Pello Sasiain
Burujabetza ez dago kanpoan bakarrik: hemen hasten da
Azken egunotan berriz ere mahai gainean jarri da burujabetzaren auzia, Eusko Jaurlaritzak beste bost eskumen jaso dituela eta Gure Esku-k «anbizioa» eskatu duela ikusita. Diskurtso horietan, zuzenean edo zeharka, ideia bera errepikatzen da: burujabetza oraindik “besteren esku” dagoela, eta, beraz, kanpoko ate batzuk ireki ezean, hemen gutxi egin daitekeela.
Nik ez dut ikuspegi hori partekatzen.
Egia da egitura juridikoek eta estatu-markoek baldintzatzen dutela gure jarduna. Egia da transferentziek, estatutu batek edo aitortza formalek garrantzia dutela. Baina burujabetza ez da soilik Madrilen, Parisen edo nazioarteko foroetan erabakitzen den zerbait. Burujabetza, batez ere, hemen hasten da: eguneroko erabakietan, instituzioen jardunean, eragile sozialen indarrean eta herritarrok gure etorkizuna nola irudikatzen dugun.
Askotan, burujabetzaz hitz egitean, eskumen-zerrenda batera mugatzen dugu eztabaida. Zenbat ditugu? Zein falta dira? Zein iritsiko dira “debaluatuta”? Horrek guztiak badu bere lekua, baina arriskua dago funtsezkoa lausotzeko: zer egiten dugu jada daukagunarekin? Zenbateraino erabiltzen ditugu ditugun tresnak hizkuntza, kultura, ekonomia edo zaintza eredu propioak indartzeko? Zenbateraino ausartzen gara gure markoak betetzera, kanpoko baimenaren zain egon gabe?
Burujabetza ez da etorkizuneko helmuga huts bat; prozesu bat da, eta orainaldian jokatzen da. Hezkuntza politikan, lurralde-antolaketan, trantsizio ekologikoan edo gizarte babesaren antolaketan hartzen diren erabakiek ere burujabetza eraikitzen dute —edo ahultzen. Eta horietan askotan badugu maniobra-tarte handiagoa onartu ohi duguna baino.
Horregatik, kezkagarria iruditzen zait diskurtsoak etengabe kanpora begira jartzea, giltza nagusia beste norbaitek balu bezala. Horrek arrisku bikoitza dakar: batetik, frustrazioa, beti iristen ez den zerbaiten zain bizitzeagatik; bestetik, autolimitazioa, geure buruari sinetsarazten diogulako ezin dugula gehiago egin.
Ez dut ukatzen eskumen gehiago behar direnik, ezta aitortza politiko sakonagoa ere. Baina uste dut burujabetzaren eztabaida pobretzen dugula auzi hori soilik transferentzien erritmoan edo estatuen borondatean jartzen dugunean. Burujabetza, azken finean, ez da soilik zer uzten diguten egiten; zer ausartzen garen egiten da.
Eta hor, ardura ez dago besteen esku bakarrik. Gure eskukoa ere bada.