Posteado por: aberriberri | octubre 16, 2008

Think Gaur eta CIFS (1): Euskal erakundeen arkitektura berritua

Ion Gaztañaga

Orain dela hiru aste argitaratu zen Sabino Arana Fundazioak eskatu eta “Think Gaur” egitasmoaren barruan aurkeztutako Copenhagen Institute for Futures Studies (CIFS)-ek Euskadirako gizarte-aldaketa arrakastatsu baten garapenaren inguruan egindako aurreneko hurbiltze-azalpena. Azterlan honek hainbat puntu interesgarri ditu, eta hori dela eta bakoitzari artikulu bat eskaintzea egoki deritzot.

Atentzioa gehien deitu didan aholkuen artean “estamentu gehiegi eta entitate txikiegiak” izenburupeko oharra da. Bertan, eskulanaren gabeziak etorkizunean izango duen garrantzia eta horren ondorioz industria pribatu eta publikoen produktibitatearen hobekuntzaren beharra azpimarratzen du. Hori dela eta, azterlaneko aholkuen artean euskal udaletxeen berrantolaketa bat proposatzen digute, egungo 250 udaletxetatik 2020 urtean 40-50 udaletxetara pasatzeko asmoz. Hainbat eskumen udaletxe garrantzitsuetara bideratzea eta beste zenbait Eusko Jaurlaritzara bideratzea ere gomendatzen du Euskadiren irudia sendotu eta lurralde integrazioa hobetzeko.

Orain dela asko jakin badakigu euskal arkitektura instituzioalak bere akatsak badituela, eta aurretik ere Lurralde Historikoen inguruan hainbat tirabira izan ditugula. Hain herri txiki batean hainbat erakunde eta instituzio edukitzeak gainjarpen eta eskumen-talkak eragiten dituela eguneroko kontua da.

Hala ere, eta hainbat urtetan alkate izandako pertsona batek esan eta pentsarazi zidan bezala, ez ditugu mesprezatu behar gure tradizioan eta historian hain garrantzitsu izan diren instituzioak (adibidez, Foru Aldundiak) eta ez dugu “berrikuntza” “ezabaketa”-rekin nahastu behar. Hainbat erakunde izateak ere abantaila bat duelako: kontrapisua eta kontrola.

Izan ere hainbat eskaera izan dira Foru Aldundien boterea txikiagotzeko, bai Eusko Jaurlaritzatik eta baita Udaletxeetatik ere, baina “modernotasunaren” modak ez digu helburu garantzitsuena ahaztu arazi behar: herritarrengandik hurbil egon, eraginkorrak eta kontrolagarriak diren erakundeak behar ditugu. Eskuduntza jakin, zehatz eta egokiekin, beti ere gure tradizioa sustatuz eta berrituz (erretroabangoardiaren beste aurpegi bat, nola ez).

Askotan kexatu gara Foru Aldundiek azken hilabeteetan proiektatutako itxura txarraz (batez ere sozietate-zergaren tirabirak direla eta) baina Foru Aldundiak izan dira, adibidez, zabor eta hondakinen kudeaketa aurrera eraman dutenak, udaletxeen lana egitera behartuta, hauek nahasmenean blai eta erantzunkizunaren ordez politikakerietan hainbat urte galdu ondoren, laguntza eskatu zuten arte.

Bestalde, ez dugu ahaztu behar orain dela gutxi Erkidegoan onartu zen lurzoruaren legea, Foru Aldundiaren eskumen asko udaletxeetara pasatu zituena, “modernitate” eta “bizkortasunaren” lelopean. Baina inork ez digu kontatu Foru Aldundia zela hainbat herri txikietako hirigintza planak baimentzeko eskumena zuena eta honek hainbat zikinkeria eragozten zituela.

Orain ustelkeriaren aurrean kontrol gehiago edo gutxiago al dago? Argi ibili behar dugu, teorian lortzen dugun “eraginkortasuna” praktikan kontrol gabezia batean jausiko baitaiteke. Mediterraneo aldean gertatu diren hainbat iskanbila ez dira udaletxeen eskumen garrantzitsuen aurrean jasandako kontrol gabeziaren adibide makala.

Udaletxeez gain, hauen hainbat eskumen kudeatzen dituzten mankomunitateak ere baditugu gure artean. CIFS-eko informean Eusko Jaurlaritzara eramateko gomendatzen diren hainbat mankomunitate eta udaletxeen eskumenak Aldundietara joatea egokiago izan ote liteke? Ez dugu ahaztu behar Lurralde Historikoetako biztanleria hiri handi batean bizi dena baina txikiagoa dela,  eta beraz, Aldundiak hiri handi bateko udaletxe handi bezala ikus daitezkeela. Instituzio berriak asmatu ordez, berrerabili eta eguneratu ditzagun ditugunak,  Eskandinabiatik mota berri bat kopiatu ordez molda ditzagun gure tradiziora. Norbaitek gure elizaurreko maiteak berpiztu nahi baditu, proposa dezala hausnarketa honetan.

CIFS-eko agiriaren gomendioak interesgarritzat jotzen ditut eta denbora berriek eskatzen dituzten erakunde-arkitektura berriak gure tradizio eta izaerara egokitzeko bideari ekiteko lehen pausoa izatea espero dut. Ez ditugu teknologia berriek eskaintzen dituzten hainbat aukera ahaztu behar, leihatila bakarra lortzeko bide merke eta bizkorra baitira. Horra erakunde birtualentzako aukera argia.

Azterlanak dioen bezala, “ez ditzagun herri nordikoen akatsak errepikatu”, baina ez daitezela ustezko akats hauek gure erakunde-artitekturak beharrezko dituen hobekuntza eta zaharberrikuntzak ekiditeko aitzakia izan. Has dezagun  beraz, Baltikotik Bizkaiko golkorako bidaia.


Responses

  1. Ez dugu ahaztu behar Aldundien eta udaletxeen artean ere arazoak daudela udal legeari dagokionez.

    Beraz, gaia pil-pilean dago eta oso interesgarria da eta gauzak txukuntzeko aukera egokia. Zorionak, Gaztañaga, artikuluarengatik.

  2. Lurzoruaren legea dela eta gogoratzen dut Txabarrik bere egunean errekurtsoa jarri nahi izan zuela baina ez ziotela utzi alderditik. Noski, gure Madrazo-Fofitoren desioak betetzeko abertzaletasunak hainbat sakrifizio behar ditu batzuren ustez…

  3. Ez dakit ondo gogoratzen naizen, baina ez zuten gauza positibo bezala esan, lurraldeetan herrien artean desoreka txikia zegoela eta hori nolabiat foru aldundei esker izan zitekeela? Edo beste leku bateann entzun dut hausnarketa hau?

  4. Artikulu interesgarria. Nire ustez, daukaguzan erakundeak balio dabez. Arazoa da, eskumenak non kokatu, hau da, Udaleetan, Aldundietan, Jaurlaritzan, Europako erakundeetan..edo pertsona baikotzan. Nire ustez, pertsona bakoitzarengan zenbat eta hurbilago egon eskumena hobeto. Adibide bat, ba dirudi hezkuntza jaurlaritzako eskumen bat izan behar dala(dogma moduan hartzen dogu hau), baiña beste herri batzutan hau ez da horrela(Europako Ipar herrietan Udalak zer esan handia dauke hezkuntza arloan). Boterea (eta boterea eskumenak emoten dabe) herriarengan zenbat eta hurbilago hobeto, kontrola haundiagoa izango da eta. Ideia honek kontutan hartuta, uste dot pedagogia handia egin behar dala gure herrian, gende askok uste dauelako ez dagoala Euzkadirik Euzko jaurlaritza gogor(zenbat eta eskumen gehiago hobeto) bat ez ba dago.

  5. Oso lantxo interesgarria iruditzen zait hau, instituzio eta erakundeen papera modu praktiko batean azalarazten duelako.

    Nire ustez gure herriaren ondare haundienetakoa hain zuzen partikularismorako joera delako hori da, nahiz eta gauza batzutan gure kalterako izan. Konforme nago instituzioen aniztasunak korrupzioa eta hainbat gaitza eragozten dituela, kontrapixu bilakatzen dela.

    Eta hori guztiaren ariora gaur DV-k dakarren inkestaren paradoxak aipagarri izan daitezke. Batetik Markel Olanok Barack Obamak baino ezagutza agitzez urriagoa du Gipuzkoako hiritargoaren artean. Hau benetan gauza penagarria da eta gure erantzunkizuna, abertzaleena, goitik behera. Gipuzkoan EA eta PNV batean gobernatzeko aukera dugu eta ez da, inolaz ere, profitatzen ari, gure herrialdeak dauzkan arazoak ikusita gauza txit grabea deritzodana. Politikoak utzi behar ditu poterearen ganbarak eta hiritargoari aurre egin, bai komunikabideen aurrean eta bai herrietako eta erakunde herritarrerako bixita eta kontsulten bitartez. Halakorik egiten ari al gera?

    Udalerria da instituziorik baloratuena eta gero Aldundia. Oraindik tinko dirau gure herrian subsidiaritatearen itzala, sen egoki hori, gure kalterako dena hein batean (gure kulpaz eta guk bideratu beharra dugu ere), udalerri gehienak edota garrantzitsuenak gure etsaien menpe baitaude. Beraz argi dago politikaren bertsio lokala jorratu behar dela, eta hor ere proposamenak egin behar dira.

    Pena da makropolitikaren itxurakerian galdua egotea maila batean gure abertzalegoa. Hiritarrak bere arazoetan arduratuak ikusi behar gaitu, eta bestela akabo.

  6. Argi dago, azkenik, gure herria egituratu beharra dagoela. Bada herrialdeen kontzientzia indartsua eta bada euskal kontzientziarik eta biak bildu behar dira elkarri indarra emanez. Benetan zapuzgarria, eta abertzale garenon itsutasunaren ispilu, ikustea da Gipuzkoa eta Bizkaiaren artean dagoen bizkar-emate nabaria. Hau da, batzutan irudi du estatu foralen garaiean harreman gehiago zegoela euskal bi herrialde hauen artean. Eta, noski, probintziarik aberats eta abertzaleenak ez badute bategiten egitasmo amankomun batean jai dugu Nafarroa ala iparraldearen urrutiko intxaurretan amets egiten.

  7. […] (Think Gaur eta CIFS (1): Euskal erakundeen arkitektura berrituaren jarraipena) […]


Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Categorías

A %d blogueros les gusta esto: