Ion Gaztañaga
PSE-EEk «autogobernua hobetzeko» eta «elkarbizitzarako» plana aurkeztu zuen atzo, hauteskunde kutsua duen ekitalde batean. Hautagaia aurkeztu eta gero, irabazi eta ondorengo planak ere azaltzeko gogoa dute sozialistek.
Lopez-en azken okurrentzia Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gaurko «autogobernua hobetzea», muga gisa da Espainiako Konstituzioa izanda, eta «elkarbizitza» eraikitzea. Dena, nola ez, dena Konstituzioaren barruan egitea.
Hain da nahasia egoera politikoa eta hain da zalantzatia gure jarrera, beste garai batzuetan barrez lehertzeko okurrentzia bezala definituko genukeen hau, kezkatzeko arrazoi batean bihur daitekeela. PSOEren promesak beti dira hauteskundeen ondorenerako, eta hau ez da oso ulergarria, etxekolan guztiak (hautagaia, programa, etb.) prestaturik baitauzkate.
Oraingo honetan, taktika ez de Redondo Terrerosena izan behar eta hori ondotxo ikasi dute sozialistek. Eta hau gutxi ez balitz, Maria San Gilek alde egin du eta agian Euskadiko PPri mamu itxura kendu nahi diotenek har lezakete aurrea eta boterea. Ez da egoera makala alderdi guztiek «zentru» famaturantz joan nahi badute, denentzako lekurik egongo ez delako.
PPren bira ez litzateke sinesgarria izango hemendik hauteskundeetara, baina epe ertainera bira eta itxura aldatuko balute, abertzaletasunaren alde lasaiari, batez ere bizkaian eta araban, kosk egin diezaiokete. Adi beraz, Alonso, Oiarzabal, Basagoiti eta antzerako aztiekin.
Epe motzari begiratuta ordea, hainbeste urteetan mesprezatu eta bete ez duten akordioaren hobekuntzaren alde omen dago orain PSOE eta laster izango dugu PP ere hori eskatzen Konstituzioaren bedeinkapen eta guzti. Eta non daude alderdi abertzaleak?
Egoera hau ikusirik, nik gelditzen diren 37 transferentzia horiek berehala eskatuko nituzke behin eta berriro hauteskundeak baina lehen, sozialistekin bilera eskatuz eta parlamentuan ekimenak aurkeztuz. Setiatu dezagun Cristina Garmendia ikerketa eta garapenerako ministra gai honen transferentziaren eskariarekin, adibidez. Azken batean, Estatutua ez dugulako hauteskundeen menpe jarri behar ezta? Sozialistek orain jantzi nahi duten janzki faltsu horren azpitik kaltzontzilo ez oso garbiak dauzkatela, eta hauteskunde joku kutrean daudela behin eta berriro agerian utzi dezagun.
Oraingo partida hau ez da marko berri baten defentsan bakarrik zentratu behar, besteek bete ez duten akordioaren jabe eta defendatzaile bihurtzea ekiditea ere oso garrantzitsua da. Arrazoirik ez zaigu falta eta karguak sobran ditugu bai aldundietan eta Eusko Jaurlaritzan. Bai EAk eta EAJk makinaria martxan jartzeko ordua da iada, gure marko berriaren defentsan eta batez ere besteek gure lanaz jabetu ez daitezen. Abertzaletasun instituzionala, esna hadi behingoz!