Azala / Portada » Zezen-larruko soldaten ipuin beldurgarria

Zezen-larruko soldaten ipuin beldurgarria

Ion Gaztañaga

Azkenaldian lan-araudi eta segurtasun sozialaren eraldatzeko saiakerak direla eta gure ingurune ekonomikoak jasaten dituen zartaden berri dugu egunero. Euskal ekonomia orain dela hamar urte baina askoz internazionalizatuagoa dagoen arren, estatutak duen egitura ekonomiko ahulak eta horren ondorioz dituen gaitz endemikoek eragin handia dute gure ekonomian. Horrexegatik komeni zaigu nazioarteko erabileek eta munduan zehar egitura ahul hori aztertzen duten ekonomilarien hitzei kasu apur bat egitea.

Hiritarrei zuzenean, urteotan soldatak asko igo diren galdetuko bagenie, ezetz esango lukete. Aldiz, ekonomilariei galdera berdina egingo bagenie, askok kontrakoa erantzungo lukete. Zer dela eta diferentzia hori? Nork du arrazoia? Baliteke, harrigarria badirudi ere, biek izatea. Horretarako ikus dezagun Paul Krugman-ek orain dela hogei egun garatutako «Spain problems illustrated» artikuluaren honako grafikoa (Irudia, lan-kostu unitarioak, OCDE):

Ikusten dugun bezala, urteotan estatuko lan-kostu unitarioek nabarmen egin dute gorantz, Alemanian beherantz egin duten heinean. Nola liteke hori? Alemanian soldatak behera egin al dute? Eurostateko datuen arabera badago diferentzia nabarmena Espainia eta Alemaniaren lan-kostu nominalen artean baina ez pentsa litekeen baina hainbestekoa (Irudia: lan-kostu nominalak, Eurostat):

Datu hauen arabera lan-kostu orkorrek estatu-mailan eurogunearekin konparatuta 10%ko igoera pairatu dute urteotan eta Alemaniarekin konparatuta oraindik ere gehiago: %17. Honek esan nahi duena da gure ingurunean lanordu berdina egiteko kostua ikaragarri igo dela (soldatak barne), baina Alemanian ere soldatak igo egin direla. Nola liteke, orduan aurreko grafikan, Alemaniako lan-kostu unitarioak urteotan behera jo izana?

Gakoa produktibitatean datza. Lehenengo grafikoan lan-kostua produktibitatearekin zuzentzen da eta hori dela eta Alemanian, nahiz eta soldatek gora jo, produktu bera egiteko kostuak beherantz egin du, lanordu berean produktu gehiago egiteko gai direlako. Gure ingurune ekonomikoan aldiz, produktibitatea ez da nahikoa handitu kostuek gorantz egiten duten bitartean eta horren arrazoiak ere ezagutzen ditugu: produktibitate gutxi eskatzen zuten lanetara dedikatu delako jende asko, eskulan handiko lanetan (eraikuntza, turismoa, nekazaritza…). Seguruenik euskal ekonomian arazo hau ez da hain handia izanen, batez ere eraikuntzak pisu gutxiago eduki duelako (kontuz, «gutxiago»k ez du «gutxi» esan nahi) eta eskulanaren industria txikiagoa izan delako eta etorkin kopuru urriagoa etorri delako.

Behintzat soldatek zertxobait gorantz egin dutelaren lasaitasuna eduki genezekeela pentsa dezakegu, gure bizi-maila nolabait igo egin dela edo. Baina usteak erdia ustel eta hori horrela izan den jakiteko soldaten igoera hori prezioen igoerarekin bat joan den ikusi beharko genuke. Eurostat-en prezioen igoerari buruzko datuek ez digute tamalez, esperantza handirik emango (Irudia: KPI armonizatua, Eurostat):

Espainiako inflazioa, Nafarroa eta Euskadiko erkidegoetakoaren antzekoa dena, europakoa baina handiagoa izan da eta honek soldata igoera guztiak jan ditu. Ogia, etxebizitza, gasolinak… gure soldata baina gehiago igo direnez, ezin dugu hobekuntzarik nabaritu gure bizi mailan, atzerriko produktuak erosten ez baditugu behintzat eta egoera hau eredu ekonomiko penagarri baten islada iluna besterik ez da:

  • Soldatek gora egin dute baina prezioek gorantz jo dutenez, gure erosketa-ahalmena ez da handitu. Ez gara aberatsagoak.
  • Soldatek gorantz jo dutenez lan-kostuek gorantz jote du baina produktibatea gutxi handitu denez produktuen lehiakortasuna gutxiagotu da: atzerrian saltzea askoz zailagoa da.
  • Europako herrialde batzuetan soldatak igo arren, produktibitatea are gehiago hobetu dutenez, bere lehiakortasuna hobetu egin da produktuak esportatzerakoan.

Eta Espainiaren kasuan egoera kafkiar honi finantza publikoetan ikaragarrizko zuloa gehitzen badiogu, orain ulertuko dugu zergatik hainbat ekonomilarik estatuaren kasuan ikusten duten irteera bakarra soldatak jaistea dela: produktibitatea hobetzeko gai izango ez direla uste dute eta euroan sartuta gauden honetan moneta ezin debalua dezaketenez, leiharkortasuna errekuperatzeko gelditzen den bide bakarrak soldatak dira.

Beldurrezko istorio hau amaitzeko, abertzaleok galdetu beharko genioke geure buruari zein bide jarraitu beharko genukeen. Zezen-azalaren eredu puztua, soldata jaitsiera bortiz baten bidez bakarrik lehiakortasuna berreskura dezakeena, edota Alemaniaren kasuan bezala, produktibitate igoera bidez soldata igoera eta lehiakortasuna uztartu ditzakeen eredua. Izan ere gure eredu ekonomikoa, zezen-larrukoarena baina hobea izanik, oraindik ez dagoelako europako lehen herrialdeen mailan. Aurrekoan nioen bezala, badugu gai hauetan erabakitzeko ez eskubidea bakarrik, baizik eta erabakitzeko betebeharra ere bai. Horretarako hirritarren konfidantza berreskuratu eta gehiengo zabal baten bidez, aurrera doan herria gidatzen jarraitu beharko dugu.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

4 comentarios en «Zezen-larruko soldaten ipuin beldurgarria»

  1. Espainiako estatuaren eredu ekonomikoa ikusita dago benetan zekena dela eta horren erantzule, gainera, espainiar eskubia da, nahiz eta arazo ekonomikoetan sozialistak gaurregun oso galduak egon.

    Hemen abertzale konsignekin ahoa solas potoloz betetzen duen askotxok beharko luke asmatu nola oraingo egoeratik eredu ekonomiko bat montatu dezakegun zeinak ez den izango espainiakoaren morroi.

    Benetako abertzalea ez baita hemendik ageri zaizkigun hainbat suizida potentziala baizik eta herriarengatik eta bere onarengatik zeredozer egin nahi eta egiten duena.

  2. Arratsalde on, Ion.

    Ikusten dudanez, Ekonomia eta gainera euskaraz. Komentario kopurua ikustea besterik ez dago, hemen ibiltzen den jendeak Politika eta gaztelaniaz nahiago duela egiaztatzeko.

    Alde horretatik, zorionak egindako lanagatik; izan ere, Ekonomiaz eta euskaraz hainbeste idatz dezaketen zenbat daude gure Euskadi maitean? Ausarta zu, benetan.

    Laudorioak-eta, alde batera utzi eta zerbait esatekotan esaldi bat aterako dut zure lan marduletik. Hona aukeratu dudan esaldia:

    «Zezen-azalaren eredu puztua, soldata jaitsiera bortiz baten bidez bakarrik lehiakortasuna berreskura dezakeena, edota Alemaniaren kasuan bezala, produktibitate igoera bidez soldata igoera eta lehiakortasuna uztartu ditzakeen eredua».

    Zuk zeuk ederki enfokatu duzu gaia problema PRODUKTIBITATEAN datzala aipatu duzunean; izan ere, Espainiak -Zezeniak gurago baduzu- duen problemarik edo desorekarik handiena egun kanpoarekiko zorra da.

    Kanpoarekiko zorra diogunean argitu beharko litzateke alde batetik «kanpo» hori ez dela kanpo-kanpokoa, zorra Alemania eta Frantziako bankuekin da-eta gehien bat; eta Eurogunean egonda alde horretatik barruko zorra da. Alegia, ez da berdin zorra edukitzea Amerikako Estatu Batuekin edo Alemaniarekin. Euskadi, Espainia, Europa, gustatu zein ez, hor gaude-eta. Alde horretatik Espainiatik begiratuta KANPOKO zorra dena, Eurpako betaurrekoekin BARRUKO zorra da.
    Beste alde batetik zorra ez da publikoa, pribatua baizik. Nahiz eta gurean publikoaren eta pribatuaren arteako muga ez den sarri askotan zehatza edo garbia, are gutxiago kasu honetan, «gure» banku eta aurrezki-kutxak direlako zordunak eta ez Estatua edo herri-administrazioak ere.

    Orduan, Espainiak kanpo zorra ordaintzeko egin behar duena esportatzea da; eta esportatzeko produktuak lehian dabiltzanek baino merkeago edo kalitate hobearekin eskaini behar. Labur esanda, P-R-O-D-U-K-T-I-B-I-T-A-T-E-A da, zalantzarik gabe, hobetu beharrekoa. Eta, horretan EAE beste autonomia-erkidegoak baino hobeto dago.

    Baina soldatak jaistearen bidetik jotzen ez badugu, zein da eduki dezakegun produktibitatea hobetuko duen elementua?

    Nire ustez, argi eta garbi, higiezinen kostuak merkatzea; hots, bai enpresa bat gurean ezartzeko beharrezko lurrak, pabilioiak eta abar; eta bai langileek bizitegia edukitzeko etxebizitza askoz ere merkeago eskaintzea. Hortik badugu aurreratzea.

    Are gehiago, beste irtenbiderik ez dugu edukiko oinarrizko etxebizitza eta enpresentzako pabilioi zein lurrak doan eskaintzea baino.

  3. Argiago ikusiko dugu adibide bi jarrita.

    Gaia: Produktibitatea hobetzeko kOSTU INMOBILIARIOAK jaistea.

    1) Enpresentzako higiezinak doan edo merke-merketa.

    2) Familia eta langileentzako etxebizitzak DOHAINIK edo merke-merkeak.

    1) Pentsa dezagun ile-apaindegi bi daudela: KARU ile-apaindegia eta MERKE ile-apaindegia.

    KARUn ilea ebakitzeagatik 20 euro ordaindu behar bezeroak, MERKEn ordea, 10 euro.

    KARUk hilean lokolaren errentagatik 6.000 euro ordaintzen du. MERKEk doan dauka, herentzian hartu zuen-eta. Eta KARUko kontratupeko langile bakarrak 900 euro kobratzen du hilean eta MERKEKO soldatapeko langile bakarrak 1100 euro.

    Ikusten denez, MERKEn produtktua merkeago saldu dezakete eta langileak soldata hobea eduki.

    2) Herri bi: BIZIGARRI eta EZINBIZI.

    BIZIGARRIn soldata 1100 euro. Etxebizitzaren errenta 100 euro. Bestelako gastuei aurre egiteko diru-kopurua 1000 euro.

    EZINBIZIn soldata 1500 euro. Etxebizitzaren errenta 1200 euro. Bestelako gastuei aurre egiteko diru-kopurua 300 euro.

    Zein egoera da hobea? Argi dago, langileentzat BIZIGARRI herrikoa.

    ONDORIOA: kostu inmobiliarioak, hasi lurren baliotik eta etxebizitzen errenta zein jabetzan edukitzeko hipotekaraino dira GURE EKONOMIARENTZAKO MINBIZIA.

    Zer deritzozu, Ion?

    Ondo izan denoi eta gau on.

    EZINBIZI

  4. Eskerrik asko Neo Fito zure ekarpenarengatik. Ados zure produktibitatearen eta zorraren deskribapenarekin. Zure esaldi bat hartuko dut komentatzeko:

    «Baina soldatak jaistearen bidetik jotzen ez badugu, zein da eduki dezakegun produktibitatea hobetuko duen elementua?»

    «Nire ustez, argi eta garbi, higiezinen kostuak merkatzea; hots, bai enpresa bat gurean ezartzeko beharrezko lurrak, pabilioiak eta abar; eta bai langileek bizitegia edukitzeko etxebizitza askoz ere merkeago eskaintzea. Hortik badugu aurreratzea.

    Are gehiago, beste irtenbiderik ez dugu edukiko oinarrizko etxebizitza eta enpresentzako pabilioi zein lurrak doan eskaintzea baino.»

    Gauza da, dugun legedi zaharra kontuan hartuta (ez dakit lurzoruaren lege berriarekin nola gelditu den, barkatu ezjakina), letxugak dituen lurzoru bi bagenitu, bata herri baten iparraldean eta beste bat hegoaldean, guztiz arbitrarioa da nor aberastuko den, iparraldekoa edo hegoaldekoa. Udaletxeak herria edozein lekutara hazi daitekeela erabaki dezake, eta lurzori horrek letxugaren balioaren ordez, etxebizitza garestenien prezioa balio dezake. Erabaki «arbitrario» hori alde batera edo bestera joan dadin interes handiak egongo direla pentsatzea ez da oso arraroa. Hortxe prezioen igoeraren lehen pauso handia eta ustelkeria hazteko ingurune aproposa.

    Hein horretan, letxuga->etxebizitarako pelotazo aukera hori espainiako (eta euskal legearen, «erabakitzeko eskubidea» izan baina ez erabili izanagatik) berezitasuna da. Beste herrialde askotan lurzorua ezin daiteke horrela saldu baizik eta lurzorua herriaren hazkunderako administrazioari sal daiteke bakarrik, ordainean beste antzeko lurzorua edo letxuga prezioan ordaindutako ordain-sarian. Beraz, ez dago negoziorik lur hori saltzerakoan ez eta ustelkariarako lehen aukerarik.

    Zuk planteatutako eskeman, egia da enpresek lan egiteko kostuak oso handiak direla industriaguneak ez direlako nahikoa enpresen beharrentzako eta gure orografiak hori asko zailtzen duelako (Araba eta Nafarroako hegoaldea kenduta). Langileen etxebizitzaren kasuan ere oso onuragarria litzateke eguneko ekonomiarentzat prezio horiek jaistea, hein handi batean soldata igoera KPI-rekin batera joan delako, baina noski, etxebizitzaren igoera ez dago KPI barne, eta beraz, gazteentzat bizitza maila erreala ikaragarri jaitsi da.

    Hala ere, lurra dohan izango balitz ere, egungo produktibitate hazkunde lauarekin jarraituko bagenu, urte sorta batean irabazitako abaintaila hori jan egingo genuke lan-kostuek hazkundeak europako edota atzerrikoak baina askoz azkarrago hazten badira. Ez dezagun ahaztu kalitate hobea ematen ez badugu edo/eta merkeago produzitzen ez badugu (eta ez soldata jaitsiera, etorkin eta behin-behinekotasunarekin, baizik eta teknologia eta berrikuntzarekin) europa ekialdeko herriek merkeago eta kalitate antzekoarekin lan egingo dutela.

    Zer esanik ez BRIC herrialdeek kalitate-maila igotzen badute, gure produktuenetare hurbilduz. Orduan beranduago izango litzateke. Etxebizitza merkeagoek langileen bizi maila igo dezakete soldata berdina kobratzen jarraitzen badute, eta enpresa-kostuek apur bat behera egingo lukete industriaguneen kasuan, baina behin-behineko tiroa izango litzateke, inoiz gehiago errepika ez daitekeena eta produktibitate hazkundearen malda igo gabe, hutsaren hurrenean geldi litekeena.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *