Azala / Portada » Homoa eta Mitoa (I)

José Manuel Bujanda Arizmendi

Humanitatearen hazia, giza generoaren hastapena. Baso basatietan aldakuntza errozkoa jaiotzen da. Handik gatoz. Tximu arborikolak ote dira, ote gara oraindik? Giza tximinoak, bipedo humanoak noiz hasten dira? Orain dela bi, hiru miloi urte? Une tragiko ahaztezina benetan. Lorpen erraldoia. Garaipenezko oihua. Iraultza nagusia. Zuhaitzen adarretatik jaisten dira. Zer nolako izaki mota da?  Zer dira?  Zer ez dira? Tximino arruntak? Gorilak? Orangutanak?. Arboletan bizitzen nekatu, nazkatu egin dira. Frutaz ase dira. Ezinbestez herbiboroak ziren. Nola ez dakitelarik, bestelako biziera hasteko beharra. Saiatu behintzat. Hauxe bai erabaki gogorra. Dena den jaitsi. Beherako premia. Deika dute lurra. Bihoa azkarrena. Doala ausartena. Ala multzo osoa batera? Azkenik kezkak, arriskuak, beldurrak, ilunak, ezkutuak atzean utzi eta taldeka abiatzen dira, ar eta eme, haur eta heldu, gazte eta zahar, tribu dena elkar. Bizia eta heriotza elkarrekin. Goazen!! Hominizaziorako bide ezin eta luzeagoa horrela gertatu ote zen? Jakin ez dakigu. Hipotesika gabiltza. Adarrak hautsi eta makil sendoak prestatu. Lehen arma. Klase eta mota guztietako piztiak txikitzeko prest, aurreneko baldintza bizitzeko medio berrian.

Ba ote zekiten irauteko modu bakarra zela dena errotik aldatzea? alegia, aurreko bi hankak nolabait libre uztea? ibiltzeko bestela konpontzea… nahitaez atzeko bi hankez bakarrez ibili behar zutela… nola edo ala?. Hauxe bai iraultza zaila! Guk orain badakigu asmatu zutela, zutik, bertikalki jartzea lortu zutela. Berehalakoan ez zen izango noski. Milaka urte pasako ziren alferrezko esfortzutan, esperoan, itxaropenetan, zain eta zain. Onenean basapizti hiltzaileengandik iheska ikasiko zuten arbolen enborretara bi hankez, orain bi besoz baliatzen basabere etsaiak baino arinago. Beharbada ehunka urtez biziera mistoan bizi izan ziren, aldizka arboletan, aldizka lurrean. Edo arrantza zereginetan jan bila zebiltzala konturatu ziren arraien ohiturez, eta bizimodu horiek menderatuz igeriketa estilo berrien jabe egin ziren aurreko bi gorputz-adarrei esker?  Edo gauza bera erdietsi zuten ehizaren bitartez hegaztien atzetik mantenugaiaren bila ibiliz?  Galderak eta galderak…

Nolatan moldatu ziren azkenik ez dakigun arren gu gara entsegu ezezagun haien fruitu argia. Bertikaltasunak ekarri zien berria, etorkizun itxaropentsua. Naturak zutitasuna eskatzen zuen. Horrela bistan zuten ilargia, bistan izarrak. Bi zango, bi beso. Bestelako anatomia. Askatasun berria. Zutik ibiltzeak bi eskuak libre utzi zituen zeregin askotarako. Izaera horri eskerrik asko gizalana, eskulana, talde-lana, auzolana errealitate bat izango dira betiko. Jaio baita teknika, jaio da pentsamendua, jaio da ustekabeko bizitza berria. Zutik eta oinbiko izateak mundua aldatu egin du oinetik burura. Aske gara. Hominizazioa antzinako primate batetik hasiz gaurko pertsona agertu arteko prozesu ebolutiboa da. Gure jatorria miozeno garaiko zatiketari zor zaio.  Bi adar sortu ziren. Lehenengoan antropomorfo handiak -orangutan eta gorilak- ekarrarazi zituen. Bigarrenak adar humanoa eta honen transformazioak oraingo kondiziotara.

  1. urtean Kenia Iparraldeko aurkikuntzak -hominidoen lau arrasto- zirrara handia piztu zuen zientzia inguruetan. Izan ere, zientifikoek ateratako ondorioz duela agian milioi para bat urte hominidoak eboluzioaren bidez iritsiak ziren bi oinen gaineko ibilera menderatzera. Oinen arkua eta esku-hatzak gureen itxurazkoak zituzten. Tipo hauetakoak dira ezagutzen diren aztarna zaharrenak.

Homo Erektus espeziekoak ziren, hots, lehen hominidoak zango luze eta beso motzekoa, Homo Sapiensen neurrikoak. Historikoki biztanle haiek nomadak ziren, bizileku finkorik gabeko ehiztari eta artzainak. Nomada aurreratuok, denboraz, sedentarioak egin ziren, alegia, biztanle finkoak, egonekoak, bizitoki iraunkorrekoak, adibidez baserritar lur-gin eta antzekoak. Hasieran naturak berak eskaintzen zizkien behartsu haiei babesa eta gordeleku kobazulotan, beharbada erdi bistako mendi sarreretan edo maizago ezkutuan, lurpe sakoneko haitzulotan. Gizaki modernoa (Homo Sapiens, meta-hizkerak eta hizkuntzak erabiltzen hasiak), duela 200.000-100.000 urte agertu zen, bere arbasoa Homo Erektus zelarik. Gizaki modernoaren eboluzioan hainbat forma azaldu ziren, bata Neandertal biztanlea (Homo Sapiens Neardenthalensis) Europan azken glaziazioan zehar duela 80.000-35.000 urte bitartean bizi izan zena, eta bestea, Cro-magnon gizona, gaur egungo gizakiaren (Homosapiens Sapiens) arrazakoa.

Euskal Herrian biztanle primitiboen aztarnak txit aspaldikoak dira kobetan bizitakoak, hala nola Lemoako Arlanpe haitzuloa Behe-Paleolitikoa dena, Neandertal garaiko Lezetxiki eta Santimamine, edota Cro-magnon denborako Baltzola eta abar luze bat. Eta beste aldetik kobazulo-hormetako pintura famatuenak Altxerri eta Ekainekoak direlarik besteak beste. Azkenik, frogatzeko gure arbasoak artista bikainak zirela, pintoreak eta musikoak adibidez, aipatu behar Nafarroa Behereko Isturitzeko hartzuloa, zeinean topatua izan zen hegazti-hezur bat hiru zuloduna, gure gaur eguneko txistuaren aitzindaria gerta zitekeena, hogei mila urtetik gorako zaharra alajaina!!

Mitoa dugu giza jakituriaren aurreneko dirdaia. Gure arbasoek, homo bilakatu ziren haiek, milaka urte direla, jainkoak eta izaki bereziak asmatu zituzten beren buruek uler zitzaten biziaren sorrera, existentziaren misterioak, edota eguzki eta izarren mekanismoak. Aldi guztietako kultura denek landu egin dituzte beren mito propioak. Mito zaharrak izan ziren gizatasunaren ekintza gogoangarriena protohistorian. Beharbada oparoegia baina baita argitsu eta iaioa zentzu muinaren erdian. Mitoak, izan ere, zentzu-eramaileak baitira osoki. Protohistorian iritsi zen mito handien heldutasuna, geroko pentsamenduaren oinarri gertatuko zena. Mitoa espirituaren beharreko sorkaria denez, historia osoan bizirik dirauena da. Mitoek heldu, bildu, lotu egiten gaitu ezinbestez. Mitoak filosofia sortzen du, mitoek filosofiak. Gizakiok betidanik itxaropen bila ibili izan gara, eta ibiltzen gara, eta mitoak hain zuzen bidera etortzen zaizkigu lagun zintzo bezala. Mitoa eta filosofiaren artean ez da gertatzen jakite mota bat faltsua izatea eta bestea egiazkoa, jakite mota diferenteak direla baizik. Horregatik zientifikoak, zenbaitetan, zientifikoa ez den hizkera motez baliatu behar izan dira, eta dira oraindik, hainbat gauza eta gertaerari argi izpi bat ematearren. Horrela gertatu zitzaion Platoni ere, askotan baliatu zelarik mitoez, hauen errekurtso “ulergarriagoetara” joan behar izan zuelarik, zail eta esplikaezina zeritzon hainbat gauza eta gertaera esplikatzeko.

Mitoak beti ulertu behar dira beren kultura mailaren eta ezaugarrien arabera, historia mailan, edukiaren mailan eta elaborazio mailan ere. Prometeoren mitoa historia eta teknikari buruzko hausnarketa gisa hartzekoa da. Prometeok gizakienganako maitasunak eraginda sua ematen die lapurtutakoan eta orduan Zeusek katetan jartzen du putreen jaki bihurtuz. Mitoak menderatzen gaitu. Indar inkontziente horretatik geure burua askatzeko, aurreiritzi hirukoitz batetik liberatzeko premia larria dugu: -Bat, uste izatea mitoak iraganari bakarrik dagozkiela, -Bi, marko erlijiosoari itota daudela, -Eta hiru, ilusio hutsak direla, geure borondatez edozein momentuan askatzeko ahalmena dugularik.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *