Azala / Portada » Iparraldearen orena? (1)

Ion Gaztañaga

Azken hauteskudeetan EAJ-PNBk izandako emaitzak argitaratu direnean (botuen %6), pentsatu dudan lehen gauza iparraldeko errealitatea zein gutxi ezagutzen dudan izan da. Egunero bizi ditugun euskal politikarekiko ekaitzean, iparraldea guztiz ahaztuta dugu hegoaldean, bai alderdien barruan, bai medioetan, bai ere gure eguneroko bizitzan. Eta ez hori bakarrik, nafarroako blogkideen artikulu eta gogoetei esker nafarroako eguneroko berriei buruzko (NaBaiko polemiketatik aparte) interesa piztu zait. Argi dago zazpiak bat abestea zazpiak ezagutzea baina askoz errazagoa dela.

Iparraldearekiko abertzaletasun historikoak izan duen jokabidearen berri ere gutxi dakigu, bere hauteskunde-emaitzei buruz, eta baita eguneroko arazoen inguruan herrigintzari loturiko hainbat gaietan. Onak a la txarrak ote dira, EAJk azken hauteskundeetan lortutako datuak? Galdera honi erantzuteko, Iparraldean abertzaletasun historikoak izandako historia apur bat ezagutu beharko genuke eta hona hemen gai honen inguruan nik ditudan datuak.

Guda zibilan hegoaldetik iparraldera joandako jeltzale ugari bazegoen, eta hauek izan zuten abertzaletasunaren zentralitatea iparraldean, nahiz eta gehienbat erbestean zegoen gobernua izan zen irudi nagusia. Honek ere gertutasun falta ekarri zuela argudiatzen dute batzuk eta gogora dezagun bigarren mundu gerraren ondoren, aliatuek Frankismoarekin erlazioak berritu zituztenean, Frantziako agintariek Euzko Jaurlaritzaren lokalak itxi eta frankisten esku utzi zituztela eta 1954an orduko François Mitterrand barne ministroak Iparraldeko Euskadi Irratia itxi zuela.

Ordutik aurrera, iparraldeko XX. mendeko abertzaletasuna ezker mugimenduari atxikita zegoen, nahiz eta iparraldeko hiritarren gehiengoa zentro-eskuinekoak izan, eta hauen artean euskaltzale ugari biltzen zituen kristau-demokrazia. Izan ere, Iparraldean mugimendu abertzale modernoaren lehen ekimen garrantzitsua 60. hamarkadan gertatutako Enbata mugimendua izan zen, Itsasuko gutunaren bidez. Adierazgarria da Carrero Blancoren erahilketa eta gero legez kanporatua izan ondoren («nazioaren batasunaren aurka atentatzen zuelako») Enbatako hainbat kidek Euskal Herriko Alderdi Sozialistara (EHAS) osatu zutela eta hemendik jaioko zela HASI alderdi iraultzailea, KAS-eko homogeneizazio ideologikoa aurrera eraman zuena. Legez kanporatua izan eta gero Enbata mugimenduak handik aurrera astekari gisa jarraitu du.

Zein izan da EAJ-ren iparraldearekiko jarrera ofiziala? Arlo honetan Eusko Alkartasuna izan zen azken hamarkadetan ezker abertzaleko soziologiatik kanpora iparraldean abertzaletasun historikoari hegoaldeko alderdi bat aurkeztu ziona. EAJ-ren iparraldeko erakundea osaturik gabe zegoen horretan, Eusko Alkartasunak, zenbait zentristekin kontaktuan jarri eta gero, 1986 mugaren bi aldeetan lan egingo zuen alderdia sortu zen (Larronde eta Camblog bezalako iparraldeko pertsona ezagunen bidetik) eta 1987an iparraldeko erakundea exekutiba nazionalean sartu zuen. Hala ere, Eusko Alkartasunaren hainbat definizio ideologiko, hain zuzen sozialdemokraziaren bidea, ez ziren iparraldeko hainbat kristau-demokraziaren kultura-politikoan parte hartzen zuten zentro-eskuineko hautetsiekin bateragarriak eta honek EAJ eta hautetsi hauen (gehienbat UDF demokristauen) arteko erlaziori bidea ireki zion. Harreman hauek 90. hamarkadan areagotu ziren, EAJren eragina bere bozka urrietatik harantzago eramanez.

1990. urtean eratuko da EAJren Ipar Buru Batzarra baina alderdi gisa eratzeko gizarte-indar oso urriekin eta 1996. urterarte ez zituen alderdi bezala estatutuak aurkeztu iparraldean. EAJk bazuen bai teorian hazkunderako lekua baina ezin izan du orain gutxi arte sustrai finkorik bota, eta horren adierazgarri izan zitekeen orain dela urte gutxi agertutako euskaltzaleez (ez abertzaleez, baizik eta UDFko hautetsiez) eratutako Elgar-Ensemble mugimendua, 2004. urteko hauteskunde kantonaletan %4 lortu eta gero desagertu egin dena. Kristau-demokrazia eta euskaltzaletasuna al dira EAJk iparraldean hazkundea lortu nahi badu jarraitu beharreko bidea? Ala Abertzaleen Batasunaren inguruan bildu beharko lituzke bere indarrak, hainbat mugimendu ezkertiarrekin batuta?

Asko izan dira EAJk nafarroan eta iparraldean izandako estrategiak konparatu dituztenak, NaBai koalizioa vs. bakarrik aurkeztu izana. Konparaketa egitea zilegizkoa izateaz gain, bi estrategia ezberdinetan parte hartzeak abantaila bat badu: bi aukeren alderdi positibo eta negatiboak ezagutzea. Zilegizkoa da ere egoera politikoa erabat ezberdina dela aitortzea, Nafarroan NaBai-ren eskutik aldaketarako bidea ikusten delako (PSN-ren baimenarekin) eta iparraldean aldiz alderdi abertzaleak botuen %10ra iritsi ez eta euskal mailako erakunde administratiborik ez dagoelako. Galdera hor utziko dugu, hurrengo kapitulurako iparraldeko abertzaleek izandako hauteskunde-bilakaera prestatzen dudan bitartean.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

16 comentarios en «Iparraldearen orena? (1)»

  1. EAJak lehenengoz ezker iraultzaileak baino boto gehio lortu ditu Iparraldean. Hau ez da datu makala.

    Piskat irakurri dut izparringian gertakizun honi buruz. Itxura danez EAJ-k utzi dio abertzale-batasun lami-kantuak alde batetara, eta bidea bakarrean egitean eta zentrismoa eta euskaltzaletasuna konbinatzean orduan sortu zaio hazteko bidea.

    Abertzaletasun historikoak eta prezeski Euzko Alderdi Jeltzaleak baditu baliapide ideologiko aski erreferentzia izateko.

    Dena dela jakina da abertzaletasun historikoak bere aukera propioa izorratzeko ze joera duen ere, eta hor ditugu EAko kasua eta Gipuzkoako EAJren kasua ere, non eta Egibartarrek Txabarriren purga egitean alderdia erdi-itzalia utzi duten eskualde horretan.

    Ikasiko al dugu behingoz?

  2. Nik gauzak diren bezala adierazten ditut, Arranoegala.

    Gipuzkoako EAJ-k ez du Iparraldekoa ala Urkulluren ildoa jarraitzen eta gainera bere barruko kritikoak hortxe ditu erdi-itota. Baldintza horietan, azken hauteskundeetako emaitzak ikusita, PSOEk herrialdean gora jo duela eta PNVk baino boto gehio lortu zituela, gauzak diren bezala ageri dira.

    Kilker-soinu soberanistak botoak uxatzen ditu, hori da konklusioa. Iparraldeko kasuak erakutsi digu EAJ-k erreferentzi abertzale-politiko hutsa baino gehio dela.

  3. Eta zuk zer egiten dezu alderdia aurrera jotzeko, kritika lixkarra bakarrik, zer lana egiten dezu zuk?.

    Alderdiaren funtzionamentua ez alda demokratikoa, orduan zer.

  4. Gauza da jakitea, lortu dituen botuetaik zenbat diren benetan EAJren ideologiakoak eta zenbat lehen Abertzale Batasunaren ideologian egondakoak. Izan ere EhBai hautagaitzako botuak botu nuluak ziren. Botu horiek baliogabeak izateak ere EAJri bultzada bat eman izana pentsa daiteke. Hala ere, emaitzak esaguratsuak dira, europakoetan 4000 botu lortu baitzituzten eta beraz, oinarriak sendotzen dihozela dirudi.

  5. Si NaBai se va al traste, el camino de Iparradle parece atractivo, un camino de centro, vasquista y con una política mucho más autónoma que la clásica crítica del bizkaicentrismo. Mi opinión es que las tensiones de NaBai pueden explotar si pronto no hay resultados palpables de cambio. Además, Aralar y EA están tensando la cuerda demasiado. En algunas europeas me suena que el PNV tenía la mitad d leos votos de EA en Navarra, habría que ver cuál es la propoción ahora que EA es una copia de Batasuna. Con un poco de inteligencia, el PNV puede recuperar lo que perdió con la escisión en Navarra.

    En Iparralde, desde luego el camino del soberanismo no lleva a ningún lado. El sentimiento mayoritario es el departamento y también trabajar el sector privado y las relaciones económicas y culturales, dejadas de la mano de Dios y capitalizadas por la izquierda abertzale.

  6. Barkatuko didazu, Arranoegala, baina ni ez nintzen ari Alderdiaren funtzionamentua demokratikoa den ala ez eztabaidatzen. Alderdiaren ildo politikoaz mintzo nintzen.

    Hein horretan kritikatu egiten dut Gipuzkoako EAJ-ak hartutako azken bidea, nahiz eta errekonozitu behar Markel Olano gauzak nahiko ondo egiten dituela eta imajin nahiko ona duela.

    Ez dut astindu nahi barne hika-mikaren arazoa. Esan nahi dudana da EAJ-k ez duela domina abertzalerik behar eta ez dela ibili behar horren atzetik konpetitzen. Era berean, zentrismoa eta bere erro demokristaua erakustean, orduan aurkitzen du berezko hautesgo bat.

  7. Badire nere ustez komentatu ez diren bizpahiru alderdi:

    1.- Balioak. Ez dut kanpaina gertutik jarraitu, baina Jean Tellechea-ren arabera balioen aldarrikapena (balio zentristak eta tradizio kristaua) garrantzitsua izan da, eta hare garrantzitsuagoa oraindik jendea Alderdira erakartzerakoan. Aurreko egunean LEMA-ren web orria ikusten aritu nintzen eta Euskadi Europan hautagaitzaren alde egin duten zenbait hautetsik balioak azpimarratzen zituzten, EAJ-k etxean «betidanik» jasotako balio «euskaldunak» (les valeurs basques») defenditzen zituela esaten. Oso garrantzitsua iruditzen zait hau. Baina, dena den, arrisku bat ere ikusten dut «zentrismo»az hitz egitean, izan ere nere ustean EAJ-ren ideologia zentrismoaz (kapitalismo vs. sozialismo erdibide hori) haratago doa, gizarte eredu propio bat defendatuz, eduki propio eta bereizgarriekin.

    2.- Zentrismoa. Honi lotuta, ezin dugu ahaztu momentu honetan Frantziako zentrismoa (MoDem) krisian dagoela, eta baliteke horrek gure emaitzak puztutzen lagundu izana. Dena den, gaitzerdi: kontua da jende askok lehen aldiz EAJ-ri botoa ematea lortu dela.

    3.- Jendearen arazoak. Diskurtsoa ez da ibili modu antzuan erabakitzeko eskubidea eta «benetako» (?) abertzaletasunaren inguruan, baizik eta proiektu errealista bat aurkeztu da, egitasmo zehatz eta egingarriak aurkeztuz, jendearen kezken inguruan.

  8. Bai Nafarroa eta bai Frantzian, jasotako emaitzak talmalgarriak, ez dira berriak, denbora da makurtuta dagoela burua, errealitatea, hola delako, gainera oker hau, funtsean, ESTRUKTURALA DA.

    Araban jokatzen da une hontan alderdiaren Prestijioa, eta zalantzan dago alderdiaran papera, aurrera begira, territorioan.

    Bizkaian eta, Gipuzkoan, dagoen krisis ekonomikoa begiratuta sozialistak botoak galduko dituzte, zapateroren jestioa desastre haundi bat da, eta alderdia da BERE LAGUN EKONOMIKOA GAUR.

    Usten det deskontentua ZAPATEROK jasoko duela baina ez alderdiak.

    Askotan OPOSIZIOA hona izaten da, ikasteko.

  9. Jean Tellecheari egindako elkarrizketetan argi eta garbi azpimarratzen dut berriz: «democracia cristiana vasca» terminoa.

    Horixe bera da atentzioa deitu didana egin dizkioten bi elkarrizketetan, hautezkunde aurretik eta gero. Orain ulertuko dute batzuek dogmatismo gabeko ideologiari, baino ideologi argi eta garbi bati eman behar zaion garrantzia.

    Geure baloreak hainbeste despertsonalizatzen ari den gizarte honetan, inoiz izan duten baino aintzadaritasun haundigoa izan zezaketen gaur. Baino komplexurik gabeko jendea behar dugu hauek aldarrikatzeko, eta ez ditugu.

    Beti esan dut geureak diren balore politikoak aldarrikatu egin behar ditugula komplexurik gabe, eta ez soilik gure balore nazionalak. Tipo honek egin du eta hortxe duzue zein ondo joan egin zaion.

    Urkulluk ondo egin du hari babesa ematean, baino hemen baten bati merezi duen egurra emango balio, hobe ginateke gaurtik gerorara eta atzotik gaur egunera ere.

    JEL beti gogoan dugula, Agur guztioei

  10. Araban gertatutakoa Gipuzkoan gertatu da lehenago, nahiz eta Arabako kasuan ustelkeria aski areago joan.

    Nik ez dakit zeinek irabaziko dituen urrengo hauteskundeak. Dakidana da oposiziora joateak ez diola Alderdiari ezertarako balio, bere arazoa ideologikoa, erakundetzakoa eta ildo politikokoa baita.

    Dana dala oso interesgarria Galtzagorrik egindako azterketa. Balioen arazoa, ez da hau gauza makala.

  11. Nire ustez hauxe da bidea zentrotasuna isladatzen duten alderdi abertzaleentzat:

    Alderdi bezala existitu daitezela, baina era berean Frantziako beste alderdi «frantziar nazionaletan» ere presente egon daitezen zenbait infiltratu sinpatizanteen bitartez.

    Alderdi «frantziar nazional» hauek esan dezaten sensibilitate abertzale duten pertsonak direla euren listetan, eta alderdi abertzaleek hautagai horiek berretsi edo balidatzeko aukera izan dezaten.

    Beti izan dut garbi herrialde bakoitzak bere idiosinkrasia duela, eta bakoitzarako bere estrategia desberdina behar dela.

  12. porompompero, NaBairen kasuan ere EAJk bere ideologia ere gara dezake, baldin eta NaBairen baitan Herri Batasuna 2 izateko intentzioaren aurrean gizarte nafarraren «erdiko uharkara» (cauce central deritzotena) erakartzen badu. Nire ustez Galtzagorik arrazoi osoa duzu «zentrismoaren» ordez erdiko uharka hori aldarrikatzean, nafarroan eta iparraldean, araban edo gipuzkoan ezberdinak direlako.

    Garrantzitsuena iparraldean euskararen eta euskal kulturaren iraupena dira. Horretarako departamentua oso lagungarri izan daiteke, baina departamenturik gabe ere, gizarteak hartu dezake lidergoa, alderdien laguntzarekin.

  13. Iparraldean EAk eta EAJk izandako barne-tirabirak ez dira makalak izan. Hasieran EA zeuden asko (Camblog adibidez). Orain dela gutxi Claire Nobliaren IBB presidenta ohiaren inguruan egon zen polemika (ez zuen EAJ bakarrik aurkezterik nahi) eta EAJ-PNB webgune berak dioenez:

    «Joan den Abendoan, EAJ-PNBko alderdikideek bere IBBko Lehendakari karguaren amaiera erabaki dute. Bere egiteko moldea gehiengo zabal batez ez da onartua izan. EAJ-PNBko Auzitegi Nazionalak erabaki hori berretsi du 2009ko Martxoaren 25an, astezkenean.»

    Estrategia ondo atera da bakarrik joanda, baina emaitza bestelakoa izan zitekeen eta Nafarroan ere EAJ bakarrik aurkezten bada, NaBai zutik dagoen bitartean, ez du bide erraza lekua lortzeko.

  14. Hauteskunde kalkuluak alde batera utzita, politikoki pentsatzen, NaBai sortu zenean Alderdia NaBain egotea ERANTZUNKIZUN kontua iruditu zitzaidan, Nafarroako egoera politikoa normaltzeko aukera hori ezin zen galdu.
    Eta hala pentsatzen dut oraindik ere.
    Denborak bere fruituak eman ditu eta orain EA-k bere suizidioarengatik Nafarroan sekulako aukera utzi dio Alderdiari garai bateko indarra berreskuratzeko… baina, oraindik ere, hori «B» plana da, momentu NaBai-n segitu behar dugula iruditzen zait, koalizioa ondo bideratzeko aukerak amaitu arte.

  15. Bestalde, iparkide, kontua ez da hainbeste bakarrik joatearena ala ez, ildo politikoan asmatzea baino, Panpoxek dioen moduan, eta bistan da Iparraldean asmatu egin dutela, edo asmatzeko bidean daudela behintzat.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *