Joxan Rekondo
Azken garaitan, burujabetza aipatzen da subiranotasunaren sinonimo bezala hartuz. Komunikabideak, elkarte herritarrak, alderdi politikoak eta erakunde publikoetako arduradunen artean igarri genezake joera hori. Gizarte modernoaren ardatza bihurtu da ‘subiranotasuna’. Hasieran, bi hitz horien baliokidetza herriaren subiranotasunera mugatzen bazen ere, azken aldietan banakoaren subiranotasuna ere oso aipagarria izaten ari da. Ezin da ukatu, azken boladan, hitzari esanahi ugari eta kontrajarriak egotzi zaizkiola. Horrek nahasiagoa egiten subiranotasunaren muinaren ulermena.
BURUJABETZA/SUBIRANOTASUNA
Guretzat bi hitz horiek -burujabetza eta subiranotasuna- bere jatorrian ez dute esanahi berbera. ‘Subiranotasuna’ Europako estatu absolutuen eraikuntzarekin lotuta agertu eta berehala unibertsalizatu zen kontzeptua da. Enuntziatu zutenen iritziz, borondatearen botere gorena adierazten du, zatiezina da, ez du inolako partekatzerik onartzen, eta erantzukizun guztietatik libre agertzen da subiranoa. Horrexegatik, subiranoaren ekite-modua goitik beherakoa izan da, eta ondo asko dakigu tokian sustraitutako espresio soziopolitikoak ez dituela gustura ametitzen. Guy Heraud federalista frantsesaren iritziekin liburu bat publikatu zuen Administrazio Publikoaren Euskal Institutuak ondoko izenburu adierazgarriarrekin: “Hacia la abolición de las soberanías para la salvación de los pueblos” (1989). Gauzak nola aldatu diren.
Lehen esan dugu gure buruaren jabe izatera irits gaitezen, pertsonok zenbait berme inmunitario behar ditugula, agintekerien bidegabeko esku-sartzeetatik babesteko. Soberania agintekeriaren zuzenbidezko espresio kontzeptuala da, egitura bertikaleko erregimen absolutistek erabili dutena legitimazio gisa. Beraz, kultura piriniotarraren tradizioarekin bateraezina dena. [Puntu honetara iritsi garela ere, esan beharko genuke kultura piriniotarraren araubideari ‘Zuzenbide’ deitzea izugarrizko zentzugabekeria iruditzen zaigula. Agian, beste batean arrazoitu dezakeguna.]
Herri batek independentzia eduki dezake jomugan, horren bidez lor daitekeen beregaintasunik haundiena lortzea. Baina, erabakimen absolutua, beste inoren aurrean erantzule ez dena, Rousseauren ‘Borondate Orokor’ subiranoaren eskutan jartzea beste plano batean dagoen kategoria bat da, beti oso arazotsua gertatzen dena. Genevatarraren ikuspegitik, herritarren nahimena Borondate Orokorra bilaka daiteke Gorputz Politikoaren momentu eratzailean. Hortik aurrera, bananduta agertzen diren bi dimentsio paralelo (subiranoarena eta subditu egoeran geratzen diren herritarrena) osatzen dituzte. Kontzeptualki, botere subiranoaren borondatea ez baita herritarren gogoen batura, eta ondorioz subiranotasunaren oinarriak ez dira hauteskundeetako mandatura egokitzekoak.
Hala eta guztiz ere, hori ezin daiteke konpondu subiranotasuna pertsonei esleitzearekin. Batzuk diote “burujabetza ez dela edozein subiranotasun”. Pertsonek izan behar omen dute subirano. Guretzat, ordea, ‘burujabe’ izatearen esanahia ez da inola ere subiranoa izatea. Burujabetzak beste mami sendoago bat dauka. Edozein subiranotasun hartuta ere, ideia absolutuen eremuan sartzen gara, ingude beretik ateratakoak denak. Pertsonoi dagokigunez, gauza bera esan daiteke. Ez gara izaki absolutuak. Gizaki burujabea ez baita bere baitakoa, ez da guztiz buruaskia, ez da perfektua. Ez garelako soilik gure baitakoak, erantzukizunez jokatu beharrean gaude. Subiranotasuna, gizabanakoaren ezaugarri bihurtzen denean, berriz, arduragabekerien justifikagarria da. Pertsonon desiorik berezkoena subiranoa izatea bada, bere jokamolde naturalena ez da besteenganako konpromisoak hartzekoa edo auzolankidetzan aritzekoa izango. Horregatik, komunitatea ezin eratu daiteke indibiduoaren subiranotasunean oinarrituta.
Burujabetzaz hitz egiten dugunean, pertsonetatik hasita giza-erakunde goreneraino irits daitekeen eraketaz ari gara. Horregatik, garaikide garenon arteko harremana elkartasunez saretzeko gogo sendoa agertzen dugunean eta belaunaldien arteko erantzukizun eta transmisio egokia egitea beharkizuna ezinbestekotzat hartzen dugunean burujabetzaren bilaketan ari garela esan genezake.
Burujabetza, beraz, herrikide direnetatik sortutako adierazlea da. Ez da egoera (estatusa) edo kondizio bat, horiek ezaugarritu ditzakeen izanbidezko prozesu indartsua baizik. Jatorriz, libre jokatzeko eta erantzule izateko gaitasunaren bila ari den gizakia burujabetzen ari da. Ezaguna da ‘norbere buruaren jabe izan’ esamolde herrikoia. Hortik zabaldu zen eztabaida politikora, eta gerraondoko aberrigintzaren zeinu eta praktika kolektibo behinena bilakatu, aldi hartako susperraldian gizarte dinamika guztien bizkortzaile gisa arituz.
Etorkizunaren gakoa giza-kontzientzietan dagoela esan zuen Arizmendiarrietak. Hau da, bere buru izatean, esan genezake Orixeren hitzekin. Soilik bere buru den gizakia ailega daiteke bere esku dagoena arduraz ekitera, burujabetzaren bidean aurrerapausoak emanez. Eta gizaki burujabe horiek egin ahal izango dute giza-elkartea edo komunitatea burujabe izatea. Burujabetza, libertate solidarioaren ariketa, ez da baliabide erretoriko bat. Gure bizi-komunitatearen eta bizilagunen zordun bihurtzen gaitu. Hortaz, hartutako erantzukizunak, azken batean, elkartekideekiko obligazioekin konplitzeko bidea zein den erakusten digu. Gizabidea helburu duen prozesuaren baitakoa denez, burujabetzaren mamia ere bere zertarakoan baitatza.