Jon Sarasua, bertsolaritza eta teologia politikoa

Aitzol Pagoeta

Gorka Bereziartuari Bertsolaritza Txapelketaren markoa ez zaio «aurrerakoia» iruditzen. Agian arrazoi puxka bat badu. Areago esango nuke: bertsolaritza, herri txiki, txiro, nekazal-arrantzale-kale-estu giroko baten ekoizpena dela. Agian, onartu beharko genuke, ez bakarrik txapelketaren “markoa” bertsolaritza bera «atzerakoia» da  erditu duen errealitatea, Euskal Herria, izatez atzerakoia delako. Arazoa filosofia politikoaren teilatuan erortzen da bete betean: nola askatu marxismoaren aitak Engelsek berak «zabor herri»tzat zuen Euskal Herri atzerakoia, Darwinen legeak ito arazia izan behar zuena dagoeneko? Euskal ezkerrak herri askapena askapen mugimendu ezker muturrekoekin lotu nahi izan zuen. Uste zuen horrela Euskal Herria historiaren haizeen alde jartzen zuela. Hamarkadak geroago, irteerarik gabeko, edo gaitzeko, bide batean sartu zela badakigu eta oraindik bueltaka ari da errotonda horren inguruan.

Zergatik diot hau? Bertsolaritza «aurrerakoia» ala «atzerakoia» adjektiboekin epaitzea gauza xelebrea iruditzen zaidalako, askoei bestela iruditu arren. Beste garai batzuetan zenbait jaun kultuek arlote hutsaltzat zituzten bertsolariak. Joxe Lizasok zioen horri: «geuk ez dakigu zergatik baina/maitatzen gaitu herriak». Hauxe da bertsolaritzaren iraun bizitzearen arrazoi nagusia. Herriak atsegin izan dituela bertsolariak. Eta 36ko gerra ostean Uztapide eta Basarri herrietan kantatzen zutenean, tradizio karlista eta tradizio abertzalea bat egin zuten, euskaldungoa osoki euskararen defentsan bermatuz.

Bereziartuak dio bertso saioen publikoa «Carl Schmitten lagun/etsai bereizketan gehiegitan erortzen» dela. Eta «ezinbesteko etsaiaren bilaketa ez da “ideologia progresistei” leporatu ahal zaien zerbait –Schmitt nazia izan zen–». Irudi du Bereziartuak ez duela gure gizartean gertatutako azken aldiko pertsekuzio politikoaren izaera ezagutzen. Eta oraindik gutxiago Schmitten ikuspegia Mao Zedong «progresista»k ezarri ziola euskal ezkerrari («zein dira gure etsaiak eta zein dira gure lagunak? Hau da iraultzaile batek egin behar duen lehen galdera»).

Ezin gaur egungo egoera deskribatu azken hamarkadetako historia kontuan hartu gabe. Ezker abertzalearen erakunde amak, ETAk, ez ahal zituen etsaiak seinalatzen eta akabatzen? ETA ez ahal zen ezkerreko erakunde bat? Denbora luzean, erakunde armatuak ezarritako logika deblauki irauli da txapelketa aretoetara. Ezker muturreko logika bat zen, eta orain ere bada. Bitartean, ezker abertzaleak bertsolaritza bere lurralde hegemonikoa bilakatu du. Hizpide politiko jakin batek eta bere komisario politikoek gidatzen dutena.

Hizpide horrek kanporatu ditu disidenteak izan zitezkeen bertsolariak, hala nola Jon Sarasua bera eta Xabier Euzkitze tartean. Baina itxura eman behar denez gero, hizpide horrek disidentzia bat ametitu du, ezker muturraren muturrean kokatzen dena, GKSri laudorioak botatzen dizkioten bertsolari gazteak. Horrela ezker abertzalearen politika kulturalak, bertsolaritzaren eremuan, gobernua eta oposizioa izatera iritsi da. Gure gizarteari eskaini nahi dion gizarte ereduaren adierazgarri, dudarik gabe. Batetik, iraultzaile instituzionalak, eta bestetik militante iraultzaile gazteak. Hitzez eta ekintzez, batzuk eta besteak elkarren artean lehiatuko dira zein edo zein gorriagoa den frogatzen.

Eskertzekoa da ikustea badela jendea egoera hau irekiro defendatzen duena. Markos Zapiain filosofoa ageri zaigu horretan tematua. Ongi irizten dio bertsolariek «marko» bat edukitzeari, eta esplizituki ez esan arren argi gelditzen da marko hori egun tinko dagoena dela, hain zuzen Sarasuak kritikatutakoa. Bestalde, marko horren zertzeladak ematen dizkigu, Sarasuak progresismoari egindako kritikari kritika eginez.

Filosofoa izanda, penagarri gertatzen da, era berean, Sarasuari leporatzen dion ignorantzian bera erortzea. Ezagutu beharko luke amerikar unibertsitateetatik eta frantziar teoria deitutakotik ondutako mugimendua, Sarasuak genero ideologiak, feminismo motak, trans doktrinak, multikulturalismo diskurtsoen multzoan sartzen dituena, ezkerra berarengatik kritikatua izan dela. Eta Sarasuak aipatu arrazoi berarengatik gainera, hau da, sistema kapitalistaren gidoiean bete betean sartzen delako. Adibidez, Alain Badiouk horixe bera esaten du, hauxe esaten duenean, «ekibalente orokorraren logika kapitalista eta komunitateen eta gutxiengoen nortasun eta kulturen logika orokortasun artikulatu bat osatzen dute» (San Pablo. La fundacion del universalismo, 11 orr.). Zorionez, Zapirainen ezker-santu eta eskuin-beti-pekatari eskema baino konplexuagoa da mundua. Hogeigarren mendeko demasiak eta gure lurrean jasan behar izan duguna ikusita, teologiarik txarrena teologia politikoa baita, gizakien heriotzak ideologia baten izenean justifikatzen dituena. Eta hori bakarrik eskuinean ikustea, zinez begibakarra izatea da.

Igor Goitiak, Iñaki Segurolaren zenbait esapide erabilita, ederki konparatu ditu aspaldi bateko eta gure garaiko bertsolariak. Garai batekoek marko bat (euskaldun-fededun) zeukaten, eta honetakoek beste bat (euskaldun-progrea). Kontua da euskaldu-fededunaren kontestuak sortu zuela bertsolaritza eta euskaldun-progrearen kontestuak, horren ideologiarekin hautsita, bertsolaritzaren arima berarekin hautsi egin zuen. Ez Jainkoan sinesten ez duen bertsolaririk sortu ez daitekeelako, baizik eta bertsolaritza jarraipena eta ez haustura delako. Tradizioan oinarrituta dago. Tradizioari begira dagoen eta onartu egiten duen Jainkorik gabeko bertsolaririk gerta daiteke. Baina tradizioa ukatzen duenik inolaz ere.

Ezker abertzalearen markoak tradizio-apurtzea dakar bere lehen oinarri gisa. Bere bertsolariek sortu duten markoak betiko bertsolaritza ukatzen du eta hortaz ekoizpena ez da betiko bertsoa. Egungo bertsolaritza ezker abertzalearen dispositibo ideologiko huts bat da, garai bateko bertsoaren itxura bat ematen duena. Segurolak «bertsozientzia» kontzeptua erabili du egungo bertsolarien nortasuna definitzeko. Bere ustez, bertsolari tradizionalek adierazten bazekiten beren ideologiaren ingurumarietatik nortasun pertsonalaren sakoneko konplexutasuna. Gaurkoek, ordea, ideologia baten roboten antzera, zein nor den progreago ari dira. Teologia politikoak hil egin du bertsolaritza eta egun izen hori daramana propaganda-ideologia-adoktrinazio esparru berezitzat hartu genezake.

Sarasuaren esanak aspaldian esandakoak dira, eta orduan bezala, gaur egun sortu dute zalaparta itzela. Mereziko lukete nirea baino hausnarketa luze eta sakonagorik. Baina egoera ez dago luzimendu horietarako. Irudi du Sarasuak kamikaze baten papera bete duela, batzuk hitz goxoz eskomikatu baitute eta beste batzuk, berriz, irainez gurutzean ezarri. Zapirainek esaten du badirela «Sarasuaren “progresista” kategoriapean leudekeen askok inongo arazorik gabe onartuko luketela beren printzipioak zalantzan jartzea eta haustea». Ikusiak ikusita, dudan jarriko nuke gure artean ente hipotetiko horien existentzia. Zapiainek badaezpada ere ez du izenik aipatzen, ezta berea ere.

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

2 comentarios en «Jon Sarasua, bertsolaritza eta teologia politikoa»

  1. Sortuk mugimendu sozialen kontrol eraginkorra bilatzen du, militantzia blokean sar dadin (bertsolaritza bat gehiago da), mugimendu horiek «herrikoi» bihurtuz bere ideologiaren arabera, eta, horrela, mugimendu horietan botere tutore-zentralizatzailea gauzatu ahal izateko, une bakoitzean alderdiaren zuzendaritzak zehaztuko duen politikaren alde.
    Gainerakook ez dugu gauza bera egiten saiatu behar, gizarte-mugimendu guztiak identifikatu behar ditugu, ez subiranista iraultzaileek pantailaratzen dizkiguten «herrikoiak» bakarrik, asko daude, guztiok, erakundeak barne, babes handiagoa eman behar diegu.

  2. Euskeraren aldeko jarrera izatea ez da nahikoa ezker abertzalearentzat, haratago, ezker abertzaleko kide ez dan euskaltzalea ezker abertzalearen etsai bilakatzen da. Ezker abertzaleak kontrolatutako edabideak ez dituzte aipatu ere egiten ezker abertzalearen eremuetan ez dabiltzan euskaltzaleak: Patziku Perurena, Eduardo Gil Bera, Matias Mugica, Antonio Zavala, Nikolas Ormaetxea… ez dira existitzen, ez dute existitzeko eskubiderik, naiz eta euskararen munduan dauden jende interesgarriena izan. Bertsoaren mundua MLNV,ren paradigma da, bertsolaria beti izan da marjinala, kritikoa, rebeldea… ezker abertzaleak domestikatu zuen arte, gaur egungo bertsolaritza hiperkorrekzioaren paradigma degu, monopentsakeraren paradigma, automugazioaren ejemplu, autozensura, gurasismoa… inungo grazirik gabeko koñazo insufrible batean bihurtu da garai batean “underground” tipokoa zen mundu bat. Aurreiritziaren barruan euskararen mundua sartzera derrigortu nahi honek, Stasi kultural honek, lortu du lortu nahi zuena, adoktrinamenturako gailu bat, jasan ezina dan ladrillo bat.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *