Joxan Rekondo
1. Abertzaleen tradiziotik ikasi dugunok badakigu demokrazia ez dela gizarte-konbentzio hutsa, ezta erabakitzeko prozedura soila ere, edo gobernatzeko moduetako bat. Haietatik jaso genuenaren arabera, demokraziaren ariketa giza-hazibidearen atal inportanteenetakoa bezala hartu beharko genuke. Ideia horren baliokide modernoagoaren bila, ‘giza garapen integrala’ aipa genezake orain. Koka gaitezen, bada, esparru kontzeptual horretan.
Agirre lendakariarentzat, herrigintzak hiru auzi nagusi ditu bideratu beharrekoak: gizakiarena, soziala eta herriena. Demokraziak hiru auziei egin behar die aurre, gizakiaren libertatea eta duintasuna, justizia soziala eta herrien libertatea bilatuz. Eta ikus dezagun harek non jartzen zuen demokraziaren sostengurik behinena: “Sozietate politikoek huts egiten dute, gizakiek huts egiten dutelako. Azal ditzagun ideia horiek gaur egungo adibideekin. Ohikoa da demokraziari atakatzea. Ez da, jaunak, demokrazia txarra dena, izatekotan gu demokratak gara txarrak«. Beraz, uler dezakegu herritarrek barneratutako giza balio eta zentzu demokratikoaren maila bera emango duela demokraziak.
2. Gizakia da guztiaren oinarria. Eutsi edo eraldatu nahi denaren eragile nagusia. Gizakia nolakoa, gizartea, herria, demokrazia halakoak. Baina, aldi berean, guztia ez dago gure esku. Etorkizuna ezin tajutu daiteke gure gustura. Gure mugak onartu behar ditugu. Gure tradizioko gizakiaren kontzepzioa, ‘euskal gizabidea’, Joxemiel Barandiaranek finkatu zuen modura, ‘zertarakoan’ datza. Horrekin ez zuen esan nahi helmuga gorenaren mesederako egoki daitekeen edozein tresna edo bide zilegitzat har dezakegunik. Alderantziz, hori ebaztea ez baitago gure esku, “ez gara [eta] gure baitakoak”. ‘Zertarakoaren’ galdera, aldiz, giza-bizitzaren zentzuarena da, sinesmenaren gaineko kezka ere barne hartzen duena, eta bide batez guztioi ingurukoekiko arduraz jokatzera eraman gaitzakeena. Gizabidearen zertarakoa, orduan, gure bizialdian egiaztatu behar da, elkarrenganako konpromisua eta ardura bezala.
Egia da Barandiaranen gizabidea jainkozalea (teozentrikoa) zela. Eta garai modernoetako kulturarekin txokatu dezakeela. Baina, badaude beste formulazio humanistak goiburu harengana hurbiltzen direnak. Habermas-ena, esaterako: gizakiok “libertatea bizitzen dugu, baina bere izaeragatik gure baitakoa ez den zerbaiti dagokionez”. Edo Hans Jonas-ek defendatu zuen ‘zertarakoa’ ere aipagarria da: “gizadiaren biziraupen-baldintzak ziurtatzeko moduan bizi eta jokatu behar dugu”.
3. Gaurregungo komunikazioan, modan dago pertsona erdigunean jartzea. Baina, pertsona bakarka hartuta. Giza-eskubideen aldarrikapenaren desitxuratze haundi bat gertatzen ari da, aitorpen indibidualen borroketan gotortu delako. Gizabanakoa aldarean jarrita, azken denboretan norberekoikeriei lehentasuna ematen dien kultura zeharo hedatuta dago. Ona dena da indibiduoari ondo datorkiona. Besterik ez. Orain, elkarren zaintzaz eta ongi komunaz aritzen diren hainbat diskurtsoetan esaten da Giza-eskubideen aldeko Agiri Unibertsalak ez dituela gure beharrak erabat asebetetzen, elkarrenganako ardura eta betekizunei ia aipamenik -29gn artikuluaren aurreneko azpiatalean ezpada- egiten ez dielako.
Ez da horrelakorik gertatzen Nikolas Ormaetxeak, Orixe zenak, Agiri hori euskarara ekarri zuenekoan. Euskarara ekarri egin zuen eta, itzulpen literalik bilatu nahi gabe. ‘Gizakiari zor zaio’ tradizioko esamoldea erabiltzen du, behin eta berriz. Gizakiari “zor zaio bizia, bere esku izatea eta segurantzia”. Eskuko izan nahi dugu, eta berebat elkarrekiko zordun gara. Izan ere, gizakiaren bizitza librea besteenganako lotura eta harremanak mamitzen dute. Norbera ezin daiteke izan bestearekiko ardurarik gabe. Subjektu arduratsua ez da, ondorioz, bere baitakoa dela uste duena, bere buruari begira bizi dena, baizik eta erantzuten duena, hurkoarekiko zorrak betetzeko gertu dagoena. Bat zetorren ikuspegi hau jelkideen pentsamendu eta jardunbidearekin, Irujo berak azaldu zuen bezala.
Aldiz, ‘itzultzaile eskasa’ zela leporatu zion Joxe Azurmendik Orixeri, ‘hizkera faltsua’ sortu omen zuela, “euskal mentalitatearen edo dena ulertu behar omen zuten etxekoandre eta ikazkinaren atxakiarekin”. Aldi hartan, belaunaldi berri batek piztua zuen gatazka kulturalaren jomuga bihurtu zen Nikolas Ormaetxea. Urte batzuk geroago, baina, begira zer aholkatu zigun Txepetx hizkuntzalari ezagunak. Honen ustez, ez dugu gure hizkuntza salbatuko oraingo gizartearen ezaugarri arrotzak -‘alienigenak’ dio berak- euskaratze hutsarekin, ez bagara saiatzen gizarte hori bera berriro euskaratik interpretatzen.
4. Itzul gaitezen lehengora. Nolako gizartegintza nahi dugun, halako gizaki gizartegileak beharko ditugu. Demokrazian nor izan nahi duenak, bere buruaz eta bere erantzukizunaz jabetu behar du. Horri deritzogu kultura demokratikoan sakontzea. Giza libertatea arduratzea da, ongi komunaren bilaketarekin konprometitzea. Aske izatearen bilaketari utzi gabe, hartutako erabakien erantzule izatea, eta egiten dena guztion onuraren mesedetara bideratzea.
Euskal sen komunitarioa berrindartzearen antsiaz bizi garan denboretan, ezin pentsa genezake gutako bakoitzaren eskuhartzerik gabe eta denon elkarbide demokratikorik bilatu gabe egin ahal izango dugunik. Gauza jakina da, baina Arizmendiarrietaren ahoan jarriko dugu: “Bakoizkeria ta norberekoikeriari uka dagoigun; alkartasun burubideetan ezi ta ekandu gagizan”. Gure komunitatea berrindartzeko ahaleginak, eta euskalherrigintza demokratikoak, hortxe -gizabidearen ariketa herrigilean- jarri beharko luke fokoa.