Azala / Portada » Zein hizki jarriko zenioke autoari matrikulan: EU, EH ala BK?

Zein hizki jarriko zenioke autoari matrikulan: EU, EH ala BK?

Iñaki Azkoaga

Euskal lurraldearen izenaren auzia argitzeko dagoen premia egunetik egunera nabariagoa da. Horren lekuko, auto matrikuletan E ez diren hizkiak erabiltzeko derrigortasuna ezabatuaz, Galiziako epaitegiak hartutako erabakia, zenbait euskalduni buruhauste berri bat ekarri diezaiokeena. Izan ere, hautatu beharko du euskal lurraldea identifikatzeko zer hizki jarri autoaren matrikulan: EU, EH ala BK.

Aurreko uztailaren 28an Nos Diariok jaso zuen albistea. BNGko zuzendaritzakoa den Bieito Lobeira-ri, matrikulan GZ jartzeagatik, trafiko poliziak ipinitako isunei igorritako helegiteak onartu eta arrazoi eman diote epaitegian. Ondorioz, Espainiako auto matrikuletan ez dago E zertan jarri Europako ikurraren azpian. Esaterako, Galizian GZ ipinita zirkulatu daiteke eta ez diote zigorrik jarriko.

Beraz, matrikula plakaren ezkerraldean, Europako ikurraren azpian jartzen duten E, Espainiako estatuaren letra ofiziala, ez da derrigorra. Ipini daiteke GZ edo CAT. GZ-k Galizia adierazten du eta CAT-ek Katalunia.

Honen harira Berria egunkariak, GALEUSKAko hiru nazio historikoen ikurrekin hornitutako artikulua argitaratu zuen, galiziarraren gudua kontatuz eta, lortu duena azaldu ondoren, euskaldunok ere erabili genezakeela azpimarratuz.

Zer esanik ez prentsan zentzu desberdinetako iritziak zabaldu direla, esaterako elnacional.cat edo, kontrajarriaz, elcatalan.es aldizkariak argitaratu dutena. Sartu gabe besteen kontuetan eman dezagun galiziarrak GZ hizkiek guztiz identifikatzen dituztela eta katalanak, CAT horrek. Gatozen gurera.

Identifikatzeko, hizki bakarra, bi edo hiru erabili daitezke.

Bakarra erabiliaz, Euskadi edo Euskal Herriari dagokion  E hori Espainiak erabiltzen du eta Baskonia izenari dagokion B, Belgikak. Beraz, bide horretatik ateak itxita daude. Bi hizki edo digitura igorriz aukera gehiago daude: EU, EH edo BK.

Berriako kazetariak EH-ren alde egin du apostu. Zergatik? Ez dut ezagutzen erantzuna, baina egin duen hautua ez da zuzena.  Nahi badira bi digitu horiek erabili, egunen batean ofizialak izan daitezen, digitu identifikatzaileak finkatzen dituen ISO erakundeak ezingo lituzke onartu, EH Mendebaldeko Saharari asignatuta dagoelako, okupatuta dago, beste norbaitena da. Beraz, euskal lurraldeak identifikatzeko ezingo litzateke erabili.

Beste aukera bat EU litzateke. Bere logika du, orain arte euskal kultur identifikatzaile modura .eus domeinua ofizialki onartuta dagoen identifikatzaile bakarra delako, puntueus hain zuzen, munduko interneteko domeinuak banatzen dituen erakunde ofizialak emana baita. Baina EUS hori bi hizkitara pasatzerakoan, arazo gainditu ezinak agertzen dira, zeren EUS horretatik egin daitezken bi digituko aldaerak hiru dira: EU, ES edo US. Eta hauetatik -EU Europako Batasunari dagokio, -ES Espaina identifikatzen duena da eta, azkenik, -US Ameriketako Estau Batuek darabiltena. Beraz, interneteko domeinuetarako hirurak okupatuta daute, baita ISO 3166-2 kodean ere.

Hirugarren aukera BK da. Jakina, honetarako, Baskonia izena onartu beharko litzateke euskal lurraldea izendatzeko, hau da, normalean erabiltzen dudan moduan. Bi hizkiko BK libre dago ISO kodeetan eta domeinuetan. Azken batean, ISOn oinarritzen baitira domeinuen asignazioak egiteko. Eta hiru hizkirako erabili daitekeen eta libre dagoen BKN-kin guztiz koordinatuta legoke.

Beste arrazoi bat gehiago euskal lurraldearen izena Baskonia gisa izendatzeko. Eta ISO kode modura BKN edo BK erabiltzeko

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *