Aberriberri bloga

Birziklaketa eta politika

Read Time:2 Minute, 58 Second

Ion Gaztañaga

Orain dela egun pare bat Donostiako autobus batean Usurbilgo atez ateko hondakin bilketaren iragarkia ikusi dut (EAE eta Ezker Batua). Bertan sistema honen bidez birziklatze maila %20etik %80ra pasa dela diote, honela agertzen da Berriako albistean behintzat. Usurbilgo EAren iritzia oso bestelakoa da bere weborrian irakurtzen den bezala eta gai honen inguruan oposizioak eskatu dituen herri-kontsultari gobernuak proposatu dituen galderak ikustea nahiko barregarria izan da.

Hala ere, hausnarketa honen gaia, ez da birziklaketa maila hori lortu den ala ez eztabaidatzea (hori laster jakingo dugu eta aldundiak interesa izango beharko luke neurketa zuzen eta zientifiko bat prestatu), baizik eta sistema hau nola hobetu litekeen jakitea litzateke, gure herrietako zaborren arazoa ez baita txantxetarako gauza. %80 abirzkiklatzea lortuko balitz ere, egunero sortzen ditugun %20a tratatu beharko genuke, kopuru izugarria dudarik gabe. Eta paradojikoki %20 hori, materia organikoa kanpoan dagoenez (eta beraz, ur gehiena), errausketarako egokia litzateke (osagarriak ote errausketa atez ateko bilketa?). Eta Usurbilgo EAk dioen bezala, datu errealak gutxiago balira, alternatibaren beharra areagotu besterik ez da egiten. Atez ateko sistema hori osasun eta usain aldetik jasangarria al da? Hirietan, 10 pisuko eta lau ateko portaletan non jarriko dira Usurbilen probatzen dituzten poltsa horiek? Edukiontzi bereziak beharko al dira? Hainbat galdera daude sistema hau lagungarria eta orokorra den guztiz ziurtatzeko, baina beti ere analisi zehatz eta zientifiko baten ideiapean, tamalez, beste herrietan eta batez ere gurean analisi politikoekin ordezkatzen duguna.

Birziklaketa gaietan herri aurreratuenen artean Japonia daukagu eta hori ikusteko El País-ek orain dela bi urte ateratako artikuluko datuetara joko dut. Administrazioak guztiz kontzientziatuta daude eta 30 orrialdeko eskuliburua zabaltzen ditu birziklatze arauak azaltzeko. Arropa zaharra edukiontzietan garbirik eta lehor ipintzen da, botilak etiketarik gabe eta garbirik, eta brikak garbituta eta tolestuta eta elektragailuak jabearen izenarekin. Kolore beltzeko plastiko poltsak merkatutik at daude errausterakoan toxina gehiago botatzen dituztelako.

Hainbat etxetan bizilagunen artean egiten dute zaborren sailkapena, eta herri honen zuzentasuna dela eta %90ek ondo sailkatzen dituzte zaborrak, kontuan izanik ez dela lan makala: jogurt bat birziklatzeko, estalkia erregarria da baina beste guztia ez (edukiontzi ezberdinetan beraz). Jogurta naturala edo bioa bada, papera kendu behar zaio eta ondoren piezak banandu, garbitu lehortu eta sailkatu.

Zabor poltsak araututa daude eta supermerkatutan saltzen dira. Ezberdinak badira, zabor zerbitzuak ez ditu jasotzen. Tamaina handiagoko zaborrek (haltzariak, elektragailuak, bizikletak, ordenagailuak), itsaskin ofiziala eraman behar dute jaboaren datuekin, birziklatzeko arazorik balego. Gainera bigarren eskuko merkatu oso handia dute.

Teknologia ere jokoan sartzen da, Tokioko Adachi eremuan txipdun txertela bat darabilte, eta supermerkatuetan bezeroek plastikozko botila bat bueltatzen den duten bakoitzean lau puntu lortzen dituzte eta 1000 punturekin beherapenak lortzen dituzte. Beste leku batzuetan puntuak lortzeko janaria garratzeko poltsei uko egiten lortzen dira.

Ikusten dugunez, hainbat faktore behar dira: herritarren kontzientzia, administrazioen legedi laguntzailea eta exijentzia puntu handi bat. Atez ateko sistemak baditu bere arazoak eta ikustear daude errealitatean lortzen diren emaitzak edukiontzi ezberdinak erabiltzeko alternatibarenkin konparatuta, baina argi eduki behar dugu birziklaketa maila hori %80tik gora igo beharko dugula bizimodu jasangarri bat lortzeko. Eta %20 hipotetiko horrek erremedio praktikoa beharko duela eta ez zabortegi bat edota inon probatu ez den sistema imajinariorik.

%80 utopiko hortara ailegatuko bagina ere, Japoniako adibide hori jarraituz, gure europako ordezkariek zerbait pentsatu beharko dute legedia aldatu eta produktu bakoitza banatu eta aurkezteko erabiltzen den materia kopurua serioki legez murrizteko, hondakin industrialak mugatu eta kontrolatzen diren heinean. Energiarekin gertatzen den bezala, birziklatzea baina askoz eraginkorragoa baita zabor kopurua murriztea.

Eta azken ideia bezala, udal zergak ordaintzerako orduan, ongi birziklatzen dutenek edota zabor gutxi sortzen duenek, besteek baina gutxiago ordaintzea ez legoke batere gaizki. Horretan eta beste hainbat gaietan meritokraziaren bidea baita bide zuzen eta motibagarriena.

Salir de la versión móvil