Aberriberri bloga

Izan ziren, gara

José Manuel Bujanda Arizmendi

Garai hauetan, Euskadi 2021, 145 urte beteko dira Euskal Pizkundearen fenomenoa sortu zela Euskal Herrian. Garai haietan, Euskal Herrian, 1876ko Euskal foruen galeren ondoren hain zuzen, gerrate karlisten porrot eta triskantzen ondoren, baina garaiko etsipenari eta tristeziari gaindi egin nahian, euskal kultura, euskara, euskal ohitura, euskal historia eta abar aldarrikatzeko eta errebindikatzeko mekanismo kulturalak martxan jarri ziren ordu hartako euskal gizartearen baitan, zeren kontzientzi berri bat ernatu eta errotu zen askorengan. Aro berri bati ekin beharra sumatzen zen. Euskal Pizkundea deituko zen garai gihartsu bat biziko zen Euskal Herrian zehar alor askotan. Eta honela, testuinguru horretan, “Lehiaketa Literarioak” indar berezia hartu zuten era  eta leku desberdinetan. Euskal literaturaren berrikuntza, beraz, Euskal foruen galerarekin batera eman zen, paradoxa benetan. Politikoki, Sabino Aranaren eskutik, euskal abertzaletasuna, gorputza hartuko zuen. Gizartean aldaketak zetozen, sozial eta politikoki aro berri batean zeuden gure aurrekoak. Euskal Pizkunde honek, bere hastapenak Iparraldean izan zuen bere hasiera eta abiapuntua. Sorrera eta aitzindariak, argi eta garbi, Iparraldean D’Abbadieren eskutik etorri ziren Urruña eta Saran bereziki antolatutako saio eta lehiaketak zirela medio. Garai haietan urte batzuk gora urteak behera, beste lurraldetan, Poe, Baudelaire, Mallarmé, Byron, Eliot, Huxley ea idazleen oihartzunek bizirik zirauten. Hurbilago, Cataluñan “Renaixença” eta Galizian “Rexurdimento” indartsu zeuden.

Euskal Lore Jokoak suertatu ziren 1879 eta 1895 bitartean, Donostiako Euskal Lore Jokoen udalbatzaren sorrera festa hauen harrera ona zela eta. Donostiako Lore Jokoak oraindik bizirik dirauen Principal antzokian ospatzen ziren eta betiere Iraila edota Santo Tomas egunean. Dena dela, esan daiteke 1879an eta Elizondon izan zirela lehenengo Euskal Lore Jokoak. Lore Joko hauek egun bateko iraupena izaten zuten, lan sarituak irakurtzen ziren musika tartean eta irabazleen sari banaketa alaitasunez ospatzen zen nolabaiteko solemnitate bereziz. Diputazioa eta udaletxearen diru laguntzak jasotzen zituzten. Sariak, hasieran behintzat izaera sinbolikoa izan zuten. Lehiaketei dagokionez, edukiari buruz hain zuzen, eremu eta alor denetariko gaiak lantzen ziren. Helburua argia zen, zuzena, garbia eta konprometitua: euskararen errekuperatzea.

Geroago, Euskal Festak, 1896 eta 1915 urtetan zehar, aipaturiko Lore Jokoak beste ekintza bat bezala hartuak izaten ziren festen egitarauetan. Esan behar da, literaturaz edo arteaz gain, festa herrikoi eta nekazaritza mundukoek eragina nabarmena zutela ospakizun hauetan. Donostian izan ziren lehenengoak, literatur saio, bertsolari eta txistulari txapelketaz osatuak hain zuzen. Lurralde ezberdinetan ospatzen ziren eta askotan euskararen presentzia testigantzazkoa izaten zen zoritxarrez, eta halabeharrez. Presentzia soil hori, ez zen gutxi edo txatxetako kontua, lurralde ezberdinen arabera betiere. Urteak joan eta urteak etorri, sariak sinboliko izatetik eskudirutan izatera pasa ziren. Denborarekin, herri ezberdinetan ospatzen ziren festa hauek, aldaera bat jasan zuten, zeren Lurralde Historiko ezberdinetako, probintziako hain zuzen, boterearen herriarekin erlazionatzeko ezinbesteko espazio erakargarrian bihurtu ziren. Dena dela euskara bizkortzeko asmoa zuten festa eta lehiaketa hauek Gipuzkoa eta Iparraldean ospatzen dira batik bat. Nafarrona, Bizkaian eta Araban hauen presentzia benetan eskasa izan zelarik hasieran behintzat.

Festa hauetan herrikoia dena kultura idatziarekin nahasten da, eta bertan, garaiko garaian kezka sortzen zuten gaiak proposatzen eta lantzen ziren. Ospakizun hauei esker, irakurketa eta idazketarako eremu berriak sortzea suposatu zutenak hain zuzen, “publiko” berri honek (euskaraz irakurtzen dutenak) jaietan parte hartzea erakarri eta suposatu zuen. Lehiaketa eta festa hauetan idatzia eta ahozkoa elkartu egiten ziren. Eta herria hiriarekin. Euskaldungoak honela alfabetatzeari ekin zion apal baina eten gabe, saridunen lanak argitaratzen eta hauek irakurtzen, kartel ezberdinak begiratzen eta komentatzen, eta honela euskarak, komunikatzeko bide berri bati ezinbestez ekin zion.

Eta gaur egun, 2021. urtean, 145 urte ondoren, Euskal Pizkunde zahar hura jarraitzeko, indartzeko, gaurkotzeko, egokitzeko, biziberritzeko, bermatzeko eta atxikitzeko asmo irmoan darrai euskal gizartearen borondateak, euskal gizartearengan datzan irrika nabariak. Orain, gaur egun ere, globalizazioan murgilduta gaudelarik buru belarri, euskararen aldarrikapenaren aldeko gogoa, euskararen ezagutzapeenaren etengabeko aldarrikapena eta euskararen erabileraren xede eta helmugak, esaldi hark zioen bezala “zahar berri” esamoldeari heltzen dio ilusioz. Eman diezaiegun gure ondorengoei gure aurrekoek eskueran utzi ziguten altxor preziatuena, zein baita euskararekiko atxikimendua eta konpromisoa solidarioa, hots, euskararen ezagutza eta erabilpena. Erabilpena,  horra hor benetako hitz klabeenetan klabeenetakoa. Izan zirelako gara bai, eta garelako eta nahi dugulako izango dira baita ere, jaioko dira berriak (eta abestiak esaten duen bezala) gu gara Euskal Herria.

Exit mobile version