oraindik horrela gertatzen denik gradu diferentziarik kanpo sobietikoen alde”. Bere ahotsa berehala izan zen isildua.

  3. Gertaera zitalak eta ankerrak erangin zituzten bi totalitarismo horiek. Aitzakirik ez. Baina zerbaitxo bat badago, filosofiaren aldetik, nires ustez alde nabarmena markatzen duena: Naziek ez zuten onartzen judu bat ario bilakatzea. Sobietarrek, ordea, onartzen dute burges bat proletario (edo hobeto esanda: proletarioen diktaduraren sustatzaile) bilakatzea, unibertsaltasuna eta ilustrazioa tartean delako. Jakina, komunismo sobietarrak ilustrazioaren idealak usteldu zituen, Inkisizioaren torturatzaileek «Gure Aita» usteltzen zuten moduan. Beraz, berdintasuna, askatasuna eta senidetasuna balore zilegiak izan ere izaten dira, komunismo sobietarra (eta diktadura batean oinarrituak, kuban, korean, edonon) ez da zilegi ez eredugarri.

  4. Bitartean dena dela bi gauzatxo: 1/ Eva Forest, eta 2/ komunismoa. Barkatu zuzenean erantzun baino estekak proposatzen baditut. Hemen aurkituko dituzuenak azaldu nahi dudana argitzeko egokiak direlakoan nago eta espero dut zuek ez uste izatea asmoa hemen nire txapak entxufatzea dela-edo. Ez, Asmoa eztabaida orokorrari kutsu eraikitzaileagoa ematea da.

    1-Eva Forest – egia esanda Imanol Lizarraldek aipatzen duen artikulutik abiatuta ez zuen jakiterik baina “maitasuna amore ez ematea da” http://basque.criticalstew.org/?p=10296 oso gainetik irakurtzen baduzue ere konturatuko zarete aipatzen den sinposio platonikoa “errealismo magikoan”-edo oinarritzen dela hor nonbait, gero saiogintzara transplantatzen dudana – Beraz Eva Foresten irudia oso errelalista da baina bere presentzia, edo Joseba Sarrionandiarena, kasurako, oso tentuinguru magiko batean kokatuta dago. Barkatu gaizki-ulertuagatik.

    2- Komunismoa: ez naiz betiko platitude anti-komunistak errebatitzera sartuko, zeinak bestalde, eta zoritxarrez, ez diren soilik zuen prerrogatiba. Arestian aipatu erantzunean banabil aztertzen aberriberrin orohar besarkatzen duzuen partikularismoaren defentsa horren azerrimoaren atzean zer ezkutzen den. Oraingoz baina, begira, hor konpon EHko ‘ezker iraultzale kañi-sobietarren’ bizkar gainean 800 hildakoez goitik historiako gulag eta holokausto guziak ere zamatu nahi badituzue. Nik neuk zera irakurtzera inbitatzen zaituztet:

    2A: “Gianni Vattimo and Santiago Zabala’s Hermeneutic Communism” by Imanol Galfarsoro, Eduardo Mendieta & Arne De Boever, Los Angeles Review of Books, LARB-en oraintxe puntuan agertu dena ( https://lareviewofbooks.org/essay/hermeneutic-communism ) eta non ikus daitekeen komunismoak egon mota askotarikoak daudela eta batzuk behintzat ez dirrela horren desfasatuak zeren eta bestela ez zuten aipatuko Columbia University Press-en (ikus: http://www.cupblog.org/?p=12490 )

    (Bidenabar, entrebista hori ingelesez dago baina hasiera batean euskaraz egin zen eta hAUSnART aldizkarian agertu zen orain dela zenbait hilabete. Suposatzen dut laister pdf-an egongo dela baina tartean erreferentzia zera da: ZABALA, Santiago (2013) Komunismo hermeneutikoa – herritar ahulentzat pentsamendu ahula” hAUSnART, 3. Zenbakia 14-33).

    2B: Alain Badiou Lapikoan ( https://www.dropbox.com/s/cvdxaz3vt3frw13/50189217-LAPIKO-TXOSTENAK-BADIOU.pdf ) Batez ere propasatuko nizueke lehen 20 orrialdeak gainetik begiztatzea. Alain Badiouren figuratik abiatuta gure artean komunismoari buruz sortzen den eztabaida, 2010an eman zena, interesgarria eta erraz ulergarria dela uste dut, eta gainera komunismoa eta nazismoari buruzko bi post hautean barreiatzen diren prejuizio asko aurreikusita daude

    Eta oraingoz besterik ez. Eskerik asko.

  5. Kaixo Galfarsoro Jauna!
    Zeintzuk dira ba esan diren «platitude anti-komunistak»? Eta zergatik dira zure ustez «platitude»?
    Bestalde, «platitude» ez den ezer esan al da?

    Eskertuko nizuke erantzuna :-)

  6. Begira, Galfarsoro Jauna. Niri iruditzen zait Santiago Zabalak hemen zuk jarritako artikulu honetan esaten duen hau Imanol Lizarralderen artikuluaren 4. puntuarekin batera irakurtzea oso argigarria dela. Hare gutxiago ulertzen dut orain, non dauden «platitudeak» :-( Ez dut ikusten funtsezko inongo kontraesanik IManol Lizarralderen artikuluaren 4. puntuan esaten denaren eta Santiago Zabalak esaten duena denaren artean. Ikusten al duzu zuk?

    Hementxe Santiago Zabalak zuri erantzundako. (Maiuskulak nireak dira; noski).

    «Communism, as the antistatist realm for equal opportunities, today has become the best idea, hypothesis, and guide for nongovernmental or stateless political movements, such as those that arose from the protests in Seattle (1999), Cochabamba (2000), and Barcelona (2011). Although each of these movements fought for different specific causes (against injurious economic globalization, the privatization of water supplies, and harmful financial policies) THEIR ENEMY WAS THE SAME: democracy’s system of property distribution through capitalism’s private impositions. (…) However, communism is not proposed any longer as a program for political parties to repeat previous historical regimes, but rather as an EXISTENTIAL RESPONSE TO THE CURRENT NEOLIBERAL GLOBAL CONDITION. (…) After all, politics is not supposed to be simply at the service of everyday administrative life, but also to provide a reliable guide for everyone to fully exercise existence.»

    http://lareviewofbooks.org/interview/galfarsoro-zabala

  7. Platitude anti-komunistak dira betiko iritzi arruntak eta banalak direlako, orijinaltasun gabeko cliche obio eta insipidoak; eta zergatik dira platitudeak? Bada jarrera erdikoi horren azken asmoa, nahikoa patetikoa galdetzen badidazu, zer eta norbera hor nonbait bitartean gelditzea delako – hor bitartean liberal-demokratiko kristauki-edo, suposatzekoa da, oso modu orekatu eta moderatuan: nik larrua joten dudanean ere ez min ez atsegin, harreman erotiko neurtua baizik, extremismo sexualik gabe! ai ene bazterretako sabelazpi gabeko santu garbiak, santuak eta santuak!!!

    Baina tira, sexoa eta erlijioa ere saltsan sartu ditudanez, bai, platitude ez den zerbait esan esan oi da bai, izan ere, Jose M-ek esan du. Bakarrik igoal, nire irudiko kristautasunaren erru historikoa larregitxo atzeratzen duela denboraren tunelean Errenazimenduraino zera dioenean: «komunismo sobietarrak ilustrazioaren idealak usteldu zituen, Inkisizioaren torturatzaileek “Gure Aita” usteltzen zuten moduan». Eta abade pedofiloen istorioak noizkoak dira? Eta elizaren kolaborazioa kolonialismoarekin zer?

    Eta orain berriro serio jartzen ari naizenez: zuen ezpaleko erdiko liberal-demokrata kristauek ez dute usteldu demokraziaren esanahia esklabutzarekin XVIII. mendean? kolonialismoarekin XIX mendean? inperialismoarekin XX mendean? eta XXI mendeko gerra humanitarioetan? Zenbat hildako sarraski horietan guzietan? Zenbat eta zenbat miloi eta miloi hildako? Normala gero Euzkadiko nazionalista vascoek Euskal Herria historian sartzeko gogo gutxi izatea! Normala euskaldun etnikoen partikulartasuna azpimarratzeko zuek duzuen propensitatea! Historia zikinik gabeko herri errugabea!

    Mesedez ez etorri gero niregana «zuek nor, ni gizabanako autonomoa naiz» eta horelako platitudeekin please :-)

    Ps- orduan Mermeladov, honek zure aurreko galderari erantzun gisa ere funtzionatzen du (beste postean luzatu zenidana unibertsaltasuna eta partikulartasunari buruz) eta gero Zabala eta Lizarralderen testu hautatuen arteko konparaketaz bakarrik esango dut Zabalaren ‘demokrazia’ hitza piskat deskontestualizatua agertzen dela zure aipamenean; hainbat non Zabala bera ia ia buztan gorriko deabru komunistaren gisan erakusten diguzula, eta ez!

    Ps2: «eta ez!» «y no!» esan nahi du noski, eta ez «eta no!». Badazpada ere esaten dut zeren eta Lizarraldek (alias Mermeladov apika?) sarri egiten ditu horrelako nahasketa interesatuak besteen lanak aipatzeko orduan.

  8. Eskerrik asko Galfarsoro egin duzun ekarpenarengatik.

    Pena da hein batean zuk hemen jarritakoa argudiorik gabeko epaiketak izatea. Nik oso zehatz planteatu dut Forest-en adierazpenen ilustrazioa. Zuk link baten sakonetara bidaltzen nauzu, esanez bertan nik jarritako puntuen erantzuna dagoela. Interes haundiz irakurriko dut, halaere, Badioren pentsaera garrantzitsua dela iruditzen baizait eta ez du interes gutxiago bertan diren filosofo euskaldunen eztabaidak.

    Ondo izan

  9. Barkatuko didazu baina azken erantzun hori eman dizudanean, Galfarsoro, ez dut zure azken purrustada hau irakurri. Merezi du erantzun luzeagorik.

    Lehenik eta behin, Galfarsoro, ez zaitez paranoietan erori eta ez saiatu ni Marmeladov jatorrarekin nahasten. Bi gara eta ez bat. Benetan pengarria suertatzen da ikustea horrelakoekin ibili beharra zure postura defedantzeko.

    Bigarrenki, zuk eta Forestek komunismoa aldarrikatzen duzue. Eta teoria-praktika horrek oso genealogia zehatza du: 1917an sortua. Horretara atxekia sortu da ENAM delakoa. Globalizazio politiko baten ondorio zarete eta zuen erroak urrutiko intxaurretan dira. Ni ordea euskal abertzale soil bat naiz, Eta ez ni ez nago herri kolonizatzaile ez eta iraultza kapitalistarekin, gure Euskal Herria egon ez den bezala. Gure herriak ez ditu bestelako herriak konkistatu ez eta bere produkzio moldea inori inposatu. Kanpotik etorritakoa gogoz kontra jasan izan behar du, ordea. Beraz, niretzat, aipatzen dituzun miloika heriotz horiek zure kirako komunismoak eragindakoen adina balio dute eta berdinki gaitzesgarriak dira.

    Zuretzat miloika hildakoek ez dute komunismoa kamusten: hori adierazpen politiko oso larria da. Hiru aldiz honera etorri zara eta oraindik ez duzu arrazoi apurrik aportatu hildako horien ezpaitan komunismoak ekarri duen onura demostratzeko. Zer zara zu eta zer da zure alderdia? Supergizonen supermoral batekin bakarrik epaitu daitezkeen ente ia jainkotiarrak? Unibersitate kapitalista baten pribilegiotaz asebetetzen zaren bitartean, benetan piperrik axola zaizkizu munduko desgraziatu eta esplotatuak?

    Marmeladov-ek testu oso konkretua ekarri dizu eta horretan Santiago Zabalak nik artikuluan adierazitako etsaia bilatzearen logika azpimarratu du, Zabalaren zita luze baten bitartez: deskontestualizatua dagoela? Berriz ere kontu horrekin arrazoirik eman ez dezakezulako?

    Ulertzen dut zuretzat oraindik milenioa etortzekoa dela baina, Galfarsoro, 1989an zuen egitasmoak porrot ikaragarria jasan zuen, herria altxa zen eta tirania komunistak erori egin ziren. Ordurarte zuen egitasmoak zuen gorakako bidea eten egin zen. Zuen jainkoa hil egin zen eta zuek bizirik gelditu zarete. Hori da zure eta zuretarren trageria.

    Guri euskaldun bezala zuen taldekoen totalitarismo hilgarria jasatea tokatu zaigu. Baina hor ere azken eztenkadak ematen dituen hilzori batekin topatzen gara. Euskal Herria biziko da eta zuek historiaren zabortegira abiatuko zarete, inongo oroitzapen onik utzi gabe.

    Agur eta desohore

  10. Ah, bai, Galfarsoro (barkaidazu zure abizenaz deitzen badizut; Lizarralde tokaio duzu, eta desberdindu behar zaituztet nolabait), ahaztuta nuen zuentzako sexua, funtsean, politika besterik ez dela. Hermeneutikaz ari garela, utzidazu esaten honetan ere interpretazioak libre direla. Nik besterik gabe nahiago izaten dut nire bikotearekin lasai, goxoki eta pozez gozatu gure sexualdietaz, burges nazkagarriek nola maitatzen duten pentsatu eta horren arabera jokatzea baino. Esan nahi dut, seguraski zama handia izango da zuentzat sexualdian ere militantziaren beharren arabera jokatzeko zuen buruari jarri diozuen betebehar kosmiko-militante hori. ¿Ez al duzue bada inoiz politikaren betebeharretatik atsedenik hartzen? Edonola ere, zuena da hautua, eta hautu librea denez errespetatzen dut noski.

    Orain ez dut denbora askorik, beraz gerorako utziko dut dagokigun gaiari buruzko erantzuna (komunismoa eta holako zahartxokeriak).

    Adeitasunez, gero arte diotsut.

    Sinatzen du: Marmeladov Funtzionariak

  11. Purrustada izateko askotxo mindu zara! Begira Lizarralde, zure lokalismo petty-nazionalista nahi beste gozatu dezakezu baina, Zizek parafraseatuz, mundu osoan (edo unibertsoan) bezala gure Euskal Herri horren berezi eta partikularrean berdin-berdin, ezinezko da pertsona batek bere baitan ondoko hiru ezaugarriak batera konbinatzea: buru-argitasuna, onestia eta konbentzimendua (baten sinismen ideologikoetan). Sinesten baduzu eta argia bazara, ezin duzu onestoa izan; argia eta onestoa bazara ez duzu sinesle izaterik; eta sinestuta egonik onestoa bazara ezin duzu oso argia izan. Orduan, esaten didazu zu ez zarela ideologia liberal-demokratiko (kristau) hegemonikoaren aldekoa (edo horren plantak behintzat egin egiten dituzu) eta esaten didazu zure euskal abertzaletasunaren partikulartasuna bere kabuz sostengatzen dela (politikoki, kulturalki, sozialki eta ekonomikoki) inolako soporte ideologiko unibertsalik gabe. Bada hala bada hala biz, eta ez bada, ora pronobis. Baina Zizekek esango luke zut benetan horretan sinesten baduzu ezin zarela buruargi adimentsua eta zintzoa izan, biak ala biak batera. Beraz bata edo bestea: edo kirten pello burugabea zara, eta nik neuk behintzat ez dut inolako arrazoirik hori pentsatzeko, edo bestela, zinismoa litzateke zure jarrera nagusia hor nonbait zuk zeuk ere nekez sinetsi dezakezun ideologia JELtzalearen bertute endogamikoez beste guztiori sinetsi nahiaraziz! Zeren eta ezer gutxi inporta bazait ere ulertzen dut zuen eraikuntza sinbolikoan Lagi Zarra bertako foru lokaekin lotzen dela baina zer, JELeko jainkoa Anbotoko sorgina da ala? Ez! Ez da! JELeko jainkoa munduko kristau ororen jainkoa zen, da eta izango, atzo, gaur eta bihar. Eta Jainkoren mezua unibertsala dela jakiteko ez badago zertan San Pauloren lanak irakurri beharrik, merezi du gogoratzea JEL-en historian Lauaxeta handiak berak herria baino jainkoa zuela nagusitzat (Jauna gogorra aldi onetan/Iges eitea lurretik./Ezpedi egin neure oldea/Zeure naia, bai, ostera./Gogoa bijoa zeru argira/Gorputza lur ilunera.) Bai, zeren eta Lauaxetarentzat ere Jainkoa Jainkoa da: on eta maltzur/gaizto biak ala biak batera ( http://basque.criticalstew.org/?p=623 )

    Eta badakizu zer? Askapen mugimenduarekin ere gauza bera gertatzen da. Noski, erreflexiboki, askapen mugimenduaren ‘mezu iraultzailean’ (ideia edo hipotesi komunistan alegia) ‘sinesten’ dudan neurrian, gauza bera esan dezakezu idazten ditudan gauza anitzekiko zintzotasun, adimen edota konbentzimendu mailaz ere. Zalantzarik gabe zure eskuetan dago esatea norainoko arlote zentzu gabeak, gezurtero manipulatzaileak, ideial demokratikorik gabeko barbaro madarikatu fundamentalistak garen gu kañi-sobietarrok, gu euskal talibanok, gure sinismenak serioski hartzen ditugun integristok, hain zuzen ere, fanatikoki, distantzia eta humore ironikorik gabe etc etc.

    Baina zer nahi duzu orain, Monzonen edo Sarrionandiaren poemak errezitatzen hastea? Ez. Aldiz, zure predikzioak hartuko ditut kontutan iruditzen baitzait inoiz ere ez dela oso prudentea etorkizuna horren modu borobilean aurreikustea. Hasteko, Badiou, adibidez, ez legoke ados zure komunismoaren genealogiarekin. Badiouk bere ideia edo hipostesi komunistaren genealogia mendebaleko tradizio iraultzailean kokatzen du eta orain arte bi momentu/prozesu nagusi antzematen ditu justizia, berdintasuna eta elkartasuna aldarrikatzen duen ideia/hipotesi horren garapenean: 1-Iraultza Frantses/Amerikarratik Pariseko Komunara eta 2- Urriko Iraultza sobietarratik Berlineko harresiaren erorketaraino tartean, 68ko Maiatza eta Txinako iraultza kulturala daudelarik. Noski 1. eta 2. momentuen artean bost bat hamarkada joaten dira, Badiouren arabera kontrairaultzaileak eta erreakzionarioak direnak orohar, eta bere tesia da oraintxe bertan 2. eta etorriko den 3. momentuaren arteko denbora historikoan bizi garela. Historia beraz ez da amaitu eta, gauzak horrela, komunismo errealaren kolapsotik honera 20 bat urte pasa dira jada, eta nork daki zer gertatuko den gero ideia(l) komunistaren momentu berri hori politikoki nola konfirutatuko den jakiteko! Dakidana da oraintxe bertan eremu intelektual eta akademikoan behintzat komunismoen proliferazioa nabarmena dela.

    Beraz, Lizarralde jauna, ez dakit askapen mugimenduarekiko erakusten duzun nahi/desira deusezle obsesiboa gauzatuko den eta noizbait desagertu egingo den zuk aurreikusten duzun bezala. Nire susmoa da desagertu baino eraldatu egingo dela.

    Hau da, EHan zuen ezker maiteak oraindik ere pararrato iraungo du!

    Eta horregatik emango dizut orain zerrendatxo bat, EHko ezkerrak datozen urteetan intelektualki nondik edango duen jakin ezazun, eta horrela zure amunizio teoriko eta intelektuala areago lantzen joan zaitezen kontraerasoa ondo prestatze aldera.

    Hasteko, noski, Zizek eta Badiouren lanak ezagutzen dituzu jada, gaur egungo marxismoaren eta hipotesi komunistaren inguruan. Honez gero Vattimo eta Zabalaren lanaz ere jabetu zara komunismo hermeneutikoaz. Seguru nago Michael Hardt eta Tony Negriren izenak ezagutzen dituzula, inperioa, multitudea eta komunalak komunismoan moduko nozioak lantzen. Laclau eta Moufferen ekarpenaz ere jakinaren gainean egongo zara hegemonia eta estrategia sozialistaz. Frank Ruda eta Bruno Bosteels-ek ere asko idazten dute komunismoaren gaurkotasunaz. Susan Back-Morss-en lan oparoa etika comOnistari buruz da eta Jodi Dean-ek horizonte eta desira komunistari buruz idazten du barra-barra. Gero Jorge Aleman ere hor duzu ezker lacandarraren artikulazioak teorizatzen, baten errotiko indibidualtasun/bakartasunaren eta kolektibitatean parte hartu beharraren arteko tentsiotik elikatzen dena. Eta hor daude noski David Harveyren komunismoaren posibilitateari buruzko azterketak eta oraindik modu zabalago batean hor daude pentsamendu subalterno eta postkolonialen ekarpenak eta feminismoarenak etabar etabar etabar.

    Beraz ezkerrari adiotik ez! ez munduan ez EHan. Zure zoritxarrerako (edo zorionerako, batek daki!) EHko ezkerra ez da bukatu. EHko ezkerrak EH askatasunera lideratuko du. Otegik esan zuen bezala: irabaziko dugu; ez igual nik nahi nukeen bezain azkar baina seguru dela zuk uste duzun baino lehenago

    Bukatzeko: Mermeladoven inguruko gaizkiulertuaz problemarik / paranoinarik ez, baina hara hor beste erreferentzia bibliografiko bat emateko aitxakia: Zergatik ez duzu Irala’tar Andoni (Anton de Irala) izengoititzat hartzen? Seguru bere “Bat bitan banatzen da” (1975) liburua irakurrita duzula jada. Marxismoaren (orokorrean) eta Maoismoaren (bereziki) kritika zorrotza da, izan ere hori baitzen bere motoa-edo: marxismoa erasotzeko marxismoa ikasi! Dena dela, bai egia da nik ere ere zu bat izan eta bitan banatuta zaudela pentsatu izan dudla baina tira, ematen du alderantziz dela, alegia zuek biok bat zaretela (ideologiko diot).

    Izan (f)untsa

  12. Galfaroso Jauna,

    Etzaitez pipertu, gizon. Nik ez dut uste gezurtia zarenik, ezta inondik ere. Aitzitik: hain zuzen gezurrik zuzenean esan nahi ez duduzalako hartu duzu kasketa hori. Ez dakizulako nondik atera, alegia.

    Zuk diozu Zabalaren aipamena kontestutik atera dudala, eta, jakina, egia borobila da hori! Ez da aipamenik, kontestutik atera gabe. Aipamenak berezkoa du deskontestualizazioa. Honarte ados gaude, ezta?

    Baina kontua ez da aipamena kontestutik atera den ala ez (ez bait litzateke bestela aipamen bat izango!) baizik eta aipamenaren interpretazioa egokia eta zuzena den ala ez. Eta nik uste dut Zabalaren aipamen hori eta Lizarralderen artikuluaren 4. puntua bat datozela hein handi batean.

    Bestalde, zuk egozten didazu «democracy» hitza kontestutik atera dudala, baina ez dut horri buruz ezer esan, nik beste gauza batzuk azpimarratu ditut, alegia, maiuskulkaz jarri dudana.

    Eta zer da azpimarratu dudana? Bada Lizarraldek bere 4. puntuan esaten duena, komunismoa ez dela baizik eta etengabe etsaien bat bilatzea, berretsi egiten du Zabalak aipu horretan. Zabalak berak dio komunismoak berak ez duela asmo politiko zehatzik bultzatzen, eta horretarako froga dira, askotariko mobilizazio desberdinak, gauza deberdinak defendatzen dituztenak, baina etsai beraren aurkako borrokan batzen direnak.

    Ez hori bakarrik, baizik eta Zabalaretnzat borroka hori da politika, eta politika horrek «esistentiza osorik garatzeko» kontestua izan behar du, eta nik horrela interpretatzen dut, zuentzat politika etsai baten kontrako borroka-eremu dela, eta ez beste ezer, eta gainera pertsona baten esistentzia guztiak agindu edo inperatibo horren menpe egon beharko lukeela, bestenaz inozo edo zinikoa bait litzateke (azken hau zuk diozu Zizek-en harira).

    Eta une hontan René Girard-en esaldi bat datorkit gogora, gutxi gora behera (ez daukat liburua hemen) hauxe dioena: totalitarismoa zera da: gizakiaren baliabide espiritual guztiak ezerezaren aldeko etengabeko mobilizazio batean jartzea. Eta hori da hain zuzen Santiago Zabalak defendatzen duena. Zuk Zabala oso modernotzat duzu, baina Girard-ek 1961-ean atera zion erretratu fina Zabalaren diskurtsoari. Zabalak dioena ez da ezer berririk.

    Zuek defendatzen duzuena borroka hutsa da, gorroto hutsa, helburu zehatzik gabeko gorroto hutsa, erabakitako etsaia anikilatzea besterik bilatzen ez duen gorroto hutsa, eta hori bihurtzea pertsonen bizitzaren leit-motiv bakarra (zuk zeuk erakutsi duzu, zure txortan egiteko estiloa ere kapitalista eta katolikoen araberakoa da! Eurek nola egin, zuk kontrakoa!)

    Zuek esaten duzue ez duzuela proiektu politikorik. Kuriosoa da, Lizarralderi «platitudeak» dizikiola egotzi ta gero, «platitude» horietatik ateratzeko testu batzuk jartzen dizkiguzu, eta non eta… testu horietan Lizarralderen «platitudeak» baieztatu egiten dira!

    Eta hau bai ez dudala ulertzen, esan nahi dut, zuek esaten duzuenean zuen proiektu bakarra etsai baten aurkako borroka hutsa dela, ongi dago esanda, baina Lizarraldek badio (eta komunismoak beti berezko izan duen ezaugarri bat dela azpimarratzen duenean), zuk horri «platitude» deitzen diozu.

    Nik honela ulertzen dut, beraz: kritikatzen denean komunistek proiektu politikorik ere ez dutela eta euren egitasmo bakarra borroka hutsa dela, orduan «platitude anti-komunista» da. Baina, hori bera goraipatzen denean (Zabala-ren kasu), ingelesez argitaratzeko moduko jenialidade bat da!

    Ba nik zera diot: hau bai hermeneutika saioa!

    Ondo izan, Galfarosoro Jauna.

  13. Eskertzekoa litzateke gero, Galfarsorok, antzo, MLNVko gutiek horren samur eta azkar desestaliko balute euren benetako motibazio/xedea. Nazionalismotik beti somatu baitugu hauenak eta gurea (Euskalerriko kausa bere soilean) fitxik ere ez zutela komunean, beti somatu dugu eta hala adierazi ere. Ez digute, baina, arrazoia eman gehienetan. Galfarsorok, aldiz, argi eta klar jardun zaigu.
    Nik ez nioke deusik ere esango. Komunismoa erlijio duela jaunak?Ba, hainbat hobe, ondagiola! Baina…komunismoari aurpegia garbitu nahi izate hori?…Beno niri bost, nahiko eta sobera baitut horren defentsa egiten duela ikusita…Komunismoa baldi bada beraien askapena….

  14. Orain argitu digu gero Garlafarsoro jaunak.

    Hau ez da Espaina ezta Frantzia ere! Ohikatzen zuten beretarrek. Orain aldiz partikularismo delako hitz hartu berrian eskutatu nahi zaigu. Hau ez da Espinia ezta Frantzia ere…hau komunismoaren promozioa da Euskalerrirako!

    Ulertuz noa, ulertuz noa. Ulertzen ez dudana zera da, lo de la concentración de fuerzas…Ah, bai, ulertu dut, lo del tonto util y todo esto…
    Zuenari, 800 hildako atzean ez baleuka, are barregarria ere neritzoke…

  15. Oso partikularista da Galafrsoro ere. Ez dadila unibertsalistatzat beure burua saldu nahian ibili. Izan ere, komunismoa-komunismo, berak eta berek, murga hori soil soil Euskal Herrirako nahi dute. Zergatik ez zoazte zuen profeten sen horrekin espainiako komuneroekin?

  16. Aurreko gizon onek -Galfarsorok- dion guztia nekez eta pekez letu eta gero, ia tutik ere ulertu gabe, bere berri zabalagoa nai nuan eta Interneteko zenbait leioetan ikusitakoak gauzak argiago utzi dizkida.

    Bere HIPOTESI KOMUNISTA unibertsala dan bezela, DEMOKRAZIA eta GIZA-ESKUBIDEAK txikikeriak omen dira.

    Esanaigarria. Alako pentsamendu ankerra bere garbitasunean azaldu ordez, lore jokotako erretorikarekin gorde nai al dek ire totalitarismua?

  17. Galfarsoro:

    Zizek-en gogoeta kontsideratu beharko dut bere pentsaeraren proekzio bezala eta niri ez dagokit, eta unibertsoari edo munduari dagokion, ez dakit nik, baina dakidana da bera ez dela Jainkoa, gizaki bat baizik, zu eta biok bezala. Ulertzen dut balioen disonantzien munduan murgildurik gaudela, posible dela zuk aipatu balioen kontrajarpen hori. Zizek-en kasuan eta zurean seguruenik aukera ideologiko bat da, non eta ideologia baten labanak balioak banatzen dituen eta elkarren kontra jarri. Niretzat onestoa izatea, sinesmena edukitzea eta buru-argitasuna kategoria erabat konpatibleak dira. Gizaki integrala osatzen dute, nire ustetan. Zergatik jarri nahi dituzu kategoria horiek elkarren kontra?

    Beraz kirten ala ziniko izatearen dikotomia horrekin ez naiz identifikatzen. Orduan zu zinikoa al zara? Kirtena ez zarelako, noski. Eta zuk ezinbestez kirtena ala zinikoa izan behar dela pentsatzen duzunez, orduan zure buruari aplikatu niri aplikatu nahi didazun zurea (eta Zizek-ena) den pentsaera. JEL ideologiak eta praktikak onurak ekarri dizkio herri honi, beraz ez dut ente fantasmatiko batean sinesten. Ze onik ekarri dio herri honi “independentzia eta sozialismoa”ren ideologia horrek, zuk sineste duzuna? Niri inork ez dit esplikatu hori oraindik. Dakidana da gure herriak foruak galdu zituela gerra batean, bere jatorrizko ordenua arrasatua izan zela eta JEL alderdiak eta bere ideologiak gure herria bere jatorriko bidera ekartzen saiatu eta lortu duela hein handi batean. Bertute endogamikoek euskaldunok historian zehar iraun bizitzeko adina eman dute. Ordea, “independentzia eta sozialismoa”-k, zer ekarri du? Euskaldunon arteko liskarra, gerra eta zoriontasun eza.

    JEL-en noski kristau Jainkoa eta Anbotoko Mari batu egiten dira, Gernikako arbola sakratu zaharra, bertako naturaren iraunkortasunaren seinalea, eta gizaki guztiak berdin egiten gaituen Jainkoa. Ala ulertu zuten gure arbasoek, kristau Jainkoaren izenean, arbola sakratuaren azpian gure herria eratzen saiatu zirenean, antzinatik zetozen ohitura eta legeen arabera, Kristo aurretik eta Kristorekin jarraitu zutenak. Eraikuntza sinbolikoa, noski, euskalduna besterik ezin daiteke izan, zure eraikuntza sinbolikoa kategoria internazionala den bezala, edonongoa eta beraz ez euskalduna, euskaldunok partikularrak baikara eta gure unibertsaltasuna partikularrean erroturik dagoelako. Gure unibertsaltasuna gu izaten jarraitzea da, mundu anitz baten erdian. Eta Lauaxetarentzat Jainkoa ez da maltzurra, martirien Jainkoa da, berea, bera Euskadiren eta Kristoren martiria izan zenez eta horretaz oharturik zegoenez.

    Nik ez ditut aipatu zuk hor jarritako kategoriak, kategoria bakarra baizik, engainuarena. Noski, zuk uste baduzu kirten ala zinikoa besterik ez gaitezkeela izan, orduan zinikoak kirtena engainatzen du, Dostoievskiren Inkisitore handiak pentsatzen zuen bezala, jendea orohar artalde txatxu bat zela eta orduan lau ilustratuek gidatu behar zutela, beraiek bakarrik zekiten jakinduri baten bitartez, artaldeak ohartzeko gauza ez zen on baten mesederako. Niretzat èuskal aberriaren kausa independentzia kañi-sobietar baten mesedetan jartzea (eta gogorazten dizut hori Apaolazak distiratsuki asmatutako kategoria dela) engainu hutsa da, ez delako zuk eta Apaolazak planteatzen duzuen argitasunez planteatzen. Beraz, txalotzen dut zure argitasuna. Eta ez zaitut horregatik kirtena deituko.

    Arrazoia duzu iraultzaren egiten duzun genealogian baina nik zera hau esan nahi nuen, ezker iraultzailea sortzen denean bere eredua 1917ko iraultzatik zuzenean datorrela. Urriko iraultzak edukiko du bere genealogia eta horretan onartzen dut arazorik gabe zuk egindako zuzenketa, Marx eta Lenin beraiek iraultza frantsesa gora eta behera zerabiltelako. Noski gu euskaldunontzat iraultza frantsesa, Espainiako iraultza liberala bezala, desastre paregabea izan zen. Ezker iraultzaileak berea egiten du, horrela, gure herria suntsitu zuen idealak. Eta barkatuko dit Badiouk baina iraultza amerikarra ezin daiteke, halere, zaku horretan sartu, anglosaxoiak ez baitira frantses-espainolen kera absolutista berekoak.

    Eta nik zera esaten nuen, 1989an eten egin zela tradizio iraultzaile delako hori eramaten ari zen gorakako proiekzioa. Eta horrek, noski, garrantzitsua da, botere borondateak gidatzen duen ideologia batek ez baitezake errexki horrelako hondamendi bat jasan. Jainkoa hil egin zen momentu horretan eta berpiztu egingo bada zombi desitxuratu baten moduan izango da, non eta iraganaren tatxa guztiak distiratu egingo diren. Nik ez dut esan desagertuko denik, zurekin bat nator eraldatu egingo da, baina gauzak ez dira berdinak izango. Besterik ez. Ezker iraultzailea iraungo duela? Ez dut dudarik. Baina dagoeneko zahar xamarra nahiz eta momentu hobeak bizi izan dituela esango nuke eta akaso nirekin bat etorriko zinateke horretan.

    Benetan eskerrak ematen dizkizut eskaintzen dizkidazun erreferentziengatik. Doktorego tesi luze baten jardun izan naiz zuk aipatu autore gehienak aztertzen. Eta beste gauza bat esango dizut: oso gustora, plazerez, egin dudala lan hori eta egiten jarraituko dudala. Halakoxeak dira bizitzaren paradoxak, gai hori nire bidaikidea gertatu da eta ez dut uzteko inongo asmorik, lagun zahar bat utziko ez nukeen bezala, bere purrustadak eta errebueltak gora behera.

    Beraz niretzat ez da zoritxarrik ezker iraultzaileak iraungo duelako, alderantziz baizik, etengabe aztertzaile izateko parada emango dit ezaguna zaidan eremu bat zabaldurik nire jakinduri apala osatuz eta osatuz. Bestalde, ezker iraultzaileak ez dio bere jendeari askatasunik ematen, nola emango gainontzekoei? Lideratu? Zer lideratuko du, Galfarsoro? Garaipena, bai, garaipena da botere borondate ideologien bale zuria. Baina munduko joera aldakorra da, batzutan irabazi eta beste batzuetan galdu. Zuen apustua betiko irabaztea da, ba hori ez da posible, galduko duzue ere, eta agian betirako galdu.

    Eskerrik asko hona etortzeagatik. Ez nuen uste luze jardungo zinenik zure sinesmen eta pentsaerarekin eta niretzat aberasgarria izan da,

    Izan ondo zu ere.

  18. Zertara dator Galfarsoren profetismo hau? Gero kristautasuna eta ez dakit zer…eta zure profeta sen hori? Dena den, «ya estamos en las andadas»…eufemismos envenenados…eman aurpegia Galafarsoro jauna…ez gotortu partikularismo leporatuaz euskal naziodunei…eman aurpegia eta ez egin tranpa…zergatik estaltzen duzu igitaila eta mailuaren proiektu totalitarioa?…eman aupregia eta defendatu zurea eufimismorik gabe, ez izan koldarra. Edo izan da bada koldarkeria horrelako lekaime itxurak hartzera eraman zaituztena? (hor ere eufemismoa beste behin «bake prozesua» deitu nahirik koldarkeriari)

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *