Joxan Rekondo
BI TRADIZIO ABERRIAREN IZENEAN. Azken berrogei eta hamar urtetako historia politikoari begira jarriz gero, aberrigintzaren izenean aritu diren bi tradizioak garbi ikus ditzakegu, bide kontrajarrietatik aurrera egin nahian. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren inguruan bildutako indar politiko eta sindikalen elkarpen zabaletik eratorria den tradizioa. Bestetik, ETAren itzalpean sortua izan den mugimenduarena.
Nahikoa ezaguna da euskal agintaritza legitimoak erabili zituen borroka-moldeekin kontrajarriak zirenak hautatu zituela ETAk. Hasieran, bidezko indargintzaz baliatuko zela aldarrikatu bazuen ere, handik oso gutxira indarkeriarik doilorrena erabiltzeari ekin zion. Ondorenez gutxik ukatzen dute gaur, terrorismoak aberriari egindako kaltea izugarria izan dela.
Orain, gertatutakoen kontaera berregiten ari garenean, berebiziko aukera ireki zaigu tradizio horietako bakoitzaren ekinbideak utzitako atarramentua ere baloratzeko. Indarkeriaren jarduera bidegabea juzkatzeaz aparte, kontaeraren gatazkak okasio ezin hobea ematen baitigu halaber, aro bereko aberrigintzaren balantze zintzoa egiteko.
EUSKAL MUNDU BILTZARRA. Gaizki egingo genuke bi tradizioen arteko aurkaritza horren zergatiaren bila, indarkeriaren bidezkotasuna/bidegabekeriaren eztabaidara mugatuko bagina. ETA sortu aurreko aberrigintzaren lehentasun estrategikoa egunerokotasunaren atal guztietako dema irabaztea zen. Gerrak eta diktadurak euskal gizartean utzitako zatiketak arrenkurarik gabe bideratu nahi ziren. Agirreren gobernuaren inguruan zeudenen ustez, herria gai omen zen lehia horri modu adoretsuan aurre egiteko. 1956ko Euskal Mundu Biltzarrean, bertaratutako euskalerritarrek bizi izan zuten ‘une psikologikoa’ (Landaburu) lau haizetara zabaldu zen, eta garaiko euskal indar eta eragile guztien babesa jaso zuen. Hona hemen Joseba Rezolaren mezua EMBn: “gaurtik preparatu behar ditugu gauzak askatasuna datorrenerako”.
Aitortu dezagun, gaiaren inguruan dagoen hutsune narratiboa. Baina, han-hemenka ageri diren testigantzen arabera, esan daiteke EMBan hartutako erabakiak girotu egin zutela ondorengo urteetan kultura, hezkuntza eta ekonomia arloetan gertatu zen pizkunde aberrigilea.
ETAk ordea berehala hautsi zuen aberribide horrekin. Beren hastapenetatik, ETAzaleek amore emanda, indargabe eta ezgaitua ikusten zuten gure herria. Etsipen egoera horretatik ateratzeko, astinketa gogor bat eragin behar zela zeritzoten eta horretarako abangoardia kontziente behar zela uste zuten. Talde itxi baina ausarta, beste erremediorik gabe indarra erabiltzeko prest legokeena. Geroztik, aski ezaguna da ETAk segitu zuen noraez ideologikoa. Sortu eta geroko hamar urte eskasetan, Jaurlaritzari men egitetik Leizaola lehendakaria etsai bezala seinalatzera igaro zen, eta abertzaletasun aztoratu baten espresioa adieraztetik munduko Nazio Askapen Mugimendu iraultzaileen korrontean sartzera.
Hortik aurrera, aberrigintzari norabide iraultzailea ematea izan da beti ETAren obsesioa. Aberrigintzaren esparrua bere egitea. Euskal Gobernuak esparru horretan zeukakeen eragintza-ahalmena iraultzaren alde jartzea edo erabat birrintzea bilatu zuen ETAk bere jarduera izugarriarekin. Esparru hori nola edo hala bere mendekoa egitea nahi izan zuen, desagertu zen artean.
ESFORTZU TXIKIAK ETA GARAIPEN HAUNDIAK. Larrutik ordainarazi bazigun ere, ETAk ez zuen bere helburua inoiz lortu. Aldiz, aberrigintzan egin izan den gehiena orbanik gabeko lanaren emaitza da. “Garaipen haundienak esfortzu txikien koordinazioarekin lortzen dira”, esaten zuen Agirre lehendakariak. Aholku horri jarraituz, herriak egin duena ezta gauza makala. Eguneroko bizitzaren lehiari aurre eginez, herria gero eta ahaldunago egin izan da, igarle iraultzaileek agindutako gertaera askatzaileen zai egon gabe. Gure ekonomiaren posizio aurreratua eta enpresak lurraldearekiko daukaten errotze-maila, gizarte zibilaren elkartegintza aberatsa eta erakunde publikoen gaitasun politikoa, urte askotan egindako ahaleginaren emaitza dira. Herria bera protagonista izan duen estrategia hau izan da aberrigilea.
Bitartean, ezker abertzalearen jarduera politiko-militarra bultzatu zutenak, egunero eraiki zitekeenari baino iraultza sozialistaren ametsa gauzatzeari so egon ziren. Baina, jakina da ez dutela ez bata ezta bestea ere ekarri. Herria zatitu, eta kaltea eta sufrimendua sortzea besterik ez dute lortu. Herriaren zati batek, baina herriaren joera nagusiarekin hautsita, bultzatu zuen jokabide hau aberriaren desegilea izan da.
Oraindik orain, estrategia horri bukaera eman beharrean gertatu izan denean, ezker abertzalea ohartu da indarkeriaren erabilera goratzen duen kontaera hori higuingarria egin ohi zaiola euskal gizartearen gehiengo ia osoari; eta ez dela jendea engaiatzeko erabilgarria. Hortaz, ezker abertzalea zer kontatzeko positiborik ez duela geratu da. Aro berrirako prestatu behar duen militantzia emozionatzeko historia epikorik gabe, alegia.
RAUL ZELIK. Aidanez, gabezia hori betetzea dator Raul Zelik alemanak Txalaparta argitaletxearekin publikatu duen liburuxka, “La izquierda abertzale acertó” izenburuarekin. Zeliken tesia oso xelebrea da. Bere liburu horretan, ezker abertzalea jartzen du ekinbide aberrigileen aintzindari eta eragile nagusia balitz bezala. Aurreko puntuetako batean aipatutako hutsune narratiboa baliatuz, benetan gertatu izan dena alderantzikatu egiten du Zelikek.
ETA guztien (berri eta zahar, V eta VI, militarra eta politikomilitarra) dokumentu eta buletinak miatu daitezke, ezker abertzalearen ikuspegi aberrigilearen bilaketan. Ikus ditzagun ikastolak. ETAren ekintzak eta Estatuaren errepresioak elkar elikatuta osatutako kiribil maltzurra areagotzeko erabilgarriak zirela, behar ziren baldintzak sortuz gero, esaten zuen ETAk 1968ko abenduan ateratako Zutik 50garrenean. Gainera, ikastolak euskal burgesia nazionala eta elizaren azpian ikusten zituzten, klaseen integrazioaren alde ari zirela eta euskal iraultzaren aldeko irakaskuntzarik ez ematea salagarria zela iruditzen zitzaien (Hautsi, 1973ko urtarrila). Kooperatibagintza, berriz, burgesia txikiak sortua zela zioten, teknikariak eta maila altuko langileak integratuz. Berez gatazkatsuak behar zuten produkzio harremanak eztitu egiten omen zituela esateaz gain, fenomeno konplexuegia bezala ikusten zuten, bere sakontasunean konprenitzen ez zutena (ETAren Agiria, 1974ko azaroa).
Beraz, asmazio ariketa ederra egin behar da ezker abertzalearen paradigma ekinbide herrigile horien motore gisa aurkezteko. Ikastola edo kooperatibetako erroetan ez zegoen paradigma horren arrastorik. Ikastoletan, ETAren mundu ikuskeraren sarrera beranduago hasi zen, ikastolak egitura sendo bat finkatzea lortuta zutenean. Eta orduan ere, ezker abertzalearen partehartzea liskartsu eta zatikatzailea izan zen; sekulako borroka ideologikoa piztu zuten, ikastola askotako barne-giroa zeharo gaiztotzea eramateraino.
Ezker abertzaleak esperientzia kolektibo ugari bultzatu dituela dio Zelikek, eta hori ukaezina da. ETAk defendatu zuen proiektuaren inguruan gizarte kapital indartsua antolatu zen. Baina, gizarte kapital hori ez zen herrigilea izan, bere baitan gotortuta bizi zelako eta beretar ez zirenak etsai bezala hartzen zituelako. Ikastolak eta kooperatibak, ordea, gizarte kapital zubigilea sortu zuten, egungo herri-egitura altxatzen lagundu zuena. Esate baterako, kooperatibagintzan idea eta joera ezberdineko jendearen artean Arizmendiarrietak deitutako ‘konbergentzia bideragarriak’ praktikatu izan ez balira, MCCko esperientziak ez luke izango orain duen babes eta legitimazio zabala.
KONTAERA. Etorkizunerako egin behar den kontaeraren barruan sartu behar dugu hau ere. Hori baita ETAren ibilbidearen balantzea. Herri honetako jende gehiena auzogintzan, herrigintzan, aberrigintzan ari zen bitartean, ez dugu ahaztu behar dogmakeriaren saretik libratu ezinik eraikitakoaren desegintzan aritu izan zirenen historia. Gaizki egindakoak zuzentzeko asmoz, berriro errepika ez daitezen eta etorkizunean aberri-lanean denek elkarrekin aritzeko gai izan gaitezen.
Bai jauna, benetan xelebrea da Ezker Abertzaleak saldu nahi digun kontakizuna. Auzogintzak edo herrigintzak, beti denik, gure artean gizartea bere osotasunean indartzea izan du helburu; “gintza=lana ” eraikitzailea da. Beraiena “herri-borroka” izan da, “kapitalaren” ondasunak suntsitzea eta gizartea zatikatzea helburu, guztia adiskideak eta etsaien artean banatuaz.
Ezker abertzalea, besteak beste, hitzen lapurtzailea da.
Aberrigintza, herrigintza, auzogintza edo burujabetzaren hitzen jatorria eta muina euskal tradizioan dago. Sozialismoa eta independentziaren aldekoena “Aberria ala hil”, “herri armatua inoiz ez zanpatua” …, horrelakoak izan dira beren aldarriak, marxismoaren teorikoengandik jasotakoak.
Gaur egun bere diskurtsoa arropaz aldatzen ari dira, eta egia esan behar badut jauntxo-jakintsu batzuek nahastatzea lortu dute; baina larre motzean landutako herritar gehienek badakite muinean betikoa esaten dutela.