Joxe Martin Larburu
Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak,
Heriotzaren ukazioa diren ardaska gazteak.
Beren aukeren jabe eraikiz ta erortzean berriro jeikiz
Ibiltzen joanen direnak: gertakizunen indar ta argiz
Gure ametsa arrazoi garbiz egiztatuko dutenak
(Xabier Lete).
Gizabanakoa ez da bere baitatik sortzen, aurretiko besteen borondate batetik bait gatoz. Baina gure jaiotzak, gertatze berarekin, ondorengoen jarraipenarekin zor partekatu bat dakar: giza generoaren iraupena. Historian zehar, gizakien eta gizataldeen elkarlanaz, sortu den gizarteari eustea betebehar etiko bat da.
Betebehar etikoa aipatzen denean, zer esan nahi da? Gizakumeari, edozein etxe, sendi edo taldeetan jaio delarik ere, gizarte-sail horietako antolaketa aldatzeko nahikoa gaitasuna aitortzen zaiola, baina ez duela inolako zilegitasunik giza-harremanen katea eta gizartearen eraketa bera apurtzeko. Beste modu batera esateagatik, bere aurrekoen eskuetatik jasotako ondasun eta bitartekoak bere garaiko beharretara eskubidez molda ditzake gizakiak, berriak sortuz gainera. Baina, giza iraupenerako ezinbestekoa den ondarea, historiatik jasoa duena eta etorkizunari zor zaiona, ondu beharrean dago, datozen belaunaldientzat kaltegarri gerta ez dadin.
Giza-historiaren bilakabidea ziurtatzeak mugatzen baitu gizaki garaikideak berea duen eskubidea. Dialektika honi deitzea diogu ‘eskubide historikoa’. Orduan, nola joka dezake historiaren zordun eta bide batez bere eskukotasunari eutsi nahi dion gizarte txiki batek? Tamalez, herri txikiek urra dezaketen iraupen bidea ez da egokitu ohiko iraultza eta estatu edo aginte talde handien nahietara. Euskaldunon kasuan ere, aipatu talde haundi horien joera irenslearen biktima izan gara. Gure izaera kulturala, gure erakundetze historikoa, gure legeak, gure giza altxor guztiak, historian zehar belaunaldiz belaunaldi lurperatu nahi izan dituzte.
Iraupenaren aldeko borrokan, iraganetik datorkigun bideari jarraituz etorkizuna prestatzeko, euskaldunok historian zehar herri jakintzara jo izan dugu. Eta, gure etxean, herri jakintza horrek dinamika aberatsa azaldu du. Gure herria ez da inoiz itxi garaiko joera nagusiak bereganatzera, jakintza komuna aberastu zezaten. Gainera, eredu kontsuetudiarioaren malgutasuna medio, usuaren arabera alda zitezkeen legeak. Euskal historiaren irakurketa irekia egiten jakin izan dugu. Jendea eta Erakundeak, oinarri bezala hartuta. Obanoseko infantzoien goiburuak dioen gisara: jende librea aberri libre batean. Garai bateko erakundeek bizirik diraute gure artean. Eta mendeetan izan dugun ‘noblezia unibertsala’, duintasun humanoaren adierazpen argia, garaiko eskakizunetara egokitzeko izaera malgu hori baliatzen jakin izan dugu eta, ondorenez, aro modernoko herri jakintza horren muina giza-eskubidezalea da.
Eskubideak eta historia lotze prozesuan jakin behar dugu historian zehar giza duintasunaren aldeko eta aurkako pasarteak izan direla. Aldekoei bakarrik eman behar zaie jarraipena, aurkakoak ez dute eskubide historikorik sortu behar. Ez da gizabidezkoa gure aberri eskubideen bila, atzerri bultzada izan duten “ahaide nagusien” antzeko ibilbide historikora jotzea, herriaren errotik sortutako erakundeak dira babestu behar direnak. Bizibideko, giza arimazko erakundeak (ondasun komunitarioa, hizkuntza, folklorea, artea, baloreak e.a.), gizartearen onurako egituratuak soilik sortzen digute herri iraupenerako dugun zorra.
Gizakiari bizia zor zaion era berean, iraupena zor zaio herriari (gizarteari). Gizaki eta gizartearenganako zor horien betetzearen jarraipenean kokatu beharko genuke gaur egungo, herritar eta herri-lurralde, eskubideen eztabaida. Gizartea beraren gogo eta interesen alde sortu diren erakundeak kanpotik aldatzea, giza komunitateek dituzten eskubideen aurkako erasotzat jo behar da.
Gure iraupen eskubidea kanpo erasoetatik babesteko, euskaldunak espainiar estatuarekin dugun itun eta legedi nagusietan, “eskubide historikoak” babestu beharraren konpromisoa agertzen duten lerroak sartu ditugu. Aldebikotasunaren alde jarraitzeko bidea irekita dago. Aldebakartasunez ituna hautsi nahi dutenek, lerro horiek dioten bezala, jakin behar dute egungo legedien aurretikakoa dela gure burujabetzarako eskubide historikoa.
Ez pertsonek, ezta herriek ere, ezin dugu egunero erreseteatu eta momentuko nahikeriaren arabera, soilik, etorkizuna erabaki. Gaur egungo estatus berriaren eztabaida eskubide historikoen bidetik ateratzea akats larria litzakete. Autodeterminazio eta erabakitze eskubidea gure neurrikoak izateko, aldez aurretik, “pase forala”ren antzerako tresnak eguneratu egin behar ditugu. Euskal kateari loturik jarraitu eta gure herri-jarraidurari erantzun propioa eman nahi badiogu behintzat.
Estatus berria eztabaidatzen ari diren gure juristek, jarraidurazkoak edo garaikoak diren erakunde eta bitartekoen artean bereiztera beharturik daude. Iraupenezkoak bermatzea agintzen diete gure eskubide (zor) historikoek. Egungo gatazkak eta etorkizunekoak ekiditeko, kate-ikuspegi historikora jotzeak lagundu egingo die. Gure etorkizuna bermatzeko, hil edo biziko gatazka bideetan jarri gabe, bide zaharretatik igarotzean bizikizun berriak izateko aukerak sortzeko gauza izan gaitezen.
Gure ahaideak eusko abertzale guztiak dira, baina benetan anai-arreba bezala herrizaleak direnak ditugu. Gure etorkizunaren itxaropena, gizartea osatzen duten pertsonak estatu boterea baina gehiago maite duten abertzaleengan dagoela iruditzen zaigu. “Iraultza mundiala” proposatzen diguten handi-mandien baino, herritik eta herrirako sortutako Agirre, Arizmendiarrieta, Barandiaranen, Zipitriaren antzekoen ikasbideak jarraitzen dituzten, agintari xumeengan gehiago sinesten dugu. Herri honen sekretua pertsonak dira, elkarlana, elkartasuna.Gure betiko baloreak berpiztu behar ditugu.
Gure ahaideak eusko abertzale guztiak dira, baina benetan anai-arreba bezala herrizaleak direnak ditugu. Gure etorkizunaren itxaropena, gizartea osatzen duten pertsonak estatu boterea baina gehiago maite duten abertzaleengan dagoela iruditzen zaigu. “Iraultza mundiala” proposatzen diguten handi-mandien baino, herritik eta herrirako sortutako Agirre, Arizmendiarrieta, Barandiaranen, Zipitriaren antzekoen ikasbideak jarraitzen dituzten, agintari xumeengan gehiago sinesten dugu. Herri honen sekretua pertsonak dira, elkarlana, elkartasuna. Gure betiko baloreak berpiztu behar ditugu.