Azala / Portada » Bi modu itxaroteko, Godot, 30 urte (92/X/27-22/X/27)

Jose Manuel Bujanda

Euskal herritarra naiz. Euskal Herriko semea. Zazpi lurraldetako Euskadi izena duen etxea dut mundu honetan pausaleku. Abertzalea naiz. Garai historiko hurbil eta oso zailetan, gerraren eta diktaduraren ondorioak, bizikidetza soziopolitiko latz eta gogorrak ezagutu eta bizitu izan dituena. Baina betiere etorkizuna itxaropenarekin ikusi izan duena, etorkizun hobe baten itxaropenarekin bizi izan naizena. Landu beharreko etorkizuna. Landu. Lan. Baina nola?

Vaclav Havel Txekoslovakiako komunismoaren osteko lehen presidente ohiak zioen, orain dela 20 urte, Parisko Zientzia Moralen eta Politikoen Akademian (92-X-27) sartzeko hitzaldian bi modu daudela lantzeko eta itxaroteko. Bata, Godot noiz iritsiko zain, erabateko salbazio unibertsaleko behin betiko kanpo-subjektu baten haragitze gisa. Horrela, pertsona askoren itxaronaldi pasiboa intelektualki eta jarreretan kokatzen da posizio horretan. Beste itxaronaldiak, aldiz, ñabardura progresiboen aldeko apustu proaktiboa egiten du, aurre egiten, lan egiten, etorkizun hobe baten argazkia bilatzen eta saiatzen, zeren saiatzea printzipio kontua da, hau da, besterik gabe egin behar delako egiten da. Kito.Itxaronaldi sendo eta kontzientea da hau. Saiakera honen balizko errebalorizazioaren kezka puntual eta tentagarririk gabe. Egunen batean ahalegin honek arrakasta izango duen edo kontrarioaren ondorioz, itoko, ahaztuko edo artxibatuko den jakin gabe. Esna, tente eta ilusioz itxaroteak, argazki hobe baten alde eta integrazioaren alde lan egiteak, zentzua du berez. Itxaronaldi proaktibo hori tentsio handiko egoera da.

Itxaropen dinamikoa, zuzentasuna itzulinguruka, bidezidorrez edo amarruz inoiz gailenduko ez den uste osoan. Itxaropen ilusionatua da, non egia ez den inoiz gezurretan nagusituko, ezta izpiritu demokratikoa ere diziplina autoritarioekin, gogoeta zintzo eta autokritika barearekin baizik. Itxaropen kontziente eta arduratsu hori etsipenaren, pasibotasunaren eta utzikeriaren aurkakoa da. Itxaronaldi honek, ereindako ale-agerraldia ernatzea faltan botatzen du. Godoten zain egotearen kontrakoa da. Godoten zain egoteak inoiz landatu eta ureztatu gabeko orkidea baten loraldia itxarotea esan nahi baitu. Etorkizuneko argazki hobea aurkitzeko itxaropena ere gal daiteke, baina inoiz ez norberaren itxaropenaren beharra, nahiz eta Godot, espero zena, ez den existitzen eta, beraz, inoiz ez den iristen, ezta iritsiko ere.

Godot, norberaren itxaropenaren ordezkapena besterik ez da. Itxaropenik ez dutenen itxaropena. Ameskeri galgarria. Godoten zain egoteak ez du zentzurik, norbere burua engainatzea da, denbora alferrik galtzea. Beste itxaronaldiak ez du denbora galtzen,  bete egiten du. Horretarako nahikoa da ulertzea gure itxaronaldi aktiboak baduela zentzua, ez dela utzikeria, ezta asperdura ere, baizik eta ereiteko tentsioa. Izan ere, ilusioa, lana eta aurpegi berriak ereiteko garaia izango da beti.  Jarrera berriak, errespetua eta gainditze eta kontzientzia izpiritua ereiteko garaia. Proiektu kolektibo partekatuak ereiteko eta errealitateari itsatsitako utopia ereiteko garaia. Kontua da freskotasunez ereitea, pazientziaz zaintzea eta dagokionean ureztatzea. Zain egotea eta orkideei dagokien denbora ematea da kontua.

Godot ez da inoiz existitu. Ez du ezer erein, inoiz ez. Inoiz ez du bildu aurretik ereindako uztarik. Beti gutxietsi izan ditu uztak. Godotek ez zuen, ez du, inoiz sinetsi etorkizuneko proiektu batean. Are gutxiago lider, integratzaile, ireki eta zabal batean. Nahiz eta benetan Godot ez zen, ez den. existitu. Etorkizuneko proiektu hau, liderra, lantzen eta irabazten da, irabazi egingo dugu, guztion artean ukondoz ukondo. Egunez egun lan eginez. Gauez ere. Guztiok. Auzolanean. Denok ala inor ez. Euskal gizarte hobea dugu erronka. Gizarte justuagoa, kohesionatuagoa, inklusiboagoa, berdinagoa xede eta helburu. Zabal, etiko eta irekia. Inor baztertzen ez duen gizarte askeagoa. Begirunea ikurra duena. Elkarrekikoa esan nahi baita. Bedi bada.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *