Azala / Portada » Geroak bagarela esan dezan!

Joxe Martin Larburu

“Egizute nerekin
aberri bidea.
Bildu dezagun nunahi asaben lorea.
Ta gaurdanik goritu gure sukaldea.
Ni nor naizen? Asmatu!
Euskal pizkundea.” (X. Lizardi)

 

Espainiak jasaten duen gobernu paralisiak (bertako politikoen harrokerien erruz) estatuko pertsonei kaltea besterik ez die ekarri. Egoera hori zuzendu nahi bada, elkarlan politikoa beste biderik ez dago.

Kataluniak, bizi duen (barru eta kanpo) gatazkak ere, beste erakuspen ezkor bat eman digu. Erabaki eskubidea ardatz, independentziaren helbururako lortu nahi izan duten indar metaketak porrot egin du, ez dute herritarren egoera hobetzea lortu, eta ez dira gai izan herri gobernantza egoki bat martxan jartzeko.

Euskadik (Nafarroa barne), batasun politikorik gabe, bultzatu dituen akordio politiko ezberdinak, gobernantzari dagokionez, emaitza hobeak eman dituela inor gutxik ukatuko du.

Hemen hobeto gaude. Baina horrek ez du esan nahi, euskaldunak eta zehazkiago abertzaleak, herri etorkizuna ziurtatuta ikusten dugunik. Kezkaturik gaude; aurkituko ote dugu, herri harremanak gaiztotu gabe, eta beharrezko dugun alderdi guztien arteko elkarlan politikoa mantenduz, abertzaleok nahi dugun aberri iraupena ziurtatuko duen bidea?

Aberri bidea eraikitzeko politikaren eremuan ere, lan egin behar dela ez du inork ukatuko. Aberrigintzaren eremuan zein joera politikoek hartzen duten parte argitzea komeni da. Nagusienak honela izendatuko nituzke:

  • Abertzale internazionalistak: Itxura nazionalaren azpian, borrokaren eduki ideologikoa klase interesen arabera moldatu behar dela sinesten dutenak.
  • Abertzale nazionalistak: Forma eta izaera ideologikoa nazionala duen jokabidearen aldekoak direnak, herri ikuspegi historikoaren oraingotasunean oinarrituz.
  • Abertzale legalistak: Herrialdearen izaera politikoa indarreko lege-egiturak sortzen duela uste dutenak, azkenik, euskal naziotasuna autonomia estatusetik datorrela pentsatzen dute, ideologien edukiek berriz ezker-eskuineko erreferente globalekin identifikatzen dira.

Euskal politika ez da noski, ikuspegi hauetara bakarrik mugatzen; besteak beste, bere burua abertzaletzat ez duenik ere badagoelako. Gainera azkeneko urteetan, betiko ez-abertzaleei, bere burua independentista pragmatiko eta ez-abertzale aitortzen duten batzuk gehitu zaizkie.

Egin beharreko politikak, gutxienez, ondoko bi alor hauek zaindu beharko lituzke. Gobernantza jator bat lortu nahi badugu, ez identitarioa bakarrik, denon ardura da ongi kudeatzea. Abertzaleok, politikan, aberrigintzak toki egokia izan dezan lan egitea zilegi dugu, baita ere. Beraz, ez gaitezen lotu alor bakarrari. Hori egin duten politikek izan dituzten porrotetatik ikasi egin behar baita. Gure etorkizuna ongi bideratu nahi badugu, gizartean identitateaz eta beste helburu politikoez agertzen diren sentsibilitate oro, oreki uztartzen asmatu behar dugu. Elkarrekin, eta ez elkarren kontra, bizi nahi badugu behintzat.

Gure artean, azken boladan, modan jarri da politika ardurak, bere esanetan, utzi dituzten politikariak noiznahi zeharkako ekinbide politikoetan agertzea, batasun politiko berri bat inauguratzen ariko balira bezala. Hori akats bat da. Politikan gizartegintzan bezala parte hartzea erabakitzen duenak modu zuzenean egin behar du, bakoitzaren jardute-esparrua errespetatuz, elkarrekiko harremanak hondatzen lagundu gabe. Bi esparru horien funtzioak elkarrekin nahasteak, agian alderdi politikoren bati onurak ekarriko dizkio, baina bizilagun asko gizartegintza esparrutik, abertzaletik ere, aldendu egingo ditu. Gogoeta honen ildotik esan behar dut zaila dela jakitea zein joko-esparrutan aritu nahi duten ‘Demokrazia Bai’ bezalako taldekideek, ekimena gizarte zibilekoa bailitzan aurkeztu badute ere.

Diktadura ondoren, berreskuratutako autogobernuaren bidez, egin den politikaren kudeaketa gure herriarentzat onuragarria izan dela defenditzen duenetakoa naiz. Baina interpretazio horren aldekoak eta aurkakoak, guztiok, onartu beharko genuke, dugun egoera (denen esanetan ingurukoek baino hobea) ez dela horregatik bakarrik lortu. Hori bezain garrantzitsua izan dela gure herritarrak – gurasoak, langileak, enpresariak, irakasleak…- beren ardurapeko eginkizunei -etxean, auzoan, enpresan, hezkuntzan, …- zintzo erantzun izana. Bizilagunen parte hartzerik gabe, gaurko egoera (lortu dugun bizikidetza barne) ez bailitzateke berdina izango.

Herritar arruntek interpretatzen duten modura, dena ez genuke politizatu behar, guztia ez da politika. Gizartean bizitzen dugun abertzaletasuna ez da lehen azaldutako hiru ikuspegi politikotara mugatzen, askoz zabalagoa baita. Politikarekin zer-ikusirik ez duten herritar askok bultzatutako ekintza aberrigile andana dugu; euskalgintzan, kirolgintzan, hezkuntzan, hirigintzan, naturagintzan, nekazaritzan e.a… Ekintza hauen bitartez, beren aberritartasun sendoa adierazi ohi dutenak.

Abertzaleok aberri sendo bat eraiki nahi badugu, nahi eta nahi ez, euskal bizilagunen herri atxikipena lortu behar dugu. Gero eta argiago ikusten da, bakarrik, politikaren iturritik elikatzen diren joerak ez dutela nahiko ahalmen, bizilagunen artean, behar dugun aberri gogoa pizteko. Soilik batasun politiko “soberanistan” saiatzeak, ikusi dugun bezala, gatazka eta gorrotoa, epe laburrera behintzat, beste onurarik ez du ekarri.

Politika eta gizarte ekinbidea bi esparru aberrigile bezala ikusi behar ditugu; elkarren menpekotasunik gabe aritu behar dute, eta bakoitzak dagokion funtzioa bizkortasunez bete dezan. Bi esparru horien jokaera autonomoa errespetatu eta indartzetik etorriko baita amesten dugun Herri/Aberriaren iraupena.

Gure gizartearen ezaugarria den aberrigintza jator horren adierazpena diren mugimenduak menpekotasun politikoetatik babestu behar ditugu. Hori lortzen badugu, orduan bai, maila horretan bai!, guztion batasuna eta elkarlana posible egingo dugu. Gure hizkuntza, gure kultura , gure dantzak, gure kirola, gure…, aberria bazter guztietara eramateko gai izango gara.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *