Aberriberri bloga

ENAMen balioak (eta 2)

Imanol Lizarralde

José María Setien gotzaiak giza balioak politika aurreko irizpide etikoaren osagaiak zirela adierazten zuen. Olariagarentzat alderantziz gertatzen da, etika politikaren menpean jarri behar da. Zergatik? Bere ustez politika kontrajarriek ez dutelako akordio ala elkar bizitzaren balio komunik izan behar. Etikak ez du izan behar inongo gizartearen elkar bizitzaren euskarri, eta ondorioz sistema demokratikoa ezin daiteke erreformatu, errotik txikitu behar da goitik-behera. Horregatik esaten du:

“Humanismo honek ulertarazi nahi du kapitalismoaren zein demokraziaren efektu errepresibo eta kriminalak ez direla haien faktore estrukturalen ondorio, baizik eta etikoki hobetzea posible den sistema baten akzidenteak”.

Ikuspegi honen bitartez, Olariagak pentsatzen du gizarteak subjektu erraldoiek eraikitzen dutela. Hori, noski, ez da egia, gizartea gizaki multzoz osatutako sare anitza baita. Subjektu handiak (partidoak, mugimenduak, instituzioak…) gero sortu dira. Baina iraultza handien mitoaren paradigmaren azpian, Olariagak subjektuek eraikitako sistemetan amets egiten du. Amets horiek egi bihurtu ala praktikan jarri nahi izan direnean badakigu zenbateko hondamendia ekarri dioten munduari eta Euskalerriari.

Balioek ala etikak ere borroka eremu bat osatzen dute, beste eremu batzuekin batera: Herri borroka eta borroka instituzionala kamuts izango baitira borroka ideologiko honi adarretatik heltzen ez badiogu”. Orain 30 urte, politikaren liluramenduaren garaian, ez ziren balioak aipatu beharrik, iraultza politikoak askoren amets gertatzen baitziren. Gaurko egunean, gizabanakoak bere balioak eraiki ala aukeratu egin dituela uste duenean, Olariagak darabilen borroka ikuspegitik ezinbestekoa gertatzen da balioen aipamena, nahiz eta hau egiten den betiko politika iraultzailearen mesedetan. Horregatik esaten du “humanistei” begira:

Ez da nahikoa ideologia honen predikatzaileen kontra beronen kontraesanak azpimarratzen ibiltzea (…); aitzitik, alde batetik, diskurtso horren erraiak biluzi behar dira, eta bestetik, gure balioez bete bakea, demokrazia, giza duintasuna eta askatasuna bezalako kontzeptu hutsak”.

Etsaia bere kontraesanetan eraso eta etsaiaren kontzeptuak esanahi berri eta kontrajarriez bete eta beraietaz jabetu, materialismo dialektikoak erakutsi duen teknika da, Olariagak hemen aplikatu duena. Horrek esan nahi du ENAM bakeaz, askatasunaz, giza duintasunaz eta demokraziaz mintzo denean, berak nahi dituen esanahiak ematen dizkiola hitz horiei. Posible da, horrela, ETAk bere historian demostratu duen bezala, borroka armatua praktikan jartzea eta, era berean, bakezko proposamena aurkeztea. Ikuspegi dialektiko honen ondorioz, Olariagak balioen eskizofrenia proposatzen du, Althusserri jarraituz “teorikoki antihumanistak eta praktikan humanistak” izatea, adibidez, nahiz eta kontrako kasua gehienetan gertatu, hau da, hitz goxo humanistez mozorrotu eta justifikatu egiten den ENAMko aparailuen gogorkeri praktikoa.

Alain Badiou teoriko maoistaren etikaren bideari jarraituz, Olariagak “bestea”-ren etika salatzen du. Gutxiengoen eta etorkinen errespetua, horren arabera, asimilazio engainu bat besterik ez da, beltza, homosexuala, musulmana, moroa, ijitoa eta abertzale erradikala sistemaren barruan kokatu dadin. Hemen ere Olariagak ez du kontuan hartzen bi eredu ditugula, eredu frantses-jakobinoa, non gutxiengo delako horiek estatu logikaren zeinuetara makurtu behar diren eta, beraz, beren ezaugarri erlijioso, kultural, sexual eta nazionalak horren menpe jarri behar dituzten; eta anglosaxoi herrietan dagoen kultura anitzetako eredua, non eta estatuaren ezaugarrietara asimilaziorik ez den eskatzen eta gutxiengo horiek beren egitasmo propioa eraikitzeko autonomia daukaten. Olariagak, noski, antzinako kontraesan nagusi ekonomikoaren haustura eta gatazka banaketa du gogoan, gutxiengo horiek ez baititu ikusi nahi “demokrata-parlamentarioa” eta “merkatu-ekonomia”-ren araberako sistemaren azpian, lehen artikuluan esan bezala, Olariagak lotu egiten dituelako demokrazia ordezkatu eredua eta merkatu-ekonomia. Baina demokrazia parlamentarioa eta merkatu ekonomiaren arteko ezkontza ez da ezinbestekoa, Txina eta beste hainbat herrialde diktatorialen ereduek erakusten diguten bezala.

“Bestea”ren etikak, Olariagaren ustetan, “Bat”-a suposatzen du, subjektu modu zehatza dena (“zuria, heterosexuala, euskaldun demokrata… balore humanista mendebaldarrak dituena”). Olariagak ez du aipatzen, ordea, Bat delako horri egindako kritika, bai Alain Badiou unibertsitate irakasle eta filosofo frantsesaren aldetik eta bai bere aldetik, mendebalde horren barrutik egina dela eta gehienetan Bat horren ezaugarrietaz jantzita dagoen jendearen aldetik datorrela. Olariaga eta Badiouren marxismoak ez die autonomiarik eskaintzen gutxiengoei eta aberri nortasun txikiei, hauek derrigor lerratu behar baitira beraiek planteatzen duten gatazka moldera, beren politika iraultzailearen asimilazioa eskatzen diete, bestela etsaiaren kategorian sartuko bailirateke. Olariagak ere dio, etika kantiarraren kontra, gizakia ez dela helburu izan behar, bitarteko baizik, eta ikusita mundua kontraesan ekonomiko nagusiaren arabera moldatzen duela, subjektu erraldoi iraultzaileren baten mendeko izatea deliberatua da orduan.

Ez da harritzekoa artikulua Heidegger filosofo alemaniarraren hitzekin bukatzea:  “Izan ere, zer da hau baino `logikoagoa’: humanismoa ukatzen duenari basakeriaren baieztapena besterik ez zaiola geratzen esatea?”, zioen Heideggerrek ironikoki Gutuna humanismoari buruz (Klasikoak, 2004) idatzian”. Ez da harritzekoa, Heidegger, nazismoaren eta eskuin-muturraren hainbeste filosofoekin batera, mendebaldeko dekadentzia, filosofiaren heriotza eta gizakiaren amaieraren teorien adierazle handienetakoa delako. Hein horretan, elkar besarkatu egiten dira eskuin-muturreko eta ezker-muturreko pentsalariak, bai batzuk eta bai besteek etsai berdina dutenez gero: etika kristau humanista eta bere ondorioko gizarte demokratikoa. Naziek eta komunistek kritika berdina egin zioten mendebaldeko gizarteari: giza izate naturala ukatu egiten zuela ezin konplituzko perfekzio etiko baten mesedetan. Pentsamolde horiek praktikan izan duten eragina ezaguna da denengatik. Kristau-humanista etikaren ideala akaso konplitu ezina izan daiteke, baina gizakiaren gutizi gaiztoei muga jarri die. Setien gotzaiak esan bezala, etikaren funtzioa ez da gizartea moldatzea, politikaren ahalmen oro boteretsuei muga bat jartzea baizik. Olariagak, ordea, ENAMen ikuspegiari jarraituz, etika eta balioak bere politika iraultzailearen gurdiko zaldi bezala erabili nahi ditu.

Salir de la versión móvil