Mikel Aizpuru

EUSKAL GIZABIDEAREN EMARIAN
Jon Mentxakatorre Odriozola & Andoni Eizagirre Eizagirre
EHU eta UEU, 152 or.
Bilbo, 2025

“Y en esa «etapa cero» de la religión, la gente comienza a sentirse abrumada por una sensación de vacío y falta de sentido. Este sentimiento de que nada existe o de que nada tiene valor conduce a lo que llamo nihilismo. Es una deificación de la nada y un impulso de destruir las cosas, a las personas, o de destruir la realidad misma.”

Emmanuel Todd (2024)

“Creo que todo esto ha pasado porque, desde hace décadas, hemos menospreciado eso que llamábamos alma y era sagrado. La hemos dejado atrás, como una antigualla, y nos hemos ido enamorando de la nada”.

Gabriel Magalhães (2026)

“When men choose not to believe in God, they do not thereafter believe in nothing, they then become capable of believing in anything.”

G.K. Chesterton (1908)

Bi eratara iruzkindu daitezke liburuak: edo eskulangintzaren arabera, edo masa-produkzioaren logikaren arabera. Bigarren kasuan, zeregin erraza izan daiteke: liburuaren nondik norakoak azaldu, dituen atalak laburtu eta iritzi kritikoren bat azaldu ondoren, eginbeharrekoa amaituta. Baina beti ez da horrela izaten; izan ere, noizean behin, liburuaren mamiak eta irakurlearengan sor lezakeen ezinegonak bestelako eskulan finetara lerratzen gaituzte. Horixe gertatu da, hain zuzen, oraingoan aztergai dugun liburuaren irakurketan; hots, Jon Mentxakatorrek eta Andoni Eizagirrek idatzitako eta bildutako lanak irakurtzeak ezinegona eta hainbat gogoeta eragin dizkit, batzuk nire ibilbide akademikoari lotuak eta beste batzuk maila pertsonalekoak. Gehiago izan dira historiarekin lotura dutenak, eta horiexek izango dira orriotako hausnarketen jatorria.

Zer izan da ezinegonaren eragilea? Egileen abiapuntuarekin eta hausnarketa gehienekin bat egin arren, irakurri ahala, deserosotasuna nabaritzen nuen. Kasu batzuetan, argumentu historikoak orokorregiak eta abstraktuegiak iruditzen zitzaizkidalako; beste batzuetan, liburuaren hirugarren atalean, esate baterako, ez delako gaur egungo egoera deskribatzeko azterketaren oinarriak zein diren azaltzen; ez eta era ulergarri eta errazean iradokitzen zein diren egin beharreko aldaketak. Ustez, liburuaren asmoa ez da gaur egungo euskal gizartetik etorkizunean izan beharko lukeenerako igarobidea azaltzea edo proposatzea; baina, horrelako proposamenak egiteak, oro har, epe laburrera bederen, emaitza praktikorik lortzen ez duela jakinda ere, ondo legoke zehaztasun gehixeago eskaintzea.

Ez da erraza liburuaren generoa definitzea. Saiakera da, hitzaren zentzu zehatzenean; hots, eztabaida sortzeko ahalegina. Bi egileen curriculum oparoari eta liburuan idatzi denari erreparatuz gero, ordea, lan filosofiko bat dela esan genezake, baina ideien historiaren eremuan kokatzen dela ere esan daiteke, eta, zati batzuetan, teologiaren esparruan.

Ez da ohikoa gaur egungo euskal letren munduan, gorputzei buruz eta gorputzetik hainbeste idazten den garai honetan, gizatasuna, transzendentzia eta kristautasuna (gorpuak, hitz-jokoa zilegi bekit) abiapuntutzat hartzea; are gutxiago, XX. mendean zehar zenbait elizgizonek idatzitakoa aztertzeko. Hausnarketa hori ikuspuntu kritikotik egiteaz gain, iragan hurbileko pentsalariak aitortu dituzte. Merezi du nabarmentzea, bestetik, euskara txukun, jantzi eta oparoan idatzita dagoela, atal batzuetan irakurtzeko lana nahikotxo gogortzen bada ere.

Hitzaurre laburrak, laugarren lerrorako, garden erakusten du egileen kezka: “Barne begizko jakituriari dagokionez, iraganean baino gutxiago dakigu” eta paragrafo bat beherago, beste baieztapen trinko bat dago: “gizakia ezin daiteke bizi haren existentziaren gaineko zentzuaz galderarik egin gabe”. Hurrengo orrialdean beste bi, “Mendebaldeko ongizatea teknozientziaren garapenean, ekonomiaren hazkundean eta gozamen hutsaren bilaketan oinarritzen denez,…” “Euskal Herrian, zapalketaren eraginez, besteak beste, tradizio propioa ezagutu, zaindu eta lantzeko zailtasuna izanik”. Horra hor, bi egileak, beste hainbat lankiderekin batera, azkeneko urteetan jorratzen ari diren bidea, euskal gizabidearen emarian.

Zer da gizabidea, ordea? Mundua ulertzeko, munduan egoteko eta aritzeko jarrera. Modu bat, hobeto esanda, eta egileek, zuzen eta ondradu, begi-bistakoa aldarrikatzen dute, ezin dela gizarte bat antolatu lanik, justiziarik eta zuzenbiderik gabe. Ezta hurkoa aintzat hartu gabe ere, “besteren baitan” baikara. Dena den, asko dira lana, justizia eta zuzenbidea ulertzeko moduak, baina egileen ustez, pertsonen duintasuna eta ongizatea zaintzeko, irizpide batzuk hartu behar dira aintzat, eta horietako batzuk Euskal Herrian mendez mende garatutako filosofia politiko praktikoan, pertsonen arteko harremanetan, jabetzaren inguruko hausnarketetan eta transzendentzian aurkitu dituzte, Jose Migel Barandiaranen, Jose Maria Arizmendiarretaren eta Joxe Azurmendiren eskutik, hain zuzen ere.

Euskal Pizkundearen baitan, 1876tik 1936ra bitarteko garaian, kokatzen du Jon Mentxakatorrek gizabidearen inguruko hausnarketa intelektualaren abiapuntu modernoa. Izan ere, garai horretan Euskal Herriak aldaketa asko bizi izan zituen eraberritze ekonomiko, sozial eta kulturalaren ondorioz; baina, hala ere, edo horregatik, euskaldunek (abertzaleek, katolikoek?) jakin izan zuten erantzun propio bat eraikitzen aldaketa bortitz horren aurrean. Ezer gutxi esaten zaigu, ordea, garai hartako beste proposamen batzuei buruz, monarkikoek, errepublikarrek, sozialistek edota anarkistek bultzatutakoei buruz, alegia. Gutxi aztertu dute aldaketa, eta ez dago ñabardurarik aldaketen alde baikorren eta ezkorren artean. Historialari batek zehaztasun gehiago nahiko luke. Nekazaritzatik (ez dago arrantzalerik lanean) bizi zen herri modura irudikatzen da euskal gizarte tradizionala, kontuan izan gabe euskaldunok aspalditik merkataritzarekin, industriarekin edota emigrazioarekin izandako loturak. Beste alde, etxearen iraunkortasunak, tronkalitateak, ezinbestean, premu ez ziren seme-alaben kanporatzea eskatzen zuela gutxi aipatzen da liburuan; are gutxiago, maizterren egoera.

Dena den, liburuaren helburua ez da hori, beste bat baizik: euskaldunek euskaldun izaten jarraitzeko ahalegina aztertzea, hain zuzen; eta hor ere tesi ausarta planteatu dute Mentxakatorrrek eta Eizagirrek. Pizkunde garaian ez zen bakarrik iragana aztertu. Alde batetik, Pizkundearen bultzatzaileak gai izan ziren tradizio espirituala berritzeko, Europako katolizismoaren joera aurrerakoi batzuekin bat eginez; bestetik, gure lurrean sortutako edota egokitutako ohitura eta usadio komunitarioak aztertu, zaindu eta egunean jartzeko gauza izan ziren. Pizkundea, sarritan, kulturarekin eta politikarekin lotu baldin bada ere, gure egileen ustean, aurrekoarekin apurtu gabe, gizarte oso bat eguneratzeko ahalegina izan zen. Herriaren sena aurkitzea edo definitzea zen orduko ikerlarien zeregin nagusia, Eusko Folklore aldizkariaren inguruan bildutakoena, hain  zuzen. Sen hori modernitateak ukatzen zituen elementuetan aurkitu zuten: bizitzari zentzu transzendentea ematean, gizatasunean eta besteei zor diogun horretan. Gogoeta horiek aztertzean, maiz, ahaztu egiten dugu Barandiaran, Lekuona eta horien hainbat laguntzaile apaizak zirela eta heziketa sakona jaso zutela. Ondo ezagutzen zituzten modernitateak eraginda gauzatzen ari ziren aldaketak, eta erantzun bikoitza prestatzeari ekin zioten, apaiz modura eta euskaldun modura. Garai bakoitzak erantzun propioak eman dizkie auzi horiei, eta geuk ere geureak osatu ditugu; baina gure aurrekoek emandakoak ez ezagutzeak, Mentxakatorreren esanetan, pobretu egiten gaitu, herri gisa ezerezean uzten gaituelako.

Liburuaren lehen atalak Jose Maria Arizmendarrieta apaiz markinarraren asmoak eta jarduna aztertzen ditu. Mentxakatorrek azaltzen digu Arizmendarrietak etxean jasotako balioak (auzoa, fedea, zintzotasuna eta  lana, besteak beste) gerraosteko Arrasateko girora egokitzen jakin zuela, Gasteizko apaiztegian edandako berrikuntza pertsonalistari esker. Beste apaiz askok ez bezala (ezer gutxi aldatu zirelako), markinarra gai izan zen balio horien birformulazio garaikidea sustatzeko, pertsonalismo kristauak eskaintzen zuen sintesi gaitasunari esker. Izan ere, Eizagirrek bikain azaltzen du hurrengo azpiatalean, pertsonak askea izan behar zuen pentsatzeko, sortzeko eta garatzeko (hori da modernitatearen oinarria), baina baita bere buruaren eta lanaren jabe ere. XX. mendearen lehen hereneko krisi garaian, pertsonalismoak kristautasunaren irakurketa berria planteatu zuen: pertsonaren kontzientzian oinarritzen da haren dimentsio transzendentea.

Eizagirren hitzetan, bi kontzeptuk biltzen dute Arizmendarrietaren pentsamendua: erantzukizunak eta gizatasunak; hala ere, gure testuan, sarritan, lotura eskasa ikusten da esandakoaren eta Arizmendarrietarren balizko pentsamenduaren artean. Pertsona nor bakarra da eta beharrizan fisiologiko, psikosozial eta moralak orainaldian konpondu behar dira, nahiz eta, transzendentzia tarteko, etorkizunera begira egon. Azkenik, ez zen uste inozoa ekintza fedearekin lotuta zegoela pentsatzea, baina pertsona konkretuak hartu behar ziren aintzat, eta bakoitzaren eraldaketa-erritmoa errespetatu behar zen.

Lanean oinarritzen zen Arizmendarrietaren gizabidea, eta enpresa pribatuen mundua eraldatzen saiatu ondoren, kooperatibak sortzera jo zuen. Ez dut nik ukatuko haren eragina kooperatibismo modernoaren sorreran, baina nik beste iturri batzuk ere aipatuko nituzke. Deba ibarra nekazari eremua izateaz gain, tradizio luzeko artisau gunea ere bazen, armagintzarekin lotutako gremioen bitartez. Eibarko sozialistek Alfa kooperatiba sortu zuten 1920. urtean, eta, ziur aski, markinar bat baino gehiago arituko zen bertan, Urko eta Kalamua mendien arteko lepoa zeharkatuta. Bigarren Errepublikan, Euzko Langile Alkartasuna sindikatu abertzaleak kooperatiba bat baino gehiago sortu zituen inguru horretan. Abstraktuegi bilakatzen da testua sarri, eta nire moduko historialari batek zehaztasun gehiago eskertuko luke.

Zuzen nabarmentzen dute egileek XX. mendearen bigarren laurdenean abertzaletasunak bat egin zuela gizatasun kristau horrekin, baina ez dira aipatzen katolikotasun klasiko eta zurrunaren aldekoen eta pertsonalismoaren aldekoen arteko barne-tentsioak. Era berean, ez da aipatzen, mendearen azken herenean, abertzaletasunak, baita jelkideak ere, uko egin ziela humanismo kristau horren bi zatiei, transzendentziari (Jaungoikoari, alegia) eta erantzukizunari, nahiz indibidualari, nahiz kolektiboari; eta Estatuaren eta erakundeen esku utzi zirela giza premiak asetzeko lanak.

Bigarren atala, “Gogoeta filosofikoa” izenburua duena, Mentxakatorrek idatzitakoa da, eta bi azpiatal nahiko desberdin ditu. Lehenengoan, Barandiaran, Arizmendarrieta eta Joxe Azurmendi frantziskotar ohi eta filosofoaren hainbat arlo jorratzen ditu, eta haien arteko katea nabarmentzen du. Barandiaranek ekarri zuen, Mentxakatorren esanetan, gizabidearen ardura mahai gainera.

Ez dago euskal zuzenbide zibilari buruzko erreferentziarik liburuan, Bonifazio Etxegarairen lanak garai hartan argitaratutakoak badira ere. Barandiaran konturatu zen orduko pentsamendu positibistak mundua hobeto ezagutzeko aukera ematen zuela, baina gizakiaren sakoneko galderei erantzun biribilak emateko aukera zaildu egiten zuen horrek. Bere ikerketek, hain zuzen, bi alde horiek uztartu nahi zituzten. Alde batetik, hobeto ezagutu iragana eta orduko gizartea; bestetik, gizarte modernoaren erronkei erantzun bat eman, transzendentzia eta tradizioa elkartuta: etxea, auzoa eta Eliza ziren euskal gizabidearen oinarriak. Arizmendarrietak, hortik abiatuta (Joxe Azurmendik berreraiki du haren pentsamendua), herrigintza berritua sortu zuen. Norbanakoaren lana komunitatea eraikitzeko erabili zuen, ez baitago pertsonarik, ezta pertsonen baliorik, urkorik gabe.

Bigarren azpiatalak Jon Mirande eta Bitoriano Gandiaga hartzen ditu abiapuntu, XX. mendearen bigarren erdian berrindartu zen sekularizazioari emandako erantzunak desberdinak izan zirelako. Mirandek sinetsi nahi zuen, baina ezin zuen; eta Gandiagak iragana orainaldira ekarri zuen, baserri, baso, landa eta taldearen benetakotasuna nabarmenduta.

Hirugarren atala, gogoeta soziologikoa, da liburuaren zatirik luzeena eta Andoni Eizagirreren eskutik dator dena. Aurreko ataletan ez bezala, haren zioa ez da ez iragana, ezta euskal pentsalariek iraganari buruz hausnartutakoa ere, ez, behintzat, zuzenean. Gaur egungo euskal gizartea da abiapuntua eta jomuga bi azpiataletan, eta bietan egungo testuinguruak sortutako krisiari irtenbide baikorra planteatzen saiatzen da, euskal gizabidearen bitartez, hain zuzen. Guztiz koherentea izan arren, edo agian horregatik, trinkoegia suertatzen da, eta ez da irakurketa errazekoa. Laburbiltzeko ere zailena da. Ez naiz ni, azkenik, oin-oharren eta bibliografiaren erabilera neurriz kanpokoaren aldekoa, baina eskertuko nuke erreferentzia gehiago, egiten duen azterketa zein iturritan oinarritzen duen jakiteko, eta proposatzen dituen irtenbideak zer mailataraino diren bere-bereak ala beste herrialde eta jakintza arlo batzuetako pentsalariekin partekatuak diren. Baieztapen biribil, sarri apokaliptikoak eta zalantza gutxikoak ugari dira testuan, eta ez da ikusten horretarako oinarri enpirikorik bertan. Beharbada, liburu honen ondoren argitaratu dituen beste lanak hartu behar dira kontuan, irakurketa hankamotz gera ez dadin.

Zazpigarren atalean, “Etsipena ala bultzada” izenburupean, Eizagirrek azaltzen du gaur egungo testuinguruak —ziurgabetasun ekonomikoa, identitatearen lausotzea eta balio partekatuen higadura— erraz elikatzen duela etsipen kolektiboa. Are gehiago, era desberdinetako erakundeen gutxiespena ari da nagusitzen, baita erdiko klasearen auto-gorrotoa eta erremina ere. Iruzkinaren hasieran jarri ditudan Chesterton, Todd eta Magalhasen aipuekin egingo luke bat, ziur aski, Eizagirrek: ezereza ari da zabaltzen eta ezerezaren aurrez aurre, etsipena. Hala ere, ohartarazten du etsipen horren aurrean bi erantzun direla posible: pasibotasunera eta desmobilizaziora eraman dezakeena, edo, kontrakoa, kontzientzia kritikoa piztu eta ekintza eraldatzailearen motor bihur daitekeena. Horregatik, funtsezkoa da euskal komunitatearen baitan, zentzu partekatuak berreraikitzea, eta gizabidearen oinarriak sendotzea. Zeintzuk dira oinarri horiek? Herrigintza, elkartasuna, errespetua eta ardura. Etsipenak agerian uzten ditu gizartearen arrakalak, baina, aldi berean, aukera ematen du horiek zuzentzeko konpromiso berritua hartzeko. Zentzu horretan, egileak defendatzen du ezinbestekoa dela subjektu aktiboak eratzea, norbanakoen eta kolektiboen arteko loturak indartzeko eta parte-hartze demokratikoa sustatzeko. Gizartearen eta, aldi berean, gutariko bakoitzaren esku dago bide bat edo bestea hartzea. Zorionez edo zoritxarrez, Eizagirrek ez digu erakutsi, ordea, nola hartzen den era kolektiboan erantzukizunaren bidea.

Azken atalak “Norabide argia eta irekia, gizabidearen oihartzunak” du izenburu, eta aurreko atalaren antzeko tesiak garatzeko erabili du Eizagirrek, oraingoan era sakonagoan eta luzeagoan. Diagnostikoa egiteko orduan ez du bizarrik ahoan Eizagirrek; izan ere, sarri, auzi sozial tradizionalei aurrea hartu die gai kulturalek, nortasun subjektiboekin eta sinesmenekin lotutakoek, alegia. Are gehiago, oraingotasunak eta berehalakotasunak epe motzaren tirania ezarri dute, eta ematearen ordez, eskatzea da gure gizartearen funtsa. Ondorioz, askok amore eman dute, erantzukizunari uko egin diote eta besteei leporatu diete bizi dugunaren ardura. Egoera horren aurrean, egilearen ustez, gizarte garaikideak ezinbestekoa du komunitate berri bat eraikitzea, baina eredu horrek ez du zurruntasunean edo itxikerian oinarritu behar. Aitzitik, “norabide argia eta irekia” kontzeptuak bi dimentsio uztartzen ditu: batetik, oinarri etiko eta jarrera praktiko sendoak —gizabidea, duintasuna, elkartasuna eta erantzukizuna—, eta, bestetik, aniztasunarekiko eta aldaketarekiko irekitasuna. Komunitatea ez da ulertu behar identitate itxi gisa, baizik eta elkargune dinamiko eta inklusibo gisa, non subjektu anitzek elkarrekin eraikitzen duten proiektu komun bat. Horrenbestez, Eizagirrek defendatzen du gizabideak dimentsio praktiko bat duela gure gizartea berreraiki ahal izateko eta, bestetik, ezin dela guztion etorkizuna osatu balio sendo eta partekaturik gabe. Balio horiek etengabeko elkarrizketan eta ber interpretazioan egon behar dute, eta horretarako iraganetik jasotakoa berrasmatu behar da, era kolektiboan eta leialean.

Gaur egungo euskal gizarteak erronka ugari bizi ditu eta, beharbada, historiako une erabakigarrienetan dago. Munduak bizi dituen aldaketek, Adimen Artifiziala eta teknologia berriak zabaltzeak, krisi demografikoak, immigrazioak, industria-ereduaren gainbeherak, euskararen erabilera moteltzeak eta beste hainbat eta hainbat kontuk hausnarketa sakona eskatzen dute. Egile askok proposatzen dituzten irtenbideek zerikusi gutxi dute izan garenarekin eta garenarekin, eta (neuk ere bat egiten dut egileekin) nekez eraiki ahal izango da horrela alternatiba partekatu bat. Jon Mentxakatorrek eta Andoni Eizagirrek eskaintzen eta eskatzen dutena da atzera begiratzea aurreak nola dantzatuko duen ikusteko, aurreiritzirik gabe, dogmatismorik gabe, bazterkeriarik gabe. Hain planteamendu xumea gure artean berritzailea izateak erakusten du badugula zer egin gizabidean.

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *