Azala / Portada » Europak eskeinitako aukeren inguruan, zer?

Europak eskeinitako aukeren inguruan, zer?

Ion Gaztañaga

Hemendik gutxira ospatuko ditugun europako parlamenturako hauteskundeen hotsa ez da oso nabaria. Agian EAJ da bere hautagaitza gehien zabaltzen ari den alderdia, Izaskun Bilbao berrietan behin eta berriro dakusagulako hainbat ekimenetan. Baina europako hauteskundeak berez ahulak badira ere alderdiek beren kanpainatan etxeko arazo eta hika-mikekin jarraitzen dute.

Zapatero berak europako hauteskundeetako mitinak Rajoyri erasoak jaurtitzeko erabiltzen ditu, eta berdin gertatzen da Rajoyrekin. Norbaitek entzun al ditu alderdi hauek europarako dituzten asmoak eta programak? EAJ beraren kanpainaren ekintzak publikoak dira baina europarako dituen asmoen oihartzuna ez da ia entzuten.

Askoz okerrago ikusten ditut beste alderdiak. Aralarren berririk ez dugu ia, ERCrekin egin zuen akordioaz geroztik. EAren kasuan ere barne hika-mikak eta grebaren ingurueko eztabaidek ez diote hautesleari mezurik igortzeko aukerarik eman.

Ikusitakoak ikusita, Europaren etorkizuna ez da oso baikorra egungo buruzagiekin. Lurraldeari berari dagokionez azken urteetako hazkunde handiak bere maniobratasun ahalmena asko makaldu du eta hurbilean ikustezinak omen diren estatu-nazionalismoak izan dira Europari min gehien eman diotenak.

Krisi ekonomikoa globala izanik, europa mailako erantzunaren inguruan eman beharko litzatekeen eztabaida pizteko aukera ederra zegoen, behintzat ekonomia alorrean lortu den batasuna beste alorretan baina handiagoa izan delako. Baina horretan ere, estatu-chauvinimoaren itzala dela edo, estatu bakoitzak bere erantzunak bilatu ditu, emaitza konkreturik eman ez duen G-20aren bilera kentzen badugu. Europa, berriro ere, esloganera murriztuta.

Eta abertzaleok zer? Hor daude herrien europari atxikitako ametsak, baina integrazio politikoaren martxa ikusirik, ez dirudi biharko gauza izango denik. Ba ote beste biderik? Zorionez orain dela gutxi europako gaiei buruzko aditu batek argitu zuen bezala, estatuetatik at etxekolanak ditugun bezala badugu nahikoa lan estatu barruan ere.

Espainiako estatuaren deszentralizazioak, Euskadiren kasuan, ezaugarri bereziak ditu, batez ere ekonomia arloan dugun eta Europak aitortutako kontzertu ekonomikorekin. Baina beste hainbat eskumen ere baditugu eta horien defentsa espainiako estatuak egiten du gure ordez. Honi Estatu Politiko Berriak erantzun batzuk eskeini zizkion, hots:

  • Euskadik zuzen-zuzenean europan bere intersak defendatu ahal izatea, adibidez espainiako delegazioetan zuzenean lekua hartuz berari dagozkioen konpetentzietan eta baita Europako Auzitegira jotzeko aukera izatea.
  • Euskadi hauteskunde barruti bakarra izatea Europako parlamenturako hauteskundeetan.
  • Eusko Jaurlaritzak ordezkaritza ofizialak irekitzeko aukera.
  • Euskal erakundeek baimendu beharko dituzte naziarteko itunak, itun horiek euskal erakundeen eskumenei eragiten dietenean.

Hauetako aukera batzuk martxan daude iada Alemanian, eta beraz, erabat onargarriak  eta posibleak dira gure autogobernua hobetzeko, Europaren birantolaketari itxaron gabe. Eta hauexek alor instituzionalean edo «formalean» garatu litezkeen ekintzak estatutu, kontzertu politiko edo direlakoen araudipean. Baina blog honetatik beti defendatu izan dugun bezala alor «formala» baina interesgarriagoa da alor «materiala», ekintza pribatuaren bidez garatzen duguna.

Nazioen europaren ideia hutsa astintzen dugun bitartean hor dugu Iparraldeko lurralde euskaldunekin harreman ekonomiko, kultural eta politikoak indartzeko gaur egungo aukera eta ez dut uste hor esfortzu gehiegirik egin dugunik, salbuespenak salbuespen. Erraza baita legez debekatutakoari errua botatzea posible ditugun bide gogorrei ekitea baino. Alderdi  jeltzale berak orain dela gutxi arte iparraldean zuen egitura oso utzita zuela ere esatea ez dabil egiatik urrun.

Espainiako estatu barruan izan badugu EAEn bizi garenok Nafarroako erkidegoarekin bat egiteko aukera eta oraindik hor dabiltza opresiori errua bota nahian. «Marko demokratikoaren» ezaren mamuari errua botatzea erraza baita «Nafarroa Euskadi da» leloa tamalgarriari buelta ematea baino. Eta horrexegatik iruditzen zaizkit NaBairen proposamen politikoak benetan interesgarriak. Oztopo nagusienak gure artean ditugulako, eta ez naiz ari polo soberanistak eratzeko zailtasunei buruz.

«Estatuen europari» edota «merkatarien europari» errua bota nahi dionak jarrai beza bere leloarekin, horrek bere kontzientzia arintzeko balio badio. Nik behintzat aurrerapausoak ikusi nahian edo, nahiago dut europako errealitatearen aurrean ditugun aukera konkretu eta posibleak aztertzea, eta horretarako, erantzun konplikatua duen galdera sinplea planteatzea: Europak eskeinitako aukeren inguruan, zer?

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

5 comentarios en «Europak eskeinitako aukeren inguruan, zer?»

  1. Europeismoa gaur egun hutsaren hurrena da. EAJren kasuan Demokristauetatik bota zituztenean Josu Jon Imazek egin zuen lana aipatzekoa da. Alderdi Demokrataren lehendakariordetza lortzea ez baita gauza makala EAJ bezalako alderdi txiki batentzat.

    Baina hortik aurrera, moneta eta askatasun ekonomikoa ditugunean, gure iparraldeko anaiekin dugun erlazio eza salagarria da. Hor badago lana egiteko eta Jonek esan bezala, ezin diogu errua besteei bota, gure ahalmen ezari baizik.

  2. Kezkagarriak iruditzen zaizkit bereziki alderdi barruan entzuten diren zenbait diskurtso, partidu antisistemen linean jartzen gaituztenak.

    Abertzetasunak beti izan duen ezaugarri bat da edozein egoeratan ere aukerak aprobetxatzeko gaitasuna.

    Kontestu zailagoetan ere lorpen garrantzitsuak eskuratu izan ditugu lan gogorrari ekinez. Ez dut uste partidu antisistemen diskurtsoa barneratzeak onik egiten dionik ez alderdiari eta ezta herri honi ere.

  3. Agirre lehendakariaren hitzetan, suhiltzaile baten kongresura gobidatzen bagaituzte, hara joan beharko dugu zerbait positiboa egitera.

    Estatu barruan eta europa barruan dauden mekanismoak gustatzen ez bazaizkigu ere, erabili egin beharko ditugu guztiontzat onuragarriak badira. Hori izan da betidanik abertzaletasunaren jarrera positiboa.

  4. Europarako hateskundeetan Europari buruz bakarrik hitz egin beharko genuke.

    Horrek sortuko zuen geure alderdiaren beste alderdiekiko aldea.

    Horrek adieraziko luke gu garela benetako europeistak.

    Kritikatu behar ditugu PP eta PSOE ez dakitelako espainiatik at begiratzen, eta ez dugu egiten.

  5. Kanpaina bihar hasten bada ere, SER katea Gurtel kasuarekin dabil gora eta behera eta EAJ orain ETBko txorakeria horiekin. Hau marka.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *