Joxan Rekondo Pyrenaeus-eko Talaian
Joan den asteko eztabaida oso argigarria izan dela deritzot. Aurrena, euskal herria erdigunean jartzen duten indar nagusienak aurrez aurre ikusi ahal izan genituen, bakoitzak bere asmoa azaltzen. Gainera, han azaldu zirenetako hamaika gai eta puntuetan bi gizarte asmo kontrajarritakoak bezala, era garden eta garbian agertu zitzaizkigun. Proiektu hauen arteko aurkatasunak, abiaburuetatik hasita, asko direla ikusi genuen.
Gauden egoeraz jabeturik, EAJ eta EH Bildu direla Eusko Legebiltzarreko indar behinenenak jakinda, interesgarria litzateke bien arteko baterapenak eta kontraesanak zein izan daitezkeen jakitea. Hauek guztiak bil genitzake, baina denei zuku guztia ateratzeko erruz idatzi beharko dugula iruditzen zait.
Gaurko sarrera honetan Urkullu eta Mintegiren arteko lehian, apenas jaramonik eman ez bazitzaion ere, agertu zen funtsezko ezadostasun bati eutsi nahi diot soilik.
Hara, bi kandidatoek euskera erabili zuten gehien bat. Hizkuntza bera, baita hitz beretsuak ere. Halaber, pentsamenduaren adierazlea dela hizkuntza, esan zuen Mintegik. Hizkuntzaren bitartez ezagutarazten dela pentsamendua, ulertu nuen nik. Baina, hitz berdinak erabili bazituzten ere, bi hautagaiek pentsatzen ari zirena, edo adierazi nahi zigutena ez zela gauza berdina igarri nuen.
Har dezagun ‘burujabetza’. Gure buruaren jabe izan esaldia, gure tradizioetan sendoturikoa izanik, adiera askotako esapidea da. Ia denetan, ardura izatearekin lotuta erabiltzen dugu. Nork bere buruarekin, eta besteekiko, dugun erantzukizuna onartzea legokiguke buruaren jabe izateko.
Mintegik menpekoak garela eta eskuak loturik gaudela esan zuen, behin eta berriz. Krisi egoerari aurre egiteko, burujabetza behar dugula esan zuen, orobat. Urkulluren iritziz, ordea, gure herriak baditu ahalbideak zulo ekonomiko honetatik ateratzeko, gizartearen ongizatea galdu gabe. Ele beraren azpian, bi esanahi ezberdineko pentsamendu eta, ondorenez, asmoak. Mintegiren ustez, subirautzarik gabe, botere independienterik gabe, ez dugu irtenbiderik. Baina, gure jendeak, gure familiek, gure enpresariak, gure auzo eta herriek bere buruaren jabe izan daitezke egunerokoetan, azken hamarka urteetan egin ohi duten modura. Etxea zainduz, bizilagunekin elkarbiziz eta lana sortuz elkarrekin, besteren zai egonik gabe. Herria eraikitzekotan, gure kabuz, mikroesparru horietatik hasita eraikitzen baitugu. Irakurri Arizmendiarrietaren aholkua: «Iñork emotekoari edo egindakoari begira dagona iñoren mende dago, naiz erri edo gizon soil«.
Lenguaiak urte askotako idea eta sinismenak biltzen omen ditu. Gure aurreko eta ingurukoei entzunda, urteetako prozesu baten arabera, gureganatu ditugu eduki horiek. Horregatik dakigu buruaren jabe izatea (ardurak hartzea) ez dela aginte publikoa izatera mugatzen. Horregatik dakigu, era berean, buru-jabe izatea eta menpekotasunik gabe bizitzea ez direla gauza bera. Nola ekidin, bada, menpekotasuna egungo mundo globalean? Gakoa da jakitea ardura hartzen duenak (bere buruaren jabe izan nahi duenak) ia ekimen ahalmenik baduen, beste baten menpeko izatea bortxaz ezarritakoa edo ontzat hartutakoa den eta menpekotasun horrek arduraz egitea duguna eragozten duen.
Baina, hizkuntza bada errealitatearen adierazgarria ere. Eta errealitatea aldagarria denez, hizkuntzaren baitan ere aldagaiek eragitea gauza normala da.
Lewis Carroll idazlearen Humpty Dumpty pertsonaiak, hizkuntza botere kontua zela zeritzon: “Hitz bat erabiltzen dudanean, hitz horrek nik aukeratzen dudana esan nahi du”. Botere jokua edo botere borrokaren ezaugarria da, hain zuzen ere, EH Bilduk erabiltzen duen hizkuntza. Burujabetza hitzaren edukia independentziarekin parekatzea, bere esanahia okertu eta murriztea da. Independentziaren faltan, “esku loturik [omen] gaude”. Hitzaren indargabetzeak badu zentzurik ezker abertzalearen estrategian. Estatu bortxatzailea kartzela da herriarentzat. Zenbat eta zapalduagoa (ez-gai, esku loturik) azaldu herria, orduan eta aukera gehiago izango lituke NAEMak eskeitzen duen borroka ‘askatzaileak’.
Borroka politikoa, beraz, hizkuntzaren eremura etorri da. Baina, botere borroka hori ez da parlamentarien esparrura mugatzen. Azken hitza gizartearena da, hizkuntzaren aldaketa jendartearen erlazioetan finkatzen baita.
Burujabetzaren hitzari buruzko gogoeta, esanahi sakonekoa da egungo erronkei erantzuteko orduan. Legebiltzarreko eztabaidak bi planteamendu zeharo aurkakoak agertarazi zituen. Etsia harturik, hil ala biziko apustua tresna publikoetan jartzen dituenena. Eta, aurrean, herriaren berezko sendotasun eta indarrak baliatu nahi dituenena. EH Bilduk ez gaitu gure buruaren jabe ikusten oinarriko giza-eremuetan. Ez, behintzat, etxean, auzo eta herrietan, lantegietan. Masa borrokaren barruan irentsi ezin dituen ekimenak arerioarenak bezala hartzen ditu.
Baina, gure geroaren jabe gara, neurri handi batean. Ez gaude esku loturik egungo premiei erantzun irmoa emateko. Soilik herri edo gizarte oinarrietako hats libre eta arduratsuaren faltan edukiko dugu etorkizuna besterenganatua.
Gauza jakin beharrekoa da ezker iraultzaileak abertzaletasunarekiko duen harremana erabat banpirikoa dela, eta horregatik abertzale sinboloak eta guzti hartuta beste edukin propio bat ematen diela. Hein horretan, normala da, Rekondok adierazi bezala, Urkullu eta Mintegiren hitzaldien arteko amildegia; lehena euskal usadioa eguneratzen saiatzen da; Mintegik, ordea, euskal usadioa desitxuratu eta antzaldatu egiten du eta horren ondorioa ezker iraultzaileak sortu duen kultura eta jokabide aberranteak dira.
Dudarik ez dago, burujabetza ez du loturarik subironatasuna bezalako kontzeptu formal eta zurrunekin; euskaldunok gure buruaren jabe izan gara estatu formalik ezean eta baita Frankoren diktaduraren barnean ere; burujabetza gizakiaren ahalmenean eta gizalegean kokaturik baitago. Ero bat ez da bere buruaren jabe, hein horretan; ezta bere esklabutza onartzen duen morroia; ezta ere gure herria eraiki behar dela existitzen ez delako esaten dutenek. Laura Mintegi azken multzo honetan kokatu genezake.
Helburuak lortzeko biktimismoa estrategi bezala erabiltzea aspaldiko musika da, MLNVrena,haseran jendeak doinu horrekin dantzatzen zuen.Bainan nik uste,egoera, ekonomikoa batez ere,lurjota dagoenean, Urkulluk dion baliabideak erabili behar dirala argi dago eta herritarrek hori eskatzen dutela ere garbgi azaldu da.
“Iñork emotekoari edo egindakoari begira dagona iñoren mende dago, naiz erri edo gizon soil“.
Oso ona Arizmendiarrietaren zita. Euskaldunok beti hartu dugu gure gainean gure jokabidea eta zortearen ardura. Gure iraupena horrekin lotuta dago. Ezker abertzalea, berriz, beti dago urrutiko intxaurrei begira eta ez du ezta azal puskatu bat ere honera ekartzen.