Azala / Portada » Hezkuntza: Etorkizuna jokoan, ezin kale egin

Hezkuntza: Etorkizuna jokoan, ezin kale egin

José Manuel Bujanda Arizmendi

Lerro hauen egilea naizen ni aurtengo ikasturtearen amaierekin batera irakasle izatez jubilatu egiten da. Bai jubilatu egiten naiz irakasle izatez, aukera paregabea beraz Hezkuntzaren inguruko hainbat gogoetei ekiteko.

Heziketaren edo Hezkuntzaren fenomenoari ekitekotan ezinbestekoa da aldez aurretik, gaia zein poliedrikoa den jabetzea, eta gogoetari zein ertzetatik ekin behar diogun hautatzea. Hemen idatzi dudan hau, beraz, gai horri ekiteko aukera anitzetako bat besterik ez da. Eta, hala, lizentzia hartzen dut gurari txiki bat, denboraren joanagatik ihartzera etsitzen ez duena, adierazteko. Beharbada, gazteentzako nahitaezko irakaskuntza sustatu zutenen uste sendoa zen ezen, gizartean jakintza eta ezagutza hedatuz, desagertu egingo zirela apurka gizarte-ezberdintasunak. Baina utopia hori oso urruti dago betetzetik. Helburu hori ez da oraindik bete eta hori jakitea aski izan beharko litzateke gogoeta orokor bati ekiteko, hezkuntzari buruz guztiok zer uste dugun eta zer espero dugun argitze aldera.

Nahiko nuke hezkuntza-sistema bat ekonomiaren halabeharren legeetatik, errendimendu ekonomikoaren betebeharren tiraniatik salbu eta libre ahal dela. Amets horretan, lagun hurkoa beregain ikusten dut, garaitu beharreko arerio bihurtzen duen lehia sozialaren presiotik askaturik. Eta, ikaslea, predestinazio sozialetik askaturik. Lizentzia hartu eta baieztatuko dut gizarte solidarioago batean parte hartzeko aukera guztiei eskainiko dien sistema bat behar dugula. Horregatik, bada, uste dut hezkuntza funtsezkoa dela tresnak eskaintzeko eta bizimoduaren konplexutasunari aurre egiteko. Hezkuntza-sistema horren eginkizuna izan beharko litzateke pertsona bera garatzea, ez enplegua eta mantenua irabazteko borroka latzerako ahalmenak bakarrik. Sistema horren xedea ez litzateke makurtu behar, beti, merkatu-ekonomiak ezinbestekotzat ezartzen dituen beharrizanen aldera, baizik eta, oroz gain, pertsona bakoitzari lagundu beharko lioke bizi den mundu hau ulertzen eta pertsonaren autonomiarako ezinbestekoa izaten den talde-inteligentzia lantzen.  Hezkuntzak errotik ekin beharko lioke dohain gehien dituztenen eta ahulenenen arteko ezberdintasun ekonomikoak eta soziokulturalak errotik kentzen. Bernstein-engana itzuliko naiz: haren teoriaren arabera, kolektibitate berean, gizartean non kokatuta gauden, bi hizkuntza bizi dira elkarren ondoan, kode landua eta kode murriztua, hain zuzen. Kode murriztuan, pertsonak aukera murritza du hautatzeko, eta, hori dela eta, ekimen gutxiko exekuzio-eginkizunetara bideraturik dago, aldez aurretik. Komunikazio-sistema egokitua da, jarraibideak hartzeko, eta mugatua ere bai, jarduerak koordinatzeko.

Aldiz, kode landuak arazoak konpontzeko, harremanak izateko, osotasunari buruzko ideiak lantzeko eta ekimena izateko prestatzen ditu aberatsenen seme-alabak. Gure gizarte honetan, teknologiari esker, pertsonak libre daude eginkizun materialetatik, baina, aldi berean, adimenaren logika, zehaztasun eta bizkortasun handiagoa eskatzen zaie aldaketari egokitzeko. Hala, kode murriztua duten pertsonen handicapa geroz eta larriagoa izaten da. Nolanahi ere, behin hona arteko lerroak irakurrita, edonork pentsa lezake hemen azaldu ditudanak ideia-multzo leundu bat baizik ez direla, egungo gizartean oinarririk gabeak. Gizabanakoak gizartearekin duen harremana, hezkuntzaren rola, horien guztien arteko harremanak, sare sarri eta trinkoa da oro, bakoitzak neurtu behar du zer eten dagoen hemen desiotzat azaldu dugun utopiaren eta errealitatearen artean.

Gure ikasgeletako dibertsitatea zaindu egin behar da, arazo enkistatuei, errealitate sakon, berri eta zailei erabakimenez eta bitartekoekin ekin behar zaie. Erantzun egokia eman behar zaie familia behar bezala egituratu gabeetako gazteei, nahasturik eta erreferentziarik gabe daudenei, hezkuntza-beharrizan bereziak dituztenei edo gizarte-maila ahulenetakoei eta jokabide-arazoak dituztenei. EEtorkinen fenomenoak, bestalde, beste ahalegin bat eskatzen digu, haiek behar bezala eskolaratzeko, eta, orobat, inoiz baino gehiago, guztiontzako hezkuntza propio bat, euskal nortasunaren osagai oinarrizko eta konpartituekin batera beste lurralde batzuetatik etortzen zaizkigunen kultu-aniztasunarekiko errespetu leiala eskainiko duena. Laburbilduz: etorkizunerako hezteak esan nahi du etengabe aldatzeko eta transformatzeko prestatzea. Hori ez da lortzen teknologiaren azken aurrerapena geureganatze hutsarekin; horrez gain, ahaleginaren, etikaren eta elkartasunaren balioa ere sustatu behar da; eskubideen diskurtsoa ez ezik, betebeharren diskurtsoa ere sustatu behar da. Egiturazko aldaketak daraman abiada zorabiagarria eta etengabe egokitzeko beharrizana ikusita, tresnak eskaini behar dira, posible izan dadin autoafirmaziorako eta ikasketa etengaberako autonomia eskuratzea eta ongizateari laguntzen dioten jakintzak eta gaitasunak erdiestea.

XVIII. mendearen amaieran, lurrun-makinak industria-iraultza ekarri zuen, eta erabat aldatu zuen lurraren gainaldea, aurrerapenaren bizkarrezur bihurtu zen. Paisaia berriak ekarri zituen: kapitalismoa hedatu zen, eta, kapitalismoarekin, langileria; sozialismoa sortu zen; kolonialismoa hedatu; eta abar. Makinak muskulua ordezkatu zuen, nolabait esateko. Egungo teknologiak, zerebroa ordezkatzeko bokazioarekin sortu baitira –nolabait esatearren– aldakuntza are berriago eta itzelagoak ari dira eragiten. Aldatzen ari da guztia, denok jabetzen gara horretaz: ingurune ekonomikoa, datu politikoak, parametro ekologikoak, balio sozialak, kultur irizpideak eta norbanakoen jarrerak eta are hezkuntza bera ere, haren arlo guztietan. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiek, bai eta iraultza digitalak ere, garai berri baterantz garamatzate, zeinean datuen berehalako garraioa eta esteka eta sare elektronikoen ugaltzea diren ezaugarria. Internet da abian den aldakuntza handiaren bihotza eta sintesia, hala nola trenbidea garai industrialean. Horixe dira gaur egun informazioaren autobideak, trukea bultzatzen eta areagotzen duten faktore indartsuak. Teoria pedagogikoen olde bat ikusi dugu iristen, moda psikologikoen desfileak eta hezkuntzaren gaineko teorien zaldiko-maldikoak jira-biran. Ilustrazioak askatzaile handitzat eduki zuen eskola, pentsamendu sasi-progre batek erasotu egin zuen, “erreproduzitu» egiten zuelako ideologia nagusia. Ondoren, beste bolada bat, eta lan-mundua lan-esku gaitu eta eraginkorrez hornitzeko eginkizuna esleitu zitzaion hezkuntza-sistemari.

Herritarrak kritikoak izan daitezen heziko badira, ikertu egin behar da zer eginkizun sozial betetzen duen kulturak bizitza publikoaren sarea sendotzeko orduan. Nolanahi ere, ingurune sozial bakoitzak, gizarte jakin bakoitzak inteligentziari buruz aldez aurreko zer iritzi duen, horren mende daude hezkuntza-sistemak. Eta, gure gizarte honetan, paradigma-aldaketa ari da gertatzen. Luzaroan defendatu izan da inteligentziaren eginkizun nagusia jakintza zela. Orain, ohartu gara inteligentziaren eginkizuna dela unean uneko egoeratik onik ateratzeko jokabidea gidatzea, ahaztu gabe irakaskuntza eta haren pean gertatzen diren elkar-eraginak gogoeta-gai direla, gogoeta baikor nahiz ezkorretarako, zalantzetarako eta kezketarako. Hezkuntza erabat aldatu da modernitatera igarotzean, hala dio Francisco Colomek «Razones de Identidad. Pluralidad cultural e integración política» izeneko liburuan (Anthorpos, Bartzelona, 1.988). «Birpentsatu”, Real Diccionario de la Lengua Españolaren hiztegiaren arabera, «aditz iragankorra da, gogoetatu-ren sinonimoa», eta Casaresen Diccionario Ideológicoaren arabera, “berriz pentsatzea, arretaz”. Eta, hala, Francoren azken garai urruti, gris eta guztiz astun hartako “Florido Pensil” delakoa datorkio bati gogora, eta iruditzen zaio bide onean goazela eta aurrera egin dugula zertxobait. Desafioa, orain, bide on horretan aurrera jarraitzea da, eta bidean aurrerago irakaskuntzaren eta hezkuntzaren zelatan izango diren arazo eta zailtasunen aurrean etsi ez eta konponbideak aurkitzea. Euskaldun eta europar garen aldetik. Paktua eta Legea. Adostasuna, elkarrizketa, ardura, leialtasun eta zintzotasuna. Guzti guztiona. Denona. Inor ez dago soberan. Ezin kale egin, etorkizuna dugu jokoan. Zorte on Euskal Hezkuntza Sistemari….eta irakasle bezala: ez adiorik, beti arte baizik!!

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *