Azala / Portada » Dena politikaren menpe?

Jexux Artetxe

Indarkeriaren menpekoa ez litzatekeen elkarbizitza sanoa nahi dugula diogu. Ba, jabetu gaitezen ETAren ekintzak amaitu zirenetik bizi dugun aldartea baino hobeagorik ez dugula sekula izan, eta izango al dugu inoiz? Urteetan zabaldutako izuak arrasto sakonak utzi ditu gure auzo eta herrietan. Ahantzi ezinezkoak. Kalean, txolartean edo lanean, oraindik mesfidati agertzen gara, jende jakin baten aurrean. Lan franko egin beharko dugu urteetan eragindako ankerkeriak elkarbizitzan utzitako miseria eta zauriak leuntzeko, askorentzat sendagarririk ez baita izango.

Aitor dezagun, lehenengo eta behin, etorkizunari begirako bizikidetza berriak zoladura etiko irmoa behar duela. Elkarrekin bizi garen guztiok partekatu behar duguna. Bizikide izan nahi dugun giza-bakoitzaren bizia eta biziera duina segurtatzeko baliagarria beharko lukeen oinarria izan behar dena. Segurtasun horrek, ezinbesteko duen irmotasunaz gainera, iraungarria behar du izan. Beraz, politikari bakarrik ezin zaio eginkizun hori egotzi. Politika, izaeraz, eremu igarokorra da, alderdien arteko lehia taktizistaren menpe baitago. Horrexegatik, bizikidetzaren funtsa diren giza-balioak ezin ditugu axolagabe utzi politika gorabeheratsuaren azpian. Aitzitik, giza-balioak biltzen dituen etikak mugatu egin beharko luke politikaren ekite-esparrua.

Zoru etikoa deitu ohi zaio bizikidetzaren oinarriari. Ezinbestekoa den oinarria, gaurtik aurrerako elkarbizitza normaldu nahi badugu, behinik behin. Etxea ezin daiteke teilatutik eraiki, aurrenik zoru sendoa behar du. Horretarako, ondo letorkiguke elkarrenganako fidagarritasun etikoa sortzea. Baina, urteetako kalte zuzengabea sortu dutenen autokritika etikorik gabe ez dugu lortuko konfiantza hori.

Partekatu sare sozalietan / Comparte en redes sociales

Gai honetako beste sarrerak / Otras entradas relacionadas

3 comentarios en «Dena politikaren menpe?»

  1. Epe luzerako elkarbizitza amesten ba dugu, beharrezkoa da gauzak etikaren ikuspegitik planteatzea, bi gauza diferente dira etika eta politika Jakina, etikaren barnean ere iritzi politikoak eman beharra dago, eta zilegi da.

    Elkarren aurka jarduteko joera ez da berria Euskal Herrian. Elkarbizitzak ez du esan nahi berdin pentsatu behar dugunik, diferentzia onartu egin behar dugula baizik. Ezberdinen artean osatu behar dugu etorkizunerako bidea. Elkarren aurka jarduteko grina hori, ezberdina ezabatzeko nahia, “kontrolatu” nahi badugu zoru etiko bat finkatzera jo beharko dugu, denok onar ditzakegun oinarri minimo batzuk ipiniaz.

  2. Ene iritziz,gaur eguneko bizikera,politikak menderatzen du.Mundu horretan egunoro ikusten ditugu,jokalariak,politikoak alegia,gehienbat,bakoitzaren alderdia gizentzeko ahaleginetan dabiltzala,nahiz eta beren ezpainetan herriarengaitik dabiltzala mila aldiz aldarrikatu.Beren ideologia,agindu nahia, poltsikoa eta lan postua gordetzeagaitik,kapaz dira,gezurrak eta engainuak erabiltzeko.
    Pertsona askeak eta sinesgarriak, hitz batetan,hautatzen ez ditugun bitartean,ez dago zer egiterik.Bizitza,ez da ez ezkerra,ez ezkubia ez erdikoa.Bizitza errespetua da,heziketa da, interes propiorik gabeko langintza bate ere.
    Badira gure euskalherri hontan, horrela jardun diranak.

  3. “Politika, izaeraz, eremu igarokorra da, alderdien arteko lehia taktizistaren menpe baitago. Horrexegatik, bizikidetzaren funtsa diren giza-balioak ezin ditugu axolagabe utzi politika gorabeheratsuaren azpian”

    Ados, giza eskubideak edozein helburu politiko aurretik egon behar dute, hori lehentasun oinarrizko eta behinena izan behar du. Eta oinarrizko eskubide horien artean, bizitzeko eskubidea da lehena, hori da abiapuntua, horren gainean eraikitzen ba dira gainerako giza eskubideak, banakoak zein taldekoak.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *