Ion Gaztañaga
Azken egunotan, gure euskal aurrezki kutxei buruzko hainbat informazio jaso ditugu hedabideetan eta betiko irabazien hazkundeez gain, politika eta kutxen arteko erlazio nahasia oso argi pairatu dugu.
Vital Kutxari dagokionez, Rojo-ren berraukeraketa izan dugu, Vitaleko estatutuen aurkako ekintza delaren PPren oihupean eta PP-k justiziara eramango du aukeraketa hau. E. «Biturie» Gorospek bere blogean ongi adierazi bezala, benetan arraroa da ABB presidenteak sozialistekin berarentzat kargu bat negoziatzea, politikoki eta etikoki dituen zipriztinak kontuan edukita. Arabako egoera benetan kuriosoa da, orain arte, eta herrialde hartako EAJren esan politikoen aurka, sozialistekin behin eta berriro egin dute akordioa, bai Gasteizko udaletxean, bai batzarretan, bai Vitalen.
Kutxaren kasuan, orain dela denbora izan genuen Roman Suduperen kasua. Donostiako oposizioan egonda, Kutxako lehendakariorde zen eta GBBk bere karguan ez berritzea erabaki zuen, bertan GBBko kide zen Jon Jauregi ospetsua jartzeko. Azken egunotan, berriz, Etxepareren ordezkoa prestatzen ari omen da Gipuzkoako EAJ, lehendakariaren aholkulari ekonomiko eta Kutxako lehendakariorde bigarrena denarekin. Izendapena EBrekin negoziatu dutela agertu da prentsan eta han bertan irakurri dugu EA ez dagoela ados erabakiarekin eta Etxepareren aldeko apostu egingo duela. PSEk, bere aldetik, Kutxako egoera aldatzeko intentzioa du. Esanguratsuak izan ziren Miguel Buenek foru hauteskundeen ondoren Kutxako hauteskundeei buruz esandako «Ahí os espero» esaldia, ezta?
BBK-k berritu du bere gobernua eta bertan Iralaz gain, BBBko burukide bat eta Erandioko alkatea jarri ditu kontseiluan. Ekonomilari apartak izango dira, dudarik gabe. Nola ez, PSEk ere bere lekua eskatu du BBK erakundean eta ukatu ezkero fusioa geldiaraziko duelaren mehatxupean.
Nahaste-borraste hau nahikoa ez bazen, atzo Maiorga Ramirezek bere burua aurkeztu zuen Nafarroako Kutxarako hautagai bezala, Nafarroa Baiko kideekin adostu gabe, koalizioak hautagairik adostu gabe epea amaitzear zegoelako. Nafarroa Baik postua galtzeko arriskua zegoenez Maiorgak egundoko sakrifizioa eskaini dio nafar gizarteari.
Hain da xumea politikaren eta kutxen arteko lerroa zein alderdikide soilak eta herritarrok sekulako zirko eta espektakuluak pairatu behar ditugula eta kutxekin lotuta, kutxek hainbat enpresatan jartzen dituzten kontseilari eta bestelako karguak, gizarte ekintzarekin lotutako karguak, fundazioak eta hainbat erakunde. Hemen badirudi ez dagoela ez bandorik, ez ideologia desberdinatasunik ez alderdi artean ez alderdien barruan ere. Eskertzekoa da bai herritarren beharrak konpontzeko hainbeste politikari kutxetan sartu nahi izana, bai jauna.
Azkenean fusioa ona edo txarra al da? Subiranotasun materialean sinesten dugunok, euskal industria, telekomunikazio, garraio, banaketa, teknologi enpresa indartsuak sortu behar direla pentsatzen dugu. Euskal lurraldeetan barna zabaldu eta batasun funtzionala, elkarlankidetza ekonomikoa eta horren ondorioz fluxu sozial eta politikoak bultzatuko dituela pentsatzen dugulako. Eta eskema horretan oso onuragarria izan daiteke euskal kutxa indartsu bat sortzea, gure enpresa eta kooperatiba handiak euskal lurraldeetan mantendu eta euskal lurraldeetan barna zabaltzeko.
Hau izango al da egungo politikariek kutxen fusioarekin edo fusiorik gabe nahi dutena? Esperientziak argi adierazi digu ezetz, eta nahiago izan dutela bakoitzak bere taifa erreinuetako postuak mantentzea. Postu horiek arriskuan egoteak geldiarazi ote du kutxen batasuna aurreko urteetan, kutxa guztiak abertzaletasunak zuzentzen zituenean?
Kutxen fusioak Pandoraren kutxaren antza gehiago du egunez egun egungo politikagintza badakusagu. Nire galdera sinplea da. Zer egingo dugu kutxak bateratzean hain aulki gutxi eta hainbeste ipurdi handirekin?
Niri halaxe esan didate, Gaztañagak komentatzen duena, PNV eta EAko hainbat politikoek muzin egiten diotela fusioari hain zuzen beren taifetan erregetxo jarraitzeagatik. Eta noski orain dagoen anabasa kontuan hartuta, are urrunago dakusagu fusioaren eguna. Eta, jakina, abertzale ikuspegitik hau desastre hutsa da, «eraikuntza nazionala»z ahoa bete hortz gertatzen ohi diren askok zokoratu baitute horrelako gai bat, kontsulta eta halamoduzko balizko intxaurrei begira. Ion, artikulu oso ona, gai garrantzitsua baita. Ea noiz gauza garen abertzaleok gai honi benetan adarretatik heltzeko.
Eztakit zeatik harritzen zeaten kutxako asuntoarekin, beti izan da modu hortan. Bestela zeatik dau Alkain Obra sozialeko jefe bezela, ona dalako edo egibarista dalako? Egibarrek HBkoekin negoziatukou Txato jartzea eta listo. Sin poltrona no hay paraiso.
Fusioa? Donostiar bat bilbora badoa eta han BBK batean kutxako txartel batekin dirua ateratzen badu, komisioa kobratuko diote. Jode, hori ezin izan badute oraindik konpondu, seguro fusioa 2078 arte egin gabe egongo dela. Dena Euskadiren izenean.
Blog honetan ez ditugu eraso pertsonalak oso gustoko. Alkain berari esan diezaiokezu esan behar diozuna.
Eskertuko nizuke gai pertsonaletatik kanpo euskal kutxek dituzten arazoetan zentratuko bazina. Eskerrik asko.