Azala / Portada » Erabakiaren gose-egarria

Ion Gaztañaga

Berri politikoak Batasunaren dokumentuaren inguruan egon diren honetan, beste berri batzuen oihartzuna lausotu dute. Eta horien artean komentagarria dira erabakitzeko eskubidearen inguruan entzundakoak. Batetik Zutik Euskal Herria dokumentuan ageri diren «aldaketa demokratikoaren» (lehenago «haustura demokratikoa» zeritzotena) presazko beharrari buruz entzun dugu, «erabakitzeko eskubidea» izango luketen hegoaldeko lau lurraldeen autonomia osatzeko larrialdi-dei bezala. Bestetik, Gipuzko buru batzarreko presidenteak, euskal parlamentuak 90. urtean onartutako autodeterminazio eskubidearen 20. urteurrenean esandako hitzak, «Euskal hiritarreko Euskal Herriaren etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea, ukaezinaz gain premiazkoa» dela azpimarratuz.

Batasunaren dokumentuaren inguruan blog honetan esandakoez aparte ezer berririk gehitzeko ez dudanez, erabakitzeko eskubidearen inguruan planteatu den premiaren inguruan iruzkina egitea litzateke egokiena. Izan ere, «erabakitzeko eskubide» horrek, nolabaiteko sustengua nahi badu hiritarren aurrean, sentimenduetatik haratago doan eremuetan duen eragina nola uztartzen den ikusi beharrean gaude. Hori dela eta, gipuzkoako burukidearen ustetan «ezinbestekoa da Euskadik sujetu politikoaren aitorpena jasotzea Herri bezala biziraupena lortu eta eguneroko politika publikoen kudeaketari ikuspegi propio batetik aurre egiteko». Erabakitzeko eskubide horrek bermatuko lituzkeen kudeaketa alor horien adibide garbiak euskal kultura, euskara, zerbitzu eta sektore estrategikoen modernizazioa, ekonomian berrikuntza bultzatzea eta oro har euskal biztaleriaren bizi mailaren hobekuntza lirateke. Ez da makala, beraz, erabakitzeko eskubideari bizkarrean ipini diogun lan-zakua eta hala ere, Euskal Herrietan hitz hauekin bat etorriko ez litzatekeen abertzale gutxi izango direlaren susmoa daukat, beti ere hitz hauek betaurreko zabalekin badakuskigu.

Iruzkin sakonagorako aukera eskaintzen dute aldiz jarraian entzundako azalpenek. Erabakitzeko eskubidea edo autodeterminazioa, bi eratan uler daiteke. Lehena era estatikoan, data jakin batean gertatu beharreko gertakari bezala, edo hizlariaren hitzetan, etorkizunean egoera erabat aldatuko duen «mugarri» bezala. Ulerkuntza honetan bakarrik azentua jarriko bagenu, «erabakitzeko eskubidearen» bidea pauso diskretoz, hurrenez hurren osatutako mugarri bidea litzateke. Eta nahiz eta fokua azken urteetako Estatutu Politiko berria eta kontsultaren legean egon, esan beharrekoa da erabakitzeko eskubidearen ikuspegi estatikoan Gernikako Estatutua litzatekeela mugarririk garrantzitsuena, beste biek erabakitzeko ahalmenaren ikuspegi juridikoan eragin praktikorik izan ez dutelako.

Egia da bai, egungo Estatutuan onarturik daude ahalmenen transferentzia ezak euskaldunon erabakitzeko eskubidearen ahalmenean eragin larria dutela, eta horregatik eredu ekonomikoan ere badutela bere eragin sakona. «Eskumen horiek bagenitu, gure erabakiak hartuko genituzke eta eredu hobea lortuko genuke» izango litzateke abertzaletasunak izan duen arrazoiz beteriko diskurtso argia. Arrazonamendu horrek ere bigarren galdera bat dakarkigu burura, hain zuzen, dagoeneko ditugun eskumenak, «erabakitzeko eskubidearen» bidean daukagun mugarri honek ematen dizkigunak, guztiz erabili al ditugu?

Hementxe genuke erabakitzeko eskubidearen beste ikuspegia, ikuspegi dinamikoa, progresiboa, mugarri juridikoak lortzeaz gain horien erabilpen mailaren inguruan galdetzen duena. Izan ere hurrengo mugarrira joateko gizartean beharra lortzeko bi bide daudelako: lehenengoa egoera latza sorraraztea, «hausturaren» esperantza sorraraziz eta bigarrena, hurrengo mugarria gerturatzea, ditugun eskumenak maximora erabiliz, hurrengo pauso juridiko-politikoa gerturatu eta gizartean arerio politikoak sor lezakeen «beldur» hori neutralizatzeko. Lehenengoa iraultzaileen estrategia da, bigarrena aldiz, geurea.

Euskal gizarteak larri ikus dezake pauso juridiko berriaren beharra, hainbeste kritikatzen dugun espainiako eredu sozio-ekonomikotik aldentzeko ditugun eskumenetan pauso efektikoak ematen ez baditugu. Eta 30 urte ondoren, hor ditugu oraindik gure herrian eredu horren islada argiak. Erabili al dugu lurzorurean eskumena espainiako etxebizitzaren prezio eta espekulazio eredua mozteko edota ustelkeriarako joera duen udaletxeen finantzaketa hori mozteko? Benetan erabili al ditugu politika fiskalean ditugun eskumen horiek? Euskararen egoera ez al dago iada gure eskuetan, eta ez justizian euskara derrigorrezkoa bihurtuko duen lege horretan?

Atentzio politiko-mediatikoa markoetan dugun garai hauetan, Euskal Herrietan badaukagu nahikoa lan erabakitzeko eskubidea era dinamikoan lantzeko. Gure enplegu-ereduak espainiako ereduaren behin-behinekotasun negargarria duelako, berrikuntzan oinarritutako ekonomia legeetan baino baino hezkuntza eta enpresa-kulturan oinarritzen delako. Gizartearen balio erantsia esfortzua, lana eta laguntzaren orekan datzalako. Gure eguneroko bizitzan sufritzen baitugu espainiako eredu politikoaren zartada, euskal gizarteak argi adierazten duen politikarekiko interes eza, ez al da agian prestakuntza larriko politikarien esku gaudelako? Homogeneizazioaren aurka hitz egiten dugun honetan, erronka gogorra dugu espainiako ereduari jarraiki emaitza eskaxak dituztenean ardura izan ordez errua besteei botatzen dietenen jarrera aldatzeko. Jarrera eta kultura politikoa baitira seguruenik homogeneizazio hispanikoaren eremurik argiena.

Erabakitzeko eskubideak, azken finean, aldioro du bere froga bat hauteskundeetako emaitzetan, eta emaitza horietako joera ikusirik badirudi euskal gizarteak ez duela hain premiazkoa hurrengo mugarri juridikora eman beharreko pausoa, argumentu gehiago behar dituela eusko-hiritarren esku egongo liratekeen eskumenek eguneroko bizitzan izango lukeen eragin positiboa ikusteko. Horrek ez du esan nahi erabakitzeko eskubidearen beharrik ez dugunik, baizik eta praktikan lehenbailehen lanean jarri behar dugula, marko aldaketaren blokeo honen zain egon gabe. Eta erabaki asko instituzioetan hartzen diren heinean herritarren babes zabala jasoko lukeen erabaki-sorta erakargarria sortu behar dela, lidergo instituzionalik gabe larri lor daitekeelako erabakiak hartzeko ardura edota eraki berriak hartu ahal izateko eskumenik. Euskal herrietan erabakitzeko eskubidea eskuratzea premiazkoa bada, erabakiak hartzeko beharra hil ala bizikoa da. Erabakiak hartzearen gose-egarriaren aurrean, busti dezagun behingoz zintzurra.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

8 comentarios en «Erabakiaren gose-egarria»

  1. GAZTA, eres un krak, pero no pienses tanto, no es bueno, a la NOMENKLATURA no le gusta la SANA AUTOCRITICA, NI LOS TIOS INTELIGENTES.

  2. Egun on, Ion.

    Badakit zuek bolo-bolo ahotan duzuen edo erabiltzen duzuen gaia dela ERABAKITZEKO ESKUBIDEARENA.

    Beste jende askok ez du hain argi ikusten. Egia esan gero eta ilunago, edo, akaso, paso egiten du, beste barik.

    Bueno.

    Apur bat gauzak zentratzeko:

    1) Euskal Herriak badu erabakitzeko eskubidea (autodeterminazio edo burujabetza-eskubide)?
    Hori horrela da? Ba orduan zegatik ez du jo inork Nazioen Batasunera edo nazioarteko auzitegietara eta planteatu?

    Bestela, Euskal Herriak ez badu eskubide hori eta lortu, konkistatu behar bada, zein bide proposatzen du bakoitzak?

    2) Zein da subjektu aktiboa? zazpi lurraldeetako Euskal Herria dena batera, lurralde historikoak, bakoitza bere aldetik, edo zelan da hori? Hau da, emaitza zein da «denok bai edo denak ez» edo «Gipuzkoak bai, Arabak ez, Bizkaiak bai, Nafarroak ez,…»

    3) Nork eduki behar du botoa emateko eskubidea, erroldatuta, hiru urte gutxienez erroldatuta eman duena, bertan jaioa, aita edo ama,…

    Ez dakit nire inpresioa da beti, gero eta gehiago, gai hau lantzen dela «lotzeko banderin» bezala, baina ez dagoela landuta.

    Azkenik, independentzia aldarrikatuta, bakoitzak aukeratu beharko luke herritartasuna ala zer?
    Funtzionarioak direnek eduki beharko lukete herritartasun jakin bat edo ez? Eta gizarte-segurantzaren erretiro-sarien kontua zelan geratuko lirateke.

    Ez dakit, baina zoritxarrez beti ikusten du liburu potolo bat, azalean EUSKAL HERRIAREN AUTODETERMINAZIOA izena, baina zabaltzen dudanean orri guztiak zuri. Baina, zuri-zuri-zuri, berba bat ere ez.

    Zorionak zuen web-orriagatik, euskal abertzaletasunaren alorrean, nik dakidala, onena, zalantza barik.

    Eskerik asko zuen lanagatik.

  3. Erabaki eskubidea egunero garatu behar da, ez da egunbeteko gauza edo referendum batean mugaturik.

  4. Txomin ez det ulertzen filosofia hori, egunero nola egunero, zer egin behar da, edo zer ez da egin behar, ESKUBIDE HORI GARATZEKO.

    Esplikatzen ba dezu, eskertuko dizut.

  5. Erabakitzeko eskubidea, estatu espainolak galerazten digu, Ibarretxe lehendakariaren kontsulta debekatu zuelarik. Debeku horren aurrean, ez zen behar bezala erantzun. Ibarretxeren kontsulta hori, Gasteizko legebiltzarrean onartu zen, estatutu berria bezala.

    Desobedientzia zibila izan daiteke erantzuteko modua.

  6. Zorionak Ion, egitan, arrunt sakona zuen emaitzak post honetan.

    Aspalditik ene euritxis, gauzak nahiku aurgi daude han sei uskalherrietan.

    Hau da ados zaudes parte batekilan edo bertze parterekilan.

    Nik neuk, «just in case», vusti ko dut zinzturra!

    Esku emanak, Nevadatik.

  7. Euskalarrano: demokrazia egunero eraikitzen da ta geure partehartzea ezinbestekoa du. Hori da, kritiko izatea, interesa eukitea, geure iritzia ematea… Bestela politiko «profesional»-en eskutik utziko ditugu geure erabakiak eta, haiek hartu behar dituzten arren, gure boterea egun batean mugaturik geratuko da.

  8. Kaixo, barkatu atzerapena, galderei erantzuten saiatuko naiz,

    «1) Euskal Herriak badu erabakitzeko eskubidea (autodeterminazio edo burujabetza-eskubide)?
    Hori horrela da? Ba orduan zegatik ez du jo inork Nazioen Batasunera edo nazioarteko auzitegietara eta planteatu?»

    «2) Zein da subjektu aktiboa? zazpi lurraldeetako Euskal Herria dena batera, lurralde historikoak, bakoitza bere aldetik, edo zelan da hori? Hau da, emaitza zein da ôdenok bai edo denak ezö edo ôGipuzkoak bai, Arabak ez, Bizkaiak bai, Nafarroak ez,àö»

    Nik ez dut gogoko sujetuak lurraldetasunean oinarritzeko sistema hori, eredu jakobino eta antidemokratikoa delako eta euskal tradizioaren kontrakoa. Lurraldetasunaren bandera hori gainera bi mugimendu politikoek darabilte, batetik ENAMen eta bestetik espainolismoak.

    Hori baita espainiako nazionalismoak darabilen argumentua «el futuro de espa±a lo deben decidir todos los espa±oles». Lurraldeek ez dute eskubiderik, ekologiarakoa ez bada. Bihar espainiak Portugal konkistatzen badu, logika hori jarraituz, subiranotasuna eta erabakitzeko eskubidea Iberian dagoela esan dezake eta iberotar guztiek erabaki behar dutela ea Portugalek Iberiatik alde egin dezakeen ala ez. Euskal kasura bueltatuz, hainbat urteetan erreinu independientea izan den (eta Espainiak armaz konkistatu zuen) Nafarroa Euskal Herri sujeto horretara behartu behar al da bere herritarren borondatearen aurka?

    Espainiako estatua goitik behera sortutako eta gerra eta ezkontzetan oinarritutako eraikuntza politikoa izanik, nik euskal gizartearen erabakitzeko eskubidea behetik gora planteatu behar dela deritzot. Izan ere tradizio hori izan da gure instituzioak sortu dituena. Erdi Aroan banderizoek sortutako sarraskiei aurre egiteko borondatez sortu ziren gipuzkoa, araba eta bizkaiko batzarrak eta bertan borondatez integratu ziren monarkiaren hiriak ere. Herrialde horiek borondatez sortu zituzten diputazioen arteko konferentziak hemezortzigarren mendean eta borondate horren emaitza izan da Euskadi sujetua hogeigarrenean. Arazoa da, euskaldunak ez direla Espainiako sistema konstituzioalean borondatez integratu, behartuta baizik. Beraz, nik argi eta garbi denuntziatuko dut euskaldunen borondatearen aurka egindako batasun ez-etikoa eta ez-legala (foru sistema armekin desegin baitzuten).

    Niretzat jeltzaleen tradizio konfederala, askoz demokratikoagoa da, «Euskal Herria» sujetu zatigabe hori baino. Euskal Herria sujeto zatigabe eta soberanoa Espainia zatigabe eta soberanoaren islada delako. Biak antidemokratikoak eta gizakiaren askatasunaren kontrakoak. Beraz, gipuzkoar, arabatar eta bizkaitar, etabarrek borondatez osatzen badituzte beren lurralde historikoak, borondatez Euskadi osatu nahi badute eta borondatez zuzenean espainia eta frantziako bitartekaritzarik gabe Europan txertatu nahi badute bere burua, hori guztiz demokratikoa eta logikoa litzateke. Eta adibidea jarraituz, nik nafarrek eraikuntza horretan parte hartu nahi ez badute bere erabakia errespetatuko dut (ez espainia eta ezkerreko iraultzaleek bezala), eta aurkituko dugu elkarlanean aritzeko, geure kultua komuna eta hartueman ekonomiko, sozial eta pertsonalak mantendu eta aberasteko adostutako eredu bat. Eta ez hori bakarrik, nik beti defendatuko dut nafarrek behetik gora eraikitako instituzioek hartutako erabakia, euskal jakobino eta espainiar zein frantziar jakobinoen aurka.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *